Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
1994ko apirilaren 5ean Kurt Cobainen gorpuaren ondoan paper batean eskuz idatzitako hitzek laburbiltzen dute hoberen 27en klubaren espiritua: “Hobe da sutan kiskaltzea, zimeltzea baino”. Neil Youngen abesti batetik hartuak ziren; Morrisonek, Joplinek edo Hendrixek ere sinatzeko modukoak dira. Amets egin zuten betirako biziko zirela; biharamunean hiltzeko moduko bizitza izan zuten. 27 urteena da rockaren munduko Bermudetako Triangelua; gitarra ozenen kulturak sortu duen ipuin handiena beharbada; eta ez dago aipatutako lau pertsonaiekin bakarrik kontatu beharrik, hain ezagunak izan ez arren asko joan baitziren hilotzen auzora 28 bete gabe. Horien guztien gorazarrez idatzitako liburua osatu du Eric Segalstad kazetariak, Josh Hunterren ilustrazioek lagundurik.
Mitoa indartzeko egindako saiakera izango da, 27 urterekin zendutako artista ezagunen heriotzak kontatzeaz gain, hainbesteko sona lortu ez zuten hainbat musikari gogora ekarriko dituena. Eta noski, heriotza horien misterioaz baliatuz salmenta erraldoiak izaten saiatuko dira editoreak.
Erabat argitu gabeko arrazoiengatik hil baitziren klubeko gehienak. Suizidio itxura hartzen duten balizko hilketak dira batzuk; era misteriotsuan desagertutakoak bestetzuk. Eta horien inguruan hipotesi sinesgaitzenak egin izan dituzte, batzuetan heriotza ukatzeraino iritsiz. Ukatu ezin dena zera da: 27en klubeko kideen talentua euren adina baino askoz ere handiagoa zela.
27 urterekin hil, gorpu polita utzi
Albistearekin esnatzen da eguna: hilda aurkitu dute. 1970ean birritan errepikatu zen gertaera, oso tarte laburrean gainera. 27 urteen mitoa orduan sortu zela esan liteke. Jimi Hendrixen gorpua irailaren 18an aurkitu zuten Londresko Samarkand hoteleko gela batean. Aurreko gauean lo egiteko pilulak eta ardo gorria nahastuta koktel hilgarria eskaini zion bere buruari. Hazita doan ibaia legez botaka hasi zen, eta bere zuku gastrikoetan ito.
Handik 15 egunera azken aldiz ikusi zuten Janis Joplin bizirik Hollywoodeko Sunset Sound grabazio estudioan; urriak 3 zituen. Hurrengo egunean abesti bateko ahotsa grabatu behar zuen eta, agertzen ez zenez, bila joan zitzaizkion Landmark Motor hotelera. Lurrean zetzan heroina gaindosiak akabatua.
Urtea joan gabe esnatu zen berriz heriotza Parisen. 1971ko uztailak 3. The Doors taldearen kantuei ahotsa jarri zien Jim Morrison izan zen orduko biktima. Bainuontzian aurkitu zuten gorpua, baina autopsiarik egin ez ziotenez, asko dira heriotzaren inguruan eraiki diren teoriak: heroina azaltzen da, noski, lehenengo postuetan; baita hilketa ere; eta gezurrezko heriotza zela ere aipatu zuten No one here gets out alive izeneko biografian, nahiz eta Morrison hil zen gauaren inguruko testigantza berriek hipotesia apurka baztertu egin duten.
Klubeko laugarren kidea bi hamarkada beranduago egin zen bazkide. Nirvana taldeko abeslari eta gitarra jotzailea zen Kurt Cobain 1994ko apirilean, Seattleko bere etxean burutik bala bat pasa zitzaionean. Armari nork sakatu zion, bere buruaz beste egin zuenentz, horra mila aldiz errepikatu den galdera.
27 urterekin hil, negozioa egin dezaten
Erantzuna aurkitzea ezinezkoa da Cobainen kasuan. Hamaika dira kontrajarritako bertsioak, eta azkenerako zalantzan jartzen dena “ikerketa” horien guztien helburua da. Datu batzuk ematearren, hamalau urte baino ez dira igaro Nirvana taldeko abeslaria hil zenetik eta dagoeneko hogei biografia argitaratu dituzte. Azkena, aurten bertan publikatutako Charles Cross kazetariaren Cobain unseen, argigarria da benetan: ez heriotzaz datu berriak ematen dituelako, Crossek berak 2001ean beste biografia bat idatzi zuelako baizik. Gertakaria berriro lardaskatu, asko ez bada ere; beti egongo da norbait liburua erosteko prest.
Eta biografiak bakarrik balira... Cobainen heriotzarekin egin duten merchandisinga eskandaluzkoa da: Nick Broomfieldek Kurt & Courtney film dokumentala egin zuen, Gus Van Santek azken egunak fikzionatu zituen Last days pelikulan; 2002an Riverhead Books argitaletxeak abeslariaren eskuizkribu eta marrazki batzuk publikatu zituen Journals izeneko liburuan.
Bakarra balitz gaitzerdi: Jimi Hendrixek disko gehiago argitaratu ditu hil ondoren, bizi zenean baino. Guztira 24 dira Stratocasterraren jeinuak 1970etik argitaratu dituen lanak, estudiokoak eta zuzenekoak batuta. Bildumek beste kontaketa bat merezi dute: 27 dira dagoeneko. Sortuko dira berriak.
Iaz argitaratu zen azken konpilazioarekin hamalau dira Janis Joplinen “omenez” diskoetxeek atera dituzten bildumak. Kopuru bera Jim Morrisonen The Doors taldearen kolekzioek ere. A zer produzitzeko gaitasuna hildakoena.
27 urterekin hil, zahartzea okerragoa da
“Hobe da sutan kiskaltzea, zimeltzea baino”. Ironikoa da. Esaldia oso erabilgarria da musikaren industriako edozein buruk bere artistei esateko. Diskoetxe handientzat errentagarriagoak dira gazte hildako musikariak, ibilbide luzea dutenak baino. Negozio hobea da 27en klubekoen kantuak berrargitaratzeko eskubidea edukitzea rockaren dinosauroen disko berriak editatzea baino. Azken finean, nork erosi du Paul McCartneyren azkena? Ez dago haize berririk harengan, The Beatles taldearen zimurrak besterik ez. Errautsek ezin dute distirarik egin; odolak berriz, beti islatzen du argi printzaren bat.