Josu Santesteban
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Lotara toki fisiko batera bezala sartzen gara zenbaitetan, denborazko lotura guztietatik askatuta. Mendea eta segundoa gurutzatzen diren leku eszentriko hori kuluxka da, nondik, lasai asko, Coleridgeren lorea ekar dezakegun bueltan, edo urteetan ahaztutako izen bat, edo gure herriko erakunde sendoenetarik baten inkongruentziaren errebelazioa.
Gauean irratia piztu ohi dut, munduko zaratak kulunka nazan. Batasuna alderdi politikoa Iparraldean legez kanpo ezarriko ote duten ari dira. Batek galdetu du honek guztiak Frantzia ETAren atentatuen jomugan jarriko ote duen. Inork ez du hala uste. Nik ere ez. Gaiaz aldatzen dute, galdera inozoak hoztuta bezala. Nik ere aldatu eta Radio Clásica bilatu dut. Alessandro Scarlattiren Giuditta oratorioko aria bat, musika barrokoaren ederrenetarikoa, iragarri dute: Dormi, o fulmine di guerra (Gerraren tximista horrek, egizu lo), Holofernes gudariari eginiko lo kanta, melismaren teknika hipnotikoaz ondua.
Trantzetik hurbileko egoera horretan, ETAren inkongruentzia, lurraldetasunari dagokionean, argi ikusi dut.
ETA sortu zenetik, Espainia¹ baino ez du jomuga izan. Pentsa daiteke diktadura bat zelako, konbatitu beharrekoa. Orduan Frantziako egoera politikoa inbidiagarria litzateke Hegoaldekoontzat, eta logikoa zirudien egoera okerragotik hasteak. Baina behin diktadura desagerturik, Frantzia Espainia baino zentripetoagoa denean, zergatik jarraitu du atentatuen jomugak Espainian soilik? Arrazoi logistikoak aipa daitezke –Santutegiarena, baina gaur egun holakorik ez dago–, arrazoi estrategikoak –Frantzia makurtuko da Espainiak Euskal Herriaz erabakitzen dena egitera, hots, behin Hegoaldea askatuta, Frantziak Iparraldea oparituko digu; sinesten zaila, Frantzia oso berea delako holako kontuetarako–, edo eskumen arazoak –Iparretarrak marjinal, epel eta, argi denez, ezgauzaren eskuetan lan hori utzita–.
Beraz, ETA lurraldetasunari uko egiten ari zaio (spanish product hutsa bihurtzeraino), Euskal Herriaren askatasuna, ohikoak dituen medioen bidez, borroka armatuaren bidez, Frantziari ere exijitzen ez dion heinean. Bere erantzukizunen utziera honek Euskal Herriaren izenean aritzea ipso facto galarazten dio.
Eta zergatik ez du, gutxienez, inoiz estrategiaz aldatu, 80etako hasieran, borroka armatua Frantziara mugatuz, Hegoaldea Santutegi? Frantziarako hiru probintziatxo horiek ez dira ekonomikoki ez bestela ere bitalak, eta txikiagoak dira, eta euskaldun jende gutxiagok sufrituko luke, horrek ekarri digun epeltze eta ezaxola nabarmena gutxiagoturik. Eta behin Iparraldea askatuta, Frantziak bai dauka Espainian eragina (eta ez aldrebes) askatasun egoera zabal zedin.
Bestetik, ETAk gatazka internazionalizatzea asmoa izan badu inoiz, zergatik ez da jabetu 1985etik (Euskal Herriko lurralde osoa Europar Batasunean sartu zenetik) edo, lehenagotik, 1982tik (NATOn sartu zenetik), erakunde supranazional horiek, dagoen estatus politikoa bermatzen duten neurrian, ekintzak nazioartean ere egin behar dituela?
Erdi lo horretatik itzuli naiz eta abeslaria oraindik zebilen guerra hitzaren lehen silaban gozoki trabatuta.
* * *
¹ Artikulu honetan espainiar estatua beharrean Espainia esateko baimena ematen diot neure buruari, espazioa aurrezte aldera, estatu bat den informazioa irakurlearen ezagutzari utzita. Modu berean, frantziar estatua, italiar estatua, sierraleonar estatua eta abar estatua, agertuko balira, Frantzia, Italia, Sierra Leona eta abar izendatuko dira.