Eusko Legebiltzarreko bosgarren lehendakaria da, lehenengo emakume presidentea: “Pentsatzeko ia astirik gabe baina lasaitasunez hartu nuen lehendakaritza. Argi neukan nire lehen zereginak jendeen arteko harremana lasaitzeko balio behar zuela. Aurreko legealdian egoera politikoa oso latza izan zen eta legebiltzarkideen artean galduta zegoen konfiantza berreskuratzea zen nire asmoa. Hiru urte eta erdiz jardun dut horretan. Balorazioa besteek egin behar dute, nik ahaleginak egin ditut” adierazi digu Izaskun Bilbaok.
38 emakumezkok eta 37 gizonezkok osatzen dute Legebiltzarra. Zer ekarri du emakumeak politikara?
Bere baloreak ekarri ditu bereziki. Gizonaren aldean, emakumeok bizitza antolatzeko ikuspegi ezberdinak ditugu. Taldeak osatzeko edota akordioak lortzeko protagonismoa banatzen dugu. Arazoak konpontzerakoan zenbat eragile ari garen kontuan hartzen dugu. Alegia, guztion ekarpenak jasotzen baditugu soluzioa hobeagoa da, helburua guztion protagonismoa eta soluzioa lortzea da...
(...)
Gizonezkoek ez dute zeregin hori erraz hartzen. Protagonismoa eta autoritatea banatzea ahultasun moduko zerbait balitz bezala jotzen dute gizonek. Emakumeok ez dugu horrela ikusten, guk errazago kudeatzen dugu emozioen gestioa eta horrek antolaketa errazten du.
Emakumea eta gizona, gizona eta emakumea...
Kontua ez da emakumea edo gizona izan, baloreen kontua baizik. Emakume batzuek ez dituzte balore femeninoak eta gizonezko batzuek bai, gero eta gehiago. Beraz, pertsonen baloreak azpimarratu nahi ditut.
Lehendakari kargua hartutakoan iritzi publikoari begira gardentasunez jokatu beharra azaldu zenuen. Zer moduz zeregin horretan?
Aurreko legealdian Legebiltzarrak eman zuen irudia nahiko eskasa izan zen, baita, oro har, talde politikoek eman genuen irudia ere. Nire lehenengo hitzaldian hauxe esan nuen: Legebiltzarrak merezi duen tokian jartzea eta euskal gizarteak eskatzen duen neurria ematea gustatuko litzaidake, baina nik bakarrik ezin dut hori egin, guztiok inplikatu behar dugu.
Nolakoa da talde parlamentarioen arteko harremana?
Harremana ez da txarra. Baina ezberdintasun handia dago Legebiltzarrean gertatzen denaren eta hedabideetan agertzen denaren irudien artean.
Adibidez?
“Zelako krispazioa izan zen atzo bilkuran ezta?” galdetu zidaten aurreko elkarrizketa batean. “Krispazioa? Ez”, esan nien kazetariei. Legebiltzarrean ez dago horrelako krispaziorik. Gertatua hau izan zen: Maria San Gil Ibarretxe lehendakariari emandako erantzunean luzatu zela. Hedabideek denborarekin izaten den tirabira nabarmendu zuten. Bilkuraren irudia une hori izan zen, minutu hori agertu zen telebistan. Kazetariek kontatzen ez duzuena hau da: bilkuran hiru puntu adostu zirela taldeen artean. Albistearen titularra hau da: “Hiru proposamen eta akordio lortu dira”. Berria adostasun zabala eta herritarrei ekarritako onura da.
Araudia hizpide. Parlamentariek betetzen al dituzte araudiak?
Araudia betetzen da, baina askotan ematen den irudia ez da nire gustukoa. Egia da. Adibidez, sarritan hainbat eserleku libre daudela ageri da legebiltzarkideak beharbada beste zereginetan ari direlako. Irudi hori ez da egokia. Batzuetan kide bat tribunan hitz egiten ari da eta aldi berean beste batzuk euren eserlekuetan. Batzuetan derrigorrezko zerbait izango da, baina nire ikuspuntutik ez da irudirik egokiena. Bisitan datorren jendeak galdetu dit inoiz: “Legebiltzarkideak falta izaten dira?”. Ez. Normalean denak egoten dira hemen, batzordeetan lanean edo bilkuran. Norbait ez badago, zerbait berezia suertatu zaiolako da. Sarritan denbora aprobetxatzen dute bilkura orduan adostasunetara iristeko edo prentsarekin biltzeko. Lanean ari dira baina...
Zaila dela “diziplina” jartzea...
Normalki bilkurak bere orduan hasten ditugu, baina egia da batzuetan agindu behar dudala bilkura hasteko, isilik egoteko edo jesarlekura joateko. Esaten didate tematsua naizela. “Bai” esaten diet, ez zait gustatzen ematen dugun irudia.
Legebiltzarraren eta herritarren arteko harremana gehiago sakontzea izan duzu helburu. Nola joan da zeregina?
Besteak beste Legebiltzarra ezagutarazteko programa estrategikoa lantzen ari gara, Zabalik izenekoa, gardentasunean oinarrituta. Jaso ditugun emaitzak pozik egoteko modukoak dira.
Hala nola...
Legealdi honetan gizarteko hirurehun kolektiboren ordezkariak pasa dira batzordeetatik. Beren proiektuen eta kexen aurkezpenak egin dituzte. Gure webgunean 2.500 pertsona sartu ohi dira hilero. Zabalik-eko harpideak ugaldu dira.
Parte hartu ekimenean 1.000 ekarpen baino gehiago jaso dugu. Europan sari bat jaso dugu zabalkunde horrengatik.
CALREko presidente zara. Zer da berau?
CALRE Europako Eskualdeko Legebiltzarren Batzarra da, guretzat EELB. Gurea bezalako eskuduntzak dituen 74 legebiltzarrek osatuta dago. Urte batez Europan aritu gara ekimenak antolatzen eta garatzen. Azaroaren 3an eta 4an EELBren osoko bilkura egingo da Euskadin. Bere presidentzia kudeatzeak gure Legebiltzarrari bestelako dimentsioa eman dio Europan.
Zer moduzko harremana duzue Espainiako Estatuko gainerako parlamentu autonomikoekin?
CALREn Estatuko hamazazpi legebiltzarrak daude. Estatuko parlamentu guztien baietzarekin izendatu ninduten presidente, errespetu osoz hartu dituzte nire proposamen guztiak. Gure harremanak onak dira. Pertsonen arteko harremanak ez baditugu lantzen, hobetzen eta humanizatzen, politikako beste arlotan ez dugu ezer lortuko.
Eusko Legebiltzarreko gehiengoak “terrorismoaren biktimei barkamen publikoa ematea” adostu du legealdi honetan. Gauerdiko Iparrorratza eskultura ipini duzue eraikineko sarreran. Herritar guztion gogoa kontuan hartu al da zure ustez?
Argi dago guztien gogoak ez direla bete, baina gaia lantzen ari den batzordeetan beste elkarteen proposamenak ere jaso dira. Aurrerapauso hauek biktima guztiak kontuan hartzeko balio behar dute. Orain arte 2003ko ponentzietan onartutakoak bideratzeko balio izan dira. Giza Eskubideen Batzordeak azken urte eta erdian aurrera eraman du ekimena. Garbi dago ez dela herritar guztion nahia bete, baina alde guztien eskaerak ezagutu ditugu eta aurrerantzean pauso berriak emango dira. Batzordeak ez du gaia itxitzat jo.
Presidente zarenetik ETAren su-etena ezagutu dugu, gero atentatuak izan dira berriz ere, baita tortura kasuei buruzko eztabaida ere. Egoera zaila.
Argi dago egoera politikoa zaila dela berriz ere. Presidente moduan gizarte osoak bizi duen dezepzio bera bizi dut nik. Hileta elizkizunetara joaten naiz, omenaldietara. Hilen senitartekoen egoera bertatik bertara bizitzea une oso zaila eta gogorra da.
ETAren atentatu baten ondoren, hirukoko kideren bati ez omen zitzaion gustatu Legebiltzarreko sarreran izan zen agerraldia.
ETAk hildako poliziari eta brigadari egindako omenaldiaz ari zara. Bada, nik gaur berriz ere gauza bera egingo nuke, koherentziagatik besterik ez bada ere. Parlamentari guztiei gauza bera entzuten diet biktimei buruz. Sinesten badugu esaten dugunean, erabakitzen dugunarekiko koherentziagatik omenaldiak egin behar dira. Pentsatu behar dugu behingoz hildakoak pertsonak direla. Herriko elkarte guztiekin aritu gara harremanetan, biktimen erakusketa eta beren parte-hartzea antolatzeko, hori egitea agindu didate Giza Eskubideen Batzordeko kideek. Nire ahalegina betebehar hori ahalik eta hobekien egitea da. Biktimei entzun ondoren, omenaldiaren helburua “ezin da inor hil” mezua zabaltzea da. Hori da gutxienik entzutea espero dutena. Hildakoaren familia hor dago eta eurekiko harremanetan hainbat gauza ikasten duzu, beste modu batean bizi duzu errealitatea. Horrek koherentzia eskatzen dizu.
Legebiltzarreko mahaikide Kontxi Bilbao ezgaitua izan da bere funtzioetatik. Legebiltzarraren subiranotasun eza ageri da berriz ere. Eusko Legebiltzarra izango ote da subiranoa inoiz?
Arazo hori arlo askotan gertatzen da, ez bakarrik hemen. Legebiltzarrak hartu zuen erabakia errespetatzea eskatu zuen, baita nondik nora joko zuen adierazi ere. Justizia Auzitegiak ebazpena eman zuen, ados egon gaitezke edo ez, baina hor dago. Aurreko legealdian bizi zen egoera kontuan hartuta, nik eskatu nuena berresten dut orain: demokraziaren hasieran beharbada ez zen pentsatu botere judizialaren eta legegilearen artean horrelako zerbait gerta zitekeenik. Beraz, zerbait egin behar dugu arazo hau konpontzeko. Demokrazian, printzipioz, botere bat ez dagoelako bestearen gainetik, demokrazian hiru botereek maila berean izan behar dute. Auzi hauek konpontzeko organo bat sortu behar da.
Baina auzi hori funtsean erabakitzeko esparruaren arazoari lotuta dago.
Hori guztiok argi daukagu eta horregatik Legebiltzar honek hartu ditu hartu dituen erabakiak. Eta arazoa hor dago. Zuk argi daukazu. Nik ere bai. Justiziak ere bai. Bakoitzak bere modura, noski. Guztiok daukagu garbi. Eta? Denok diogu zerbait egin behar dugula, baina zer? Zein da eman beharreko hurrengo pausoa?
Legebiltzarrak iragan urriko 25ean herri galdeketa egingo zela iragarri zuen. Ez da egin. Batek baino gehiagok ekimena gezurtzat jo du.
Niretzat ez da gezurrik izan, bakoitzak egingo du bere balorazioa. Legebiltzarrak izapideak aurrera eraman zituen eta ahal izan duen lekuraino heldu da. Prozedura garatua izan da eta bidez bide oztopoak aurkitu ditu. Parte-hartzea eta erabakitzea aipatzen da, bada, Legebiltzarreko presidente bezala hauxe esan dezaket: Jendearen parte-hartze gero eta handiagoa lortzen ari gara Legebiltzarrean. Proposamenen bidez, batzordeetako ekimenen bitartez, eztabaidetan eta gardentasunez eginak. Herritarrak arlo ezberdinetan zelan erabakitzen ari diren kontuan hartu behar da, parte hartzeko eta erabakitzeko guk zer posibilitate ematen diogun jendeari ikustea. Gustatuko litzaidake hedabideetan horretaz ere hitz egitea eta idaztea. Herri galdeketa ez da atera pentsatu zen moduan, ados. Baina pentsatu bezala atera ez delako gezurretan aritzea al da? Gizarteko beste esparruetan norberari ez bazaio iragarritakoa nahi bezala ateratzen gezurretan ari da?