Henri Curiel aparteko militantea hil behar izan zuten

  • 1978ko maiatzaren 4an, bazkalondoko ordu bi eta erdietan hiru bala sartu zizkioten bi tipok 64 urteko gizon gaixo itxurako bati etxeko igogailutik ateratzean, Parisen. Asesinoen arrastorik ez da geroztik. Frantziako agintarien babesa behar izan zuten militante antikolonialista garbitzeko.
Henri Curiel
Henri Curiel: un crime politique izeneko film dokumentala eskaini du irailaren 26 gauean Frantziako Canal + kateak, Spécial Investigation programan. Emilie Raffoul eta Stéphane Haummant kazetariek aztertu dituzte Frantziako agintariek eta zerbitzu
sekretuek Henri Curiel militante komunista eta internazionalistaren hilketarekin eduki zituzten loturak.

Henri Curiel izenak Frantzian oraindik erabat argitu gabeko gerra zaharren oroitzapenak esnarazten ditu, Aljeriakoarena batik bat. Tamala da Europako gaurko ezkertiar gehienek Curielen berririk ez izatea, bera izan zenean XX. mendearen zati handi batean ezkerrak jasan zituen aldaketa eta krisien lekuko aparta eta borroka antikolonialistetako gudari elitekoa. Nobelak bezala filmak eta antzerki obrak baimentzen ditu Curielen bizitza oparoak.

Gilles Perrault idazle famatuak (L’Orchestre Rouge, Pull Over Rouge...) sakeleko tamainako bi liburukitan bildu zuen Henri Curielen ixtorioa: Un homme à part (Aparteko gizona, esango genuke euskaraz). 1987ko ekainean, orduan aldizkari bereizia zen LARRUNen bosgarren zenbakian, delako Markox Iraola batek aipamen luzea egin zion Perraultenari “Aparteko gizon bat askapen mugimenduaren erdian” artikuluan.

Zinez aparteko belaunaldian sortu zen Henri Curiel 1914ko irailean. Egipton garai hartan bazen judu familia aberats andana, Alejandria aldean. Pasaporte greziar, frantses, ingeles edo italiarren jabe ziren, nahiz eta Egipton belaunaldi mordoska eraman. Bere abizenak salatzen duenez, Curiel sendia jatorriz Espainiakoa zen, baina Italian barna iritsi ziren beste judu sefardi asko legez Egiptora. Kulturaz, Frantziarekin sentitzen ziren lotuak.

Aitaren negozioetan murgiltzea egokitu zitzaion gaztetatik. Nekazariei dirua mailegatzeaz gain, Niloko deltan 100 hektarea zeuzkaten. Beren kotoi soroetan langileek zeramaten bizimodu ikaragarriak inarrosi zuen. Gero emazte izango zuen Rosette Aladjem erizain gazteak erakutsi zion aitaren langileak nola bizi eta hiltzen ziren. Zazpitik hamahiru urte arteko haurrak bero eta hauts beldurgarrien artean lanean, maskararik gabe, talde buruak zigorrekin kolpeka, malaria nonahi, klase guztietako gaixotasunak...

Honela definitu zuen Gilles Perraultek Egiptoko gazte judu aberats koadrila haren marxismorako bilakaera Le Monde Diplomatiquen 1998an: “Europako militanteetatik talde txiki hau bereizten duena zera da, artean hirugarren mundua deitzen ez zen hartan sortu zirela, zinismorik gogorrenarekin gizakiak gizakiari zanpaketarik handiena ezartzen zion produkzio sisteman. Argia ez zuten ikuspuntu abstraktutik aurkitu, libururen batean, edo gainbalioaren kalkuluetatik atera; ez, errebelazio fisikoa izan zuten, tripetakoa, eta beren sentsibilitatean geratu zen itsatsirik betiko”.

Henri Curiel ezkerreko analisietan oinarrituta kolonialismoaren kontrako borrokan murgildu zen, Bigarren Mundu Gerraren erdian. “Zer da komunista izatea gaur egun Egipton? Antiinperialista izatea da”, idatzi zuen inork baino lehenago.

Solidarité sare ahaztua

1950ean Egiptotik alde egin behar izan zuen. Ordurako arabiarren eta Israel sortu berriaren arteko lehen gerra lehertua zen, eta Curielen sorterriak berak espero ez zuen bideari ekin zion. Leku desegokia juduarentzat.

Europara etorrita, ondo kokatutako kontaktuak zituen Frantziako Alderdi Komunistan, baina honek harrera epela egin zion. Gerra Hotza zen nagusi munduan, eta geopolitikak –edo AEBekin zaude edo Sobiet Batasunarekin– dena aldrebesten zuen. Curielen meritu berezia izan zen ohartzea nazio askapen nahia izango zela munduan XX. mendearen bigarren erdiko motor nagusietakoa. Ezkerreko burokratek kolonizatuei pazientzia eskatzen zieten bitartean, metropoli aberatsean proletarioek iraultza laster egin behar omen zutela eta, Curielek solidaritateari ekin zion.

Aljeriako gerran Frantzian zeukan sarea FLN askapen mugimenduaren zerbitzuan ipini zuen 1957tik. Aljeriarrei laguntzen hasi ziren intelektual askoren alderantziz, Curiel ziur zen hura askapen nazionaleko gerra izango zela, ezin zela espero Ahmed Ben Bella edo beste edozein buruzagi aljeriar Lenin berriak izatea.

1960an, Frantziako poliziek arrestatu zuten. Urte eta erdi egin zuen Fresnesen. Gerra bukatutakoan, libre bai baina espultsatu egin nahi izan zuten. Gelditzea lortu zuen gerra zaharretik Pariseko agintarien artean zituen ezagupide batzuen laguntzari esker.
“Berrogeita zortzi urte zituen espetxetik kaleratzean –idatzi du Perraultek– eta bazekien marjinalitateari egin beharko ziola aurre”. Formakuntza intelektual handia eta Europan egindako borrokaren esperientzia zeuzkanez, horiek gerrillari gazteagoen esku utzi nahi izan zituen, horretarako sortuz Solidarité erakundea.

Apaizak, sindikalistak, militante komunistak... jende talde anitza bildu zuen Solidaritén. Ez politika egiteko, guda modernorako teknikak ikasteko baino. Nola galduarazi jarraika datozkizun poliziak, idatziak egin eta inprimatzea, agiri faltsuak ekoiztea, idazketa zifratua, sorospen teknikak, kartografia, armak eta lehergaiak nola erabili ere bai noiztenka...

Hirugarren munduko mugimenduei laguntzen zien Solidariék eta Europakoei ez. Euskaldunekiko harremana anekdotikoa izan omen zen. Aldiz, Hegoafrikan apartheid sistemaren kontra borrokatzen zuen ANCri zerbitzu handia eskaini zien. Hego Amerikakoei ere bai.

Judua eta aldi berean mundu arabiarraren ezagutzaile ona izanik, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Henri Curielek saiatutako beste ahalegin bat Israel eta Palestinaren arteko bakearen aldekoa izan zen. Jassir Arafaten oso hurbilekoa zen Issam Sartaui-rekin ari zen operazio horietan. Gehiegi zen. Sartaui Portugaleko Estoril hirian hil zuten, eta laster, 1978ko maiatzaren 4an, Parisen garbitu zuten Henri Curiel, etxeko atarian.

Ordurako Le Point egunkari eskuindarrak plazaratua zuen Henri Curiel zela Europako terrorista guztien buruzagia, argazkiak eta bizilekuaren xehetasunak erakutsiz. Delta izeneko talde ultraeskuindarrak bere gain hartu zuen hilketa, Aljeriako gerraren mendekuaren aitzakia aipatuz.

Hilketaren susmagarriak asko izan dira, Delta bera bezala Hegoafrikako zerbitzu sekretuak, israeldarrak, Arafaten kontrako palestinarrak... Frantsesei utzikeria aurpegiratu zitzaien, Giscard D’Estaing-en garaiko krimena Mitterrand berak ere argitu nahi izan ez zuelako. Orain, telebistako dokumental honek nabarmendu ditu DST zerbitzuak Curieli egindako jazarpena, gezurrezko informazioa filtratzea eta abar: hiltzaileek Frantziako Estatua eduki zutela konplize.

Kronika honen Interneteko bertsioan 1987an Larrunek argitaratu artikulua ipini da, Henri Curiel hobeto ezagutzea merezi duen gizona baita.

Argazki oina: Lerroon ondoko argazkia –1987an Larrunen plazaratu zena– da gaur aurki daitekeen Henri Curielen irudirik txukunena, Interneten dauden gainerakoak eskasagoak izanik. Hura zen gizon argal eta zorrotza erakusten du. Canal+eko Spécial Investigation saioaren meritua da Henri Curielen hilketan Frantziako agintariek jokatutako papera berriro aktualitatera ekartzea. Haren lagunek kamara aurrean deklaratu dute DST (Direction de Surveillance du Territoire) kontraespioitza zerbitzuak oso hurbiletik kontrolatuta zeukala. Georges Suffert kazetaria ere mintzarazi dute, 1976an Le Point egunkarian Curiel KGBko agentea zela eta terroristentzako armak garraiatzen zituela plazaratu zuena. Honek aitortu du DSTk eta atzerriko espioitzaz arduratzen zen SDECEk eman zizkiola Curielen dosierraren zatiak, kazetariak argitara zitzan. DSTko buru izandako Jean Balkouti-k onartu du sekula ez zela frogatu Curiel KGBkoa zenik. Antza denez, pertsegizioa ezin gehiago jasanik, Curiel bera Aljeriara ihesi joateko erabakia hartua zen. Alde egin baino aste gutxi lehenago hil zuten. Nork, ordea? Israelek? Hegoafrikak? Ultraeskuindar frantsesek? Poliziak ez zuen pista bakar batean ere egin aurrera. Curielen abokatuak dio epaileak presio handiak jasan zituela ikerketan oso urrun ez joateko. Krimena argituko zuela agindu zuen François Mitterrandek beste askotan legez hitza jan eta ez zuen irekiarazi dosierra. Helburu handien bila borrokatu zen gizona etsai handiek behar zuten kalitu.
Informazio gehiago

Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude