«Hizkuntza irakastea bezain garrantzitsua, hizkuntzak daraman guztia transmititzea»

  • Telefono mugikorrik ez zen garaian, telefono finkoa patrikan sartuta azaltzen zitzaigun klasera. Haren tonua behar omen zuen doinuak ongi intonatzeko. Baina betitik egon da intonatuta, Gillermo. Ez zuen alferrik asmatu irakaskuntza mundialak ezagutu duen apreziazio esanguratsuena: “Desastre +”.
Gillermo Etxeberria
Dani Blanco

1975ean etorri zinen Arrigorriagatik Iparraldera. Zer aurkitu zenuen bertan?


Orain normaltzat jotzen ditugunak orduan arrotz genituen. Jendearen bizimodua askoz bilduagoa zen, askoz etxekoiagoa, ez zegoen kaleko girorik. Bestalde, euskara anitz mintzatzen zen barnealdeko herrietan, baina euskaldun horietako gehienek frantsestzat zuten euren burua eta gu espainoltzat. Hori mingarria izateaz gain ulergaitza zitzaigun. Gurean euskaraz mintzo zena euskalduna zen eta kito. Horrez gain, Hegoaldean debekatuak zirenak, iduriz bederen, libreago ziren. Bakoitzak pentsatzen zuena errazago esan zezakeen, ez zen ezkutuan ibili behar abertzaletasuna aldarrikatzeko. Sinbologia aldetik ere, ikurrina aise erabil zitekeen, horren gibelean mami handirik ez izan arren.



Iparraldeko ametsa amets amerikarraren antzeko zerbait suertatu zitzaizun? Zerbait gehiago espero zenuen?


Garai hartan, antzeko egoeretan Hegoaldetik etorritako jende asko ginen, eta gure arteko bizimodua egiten genuen, gehienbat. Bertako abertzaleekin ere harreman ona genuen, eta horiei esker ez ginen arrotz sentitzen. Baina inguru zabala ezezaguna zitzaigun, kontrolatzen ez genituen klabe desberdin batzuen arabera funtzionatzen zuen. Aldaketa izan zen, horrek suposatzen duen guztiarekin.

Lehen ikastolen agertzea, Seaskaren sortzea... Horiek ere ez ziren aldaketa makalak izan.


Iritsi nintzenean ikastolak oraindik oso hastapenetan zeuden. Lehen maila sortu berria, besterik ez. Gau-eskolak ere, mugimendu antolatu bezala, sortu gabe zeuden oraindik. Ikusten zen bazela dinamika bat arlo desberdinetan, baina aitzina egitekotan, egituraketa zinbestekotzat jotzen zen. Horregatik izan zen builatsua Seaskaren sorrera. Zerbait egin nahia bazen, baina zein zen jorratu beharreko bidea? Handik eta hemendik informazioa eta formazioa bildu genituen, eta jende baten konbentzimenduari esker gorpuztu zen proiektua. Egitasmo berri eta berritzailea zen honakoa, eta asko beldur ziren. Guk ere ez genekien sobera nola integratu hori jendarte berrira. Hortxe, beti zalapartan, gure bidearen xerka.

Orain normaltzat hartzen dena zientzia-fikzioa izango zen orduan...


Dudarik ez. Garai hartan, eta baita beranduago ere, inork gutxik sinesten zuen proiektuaren gauzatzean. Pentsa, bigarren maila diru eta ahal oso gutxirekin irekitzen ari ginenean, Iparraldeko abertzale izendatu anitz ere ez ziren ausartu haien seme-alabak bigarren mailan matrikulatzen. Gure jendearentzat gauzak ez bazeuden argi, imajinatu kontrarioentzat. Hastapenean toleratzen gintuzten, baina lehen mailak indarra hartzen ari zirela ohartutakoan errotik mozten entseatu ziren, bidea trabaz josiz. Istiluak istilu, alta, asmoak beti egin du aitzina, ezin geldituzko zerbait bihurtu arte.

Goizetik gauera ez da ezer ezin-geldituzko bihurtzen. Ez sinestekoa da zer baldintzetan aritu zareten lanean.


Egitura txikia ginenez, eta beharrezko gutxiengoak ere ez genituenez, beste harreman bat genuen ikasleekin. Denen artean egiten genituen gauzak. Eraikitzen ari ginelarik ikasle andana zebilen eraikinetan laguntzen. Klasea pintatu behar zelarik, ikasleekin pintatzen genuen. Mahaiak, kadirak, arbelak eta oinarrizko materiala ere, beti beste eskoletatik eskuratzen genuen, haurride gazteenak zaharragoen arropak nola. Gogoan dut, Kanboko kolegioko kanpoko lanak bukatu genituenean ikasle batek nola esan zidan “orain eskola normal bat ematen du!”. Hori dena putzu eta itoginik ez zegoelako, pentsa! Giro horrek, orain bazterrera utzi ditugun hainbat gauza egiteko aukera ematen zigun. Baratzea, esaterako. Orain ikasleek dena egina ikusten dute, baina ibilera horiek ez dira ahantzi behar. Ez da ahantzi behar 1994ra arte ez genuela eskola onarpenik, eta azterketetara ere, kandidatura librean aurkeztu behar izaten zutela gure ikasleek.

Garaian, seme-alabak ikastolan matrikulatzea erabaki politikoa zen?


Erabatekoa. Orduan, Euskal Herriaren aldeko pario bat zen. Orain ere askori entzuten zaie euskara etxeko hizkuntza dela, eta etxeko transmisioari esker soilik egingo duela aurrera. Garai haietan hori teoria absolutua zen. Frantses jendartean integratzeko ikastolak ez zuen balio, eskola frantsesa behar zen eta kito.

Nola borrokatzen da oraindik orain euskarak Iparraldean duen prestigio falta horren aurka?


Jendearekin mintzatuz, egonez. Hori beldurra eta aitzinetik pairatutakoak utzitako ezina da. “Eskolan euskara egiten baduzu traba bat izango duzu”. Beldur hori gainditzeko, erakutsi behar duzu oker daudela, ikastolatik ateratzen den jendea ez dela hain anormala, baina batez ere, euskarak onarpen legala behar du. Hori gabe jendeak nekez jasoko du euskara ikasteko erraztasunik, nekez izango da ezinbestekoa eskoletan euskararen irakaskuntza, nekez sartuko da euskara eguneroko bizitzako arlo guztietara.

Ikasi dezake haur batek euskaraz, ikastola bada euskara entzuten duen gune bakarra?


Oso zaila da. Gurasoengandik hasita inguru guztia erdalduna baldin badu ia ezinezkoa izango zaio. Zorionez, Hegoaldeko eragina hor dago, eta handia da, nahiz ez iduri. Egia da gaztelania barra-barra entzuten dela, baina egia da baita ere, herri askotan euskara aski normalizatua dela, eta hori ere ikusten dute gure ikasleek. Telebista, irratia, prentsa eta beste bitarteko batzuk ere hor daude, eta horiei guztiei esker, gure ikasleek euskara nonbaiten zerbait normala dela ohartzen dira.

Iparraldeko zenbaitek errezeloz hartzen du Hegoaldetik datorrena.


Garai batean, Hegoaldekoa, batzuentzat espainola zen, eta besteentzat, “bestaldekoa”. Bestaldeko horrek asko zuen errezelotik, kolonizatzaileari izaten zaion errezelotik. Hori ere beste beldur bat, neurri batean justifikatua, Hegoaldekook jaun eta jabe bezala heltzen baikinen hona. Zorionez, geroz eta gutxiago ikusten ditut, bai kolonizatzaile puntua, bai errezeloa.

Kantua bada muga horiek hausteko modu bat. Ikasle bakoitzari ordenagailu eramangarri bat ezarri nahi zaion garaiotan, segitzen duzu ikasleekin kantatzen?


Nola ez. Lehen nioenaren harira, beti izan dut argi ikasle pila batek euskaraz jasotzen duen bakarra ikastola orduetan jasotzen duela. Hizkuntza irakastea bezain garrantzitsua da hizkuntzak daraman guztia transmititzea. Sarri ari izan gara curriculuma dela eta ez dela, gure historia jaso behar dugula, gure ezagutza zabaldu... Zer da kantua hori guztia ez bada? Kantuak esaten duenarengatik, gure herriaz erakusten digunarengatik, eta kantatzeak dituen baloreengatik, ezinbesteko tresna da niretzat.

Kantuak erresistentziarako ere balio omen du, eta iparraldean euskara dagoen bezala egonda...


Iraupen fase batean gaude. Euskarak edo aitzina egingo du, edo emeki-emeki itzaliko da. Diren euskaldunekin eta dauden ikastolekin bakarrik ez dugu deus salbatuko. Nahi eta nahiez euskaldundu behar ditugu erdaldunak. Horretarako, alta, euskarak bultzada politikoa behar du, onarpen legal bat, gizartearen arlo guztietatik aldarrikatu behar duguna. Gertatzen dena da, indar metaketa bat bilatu beharrean, beti uzten dugula geroko, besteek noiz egingo. Hola alferrik da. Akuilatu ezean, sistema oso eroso dago.

Baina erosoen ez al dago euskaraz ikasteko inolako ahaleginik egin gabe ofizialtasuna erdaraz aldarrikatzen duena?


Hori izugarria da. Sinesgaitza egiten zait. Beti izan dira abertzale sutsuak, euskararen defentsan ari izan direnak, hitzik jakin gabe. Ez dakit zenbateraino den zintzoa. Jakina da ez dagoela lanik gabeko lorpenik, eta konbentzitua dagoenarentzat logikoena litzateke konbentzimendu hori euskara ikasiz praktikan ezartzea. Ez dakit horrek zenbaterainoko ahalegina suposatzen duen, baina argi dagoena da sinesgarriagoa litzatekeela, bere aldeko zein kontrakoentzat.

Aldarrikapenez ari gareno, eta zu lizeoko zuzendaria izaki, zer behar dago? Zer eskas da?


Lehenik, garatu ahal izateko tokia eta medioak behar ditugu. Esaterako, ez dugu lanbide heziketarik euskaraz, eta hori hutsune ikaragarria da. Horrek esan nahi du aterako dela literatura euskaraz irakasteko gai den jendea, baina trokel egile eta iturginik ez. Bestalde, gaur egun 15-16 urteko erdaldun batek ez du aukerarik gure lizeoan sartzeko. Jende hori euskalduntzeko eta gure egituretan txertatzeko bitartekoak behar genituzke. Baina garapenarekin itsutu gabe, eta orain daramagun martxari eusteko ere, premia handiak ditugu. Lokalak direla, egunerokorako materiala dela, garraioa... Energia asko xahutzen dugu betiko borroka eta eztabaidetan. Auskalo horren inguruko zenbat biltzar egiten ditugun urtean, eta eskatzen duguna ematen digutenean, beste nonbaitetik kentzen digutela ohartzen gara. Azkenik, euskal irakaskuntzari lotutako gabeziak ditugu. Euskal Curriculuma ez da oraindik finkatua, orduan, Frantses Hezkunde Nazionalak inposatutako programak segitu behar ditugu. Hori egin ahal izateko ez dugu euskarazko ikaslibururik, eta hori gutxi balitz, azterketa ofizialak frantsesez egitera behartuak gaude. Nahi eta nahiez horrek asko baldintzatzen du eguneroko jarduna.

Eguneroko jardunetik burua altxa, eta etorkizuneko zer bilakaera ikusten diozu ikastolen mugimenduari?


Bi eratako kalkuluak daude. Bata euste lan honetan oinarritutakoa, eta bestea, koiuntura aldaketa batek lekarkeena. Lehen kasuan, ikastolek euren bidean segituko dute, emeki-emeki baina proiektua handituko da, zenbait kolegio gehiago izango ditugu, beste lizeo bat, baina ez gara gutxiengo honetatik aterako. Egungo koiuntura aldatzen den neurrian, ordea, egoera anitz aldatu daiteke. Euskara eskola guztietako irakasgai serio bihurtzen bada ikastolen mugimendua eraldatuko da, bai herri txikietan, bai hiriburuan. Gaur egun, urtero %4-5 igotzen zaigu ikasle kopurua, baina aldaketa horrek, igoera %50era eraman lezake, eta oso desberdina litzateke kontua.

Horrek asko aldatuko luke euskararen presentzia gizartean?


Horrek dena alda dezake. Gaur egun, euskara gainbehera doala ikusteko ez dugu inkesten beharrik. Hain da beherakada nabarmena geuk ere nabaritzen dugula. Aipatzen nuen koiunturan, alta, beherakada geldituko genuke, eta denbora pasa ahala, goranzko bidea hartu. Nafarroako toki batzuetan gertatu den bezala, funtsean.
Nortasun agiria
1954ko martxoaren 9an sortu zen Zaldibarren zazpi senideko familia batean. Zaldibartik Arrigorriagara mudatu, eta bertan hazi zen, 1975ean Iparraldera etorri zen arte. Geroztik bertan bizi da, eta bertako euskalgintza eta ikastolen mugimenduaren alde izerdi asko botatakoa da. Irakaslea lanbidez, azken urteetan Seaskak Baionan duen Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria da.
Gurasoak
“Gurasoek euren seme-alabak munduko errege-erregina bezala ikusten dituzte, eta horrek neurri batean hala behar du. Irakasle batek haur gehiago ikusten ditu, beste ingurune batean, eta informazio hori oso inportantea da, haur denak ildo berean hezteko. Heziketa soilik eskolaren kontua dela uste duena oker dago”.
Guraso bilerak
“Garai batean, ikasleei buruzko guraso bilerak gurasoen etxean afalduz egiten genituen, eta horrek, onerako zein txarrerako, asko baldintzatzen zuen harremana. Orain, gurasoak etortzen dira ikastetxera, eta askoz formalagoa da dena”.
Azken Hitza
Militantzia
“Lehen jendea askoz kementsuagoa zen, ausardia behar zen seme-alabak ikastolan matrikulatzeko. Horrek berez zekarren konpromisoa. Orain jende gehiagok ematen du izena, eta normala da jende anitz militantziaren balore hori gabe sartzea. Baina ikastolan sartzeak beste edozein eskoletan sartzeak baino urrats bat gehiago eskatzen du, eta urrats hori jendeak eman egiten du”.

Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude