«Ez dut uste EAJ ETA baino demokratikoagoa denik»

  • Iruñea, 1975. Guraso internazionalistak ditu, oso ideologizatuak, ezkertiarrak eta abertzaleak. Ama Arronizekoa, aita Lizarrakoa. Bere bizitza markatu duten zenbait gertakari aipatu dizkigu: “HBko kide Josu Muguruzaren hilketak, hamalau urte nituela. Hamazazpi urterekin Nikaraguara eta ondoren Kubara brigadista joan izanak. Iruñeko Udal Ikastolan ikasi izanak ere arrastoa utzi zidan”. Hemezortzi urterekin joan zen Gipuzkoara: “Iruñeko gipuzkoarra naizela esaten dut, probokazio gisa”. Zarautzen bizi da. Gara egunkariko iritzi saileko arduraduna da.  Filosofian lizentziatua. Doktorego tesia idazten ari da nazionalismoaren etikaz.
Iñaki Soto
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Joxe Azurmendiren eta Ulises Moulinesen babespean eta Eusko Jaurlaritzaren bekari esker hasi zen etikari buruzko doktorego tesia idazten, aurki amaitzea espero duena. Nazionalismoaren etika aztertzeko zergatia azaldu digu hasteko: “Nazionalismoa berez balio positiboa delako eta etika politikaren alor interesgarrienetakoa. Adibidez, independentziaren kontzeptua, printzipioz balio positiboa da alor guztietan. Inork ez du rocka edo zinema independentearen balioa ukatzen, edo gurasoen etxetik irtetea. Alor politikoan independentzia balio negatiboa bihurtu izanak harritu ninduen, bertute beharrean akats bezala agertzeak”.


Nazionalista zara. Nolakoa?


Ulises Moulinesek aldarrikatzen duen nazionalismo internazionalismoaren ildoan. Berak dioenez, nazioak entitate esanguratsuak dira, nonbaitekoak garen ezaugarri. Jatorriak jende guztiarentzat inportanteak dira, eta horregatik zilegi eta logikoa iruditzen zait hori errebindikatzea. Ez dut esaten historiaren aro guztietan horrela izan denik, baina guri tokatu zaigun aro honetan nazionalista izan behar dela uste dut. Gainera, ez diet sinesten nazionalistak ez direla esaten dutenei, gehiago edo gutxiago nonbaitekoak garelako.


Nazioa hautazkoa izan dezakezu, alta.


Bai. Eta hauta dezakezu berean jarraitzea edo ez, familian bezala. Baina ezin duzu eskua altxa eta esan “nigeriarra edo suitzarra izango naiz”. Hautazkoa balitz, agian, suitzar izatea hautatuko genuke, edo ez behintzat estaturik gabeko nazioko kideak, hobekien bizi diren naziokoak izatea hautatuko genuke. Beraz, hautazkoa bai, baina muga batzuen barruan.


Jaio zaitezkeela espainola edo frantsesa eta euskalduna izatea hautatu, esan nahi nuen...


Bai, noski. Nik borondatez eraikitako proiektu politiko batean sinesten dut. Alegia, ez dut uste “Izan ginelako izango gara” lema egokia denik. Hamaika izan ziren eta orain ez dira. Lema hori enpirikoki ukatuta dago. Izango gara baldin eta izan nahi badugu eta lortzen badugu tokatu zaizkigun baldintzetan izatea. Gurean, esaterako, egungo egoera politikoari buelta ematea, nazio ez garela diotenei aurre egiteko kapaz baldin bagara, alegia.


Zer aurkitu duzu lantzen ari zaren tesian?


Lehenik harridura. Askotan euskaldunok pentsatzen dugu nazionalismoa dela geure kezka, soilik gurea. Nazio gaia interes unibertsalekoa da ordea. Tesiak Londresera joateko aukera eman zidan. Hango Ekonomia Unibertsitatean, nazionalismoa ikertzen duen institutu espezializatuan, juduak, palestinarrak, suitzarrak edo argentinarrak aurkitzen dituzu, eta denek nazio interes komuna dute. Nazionalismoa geurea den zerbait iruditzen zaigu askotan, pribatiboa, beste inork ez duena konpartitzen. Mito hori apurtu behar da. Espainolek eta frantsesek, beste ikuspuntu batetik, konpartitzen duten kezka dela jabetu naiz.


Ondorioren bat atera duzu dagoeneko?


Bai. Sarritan nazionalismoa balio bakar batera erreduzitzeko joera dagoela. Adibidez, “nazionalismoa kulturen babeserako dela” esaten da. Nire ustez erredukzionismo moral horrek ez du balio nazionalismoarentzat. Nazionalismoak balio sistema bat sortzen du eta herritarrek, orokorrean, justifikatzen dute beren nazionalismoa. Eskala batean noski: 1. Herrien babeserako. 2. Pertsonen garapenerako. 3. Kulturaren babeserako eta abar. Eskala hori herri guztietan ematen da. Era ezberdinez antolatzen da herri batetik bestera, baina anitza da, ez da balio bakarrean oinarritzen.


Jugoslavia ohia desegin osteko Montenegroko prozesua aztertu duzu baita ere.


Montenegrokoa, neurri batean, kasu eredugarria da guretzat, eta ez horrenbeste formalki eman den moduarengatik. Elementu interesgarriak daude: nola adostu den konstituzionalki sezesiorako eskubidea eta epeak nola jarri diren. Baina batez ere, politikoki da eredugarria. 1992an Montenegroko herritarrek independentziaren aurka bozkatu zuten –nukleo batek independentzia planteatzen zuen–. Une hartan %20 zen independentista gehienez eta hamasei urteko epe batean lortu dute, estrategia politiko sozial kulturalaren bitartez, alderdi politiko nagusiak jarrera independentistetara eramatea. Prozesu politiko horretan oso interesgarria da ikustea posible dela independentzia planteatzea, baita bakoitzaren bertuteak eta gaitasunak nola planteatzen diren ikustea ere. Eta batez ere ahuleziak ondo ezagutuz eta egoki jokatuz, gutxiengoa gehiengoa bihurtu daitekeela, hau da, gaitasuna dagoela bloke subirano zalea sortzeko. Epe horretan %20tik %56 izatera pasa dira, politikoki hori da interesgarriena.


Ulises Moulines filosofoaren Manifestu nazionalista liburuaren kudeatzailea zara. Zer ikaspena atera duzu beretik?


Liburuaren bertuteetako bat Moulines nazionalismoan aditua ez izatea da. Zientziaren filosofian aditua da eta garai bateko formazioa eta jakinduria ditu. Joxe Azurmendik bezala, Moulinesek badu garatua sistema filosofiko orokorra, zientzian espezifikoki landua, eta maila handi batean beste esfera batzuetan aplikagarria dena. Alegia, beste alor batetik etorrita nazionalismoaren eztabaida orokorretan ematen ziren blokeo batzuk gainditzeko modua eskaini du, nazionalismoaren espezifikotasunean zeuden blokeo horiek gainditzeko bide teorikoa ireki du. Hori da bere bertute handiena. Horretaz gain espainolei –eta euskal herritarrei ere bai– erakutsi die askotan ulertzen zaila egiten zaien hauxe: nazionalismoa ez dela bakarrik sentimendu irrazional bat, funtsik gabekoa, primitibismoari lotuta. Espainiako elite zientifikoarentzat kolpe gogorra da hainbeste miresten zuten Moulinesek horrela idaztea. Moulinesek esan die: “Honela pentsatzen dut eta zientziarako erabili ditudan argudio berberak aplikatuz arrazionalizatu dut. Zuen proiektu hau onartzen baldin bada, zuen egunerokotasun politikoak ondorio ezkorrak ekarriko ditu”. Espainiak dituen ajeak agerrarazi ditu, dekadentziaren arrazoiak. Nazionalismoak zer diren. Zer ez diren. Zer izan daitezkeen eta zer izan beharko luketen azaldu ditu proiektu sano bat egiteko. Kasurako, espainiar nazionalismoak dauzkan ezintasunak azaldu ditu.

Espainiar intelektual adituak jabetu al dira horretaz?


Nik Zapaterok irakurtzen omen dituen liburu berberak irakurtzen ditut, baina liburu horietatik berak eta biok ateratzen ditugun ikaspenak erabat ezberdinak dira noski, bakoitzaren eguneroko praktikari begiratuz gero behintzat. Hori da errealitatea. Moulines zertaz ari den badakite? Beraiek ez dira tontoak, oso erraz esplikatuta dago, baina horri buelta emanez, beste kultura politiko bat sustatzen ari dira. Hau da, espainol intelektual batzuek –Aurelio Arteta, kasu– ez dute menpekotasun ideologiko horrekin apurtzeko nahirik. Nik nahiago nuke esan “Zapatero ezberdin pentsatzen duen lehen presidente espainiar abertzalea da. Termino errepublikar, laiko eta federalistetan pentsatzen duena”. Baina ez da horrela, argi dago. Hemen pribilegio etniko batzuetan oinarritutako sistema politikoa finkatu da. Denok gara espainolak, etnikoki espainolak. Herritar bezala denak ez gara espainolak ordea. Espainiar justizia etnikoa da, “espainolak eta espainolak” daude, ezberdin epaitzen zaitu-eta. Alegia, delitu berdinarengatik espainola bazara libre gera zaitezke eta euskalduna bazara kartzelara zoaz. Ez bakarrik auzi politikoetan, ekonomikoetan ere bai. Hor daude Elkar edo Bruño ahizpen kasuak.

Begira ditzagun nazionalismoak gizarte demokratikoen etorkizunean. EAJren nazionalismo “demokratikoa” eta ETAren nazionalismo “iraultzailea” barne, zer egoeratan dago euskal nazionalismoa?


Maila teorikoan euskal nazionalismoaren bilakaera demokraziaren bilakaeraren araberakoa izango da. Nik ulertzen ditudan terminoetan, gizarte demokratikoetan biziko bagina, nazionalismoa elementu naturala litzateke eta onartua izan beharko luke herriek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Alegia, akordio politikoa autodeterminazio eskubidearen arabera gauzatu behar da, betiere populazioaren zati garrantzizkoak hori eskatzen badu, noski.

Niretzat demokrazia eta nazionalismoaren arteko lotura zuzena da. Baina egun, arazoa ez da euskal nazionalismoa demokratikoa den edo ez, baizik eta demokraziaren barruan ematen den edo ez. Beraz, gure helburua, nazionalistak bezala, ez da label demokratikoa geureganatzea, baizik baldintza batzuk sortzea demokrazia eman dadin. Gero, gu nazionalista izango gara edo ez, izango gara komunista, federalista edo laizista, nahi duguna izango gara demokrazian. Baina ez dugu zergatik justifikatu behar gauza bat edo beste garen, aukerak behar dira modu batez edo bestez izaera horiek aurrera ateratzeko. Ez dut uste demokratikoagoak izateko borrokatu behar dugunik, hori bataila elektoral baten barruan logikoa da, baina hori espainolek euskaldunoi inposatu diguten borroka da, eta gu gure artean irabazten ahalegintzen garena, baina ez da gure borroka. Guk ez dugu demokratak izateko borrokatu behar baizik eta baldintza demokratikoak eman daitezen gure proiektu politikoa gauzatu ahal izateko. Zentzu horretan ez dut uste EAJ, ETA baino demokratikoagoa denik, ez dut uste arazoa termino horietan uler daitekeenik.

Zer ekarri dute ETA fenomeno sozio-politikoaren 50 urte hauek nazionalismoaren ikuspegitik? Nazionalismo berririk bai nazionalismo jeltzalearen aldean?


Bai. Baina, nik auzi honetan Trantsizioari dagokion aurretiazko kezka hau planteatzen dut: Espainia da kasu bakarra munduan diktadura batetik Zuzenbide Estatu izatera pasa dena erresistentziaren eragile eraginkorrena baztertuz. Espainiako trantsizioa eredu bakarra da, aurreko erregimenaren aurkako borroka egin eta demokrazia estatusa lortzeko eragile oso garrantzizkoa izandakoa negoziazioetatik kanpo utzi zuena. Argentinan, esaterako, Montoneroetan ibilitako emakume bat lehendakaria da. Kosovon ere UCK ezinezkoa izan zen alde batera uztea. Poloniako Solidarnoscen esperientzia ahaztu gabe. Gurean aldiz, erregimen zaharraren aurka aritu ziren pertsonak aldarrikatzeagatik kartzelara eramaten dituzte. Argala eta Arnaldo Otegiren kasua lekuko. Horrek irudikatzen du herri honek bizi duen tragedia. Ezinezkoa da estatus definitiboa diseinatzea, baldin eta aurretik izan zen diktaduraren aurka gehien egin zuen mugimendua negoziazioetatik bazter uzten baduzu. Hortik dator bizi dugun miseria politikoa.
Nazionalismoaren garaiak

Nazionalismoak bereizterik ba al dago? Edo zuk bereizten dituzu?


Bai. Batez ere, nazionalismo dena eta ez dena. Adibidez, nazioen garai ospetsu historikoen garaia hartzen badugu, ospe handiko egileen testu akademikoetan, askotan, nazioa nazionalismoaren paradigma bezala agertzen da. Hau da, bere hasieran polita denak derrigorrez sentimendu egoistak izatera eramango gaituela diote, nazien fenomeno soziopolitikoaren egoerara.
Nazionalismoak halabeharrez nazismoaren fenomeno antzekora eramaten gaituela diote adituek. Hori aipatzen dutenei ordea, ahazten zaie garai berean nazien aurkako hainbat erresistentzia izan zirela, eta nazio haiek ere antolatu zirela ikuspuntu nazionalista batetik. Esaterako, Polonia, Txekia edota Balkaneko beste nazioak. Nazio egoera horietatik hartu beharko bagenu zein den nazionalismoa, eta ikusita biak kontrajarriak direla, ezin direla gauza bera izan, ezin direla berdin definitu, bata olioa eta bestea ura delako, bada, esango nuke, ikuspegi zientifiko batetik, borroka nazionalista garatu zutenak erresistentzia nazionalista haiek izan zirela. Desberdintasun nabarmenak dira bi nazionalismoen artean, eta akats larria da fenomeno politiko ezberdinak berdintzea. Estatuekin eta nazioekin gertatzen den gauza da, nahasmen tradizionala eta klasikoa. Jendeak nahasten ditu nazioak eta estatuak,.Esaterako, Nazio Batuen Erakundea (NBE), izendapen paradigmatikoa da. Munduan hain garrantzizkoa den erakunde horrek arazoak dauzka izenetik beretik hasita.


Nazionalismoen garai aurreko bat eta geroko bat ote dira? Berlingo harresia erori ostekoa eta lehenagokoa, esaterako.


Aldaketak izan dira. Maila teorikoan urteak aurrera joan ahala estatuak egonkortu dira, horrek aro nazionalista berri bat sortu du, zentzu puruan esanda. Gaur egun, estaturik gabeko nazioek ordezkatzen duten nazionalismo jatorrizkoago bat ordezkatzen dute, nazionalismotik hurbilago dagoena. Posible da, halaber, estatu nazional zilegiak eta interesgarriak garatzea, baina hori historikoki demostratzea konplikatuago da.

XXI. mendeari begira, alde batetik estaturik gabeko nazioen borrokak orain arte bezala mantenduko dira, bai estatu bai nazio horientzat joko baldintzak aldatzen joango dira. Ikusi beharko da baldintza horietara egokitzeko zein duten gaitasun gehiago. Besteak beste, Montenegro, Kosovo, Hego Osetiako kasuak daude. Eskozia eta Quebec, bestalde. Alegia, nola lotzen duten borrokak beren alde kapitalizatzea.

Hego Osetia edo Kosovon, kasu, eragin exogenoak gehiago eragiten du barne eraginak baino. Askoz fenomeno exogenoak dira, ez dira beraien barne dinamikatik abiatu. Begi-bistakoa denez, herri horiek independente izan behar dute bertan dagoen gehiengoa nazio batekoa delako. Baina aldi berean hor dagoen kezka da nola jokatu behar duten beste gutxiengoekin. Kezka da estatus bat eragitea, kapaza dena nagusi ez diren komunitate horien gaitasunak eta eskubideak kudeatzeko. Beraien jatorrizko Estatutik kanpo irauteko, Serbiarren edo Georgiarren kasuan.
Irredentismoa: nazionalismoaren fenomenoa

Zeri deitzen zaio irredentismoa?


Irredentismoa estatu baten barruan bizi den gutxiengo komunitate baten egoerari deitzen zaio, estatu bereko komunitate gehiengoa erreferente bezala duena. Nazionalismoaren barruan irredentismoaren gorakada nabarmena da. Adibidez, Irlandan nazionalismo klase batez hitz egiten badugu ere, gehiago ari gara irredentismoaz. Baltikoan dauden komunitate errusiarrek sortuko balute proiektu politiko bat, Hego Osetiarena kasu, irredentista litzateke.

XX. mendean egin diren akordio politikoak hain dira negargarriak ikuspuntu objektibo eta zientifiko batetik, hain dira gaizki eraman, ezen horrek sorrarazi dituela komunitate txiki batzuk geratzea akordio horien barruan. Gainera, estatuek ez badute errespetatzen beren eskubideak epe erdira, 30-50 urtera bertan elite politiko bat sortzea logikoa da eta berriz ere komunitate nagusiekin biltzea planteatzea. Maila batean, Hego Osetian gertatzen ari da hori. Oraingo estatuak [Georgia] ez ditu osetiarrak aintzaz hartzen, eta bitartean Errusiak arrazoi zitalengatik errespetatu egiten ditu, babes politiko eta pasaportea emanez, adibidez. Modu horretan posible dute jende hori Errusiaren alde jartzea. Berdin gertatuko da Balkanetan eta Baltikoan. Herrialde baltikoek ez badituzte beren politikak aldatzen, irredentismo moduko bat gertatuko da han ere nolabait.

Aldatu al da herritarrek nazioaren kontzepzioa edo berau bizitzeko edota ulertzeko izan dute modua?


Bai, presio zientifiko eta politikoarengatik aldatu ere. Munduko elite politikoaren eraginez, gero eta nazio gehiago sortzen da termino instrumentaletan. Hau da, nazio asmatu egiten direla-eta, eztabaida dago. Orain oso modan dago esatea nazioak asmatu edo eraiki egiten direla. Nazioaren ikuspuntu instrumentala dagoela, alegia. Baina horrek ekarri ditu ere beste fenomeno batzuk, nazio osagai izan ez dutenek beren burua nazio bezala identifikatzea. Italiako Padanian edota Boliviako Media Luna eskualdean, kasu. Horiek, nire ustez, ez dira nazioak, ez dira etnia bat izan, ez dute berezko hizkuntzarik. Badituzte beren espresio partikularrak, baina ez dira sekula nazio izan eduki etniko batekin. Beraiek hartu dituzten osagaiak nazionalismoaren erretorikoak dira. Diskurtso nazionalista oso indartsu bat sortu dute, oso sendoa, ez dutelako inongo mugarik: ez hizkuntzak, ez erlijioak, ez kulturak, ez zientziak ez politikak ez die inongo mugarik jartzen. Ez ziren existitzen eta beraien proiektu politikoa erretorika nazionalista baten azpian gauzatu dute. Baina ez dira nazio bat, ez dute emantzipatu nahi, ez dute beste herrialdeekin harremanik, beste proiektu politiko zehatz baten barruan bentaja nahi dute.

Lehen oso termino existentzialistetan hitz egiten zen nazionalismoari buruz. Eta zentzu batean, oso oker, termino arrazistetan edo existentziari begira, hizkuntzari edo erlijioari begira. Gaur egun, aldiz, joera politiko eta zientifikoa, orokorrean, politikoki zuzena omen dena modu guztiz kontrakoan planteatzen da: nazioak existitu egiten dira baina instrumentalak dira, baliagarriak izan behar dute, hizkuntzak ez du balio erlijioak ere ez, politikak ez du inporta, ezerk ez du inporta. Nazionalismo mota honek egitate oso instrumentalak darabiltza. Botere zenbaitentzat oso erabilgarriak dira, botere handia ema diezaiekete erabiltzen baldin badakite. Kontu da, herritar horiek sentsazio arraroa bizi dute, nonbaitekoak diren sentsazioa eta hori errespetatu behar zaiela.
Nazionalismoa gizarte postheroikoan

Adituen esanetan “gizarte postheroiko batean” bizi gara. Zer leku dute estaturik gabeko nazionalismoek? Historiaren trena –modernitatea– galdu zutenek zein leku dute, euskal nazionalismoak, kasu?


Urrundik hasita erantzungo dizut. Alegia, Euskal Herrian –mundua abertzalean zer esanik ez– analisi objektiboa egiten badugu jendeak argi eta garbi ikusten du –azken 10 urteetan are gehiago– ETAren borroka armatua justifikatuta dagoela. Objektiboki jendeak ez du zalantzan jartzen ETAk esaten duenaren atzean egia potoloak daudela. Hori da bizi dugun errealitate politikoa. Orain, jende hori guztia ez dago errealitate horrek ekartzen dituen ondorioak asumitzeko prest. Hau da, hemen errealitatearen irakurketa egitean egoerari paños calientes jarri egiten zaizkio.

Horri koldarren analisia da. Eta kontua da miseria horrek beste hamaika sorrarazten dituela. Analisi horiek askotan interesgarria dira oso ondo idatziak direlako. Baina koldarren analisiek ez dute zergatik gure errealitatearen ikuspuntua horrenbeste aldatu behar. Koldarren irakurketa diot bi aldetatik, beraien erabaki pertsonalek eramaten dituzte errealitatearen irakurketa bat egitera, eta berdin izan daiteke ETA justifikatzearena edo ez justifikatzearena, alegia, beraiek ikusten dute ETAk arrazoi politikoa duela eta koherente izan beharko balute, derrigor onartu beharko luketela.

Noski, horrek ekartzen du beraiek planteatzea garaia pasa dela, beren esperientzia garaia pasa delako. Beste batzuek berriz, garai horiek eternalak balira planteatu egiten dutela. Hau da, hau ez da sekula aldatuko, betiko izango da, hemen espainol hauekin ezinezkoa baita ezer aldatzea. Finean, beraien miseria pertsonaletatik egindako erreflexioak dira. Gure eguneroko analisi politiko tertuliano ziztrin hau aberasten dute beren ekarpen literarioarekin baina analisirako ezer gutxi balio dute.

Zentzu horretan, ez dut uste gizarte poste heroikoan bizi garenik. Nola gerta daiteke, bestela, bere bizitza antolatua daukan hogei urteko gazte bat familia onekoa eta azkarra, neska-mutila duena, egoera erosoa duena, unibertsitatera doana, hori bazter utzita, ETAn sartzea, jakinda horrek dakarren ondorio guztiekin. Noski, horrek daramatza batzuk pentsatzea gazte hori lunaticoa dela. “Gizarte postheroiko batean” bizi garelako pertsona hori lunaticoa al da? Ez dut esaten heroia denik ere. Baina ez dute zertan termino horiek erabili. Bakoitzaren jokabideak justifikatzen al du bestaren jarrera zein den? Alegia, garai postheroi batean ustez bizi direlako, ez dute sinesten jende hori kapaz dela bere esanen, pentsamenduen eta egitekoen oreka asumitzeko. Nik horregatik diot gizarte honetan analisi bikain bat osa dezakezu, literarioki eragin handia izan dezakeena, baina termino analitikoetan ez dio gizarteak bizi duen egoerari erantzuten.

Ez dut esaten, aitzitik, iraultza batean bizi garela. Izan ere, batzuek zentzu koldarrean ere esaten dute hemen jende guztia bizi dela gatazkak baldintzatuta. Ez da egia. Hemen jendeak nahi du gatazka konpondu. Bere lehentasuna hori da. Jendeari galdetzen badiozu zintzoki zein den bere lehentasun politikoa, jendeak gatazka konpondu nahi duela dio. Noski, politikariek ez badute konpondu nahi, jendeak bere bizitza egingo du, bere etxea eta bere autoa erosiko ditu eta dinamika horretan biziko da.


Paradoxa batean bizi gara.


Objektiboki ETA justifikatzen duten gero eta elementu politiko gehiago daude, horrek ez du berez ziurtatzen ETAk babes handia edukiko duenik, ezta ETAk jarraitu edozein eszenatokian ere etengabe jarraitu ahal izango duenik. Baina bizi dugun egoera geroz eta arrazoi gehiago ematen dio ETAk defendatu duenari. Euskal nazionalismoaren egoeraz galdetu didazu, bada, egoera soziala euskal nazionalismoarentzat arazoa da. Arazoa da oso estu ipintzen duelako errealitatearen aurrean eta egoera soziopolitikoak dauzkan irtenbideak askoz bortitzak direlako alde batera edo bestera. Egoera honetan defizit demokratikoa agerian geratzen ari da eta diktadura modukoa ernatzen hasia. Bertan, botereen arteko banaketa amaitzen ari da eta Zuzenbide Estatuaren desagerpena ematen hasi da. Horiek dira EAJk erantzun behar dituen galderak.

ETA ez ote da eguneroko politikatik at, esperientzia bat ezker abertzalearen bilakaera alde batera utzita? Estatua zein espainol gizartea nahiz euskal gizartean atezuan jartzen dituena, soziologiarako esperimentua. Kontraesanak bilatzen dituena, hitz bitan.


Bai. Eta esperimentu horretan gu arratoiak gara, eta esaerak dioenez “hobe esperimentuak gaseosarekin” eta hemen pertsonak ari gara. Baina ETAren esperimentua al da? Ez. Nik esango nuke Espainiako esperimentua dela hain zuzen ere. Moulinesen Manifestu nazionalistak dioen bezala, Espainia ez da kapaz beste politika bat sortzeko. Ikusi nola homologatu zuen frankismoa. Ikusi nola gaur egun eseri daitezke Fragarekin mahai baten inguruan, irribarretxoak bota, zer jatorra den agure hau esan, eta aldi berean Gasteizko Legebiltzarrean legebiltzarkide izandakoak kartzelan izatea. Eta horrek ez die pertsona horiei publikoki kontraesanik sortzen. Hori da egoera honetan eskandalugarria, txundigarria. Ez dut sinesten Ibarretxe ez dela kolpatua berarekin izan diren parlamentari horiek ezin dituelako defendatu, baina berak hautatu du ez defendatzea, bere ardura da, bera da koldarra.

Estatua ez da heroia globalizazio garaion: botere ekonomikoek eta hedabide boteretsuek –baita estatuetako botere judizialek ere– menderatzen dute munduaren nora. Hitz batean politikoak “galduta” daude. Ados?


Politikariek gaur egun boterea dute. Botereak paraleloak dira. Politikoak ez dira gizarte honetan bizi ordea. Arazoak konpondu baino beharrak sorrarazten dituzte, botere gehiegi daukate gauza askotarako, baina gaitasun gutxiegi horiek aurrera ateratzeko. Espainiako Estatuaren kasuan esperimentuak planteatzen hasita, hobe litzateke egoera berrastea. Ailegatu gara neke puntu batera, non afektatu egiten gaituenak gehiegi baldintzatzen duela egoera politikoa. Nik uste hobe litzatekeela, maila teorikoan hasteko, berrasiko bagina. Arlo politikoan ere, mahai baten inguruan eseri eta zer egin dugun ondo eta zer gaizki planteatu eta nondik nora jo dezakegun aztertu.

Zentzu horretan, akordio politiko bat egiteko aukera dago, epe erdian aukerak egon badaude. Horretan jarrita benetako konponbide bat erdiestea ez litzatekeela ezinezkoa izango. Benetakoa esaten dut, politikoak nahasten direlako. Bat: batzuek lehentasuna ez dela gatazka konpontzea esaten dutenean, herritarrek lehentasuna gatazka konpontzea dela diotelarik. Eta bi: jendearentzat gatazka konpontzea betiko eta edozein baldintzatan lehentasuna dela diotenean. Ez da horrela. Jendeari ez bazaio erantzuten, bere bizitza egingo du eta herria hau pobreagoa izango da. Politika gutxiago egingo da, gizarte geldoa izango da, eta finean espainolengandik eta frantsesengandik ezberdin gaituzten elementu sozial horiek, alegia, beste gizarte klase bat izatea, parametro sozialetan agertzen den gizarte aktibo eta kritiko hori, errealitateari beste begira batekin begiratzen dion gizarte hori, apaltzen joango da. Gure tragedia politikoa hori izango da.

Politikariek eragiten diguten neke hau, ezin egon hau. Honek konponbiderik ez daukala entzutera ohitzen bagaituzte, geure nazio ezaugarriak apaltzen joango dira eta askoz arazo gehiago izango dugu nazionalismoaren ikuspuntutik gizarte hau eta espainolena ezberdinak direla justifikatzeko. Gaur egun, gizarte bi horien ezberdintasuna politikarekiko duten atxikimendua baita. Ez politika jakin batekiko, baizik politikarekiko atxikimendu kritikoa. Eta honek berdin balio du PSOE, EAJ edo ezker abertzalearen atxikimendu kritikoarentzat. Hemen gizarteak exijitu egin dio politikariei politikoki engaiatuak izatea, konpromisoa izatea. Eta gizarteak politikari bizkarra ematen badio, elementu garrantziko horiek galduko ditugu: mundua begiratzeko gure ikuspuntu euskaldun bat. Ez derrigor abertzalea, ez ezkertiarra, baina elementu horiek nagusi dituena. ETAren 50 urteko jardunak ezaugarri horiexek ekarri ditu maila handi batean. Munduan alderdi bakarra da, alderdi demokrata kristau nagusiak [EAJ] gay eta lesbianen eskubideak babestu egiten dituena, emakumeen eskubideak, abortua justifikatzen duena. Eta gizartea da horra eraman duena. Eta gizarte hori neurri handi batean ETAk sorraraziko mugimenduaren ondorioa da, gustatu ala ez.

Azkenak
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


Eguneraketa berriak daude