Solid”Arles-ek lotu ditu laborariak eta kaletar xumeak

  • Hirietako jende arruntek gero eta zailago daukate kalitate oneko jakiak eskuratzea. Baserritarrek, berriz, ezin dituzte uztak prezio txukunean merkaturatu. Batzuk eta besteak elkarrenganatzeko ahaleginean ari dira Probentzako Arles hirian. Tanta bat itsaso zabalean, baina tanta bat haboro.
Solid'Arles

Barazkirik ez du jaten kaletar askok. Langabezian daudenek, pentsio txikiak kobratzen dituzten zaharrek, eta berdin zorretan itota patrikako sosak banan-bana kudeatu behar dituzten langile prekarioek, horiek eta beste askok eguneko otorduak prantatzerakoan uko egiten diete fruituei eta barazkiei. Bitartean, komertzializazioa den kate luzearen beste muturrean, laborariak ez dira iristen beren lanetik bizitzera. Soluzioak erraza irudi luke: baserritarrek herrian saldu dezatela eta kaletarrek hurbileko baserritarrari erosi. Baina mende luzez praktikatu den komertzio hau aspalditik dago etenda.

Azalera handiko komertzioak bihurtu dira jakien salerosketaren monopolio. Hiri handietako auzo askotan komertzio txikiak aspaldi desagertu ziren, eta auzo berri franko batere merkataritzarik gabe antolatu dituzte. Azken urteotan, alternatibetan sinesten duten nekazari eta kontsumitzaileek beren arteko lotura berreraikitzeko taldeak antolatu dituzte, oraindik minoritario direnak.

Zuzeneko salmenta eredu bat baino gehiago bada munduan. AEBetan, Community Supported Agriculture esaten zaio. Frantzian milaka batzuk dira AMAP eta antzeko egiturak. Euskal Herrian “saskiak” eta “otarrak” ugaritzen ari dira pixkanaka. Horietan kontsumitzaile taldeak lotura berezia eratzen du baserritar talde txiki batekin, kalitatean eta prezio egokian oinarrituta. Kasu bakanagoetan kontsumitzaileak dira baserriko negozioaren jabe nekazariarekin batera, kooperatiban. Hauetan, bada noiztenka kaletarrei baserrian laguntzeko eskatzen dienik.

Probentzako Arles hirian –50.000 biztanle, Rodano ibaiaren bokalean dago Marseillatik hurbil, famatua da erromatarrek utzitako eraikuntzengatik eta uda oroz han izaten diren corrida entzutetsuengatik– antolatu duten Solid’Arles egiturak badu ezaugarri bat berezi egiten duena: herritar xumeenekiko elkarlana.

Altermundialisten artean erreferentzia den ATTAC mugimendua –finantz mugimendu guztien gaineko zerga aldarrikatu du azken krisia sortu baino askoz lehenagotik– dago tartean. ATTAC pentsamendu korronte baino askoz gehiago da, Frantzia osoan solidaritate ekintzetan eta bazterketaren kontrako mugimenduan aurki daitezke bere militanteak, asko ezkerreko ekintzaile zailduak.

Bi urtez aztertu dute gaia ATTACeko jendeek eta eskualde honetako Confederation Paysanne –horren partaide da hemengo ELB– nekazarien sindikatukoek. 2007an zehaztu zuten zer eraiki zitekeen: saltoki ireki bat, bertako eta garaiko fruitu, barazki eta bestelako produktuak bai ekoizleentzako eta bai erosleentzako prezio egokietan eskainiko zituena. Solidaritatea bermatzeko, erosleen arteko egoera bereziak kontuan hartu beharko ziren. 30 pertsona, ekoizle, kontsumitzaile eta militante, aritu dira proiektua gorpuzten.

Joan den maiatza hondarrean inauguratu zuten Solid’Arles, de la terre a l’assiette –“lurretik platerera” dio bigarren zatiak– goiburu duen komertzioa Griffeuille auzoan. Prestaketa lanak, lehendabiziko eguneko giroa, operazioan protagonistak direnak... denak biltzen dituen bideoa ATTAC erakundearen webgunean dago ikusgai.

Kolibri txikiaren ahaleginak

Solid’Arles, de la terre a l’assiette-ren komertzioan erosteko bazkide izatea eskatzen da. Euro sinboliko bakarra kostatzen den bazkidetza da erosle, saltzaile eta militanteen arteko lotura. Dagoeneko 1.800 dira. Horiei Arles eskualdeko baserrietako produktuez gain, elikadurarekin lotutako ekitaldiak eskaintzen zaizkie: baserritarrekiko eztabaidak, etxaldeetara bidaiak, sukaldaritza ikastaroak, jaki errezeten elkar-trukaketak...

25 laborari dira sarean partaide, beraiek ekarriz beren produktuak dendaraino. 150 jaki daude erosgai. Hasierako hilabeteetan garaiko barazkiak hasi ziren ekartzen, eta geroztik bestelako mozkinak gehitu dituzte: arrautzak, eztia, gaztak, olioa, eta abar.

Prezioak aldez aurretik hitzartuak daude elkartean. Erabakietan parte hartzen dute nekazariek eta ATTACeko boluntarioek. Sare honetan 20 militante ari baitira borondatez. Gainera bi pertsona kontratatu dituzte komertzioa era profesionalean zaintzeko.

Astelehenetik larunbatera zabalik, egunean dendatik bataz beste 150 pertsona inguru pasatzen omen da. Erosi beharrekoak hartu eta kontu-arrerara joaten direnean ordainketak egitera, agirian azaltzen zaio produktu bakoitza nongoa eta nork egina den, nekazariari zer pagatu zaion, denda ibilarazteko erantsi zaion %5 zenbat den eta zein tarifatan kobratu zaion, Conso 1 ala Conso 2 tarifan.

Lehen tarifa da edozein herritarri aplikatzen zaiona. Bigarrena merke edo solidaritatezkoa da: lanik gabe edo egoera zailetan daudenentzakoa. 50 inguru tarif réduit zeuden udan. ATTACeko boluntarioek kudeatzen dituzte, administrazioaren gizarte laguntzaileekin batera. Solid’Arleseko lehendakari Henri Tisseyre-k La Provence egunkariari argitu dionez, “familia asko gaizki elikatzen dira diru gutxiegi daukatelako” eta antolakizun hau bezalakoek lagundu lezakete elikadura mailako bazterketa arintzen.

Antolatzaileak harro daude bazkideen erdia bertakoa delako, Griffeuillekoa. “Hurbileko zerbitzua eman nahi dugu eta aldi berean nahasketa sustatu”. Frantsesez mixité esaten diote jatorri ezberdineko herritarrak harremanetan bizitzeari. Sukaldaritzako ikastaroekin eta elikadurari buruzko eztabaidekin, berriz, lortu nahiko lukete “jendeak kozinatzeko eta ‘egoki jateko’ kultura berreskuratzea, elikadura burutsu bat”.

ATTACekoek Solid’Arlesen inaugurazioaz weberatu duten bideoan saltokiko giroa ikusten da: azoka herrikoi baten antza handiagoa du, normalean erdi mailako bezeroak biltzen dituen produktu ekologikoen denda batena baino.

Nekazari bat mintzo da offean: “Baserritarrari gogor egiten zaio ohartzea zenbat ordaindu dion berari banatzaile handiak, eta hori bera zenbatean dagoen gero saltokietan. Adibidez, meloia luxuzko produktua dela dirudi, nahiz eta gure eskualdean ohiko fruitua den. Berdin tomatea edo beste zernahi”. Baina kontsumitzaileek ere badute irudipena nekazariak beti negarrez ari direla, eta bereari baizik ez diotela erreparatzen. Horiek eta askoz eztabaida gehiago argitu behar izan dituzte saltokia martxan jarri aurretik.

Solid’Arlesi buruzko bideoak La part du colibri darama goiburu. Ipuin labur honek zera dio: “Kolibria, txori ñimiño hori, joan eta etorri zebilen oihana kixkaltzen zuen suari jaurtikiz etenik gabe garraiatzen zituen ur tantak. Gainerako animaliak harrituta zeuzkan itxaropenik gabeko ibilera hark. Kolibriak erantzun zien bazekiela berak bakarrik ezingo zuela sutea itzali. Baina berak bere zatia behintzat egingo zuela”.

Argazki oina: La Provence egunkariko argazkian bi muturretakoak Solid’Arleseko langileak dira, Sophie Bovero eta Joël Marnetto; erdialdeko biak borondatezko laguntzaileak dira, Sylvie eta Betty. Arleseko gune honek bere baitan biltzen ditu azken urteotan indar hartuz doazen pentsamendu eta ekintzazko bi korronte. Batetik, nekazariak eta kontsumitzaileak elkarlanean jartzeko mugimendua, kooperatiba eta elkarte askotan mamitua, herrialde anglosaxoietan “Community Supported Agriculture” eta gure inguruetan AMAP, “saski”, “otar”, “kooperatiba” eta beste izenez ezaguna. Bestetik, jende ahulenen bazterketa gainditzeko herri eta auzoetan lan egiten duten mugimendu sozialak, kasu honetan ATTAC mugimenduko lekuko taldea.
Informazio gehiago

Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude