Danbaka Lehiaketa baino askoz gehiago

  • Danbaka Musika Lehiaketa 2004an jaio zen Goiena Komunikazio Kooperatiba Elkartearen eta Elgetako Espaloia Kafe Antzokiaren ekimenez. Helburua Debagoieneko musika taldeei bultzada ematea eta aisialdirako ekintzak sortzea zen. Dagoeneko hirugarren edizioa antolatu dute, Debabarrenera eta Durangaldera ere zabaldu dute aurtengoan, eta lehiaketak taldeei bultzada emateko daukan moduari esker beste lehiaketetatik bereizi egiten da Danbaka.
Danbaka musika lehiaketa
Danbaka
Goienak dituen hedabideak bozgorailu bihurtuta 2004ko uztailean musika taldeentzat izenematea zabaldu zuten. Helburua zen zuzenean lehian aritzeko 20 banda lortzea. Gutxienez taldekideetako bat Debagoienean erroldatuta egotea, kontratu diskografikorik indarrean ez izatea eta hiru kanta original aurkeztea izan ziren ezarritako baldintzak. Abuztuko oporretatik bueltan 40tik gora talderen lanak zituzten esku artean. Epaimahaiak grabazio guztiak entzun eta ahalik eta musika estilo gehien bermatuz, 20 talde aukeratu zituen zuzenekoetarako. Lehiaketak izugarrizko sona lortu zuen eta Elgetako Espaloiako kontzertu bakoitzean 400 bat pertsona izan ziren: lagunak animatzen batzuk, bailaran dagoen musika eskaintzaz gozatzen besteak. Finalera hiru talde heldu ziren, eta Sharon Stoner talde oñatiarra bilakatu zen lehenengo irabazlea. Horri esker, estreinako diskoa grabatu zuten Arrasateko Shot! Grabazio estudioan, eta ondoren beraien kasa kaleratu zuten. Gainera, 2005ean, Bilbo Hiria musika lehiaketa ospetsuan Euskal Herriko talde onenaren saria jaso zuten. Une honetan bigarren diskoa fabrikan dute eta azaro hasierarako kalean izango da. Lehenengo edizioko finalean aritu zen Muted taldeak dagoeneko bi disko kaleratu ditu. Hirugarrena Oñatiko Potemkin da: hard-rock eta punk-rock disko indartsua kaleratu ostean, taldea geldi dago kideetako bi Latzeneko sortzaile ere badirenez, proiektu horren itzuleran murgildu direlako. Ikuslearen saria, berriz, Arrasateko Enboskada taldeak irabazi zuen. Musika zaleek beraien gustuko taldearen alde bozkatu ahal izan zuten Espaloiako postontziak erabilita edota SMSak bidalita.

Horrez gain, Danbakara bakarlari asko aurkeztu ziren, ia inork ezagutzen ez zituenak, eta lehiaketaren ondorioz hortik aurrera taberna eta bestelako aretoetan jotzen hasi ziren. Beste talde batzuekin ere antzerako zerbait gertatu zen, baina bakarlariena nabarmenagoa izan zen, agian ordura arte ez zegoelako zirkuitu edota ohitura handirik.

Bi urtetik behin

Emaitza horiek ikusita, Goienak eta Espaloiak erabaki zuten Danbakaren beste edizio bat antolatzea bi urtean behin, ahalik eta berrikuntza edota aldaketa gehien egon zitezen. Hala, konturatu ziren ibarreko talde asko kantuak prestatzen zebiltzala Danbakako agendara begira. Horrek erakutsi zien lehenengo edizioa ez zela ameskeria hutsa izan eta lehiaketa hori jende artean errotuta zegoela ordurako. Hala ere, aldaketa txiki batzuk ezarri zizkioten bigarren edizioan: epaimahaiak 20 talde beharrean 19 aukeratu zituen, eta 20. lehiakidea jendearen eskuetan utzi zuten. Hala, aurkeztutako talde guztien mp3ak eta fitxak danbaka.com webgunean eskegi zituzten eta zaleek bost egun izan zituzten bozkatzeko. Are gehiago, sari nagusia diskoaren grabazioa izateaz gain, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin hitzarmena egin zuten grabazio hori kaleratu ahal izateko. Eta azkenik, Bakarlariaren saria sortu zuten.

2006ko edizioan ere jende asko hurbildu zen kontzertuak ikustera, eta ordurako sortuta zuten danbaka.com webgunetik ere musika zale askok jarraitu zuten lehiaketa. Sari nagusia Bergarako Aby-Kem taldeak lortu zuen; ikuslearen saria Oñatiko Malenkonia taldeak eta bakarlari onena Arrasateko Jim TNT izendatu zuten.

Talde guztiak irabazle

Danbaka lehiaketako antolatzaileek askotan nabarmentzen dute aurkezten diren talde guztiak direla neurri batean irabazle. Hori esateko, arrazoitzen dute helburua dela musika taldeak eta horiek egiten dutena ezagutzera ematea; eta egia esanda, Danbakak horretarako gailu asko ditu. Lehenik eta behin, aurkezten diren talde guztien (sailkatu edo ez) mp3ak eta fitxak danbaka.com webgunean eskegitzen dituzte edozeinek ikusi eta entzun ditzan. Horrez gain, Goienako hedabideek (Goiena Telebistak, Goienkariak, Arrasate Irratiak, Goiena.net-ek eta Danbaka.com-ek) lehiaketari eta lehian dabiltzan taldeei jarraipen zabala egiten diete, elkarrizketa, erreportaje eta bestelakoekin. Are gehiago, Goiena Telebistak eta Arrasate Irratiak lehiaketako kontzertu guztiak emititu egiten dituzte; eta Tokiko Telebisten Elkartearen elkarlanari esker Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan ere kontzertu horiek ematen dituzte: Goierrin, Tolosaldean, Nafarroako Bortzirietan, Gernika aldean, Zarautz eta Urola aldean eta abar.

Danbaka DVD-CDa

Bide beretik doa orain dela hilabete inguru kaleratu duten lana: Danbakako II. edizioko DVD-CDa. Danbakak Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzarekin kaleratu du bigarren edizioko 20 talderen lanak batzen dituen lan bikoitza. CDan talde bakoitzaren zuzeneko kantu bana batu dute; eta DVDan talde bakoitzaren bideoklip-elkarrizketa eta kantu bana, argazki galeria, making offa, musika adituen iritziak eta beste. CDak ordubeteko iraupena dauka, eta DVDak bi ordu ingurukoa.

Debagoieneko mugetatik harago

Danbakaren berrikuntza, nagusia, berriz, beste bat da: hirugarren edizio honetan soilik Debagoienekoa izateari utzi eta muga diren bi eskualdetara ere zabaldu dute: Durangaldera eta Debabarrenera. Irailerako 39 grabazio jaso zituzten, horietatik 24 Debagoienekoak eta gainontzeko 15 beste bi eskualdetakoak. Epaimahaiak 23 talde aukeratu ditu eta 24.a musika zaleen esku utzi du, danbaka.com webgunea erabiliz. Zuzenekoen txanda hasi da orain. Urriaren 17tik aurrera hamabostero launa talde ariko dira ostiraletan Elgetako Espaloian, bakoitza ordu erdiz. Horren ostean, epaimahaiak aukeratutako hiru finalistak 2009ko urtarrilaren 16an lehiatuko dira. Aurten sariak hiru dira: lehiaketako talde onena, Debagoieneko talde onena eta ikuslearen saria: lehenak eta bigarrenak sari bera jasoko dute Kutxaren eta Mondragon Unibertsitatearen eskutik, disko baten grabazioa Arrasateko Shot! estudioan eta diskoaren kaleratzea Gaztelupeko Hotsakekin; eta ikusleek aukeratutakoak, berriz, 1.300 euroko bonoa Arrasateko Lazkano musika dendan gastatzeko.

Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude