Ezagutzan emandako aurrerapausoa da euskararen garapenaren harribitxia. Datuak hor dira, baina hauei buruzko irakurketa desberdinak ere bai. Esate baterako, euskaradun berri horien kalitateak kezka pizten du. Zein da zuen balorazioa?
Pablo Suberbiola. Argazki oso orokorra honakoa litzateke: Euskal hiztunen komunitatea hazi egin da, haurrak eta gazteak batez ere eskola bidez gehitu zaizkiolako. Hauentzat euskara bigarren hizkuntza da eta duela 20 urteko gazteekin erkatuta, euskara hitz egiteko erraztasun erlatibo txikiagoa dute.
Xabier Mendiguren. Hazkundea hor dago. Bi gauza azpimarratuko nituzke: batetik, hazkunde horretan egon den desazelerazioa eta, bestetik, hizkuntzaren ezagutza mugatua dela eta horrek eragin estua duela erabileran. Hizkuntza jakitea gauza bat da eta erosotasunez erabiltzea beste bat. Ingelesa ere jakin dezake pertsonak, baina gero ohikoan erabili ez. Horrek zer dakar? “Reclus” eredu famatuak zioen bezala, abiada horretan hemendik 50 urtera populazioaren erdia ere oraindik ez dela euskaldun izango. Azkenotan, urtez urte desazelerazioa gertatzen ari da eta azken urteko datua ikusita, hazkundea 0,7 bada, eta akats tartea ± 2koa bada, ez dakigu aurreratzen edo atzeratzen ari garen.
Euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez ere, une batzuetan ahul ibili da; adin nagusikoen euskalduntzeari ez zaio behar besteko garrantzirik eman. Azkenaldi honetan, dena den, berrindartu den esparrua da. 25 urte hauetan eskolatik zetozen gazteengan utzi da euskalduntzearen zama eta hor huts egin da. Irakaskuntzaren parez pare beste espazio batzuk ere euskaldundu behar ziren eta hor atzera gabiltza eta indar gutxirekin.
Patxi Baztarrika. Ez dut uste azken 25 urte hauetan euskararen ezagutzan emandako aurrerapausoak arazoz, ezintasunez eta akatsez beteta aurkeztu litezkeenik. Goazen zatika. Bat, kalitatea eta naturaltasunaren inguruan erronkak ditugu etorkizunera begira, baina ezin liteke beste modu batera izan. Hazi nahi badugu, hainbatentzat euskara bigarren hizkuntza izatea ezinbestekoa da. Gizarteari begira hori arazo gisa plazaratzea ez da ona. Zorionekoak gu, hazi ez bagina ez baikenukeen erronka hori izango.
Bi, euskarak ez du sekula izan gaur adinako hiztunik. Hiru, eta hau oso positiboa da, gaur egun elebidunen herena euskaldun berria da. EAEn 1991n 15 urtetik gorakoen %24 ziren elebidunak eta gaur egun %30,1 dira. Baina biztanleria osoa, 5 urtetik gorakoak esan nahi da, hartzen badugu, azken 25 urteotan %22 izatetik %37,5 izatera pasa dira elebidunak (Eustat). Are gehiago, erdal elebakarren kopurua jaitsi egin da termino absolutu eta erlatiboetan: Euskal Herrian, 15 urtetik gorakoen artean, 134.000 erdaldun elebakar gutxiago dira, eta 137.200 elebidun gehiago. EAEn elebakarrak %66 izatetik %45 izatera pasa dira. Etorkizunera begiratuz, EAEko 15 urtetik beherakoen artean duela 25 urte %20 ziren elebidunak eta gaur %75 dira, eta erdaldun elebakarrak %9 besterik ez.
Nafarroan hazkundea motelagoa da eta Iparraldean oraindik galerak dira. Horrek erakusten du marko legala, hizkuntza politika aktiboa eta herritarren atxikimendua erabakigarriak direla ezagutzaren garapenean. Zein da, beraz, etorkizuneko erronka? Gaur euskaldun berri diren gurasoek beren etxeko hizkuntza euskara bihurtzea, horrela beren seme-alabek euskara lehen hizkuntza izango dute, eta horrek sekulako eragin positiboa izango luke erabilera gehitzeko.
CARLOS VILCHES. Gai teknikoa da, baina gutxienez Nafarroako datuen bilketari dagokionez, baditut zenbait kezka. Nafarroako Gobernua bere galdera, lagin eta teknikak erabiltzen ari da eta gero oso zaila da hori beste ikerketa batzuekin era txukun batean alderatzea. Bada garaia Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak bat egiteko inkesta eta datuen bilketan.
Nafarroan gizartea lasaitu egin da eta euskararen garapena gehiegi utzi da hezkuntzaren eskuetan, euskararen gizarte mugimendua, mobilizazioa eta behar den tentsio hori bazterreratuz. Bestetik, izan den aurkako politikarekin, dezente egin dela ere esan daiteke. Azken 15 urteetan ezagutzari dagokionez, %1,6 puntu gora egin du euskarak eta abiada horretan urte asko behar ditugu. Etorkinena ere bereziki aztertu beharko litzatekeen fenomenoa da, etorri direnak nagusiki G ereduan –dena gaztelaniaz- sartu direlako. Unibertsitatean gertatzen denaz ere baditut kezkak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan %38 euskaldunak dira, baina denak ez doaz dauden euskal lerroetara. Zergatik? Euskaldun inposatuen kontzeptua sortu da hor, guraso batzuek inposatu diete seme-alabei euskarazko hezkuntza, eta ez dakigu horrek zer eragin izango duen hauek euskaldun aktibo izaterakoan.
P.B. Carlos, metodologiaz aipatu dituzunak zehaztuko ditut. 1996ko inkesta soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin egin zuten Nafarroari zegokionean. 2001ekoan eta 2006koan, aldiz, arazo politikoengatik, Nafarroako Gobernuak ez du nahi izan. Iparraldean, aldiz, Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean egin da. Inkesta Soziolinguistikoa, azken 15 urteetan euskararen lurralde osoan egin da, parametro berberen arabera eta metodologia oinarri oso sendoekin. Bere mailan egiten den bakarra da.
P.S. Gaurkoan Euskararen Inkesta Soziolinguistikoa hartu dugu oinarri bezala, baina beste ikerketa batzuk ere badira, esate baterako 1989az geroztik egiten den Euskararen Kale Erabileraren Neurketa.
P.B. Baina Inkesta Soziolinguistikoa bakarra da egiten dituen ikerketa eremuetan: ezagutza, erabileraren azterketa esparruz esparru –formalak eta ez-formalak–, jarrera eta familia bidezko transmisioa.
X.M. Kalitatearenera nator berriz. Nik ez dut uste kalitate eskasa modu positiboan saldu dezakegunik, horrek erabileran ondorio handiak dituelako, Inkestan ikusten den bezala. Gehien erabiltzen dutenak euskal elebidunak dira, orekatuen artean jaitsi egin da eta erdal elebidunen kasuan asko jaitsi da. Zer esan nahi du honek? Hor bat gatoz Inkestak dioenarekin, euskara benetan ongi dakienak erabili egiten duela proportzio handi batean. Nafarroako eremu euskaldunekoa da horren adibide garbienetakoa. Baina aukerarik ez badago eta kalitate maila eskasa baldin bada, ezin da gero erabiltzeko deialdia egin besterik gabe. Horregatik oso nekez ulertzen dut zergatik batzuk B2tik behera jaitsi nahi duten ezagutza helburua.
P.B. Nik ez dut sekula esan kalitate eza positiboa denik. Baina hazkundea bada positiboa, eta haziko bagara, hazi gintezkeen moduan bakarrik izan liteke, ez nahiko genukeen moduan, gizarte honen mugen barruan, eta ezin da kosturik gabe. Ez dugu pentsatu behar hala gaudenik zerbait gaizki egin dugulako; famili transmisioarekin bakarrik ez ginen izango ia 700.000 elebidun Euskal Herrian. Duela 25 urte euskararik ez zen administrazioan, euskaraz jarduteko gai zen kazetari oso gutxi, hezkuntzan minoritarioa zen eta ikastolen bidez bakarrik... Aukerak ere, beraz, asko ugaldu dira. Jakina, egiteko daukaguna egin duguna baino askoz handiagoa da, baina gauzak bere perspektiban ikus ditzagun. Bai, hezkuntzarekin, irrati, telebista eta egunkariren batekin ia egina genuela pentsatzen zen, baina hori baino askoz korapilatsuagoa da kontua.
X. M. Beti joango gara aurrera zerbait gehiago eginez. Baina planifikazioak egiten direnean epe batzuk aurreikusi behar dira eta gero bete diren ala ez aztertu. Kuantitatiboki datuak badira eta diskurtso ofizialarentzat erosoa da beti aurrera goazela esatea, baina kualitatiboan hori jakitea zailagoa da. Ezin dugu jarraitu “aurrera goaz” esaten, egiten diren proiekzioak egia baldin badira, hemendik 50 urtera erdiak ere ez baikara euskaldunak izango. Arrazoizko epe batzuen barruan helburu batzuk lortu behar dira, bestela beheranzko errendimentuak sor daitezke. Orain ikusten dugun desazelerazioak kezka hori sortzen dit.
P.B. Hori ez da egia, hemen ez da desazeleraziorik.
X.M. Zergatik ez? Datuak hemen daude.
P.B. Datuek adierazten dute ez goazela beherantz. Lehen eman ditut ezagutzaren datuak eta berresten ditut. Gure gizartean, datu horiek are eta garrantzitsuagoak dira kontuan hartzen badugu gurea etengabe zahartzen ari den gizartea dela, jaiotze tasa txikia dela eta 120.000 etorkin erroldatuak ditugula, EAEko populazioaren %5 (Nafarroan %10 inguru), eta horien erdia latinamerikarra izanik gaztelaniarekin datorrela.
Epeen gaia. Badira planak eta epeak, administrazio publikoko planak, esate baterako. Baina kontuz, ez dezagun pentsatu lau epe jartzearekin hizkuntza garapena guztiz bermatu daitekeenik. Hau ez da torlojuak egitea, hori baino korapilatsuagoa da hizkuntza bilakaera soziala.
X.M. Desazelerazioaren datuak hemen dira: 6, 3, 1,7 eta 0,7 dira azken datuak EAEn eta akats tartea ±2...
P. B. Ezin dira irakurketa horiek egin jaiotze-tasa urriaren eta etorkinen testuingurua kontuan hartu gabe...
Barkatu, baina zaila da eztabaida horrek gehiago ematea. Zuen ikuspegi desberdina argi dago eta Carlosek eta Pablok datu, epe eta helburuen inguruan duten iritzia ezagutzera joko dugu.
C.V. Nafarroan argi ikusten da euskara pixka bat gora doala eta joera gisa behintzat balio du. Baina nire kezka soziologikoa honakoa da, azterketa hauek egitean etorkizunari begira kontuan hartu behar dira gaurko gazteen baloreak. Unibertsitatean egin ditugun azterketetan ikusi dugunez, gazteentzat euskara garrantzitsua da lana bilatzeko, adibidez. 70eko hamarkadako gizarte ideologikoan, kultura eta zenbait baloreren arabera erabil eta jorra zitekeen euskara. Baina gaur egun, gazteek beste pentsamolde bat dute eta horretara egokitu behar da. Nafarroako Gobernuan ez da gauza askorik egiten horri begira.
P.S. Epeei dagokienez, nabarmentzekoa iruditzen zait hezkuntzan gertatutakoa. 1982ko Legeak jarritako helburuan, ikasleak euskara ezagutza maila on batekin atera behar zuen euskarazko ereduetatik eta hori ez da bete. Zer esan nahi du horrek? Zergatik gertatu da? Arrazoi ugari egon daitezke: jarritako helburuak handiak zirelako, edo hobeto egin zitekeelako, edo baliabideak ez direlako nahikoak izan, edo borondaterik ez delako egon... kasu askotan erantzunik gabeko galderak dira.
Jadanik sartuta zaudete hezkuntza eta hizkuntzaren eremuan. Segi jorratzen Xabier.
X.M. Ereduak finkatu ziren hasiera hartan eskari handia zegoen eta eskaintzarik ez. Nik ondo ikusten dut hasiera hura eta iritsi gara gaurdaino, baina bidean nola gindoazen ikusteko, neurketak eta ebaluaketak lehenago egin behar ziren. Argiak eta itzalak aipatu behar badira, hori itzala da, hori egiteko beldurra egon da. A ereduak ez du euskalduntzen, B-k heren bat euskalduntzen du eta D-k bi heren.
“Eskolari ezin zaio eskatu eman ezin dezakeena” esaten da gaur eta honekin kontuz ibili behar da. Bere mailan, baina euskalduntzea lortu behar du. Beste kontu bat da ea hori nahikoa den gizarte bizitzan aritzeko. Hor daude motibazioa, bitartekoak... baldintza batzuk behar dira, eta bitartekoak jarri –eta beti ez dira egon–, helburuak eta prozesu on bat diseinatzen ez badira, nekez beteko dira helburu horiek.
P.B. Xabier, bitartekoetan, gure gizarteak unibertsitate aurreko hezkuntzari ematen diona Estatuko gorenetakoa da. Hori ez dago zalantzan jartzerik. Hala ere, aurrerapausoa behar dugu hezkuntzan, hori argi dago. Gizarte elebiduna nahi dugunez, ahal dena eskatu beharko genieke bitarteko guztiei, ereduak bitartekoak besterik ez baitira eta ez helburuak. Helburu handiak jarri behar dizkiogu hezkuntzari, baina lorgarriak, bestela porrotari atea geuk irekiko diogulako. Dugun abiapuntua ez da porrotarena, arrakastarena baizik, argi eta garbi. Bestetik, 25 urtetako balantzeak argi dio hizkuntza eredua ez dela nahiko inor euskalduntzeko.
Zergatik diot arrakastarena? Bi datu besterik ez: une honetan D ereduan haur hezkuntzan %70 matrikulatu da eta 82-83 ikasturtean %12 bakarrik matrikulatu zen. A eta X ereduetan %80 matrikulatu ziren orduan eta gaur egun haur hezkuntzan A ereduan %4,7 inguru bakarrik. Orain dela hamabost urte, 16-24 adin tartean, elebidun zirenetatik %25 bakarrik zen euskaldun berria eta gaur adin tarte horretan %60 da euskaldun berria.
Orain egin diren hizkuntza ebaluazioak kontuan hartuta, ikusi da hiru faktorek zuzen-zuzenean eragiten dutela hizkuntza gaitasunean: bat, eredua bera; bi, etxeko hizkuntza; hiru, ingurune soziolinguistikoa, hau da, ikaslearen harreman sarea.
Derrigorrezko heziketa amaituta, ikasleei B2 froga egin zitzaienean, D ereduko %68k gainditu zuen eta B ereduko 32,6k. Beste bi datu esanguratsu eta asko erabiltzen ez direnak: bat, D ereduan ibili eta etxeko hizkuntza euskara duten ikasleen %26k ez zuen gainditu; bi, D ereduan ibili baina etxeko hizkuntza euskara ez dutenen %48k bakarrik gainditu zuen B2a. Hau da, argi da eskolak bakarrik ezin duela etxeko, auzoko eta inguruneko hizkuntza gabezia konpondu. Hori Fishmanek argiro esana du. Horregatik esaten dut eskolari eman dezakeena, bai, hori eskatu behar zaiola, eta horretan bistan da A eredua esaterako sakon aldatu behar dela, baina ez zaio eskatu behar eman ezin dezakeena. Ez baita egia eredu batek berez eta bakarrik euskalduntzen duenik; prozesu horretan eskolatik kanpora daude nolanahi gainditu ezin diren muga ugari.
C.V. Nafarroan gaur egun ikastolek duten indarra handia da, publikoan ordea euskarari ez zaio behar beste indar eman, hizkuntza garapen indartsua izateko. Aurten eskoletan 100.000 ikasle matrikulatu dira eta horietatik A, B, eta D ereduetan %45,7. Hor argi ikusten da gurasoek nahi dutela euskara mailaren bat euren seme-alabentzat, baina muga politikoak argiak dira. Orain ikusten ari da Iruñerriko lau udalerrik [Aranguren, Noain, Beriain eta Galar] eremu mistoan sartzeko dituzten arazoak, nahiz eta bertako gurasoek euskarazko ereduak nahi dituzten.
Beste bi hutsune handi daude Nafarroako Hezkuntzan: lanbide heziketa eta unibertsitatea. Unibertsitatean gero eta ikasle euskaldun gehiago dago –une honetan %38– baina oso aukera gutxi euskaraz ikasteko. Adibide bat, irakasle ikasketetan euskarazko matrikulazioa handia da, besteak beste, gazteek ikusten dutelako eremu horretan lan aukerak daudela.
P.S. Euskararen inguruko eztabaidetan hezkuntzan egindakoari luparekin begiratzen zaio, eta sarri ez da kontuan hartzen hezkuntza hori bere egunerokoan hizkuntza ohituretan aldaketa orokorrik egin ez duen gizarte batean aritu behar dela. Gizarte mailako beste gai askotan –berdintasuna, ingurumena...– eskatzen ez dioguna eskatzen diogu hezkuntzari euskararekiko.
Bat zatozte hezkuntzaren mugez. Beste esparru batzuk ere behar dira, non euskarak bere tokia izango duen, maila desberdinean bada ere. Zein garapen izan dute esparru horiek azken 25 urteetan?
X.M. Espazioak euskalduntzearen alorrean hutsune agerikoak ditugu eta arau falta nabarmena dago. Adibide bat aipatzeagatik, Kontsumitzaile Euskaldunen Dekretua, baditu alde positiboak eta negatiboak. Hona negatiboetako batzuk: labur gelditzen da, zonifikazioa, enpresa guztiak barne ez hartzea, etiketak... Positiboen artean dekretua bera izatea, urteak pasatu dira gabe baina orain badaukagu eta erreferentzia bat badugu. Inplementazio epe zehatzak ezartzen ditu eta hau oso garrantzitsua da bestela sine die luzatzen dira gauzak. Zigorrak ere onak dira, hori da gaiari seriotasuna ematea, hizkuntzak bere boterea behar du, bestela dena borondatearen esku uzten da. Hedabideak, kirola, kultur eskaintza, aisialdia eta abar ongi arautuak ez daude. Horietan berandu hasi da. Lanaren munduan zer esanik ez. Azken finean, sortu behar ditugu euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten zirkuituak, bestela jai daukagu. Ideia hau estrategikoa da.
Eta aipatu nahiko nuke UEMAren kasua, bere jardunean etengabe eraso judizialak pairatu dituelako. Zergatik? Hor hizkuntzen estatusaren eremuan sartzen gara, euskarak eta gaztelaniak ez dute estatus berdina, gaztelania ezagutu beharrekoa da eta euskara ez. Udal askotako ordenantzak atzera bota dira, euskaraz bizitzeko bidea itxiz. Espazioak euskalduntzen ez baditugu, hezkuntzarekin kostata lortzen diren urrats horiek ezerezean geldituko dira.
Iparraldearen kasua ere aipatu nahi dut. Orain ernamuin txiki bat badago hizkuntza politikari ekiteko, baina oso atzean daude maila guztietan. Kontseiluan askotan transmititzen dugun larritasuna zentzu horretan ulertu behar da, Euskal Herri osoari begira lan egiten dugulako. Badakigu EAE askoz aurreratuago dagoela, baina euskararen egoera ez da hor bakarrik jokatzen, nahiz eta jakin branka hor dagoela eta besteetarako bidea hor finkatzen dela. Ahalegin handiagoa egin beharko genuke Euskal Herriaren osotasuna lantzeko.
P.B. 25 urteko prozesuan argi-ilunak daude. Esparru formalen eremua hartuta, administrazioan gertatutakoa ilunguneen espazioan kokatzen dut. Administrazioan ikaragarrizko jauzia eman da, baina egin dena baino gehiago egin zitekeen. Hala ere, oro har, argiak ilunak baino askoz gehiago izan dira. Euskarak non ez du espazio gehiago irabazi? Etxeko salan edo herriko plazan, hor ez du irabazi, galdu ere galdu du ziur aski. Lehen oso euskaldunak ziren lekuetara gaztelania eraman du urbanizazio prozesuak. Hori ekidin ezina da, baina arreta jarri behar dugu, lehen ematen ez zen bezala, nahasketa hori alde guztietan emango delako. Eta nahasketa espazio horretan, garrantzitsua izango da euskara esparru batzuetan lehen hizkuntza izatea. “Euskaraz eta kito”-ko euskal gizarterik ez dut irudikatzen, ez dut uste ona litzatekeenik, eta, beraz, ezta ere “castellano y punto”-ko gizarterik.
Zenbait diskurtsotan araua eta borondatea kontrajarri egiten dira, batzuek arauari indarra ematen diotelako eta besteek borondateari. Biak dira garrantzitsuak. Zenbait esparrutan arautu daiteke eta hala egina dago gainera. Baina erregulazioak eta arauak ez badatoz bat herritarren borondatearekin, porrota segurtatua dute. Legea eta arauak behar dira, baina hauek benetan ahalbidetzen dituena herritarren atxikimendua eta borondatea da, etengabe elikatu behar dena, euskara bera erakargarri eta baliagarri eginez.
X.M. Borondatearen izenean bakarrik arituz gero eta eskakizunik jartzen ez badira... kontuz! Bakoitzak nahi duena egin dezakeela pentsatzen badu, horrek prestigioaren galera dakarkio hizkuntzari...
P. B. Baina ez da gure gizarteko kasua...
X. M. Hor daude UEMAko ordenantzei jarritako helegiteak.
P.B. Udal askotan onartuak dituzte ordenantzak azken 25 urteetan, baina ez dira neurri handi batean betetzen, hori ere bada arazoa, oso adierazgarria eta kezkagarria.
X. M. Baina salatu ere egin daiteke hori...
P.B. Ez nago salaketaren dinamika horretan... Bide horretatik ez goaz inora. Sarri galdetzen digute, “aizu, zer egin behar duzue dagokien hizkuntza eskakizuna eskuratu ez duten funtzionario horiekin”. Nire erantzuna izaten da: “Eginbeharra izanda ezer egin ez dutenak %5 besterik ez dira. Enpresa askok nahiko lukete beren kudeaketa planetan %5eko porrotarekin ibiltzea. Nire kezka da ea zer egin behar dugun euskaldundu diren eta lana neurri handi batean euskaraz egiteko gai diren milaka euskaldun horiek euskaraz lan egin dezaten. Dekretuak eta legeak beharrezkoak badira ere, ez dira behar besteko, herritarren hizkuntza ohiturak ez dituztelako eurek aldatzen. Legeriaren makulua behar da, baina horiei bidea ematen diena borondatea da, eta hau elikatu egin behar da. Hori gabe jai.
X.M. Diskurtso hori da etengabe entzun duguna. Bai, konforme nago, leku batzuetan estatuaren babesa izanda ere porrot egin da eta beste batzuetan arrakasta lortu da. Ados, oreka bat lortu behar da, baina sistematikoki esatea araua ez dela inportantea...
P. B. Nik ez dut horrelakorik esan...
X.M. Bada, nik ez dut oreka hori ikusi eta gainera gehiago ikusi dut arazo horri aurpegia eman nahi ez izatea. Begira gidatze alorrean, puntukako sistema jarri denetik istripuak jaitsi egin dira...
P. B. Baina jendeak hori onartu egiten du, istripuen izateko arrazoi nagusiekiko kontzientzia maila bat baduelako. Erretzearekin berdin gertatzen da. Funtsean arrazoia ematen ari zara eta lege horiek orain duela 20 urte jarri ez baziren, herritarren kontzientzia horretarako prestatua ez zegoelako da. Horregatik da “araua eta borondatea” eta ez “araua edo borondatea”. Araua eta borondatea biak elkarrekin.
Biok ikusten duzue oreka behar dela, baina egindakoari buruz ikuspegi desberdinak dituzue. Ez dut uste eztabaida horretan gehiago luzatzea merezi duenik. Pablo eta Carlos, zerbait gehitu nahi al duzue gai honi buruz?
P.S. Euskal Herrian hizkuntzen arteko dinamika botere kontua ere bada. Edozein eratan, dekretua jartzen bada baina sozialki ez badago arau hori indartuko den sentsaziorik, horrek bide motza izango du. Bere garaian hezkuntza mundura euskalduntze planak-eta iritsi zirenean, irakasle batzuk poztu egingo ziren eta beste batzuk ez, baina lehenago edo geroago egin beharrekoen artean kokatuko zituzten. Hori bai, batzuek pentsatuko zuten inposaketa bat zela.
P. B. Oso adibide ona da. Gurasoak euskalduntze prozesu horrekin ados egon ez balira, askoz zailagoa litzateke irakasleria euskalduntzeko eman diren pausoak ematea.
Borondateaz ari garela, azken 20 urteetan herritarrengan izan al da hizkuntza politikaren aurkako borondaterik? Euskararen Aholku Batzordeak eztabaidarako landu duen txostenean esaten da ezin dela aurreratu gizarteak mugak jartzen dituelako.
P.B. EAEn hizkuntza araudia eta bere garapen zabal guztia herritarren eskakizunaren aurretik dago. Galtza bete lan daukagu zenbait esparrutan araututakoa betetzeko. EAEn, hizkuntza kontuan, daukagun legediak ez du oztopatzen gauden tokitik aurrerago joaterik.
X. M. Eta hizkuntza eskubideak? Leku askotan hizkuntza eskubide mordo bat urratzen da egunero, salatzen dira eta erantzuna da ezin dela ezer egin.
P.B. Hizkuntza eskubideak aitortuta daude. Asko errespetatu egiten dira, eta beste batzuk ez, zailtasunak daude leku eta une guztietan zenbait eskubide baliatzeko.
C.V. Egindako azterketei begiratuz gero, herritarrek ez dute arazorik euskararen presentzia handitzeko eta honi lege babesa emateko. Jakina, Nafarroan legeak ez du laguntzen, eta Nafarroako Gobernuak gainera dagoen legedi laburra ere ez du betetzen. Legediaren ikuspegitik, gizarte mugimendutik helegiteak-eta egin direnean gehienetan irabazi da. Europatik ere Gobernuari zenbait aldiz esan zaio euskaldunen eskubideak ez direla betetzen. Nafarroan beharrezkoa da dugun lege markoa gainditzea. Eremu pribatuan eta pertsonalean aukera asko daude euskaraz bizitzeko: komunikabideak, telebistak, liburuak... Eremu publikoan, aldiz, lan handia dago, euskararen presentzia urria da eta biziko dugun hizkuntza aniztasun horretan euskarak espazioak irabazi behar ditu.
X. M. Iparraldean gertatzen dena ere harrigarria da, kutxazain automatiko askotan bospasei hizkuntza agertzen dira eta euskararik ez. Zer egin dezakezu hor? Konstituzioarentzat euskara ez bada existitu ere egiten... Borondatearen zain egon? Diskurtso horrekin jai dugu.
P.B. Arian-arian egin beharko da aurrera, progresiboki. Euskararen Legeak berak aitortzen ditu eskubideak, baina hauek progresiboki bermatu behar direla dio. Lehen aipatu duzun Merkataritzaren Dekretua aztertuko dut, adibide gisa. Lehenik etorri zen Kontsumitzaileen Legea eta hor barruan kapitulu bat euskararen presentzia garatzeko landu zen, merkataritzaren zati bati eragiten diona. Nire etxe ondoko okindegia, jakina, ez du hartzen. Baina kontuz, argi utzi nahi dut ez dagoela zonifikaziorik, Kontseilutik zabaldu izan duzuen bezala, Nafarroako zonifikazioarekin parekatuz. Ez dakit ez diren gauzak esanda zer lortu nahi den.
Dekretuan honakoak sartzen dira: 250 langile baino gehiago edukita, urtean 50 milioi euro edo gehiagoko negozio bolumena duten enpresak, publikoarekiko harremanetarako 15 lagun baino gehiago dituztenak baita ere, eta publikoarentzako 400 m2-ko azalera duten establezimenduak, hauek bakarrik %33tik gorako elebidun kopurua duten herrietan edo hiriburuetan. Jakina, azken kasuan, egoera soziolinguistikoaren araberako helburuak eta bideak zehazten ditugu; administrazioko hizkuntz eskakizunekin ere berdin egiten da, eta hor ez zaigu zonifikazio salaketarik egiten.
X.M. Politikoki zilegi izan liteke, une batean “hemen bai-hemen ez” esateko. Baina Kontseilua ez dago ados. Uste dugu eskubideak eskubide direla mundu guztiarentzako eta gero bai, gero sar gaitezke epeak aztertzen, prozesu bat osatzen... Baina aldez aurretik jende bat kolokan uzten hasten bagara, abiapuntu eskasa jarriko da.
P.B. Eskubideak aitortu eta gero epeak jarri, diozu. Horixe egiten da.
X.M. Bai, baina oso argi esanez helburuak bete egingo direla...
P.B. Iritsiko da, jakina...
C.V. Arauak ezinbestekoak dira, bestela nola defendatuko dira hizkuntza eskubideak? Hori bai, progresiboki bete behar dira, iritzi publikoa irabaziz. Tira-bira asko izan ditugu euskara medio eta zaindu behar dugu honen zabaltzea.
P.B. EAEn euskarak araua behar duela esatea Kantauri Itsasoak ura baduela esatea bezala da, arauak bai baitauzkagu. Corpus juridiko oso zabala daukagu...
X. M. Bai, baina eskubideak urratzen direnean zera entzuten da: “Ez dago hori babesten duen araurik”...
Bakoitzaren posizioak argi daude. Pablo edo Carlosen txanda da.
P.S. Eremu formalaz ari zarete, baina eremu ez formaleko datu bat azpimarratzea interesatzen zait. Euskalduntze prozesu honen hastapenean, ezagutzak erabilera ekarriko zuela pentsatzen zen eta datu honekin hori zalantzan jartzen da. Edozein hizkuntza politikatan etxe inguruko giroetan eragitea gomendatzen da, bereziki garrantzitsua da eremu hori. Eta datua (Eustat) honakoa da, EAEn 1991tik 2006ra etxeko erabilera ez da aldatu: 1991n euskaraz hitz egiten zuen %13k, eta euskaraz eta erdaraz %8k; 2006an euskaraz %13k egiten du eta bi hizkuntzetan %8,5ek.
P. B. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 1991tik 2006ra euskararen erabilerak gora egin du esparru guztietan, baina etxean gutxien. Gora egin da elebidunen kopurua asko hazi delako: nola 137.000 elebidun gehiago dauden eta mutuak ez diren, erabilerak gora egin du. Eta gora egin du nagusiki gazteen eremuan, euskaldundu diren gehienak gazteak dira eta. Baina gizarte osoa hartu ordez, elebidunen esparrua hartuz gero, elebidunek ez dute euskara duela 15 urte baino gehiago erabiltzen, eta zenbait esparrutan gutxiago.
Faktore demolinguistikoek eragina dute horretan, gutxieneko hizkuntza gaitasun maila bat behar delako eta erabilera esparruak ere bai. Gaurko elebidun gazte gehienek gaztelania dute lehen hizkuntza, eta gune erdaldunetan bizi dira. Erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz euskaraz baino. Lehen guztiz alderantziz zen hori. Baina horrez gain, atxikimendua dago, eta horren arabera norberaren esparru pribatuan gehiago edo gutxiago erabiliko da. Etxean, adibidez, elebidunen arteko harremanetan erabilerak behera egin du, baina seme-alabekiko harremanetan gora. Horrek esan nahi du bikoteak erdaraz hitz egiten duela eta seme-alabekin euskaraz. Beraz, hor badira arauekin zerikusirik ez duten faktoreak eta arreta handia eskatzen dutenak. Euskararen erabilera esparru formaletan gehitu da gehien, askoz gutxiago esparru pertsonal eta ez formaletan. Arauekin zerikusia duten esparruetan areagotu da gehien erabilera, eta norberaren erabakiarekin zerikusia duten esparruetan gutxien. Arauak eta politika baino zer edo zer gehiago beharko da, beraz, erabilera gehitzeko.
C.V. Euskararen etorkizuna azken urteotan gehiegi utzi da eskola eta administrazioaren eskuetan, eta gizarteak eta pertsonek protagonismo handiagoa hartu behar dute euskararen garapenean. Lehengo euskaldunek, oro har, beste koherentzia maila bat zuten euskararekin, gaur egungo gazteak pragmatikoagoak dira. Unibertsitatean adibidez, euskaraz ari gara klasean, bukatzen da hau eta kanpoan gehienek egiten dute erdaraz.
P.B. Hori ikasle, irakasle eta beste askoren artean ere gertatzen da. Beste fenomeno bat da euskaraz aritzean hitzekin, esamoldeekin, esaldiekin... gaztelaniari ematen zaion tartea handia.
X.M. Atzoko Jardunaldietan [Hizkuntza Gutxituen Erronkak Globalizazioaren Aroan, Bilbon urriaren 9an eta 10ean egindakoa] Saint-Etienneko unibertsitateko (Frantzia) Marielle Rispail-ek hibridazio eta mestizaia fenomenoak ohikoak direla zioen, etorkizunean areagotu egingo zirela eta horietara ohitu behar dugula.
P.B. Gaitasunarena oso eremu irristakorra da. Guk ezin dugu egin, hezkuntza munduan esaterako, edo B2a maila dago edo ez dago euskalduntasunik. Kontuz! Okerra da ikusmolde hori. Norbait euskararen hizkuntza komunitateko kide sentitzeko ezin gara halako hizkuntza gaitasun maila exigitzen hasi. Gaur elebidunen erdia eremu erdaldunetan bizi da, eta horietako familia erdaldunetako seme-alabak, D ereduan aritu arren, oro har, ez dira iritsiko Azpeitian B ereduan dabilenaren euskara mailara.
Horregatik, ordea, ezin dugu pentsatu euskal hiztunen komunitatekoak ez direnik, bestela euskaratik uxatzen ari gara. Horrez gain, elebidun hartzaileak [euskaraz egin ez baina ulertzen dutenak], orain arte baino askoz gehiago baloratu behar ditugu aurrerantzean, horiek gureganatzen ditugun neurrian euskaraz bizitzeko aukerak handituko ditugulako.
X.M. Bai, ados nago horrekin. Baina euskaldunok, horrekin batera, gune indartsu bat osatu behar dugu, halakorik ez badago datozkigunak ezingo ditugulako blaitu. Horretarako adostasuna eta kontsentsua landu behar ditugu, politikari, agintari eta gizartean gabiltzanon artean. Indarrak bildu egin behar ditugu eta ez sakabanatu, bestela, azukre koxkorra uretan bezala, disolbatu egingo gara.
P.B. Erronka gisa, hizkuntza komunitatea haztea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da euskal hiztunek euskara bere hizkuntza bihurtzea hainbat erabilera esparrutan, eta batez ere esparru ez formaletan. Alde horretatik, euskaraz erdaraz baino pattalago ari diren bikote euskaldun horien erantzukizuna oso handia da datozen hamarkadei begira; horiek gai baldin badira euskara etxeko hizkuntza bihurtzeko, aurrera pauso handia emango dugu, horrela euren seme-alaben lehen hizkuntza euskara izatea lortuko luketelako, gaurko gazte elebidun gehienen kasuan ez bezala, gaur lehen hizkuntza gaztelania baitute. Hori guraso horien esku dago, ez arau edo legeen esku, eta erabakigarria izango litzateke euskararen etorkizunerako.
Xabierrek kontsentsuari egin dio erreferentzia. Gaur egun 1982ko kontsentsua kolokan dagoela aipatu izan da.
X.M. Kontsentsua zabaltzeko ahalegina egin behar da, baina batzuekin zaila da. Kontsentsu abstraktuak baino, edukiak izango dituzten kontsentsuak lortzera jo behar dugu. Ezin da kontsentsu maila apal bat lortu gero ezertarako balioko ez duena. Eta kontsentsu hori batez ere euskararen inguruan lanean gabiltzanon artean lortu behar dugu.
P.B. Gai korapilatsua da. Euskarak aurrera egingo badu, gaur duguna baino kontsentsu handiagoa behar dugu, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki. Alor honetan zenbait gauzetan atzera egin da, baina ez da kontsentsua apurtu. Guk horregatik bultzatu dugu Jaurlaritzatik Euskara 21 izeneko eztabaida prozesu zabal hori, orain artean bikaina izaten ari dena. Konfrontazio eta enfrentamendu giro batean ezin da aurrera egin. Hizkuntza politikan aurrera egiteko, ezin gara oinarritu bakarrik hizkuntza eskubideetan; gizartean eskubide asko daude, absolutuak oso gutxi, eta guztien uztardura bilatu behar da. Hizkuntza eskubideak izatea funtsezkoa da edozein gizarte demokratikotan, baina horien ondoan beharrezkoa dugu asmatzea euskararentzat zer den komenigarria, eta hor topatu behar dira adostasunak. Erdal elebakartasuna defendatzen dutenak bakarrik dira euskararen etsaiak.
C.V. Nafarroan bada sozialki akordio maila bat aurrera egiteko, baina marko legala eta zenbait alderdien jarrera oztopoa da. Arlo formalean nahiko gaizki ibiliko gara Legebiltzarrean eta indar politikoetan aldaketarik ematen ez den bitartean. Ikusi besterik ez dago, lau herri txiki zonalde mistoan sartzeko Legebiltzarrean izan diren tira-bira guztiak, eta azkenean ez da lortu. Abertzaleak gobernuan sartzen ez badira eta alor hori bultzatu, Vascuencearen Legea harri bat da euskararen garapenerako.
P.S. Kaleko pertzepzioari helduta, ez dirudi egungo kontsentsu maila 1982koa baino handiagoa denik. Eremu pribatuko esparruetan kontsentsuan aurrera egitea zailagoa da, baina hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko esparru batzuk ezinbestekoak dira eta horietan bai behar da kontsentsu maila bat.
Argazki galeria ikusi