Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
“Tenis-kantxetako gaur egungo nobedadea, hitzetik hortzera darabilen fenomenoa, puntako jokalarien artera heldu diren emakumezko errusiarrak dira”, zioen Raúl Fain Brinda kirol aditu eta zutabegileak, 2004ko irailean BBC Mundo.com-en idatzitako artikulu batean. “Ni, berriz, tenislari ezkerren desagertzeak nau benetan arduratzen”.
Ez zuen arrazoirik falta. Harez geroztik Rafael Nadal kataluniarra gailurreraino heldu bada ere, urrutitxo gelditu dira joko alderantzikatuaren hegemoniak, ezkertasuna arrakastaren sinonimo bilakatu duten izar mitikoak, Rod Laver, Jimmy Connors, John MacEnroe, Martina Navratilova edota Monika Seles, kasura.
Neurozientziek ere arretaz jarraitu izan diote gaiari. Harvard unibertsitateko Holtzen doktoreak, esaterako, honakoak aitortzen dizkie ezkerrei: funtzio motore hobeak, bista eta gorputz adarren bat (beso nahiz hanka) ahal bait lehen uztartzea eskatzen den ekintzetarako erreflexu bizkorragoak eta, eskuin hemisferioa garatuago izaki, espazioaz ohartzeko erraztasun handiagoa. Mota honetako kiroletarako sortzetiko abildade naturalak, azken finean.
Bere tesiak makulu bikaina aurkitzen du estatistiketan, bereziki 1968 eta 1999 urteen artean psikiatra talde bat lagun zuela egin zituen konparaketetan; denbora epe horretan tenisaren maila goreneko zerrendetara bildu ziren jokalari guztien joerak banan-banan aztertu ostean, ezkerrak %28ra heltzen direla nabarmentzen baitu lan horrek. Alimaleko zifra da, urte tarte horretan arrunki aurki zitekeen ezker kopurua %8,1ean finkatu zuela kontuan hartzen bada. Gaur, ezkerrak populazioaren %8-13 direla estimatzen da.
Halabaina, besterik ere ondorioztatu beharko zuketen urrezko aro horren kasuistika dokumentatu beharrean 1999tik aurrerakoak xehekatu izan balituzte edota, sinpleki, eboluzioari erreparatu izan baliote. Nadalen kasua albo batera uzten bada, apurka urrituz joan den multzoa baita ezker tenislariena; gizonezkoen kasuan, koiuntura jakin batean kasik erdiak izatetik gizartean arruntki aurkitzen den %8-13tik behera eskasteraino edota, emakumezkoen kasuan, kopuru eroso batetik ia desagertzeraino murriztu den fenomenoa.
Azalpenak bilatzen hasita, ezkerrek ezustea izateari utzi diotela arrazoitzen du iritzi zabalduenak. Alegia, sineskeria ilunetatik askatu eta kantxetan leku hartzen hasi zirenean eskuinak otoz otoan harrapatu bazituzten ere, gaurko egunean ezkerkadarik bihurrena ere aurreikusgarri bilakatu dela eta kolpe alderantzikatu horien sekretuak dagoeneko aski ezagunak direla.
Litekeena. Baina aurreraxeago aipatutako kopuru makurrak besterik gabe justifikatzeko balio ez duena. Zerikusirik ere izango du, dudarik gabe, azken urteotan nagusitu den jokamoldeak, teknika engainari eta sorpresazkoen gainetik, batez ere potentzia eta abiadura primatzeak.
Ziklikoa izan ote daiteke?
Mekanismo fisiologikoak
Ezkertasuna hizpide duten lan serio gehienek, aipatu berri dugun honen gisan, garuneko bi hemisferioen espezializazioa dute abiapuntu. Hau da, gorputz alboen mugimenduak kontrolatzeko modu gurutzatua –eskuin hemisferioak ezkerraldea gobernatzen du eta ezker hemisferioak eskuinaldea–, zati nagusi bakoitzaren funtzio banaketa nahiz jarduteko modua eta, bereziki, bi hemisferioen arteko konexio sistema, corpus callosum delakoa, ezkerren kasuan garatuago dagoena.
Azaldu nahi den teoria ilustratzeko, berriz, aztertutako kasuen estatistikak baliatzen dira batez ere, ezker eta eskuinen arteko konparaketa kuantitatibo-kualitatiboak. Albotasuna eta eskuin joeraren aldeko desoreka zerk eragiten dituen zehatz-mehatz argitu ezinean, ikerlariak desberdintasun esanguratsuak identifikatzen saiatzen dira, hitz bitan esanda.
Hala, neurologia modernoak oinarriak sendotu zituenetik, kolore eta zapore guztietako txostenak aurkitzen ahal dira, ezkerrei jenialtasuna, kirol jakin batzuetarako abilezia apartak edota bideo-jokoetan azkarrago pentsatzeko ahalmena aitortzen dizkietenetatik hasita.
Ez dira, ordea, denak alabantzak izaten. Aski ezagunak dira, esate baterako, ezkerrei, bereziki eskuina erabiltzera behartuak izan direnei edota albotasuna erabat finkatuta ez dutenei lotu izan zaizkien okerrak. Besteak beste, toteltasuna, hizketaren atzerapena bezalako mintzamen arazoak, irakurtzeko nahiz idazteko zailtasunak, baldarkeria bezalako urritasun motoreak...
Zer esanik ez Down sindromea, autismoa, eskizofrenia, gaitz psikopatikoak nahiz epilepsia bezalako arazoak sufritzeko aukerekin lotzen dituztenak, edota, are urrunago joanda, bisexual edo homo-sexual izateko probabilitateak handiagoak direla aipatzen dituztenak. Zein mendetan bizi ote garen galdetzeko moduan, kasik.
Badira, bestalde, ezkerrek eta eskuinek pentsatzeko modua ere desberdina dutela arrazoitzen saiatzen diren teoriak ere. Zabalduenaren arabera, eskuin gehienek –esan nahi baita, ezker hemisferioa nagusi dutenek– informazioa modu sekuentzial linealean prozesatzen dute. Alegia, lan bat bukatu beharra daukate hurrengoari heltzeko. Aldiz ezkerrek –eskuin hemisferioa nagusi dutenek, zehazkiago– aldiberekotasun bisualez jarduten dute, eta hainbat zeregin batera prozesatzeko gai dira. Abildade hori ez zaie, ordea, jendaurrean beti itxuroso gelditzen. Sormen handikotzat jotzen ditugun arren, mila lan hasi bai baina bat bera ere bukatzetik urruti geldituko balira bezala, fundamentu kaxkarra leporatzen zaie.
Ezkerrak eta erdi ezkerrak
Baina ekar ditzagun gauzak bere onera. Ezkerrak ez dira eskuinen ispilu zehatz. Ez dira ezta zaku berean sartzeko moduko multzoa ere, adibideek erakusten dutenez. Lehen hartutako hariari jarraiki, Rafael Nadalek erraketa ezkerrez dantzatzen duela une batez ahantzi ahal bageneza eta eskuaren erabilera eskatzen duen beste jardun batean ikusiko bagenu –eskolan apunteak hartzen, demagun–, eskuina dela esango genuke oro har, esku hori erabiltzen baitu idazteko. John McEnroe handiak aldiz, gozotasuna bezain gutxi baliatzen du bere esku dorpea. Futbolzale ikaragarria, eskuz eta begiz ez ezik, hankaz ere ezker petoa dela frogatu zuen gaztetan.
Inguruari erreparatzea aski, beraz, ezkertasunak mailak, gorabeherak, salbuespenak eta, hainbatetan, joera esplikaezinak dituela ohartzeko. Edota, beste modu batera esanda, ezker-ezkerrak, erdi ezkerrak eta ia ezkerrak ere badirela jabetzeko.
Hortik, behar bada, ezkertegiek edo ezkerrentzat bereziki fabrikatutako produktuak saltzen dituzten dendek inguruotan ezagutu duten porrota. Izan ere, estimatzen den %8-13ko kopuruetatik zenbat ezkerrek hobetsiko lituzkete, eskuragarri jarrita ere, ispiluan baleude bezala funtzionatzen duten erlojuak, beste aldera eraginez estutzen diren torlojuak edo ordenagailuetako joystick, xagu eta teklatu alderantzikatuak?
Gaur, horren ortopediko sentitu behar izan gabe, eskuinentzat nahiz ezkerrentzat balio duten produktuak dira estimatuenak. Esate baterako, tresna berezia baliatu behar izan gabe, albo batean duten belarriari tiraka irekitzen diren kontserba-latak edo bi albotara zorroztuta dauden labanak.
Ezinbestean bertsio alderantzikatua eskatzen duten tresnen artean, guraizeak, albo batean mahaitxo baten itxurako ohola duten aulkiak eta gitarra elektrikoak izaten dira salduenak.
Asimetriaren jatorria
Albotasunak, garunaren espezializazioak planteatzen dituen inkognitez gainera, galdera asko ditu oraindik airean, erantzun zuzenaren zain. Errepikatuena jatorriari buruzko azalpenak eskatzen dituena dugu, genetikaren aurkikuntzekin batera goritu den arren, bizpahiru teorien hipotesi partzialetara mugatzen dena.
Herentziari garrantzi handia eman izan zaio beti. Batik bat, genetikak garunaren asimetria aldatzen duen faktorea aurkitu duenez geroztik. Zenbakiek diotenez, haurrek ezker izateko %10eko aukera dute aita ere ezkerra denean, %20koa ama denean eta %50ekoa biak direnean. Gainerako %50 horrekin zer gertatzen ote den argitzea falta. Eskema genetiko zehatzak lantzen ari diren arren, frogatutakorik ez da oraino.
Bikien kasua ere bitxia da genetistentzat. Monozigotikoak izan edo ez, proportzioa beti bera da: %25.
Stanley Coren psikologo kanadiarraren ustez, ezkertasuna jaio aurreko faseko trauma batek eragiten du. Gizakiak berez omen gara eskuinak, naturak halakoxeak egin omen gaitu, baina haurdunaldiko eragozpenen baten erruz, batzuk ezker bilakatzen dira.
Eta haurdunalditaz ari garela, New England Journal of Medicine-k ama berantiarrak inplikatzen ditu ezkerren kopuruak handitzearen arrazoien artean: zenbat eta zaharrago orduan eta aukera gehiago haur ezkerrez erditzeko. Testosterona kopuruaren eragina ere zentzu honetan aipatu izan da.
Ezkerrak, hamaika ikusteko jaioak.
Buruzagi izateko dohainak
AEBetan datozen hauteskundeak nork irabaziko dituen ez dakigu, baina, gure gaiari dagokionez behintzat, dilema handirik ez dago: Obama izan ala MacKein izan, estaturik boteretsuenak izango duen hurrengo presidentea ezkerra izango da.
Ez da, hala ere, kasualitate honen lehen aldia. 1992ko hauteskundeetan bi lehiakide nagusiak joera honetakoak ziren, eta baita hirugarrena ere. Alegia, Bill Clinton (hauteskundeen irabazlea bera), George H.W. Bush (ordura arteko legealdiko buru izandakoa, urte hartako galtzaile nagusia) eta Ross Perot (Texas estatuko aberats independentea, lehiatik lehenxeago erretiratu zena).
Ezkertasunaren gorabeherak gehien haizatu dituztenek –estatubatuarrak dira gehienak, bidenabar esanda– sarritan aipatu izan dute Etxe Zuriko apopilo izatera heldu direnen kopuru aparta, ezaugarri horrek gidaritzarako edo politikarako karismari ekarpenik egiten ote dion serioski aztertzeraino.
Bi datu egiten zaizkie bereziki bitxi presidente ezkerren clusterra ahotan hartzen dutenean eta hipotesi ugaritarako aitzakiatzat hartu izan dituzte. Batetik, AEBetan erakusten duen neurria, arruntki aurki daitekeen ezker proportzioa (%8-13) hainbat bider gainditzen duena, segun eta estatistiketarako datuak nondik nora hartzen diren. Esate baterako, Nixonen garaitik honantzako presidenteak bakarrik aintzat hartuta, 7tik 4 dira ezkerrak.
Bigarren datua, AEBetatik kanpora, munduko presidenteen artean aurkitzen den ezker kopuru eskasa. Kurioski, historia hurbilera jo behar izaten dute adibide urri horien bila, gaur egungo presidente entzutetsu eta polemikoenetako bat, agur militarraz aparte eskuinez ezer gutxi egiten duen ezker peto amerikar bat, erabat ahantzita. Hugo Chávez, jakina.
Ezkertasuna berriz ere satanizatuko den beldurra ote?
Bi eskuak abilki gobernatzeko ahalmena
Bi eskuak (eta maila apalago batean bi hankak) trebe dituenari, zeregin jakin batean bata zein bestea abilki gobernatzen dakienari, anbidestro deitzen zaio. Askok nahi genuke apartekotasun hori guretzat. Besteak beste, Julian Retegi handiak egiten zuen bezala pilota bi eskuekin maisuki jotzeko eta hamaika txapel irabazteko. Halabaina, oso gutxi batzuen esku dagoen ahalmena da eta, areago, anbidestro diren askok ere alde bat hobesteko joera dute.
Bestalde, gorputzaren alde bateko dominantzia ez da konstantea izaten eta, sarritan, albotasun gurutzatuarekin nahasten da, hau da, ezkerrez jan baina futbolean eskuinez aritzen diren kasuekin, adibide bat jartzearren.
Erabiltzen den tresnak albotasun gurutzatua sortzen du batzuetan (argazki edo bideo kamara arruntak, adibidez, eskuinez erabili behar dira ezinbestean). Beste zenbaitetan, lesioek eragiten dute eta entrenamendu bidez ere eragin daiteke.
Pediatra gehienen aburuz, anbidestrotasuna (alegia, ez ezker ez eskuin izatea), ondo finkatu gabeko edo zalantzazko albotasunaren seinale da eta, haurren kasuan beti ere, pertsonalitate arazoen iturri izan daiteke.
Garunaren espezializazioa
Eskuin gehienen baitan (%95) garuneko ezker hemisferioa da gailentzen dena. Ezkerra eskuinaren bertsio simetrikoa balitz, eta sistema gurutzatua arau matematiko balitz, ezkerrei garuneko eskuin hemisferioa nagusituko litzaieke oro har. Ez da, ordea, horrela gertatzen. Gurutzaketarik ezean, ezker hemisferioak berak eramaten du gidaritza kasu askotan –ia ezkerren erdiei gertatzen zaien moduan– edota bi hemisferioen artean banatzen da.
Lengoaiak eta logikak espazioaren norabidatzeak baino prozesu ordenatu eta sofistikatuagoak behar dituztelako omen dugu garuna banatua eta espezializatua. Baina entzefaloaren zatirik handiena osatzen duten bi estruktura alderantzikatu horiek, ezin dira funtzioen mapa zehatzak balira bezala irudikatu, orain dela gutxi arte uste zen moduan. Teknologia berrien laguntzari esker ikusi denez, garunak orkestra sinfoniko baten moduan jokatzen du funtzio jakin bat burutzea behar duen bakoitzean. Alegia, bi alderdiak elkarren osagarri balira bezala, hainbat area elkarrekin lanean ipiniz.
Aritmetika bezalako beste hainbat funtzio integratzaile edota emozioak bi alboetatik kontrolatzen direla uste da.