«Itsasoan barrukoa ateratzen da, ez da kanpokoa sartzen»

  • Ez dakigu zer duen Getariako portuak, baina badu zerbait belak haizetara zabaltzeko gogoa ematen duena. Izan omen zen munduari bira eman zion bat. Lau hauek mundua ikusi nahi dute beren inguruan biraka.
De la Hoz-Agirre familia
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Silver Cloud ez dago Getariako portuan amarratuta. Non dago?


Amaia: Venezuelan dago gure zain, hala espero dugu, behintzat. Udan Getariara itzultzen gara, baina irailaren 3an abiatuko gara berriro.

Belaontzian bidaiatzeko ideia, noiz hasi zen ernetzen zuen buruetan?


A: Ez, gureetan ez, Emilioren buruan hasi zen.

Emilio
: Aspaldi… Niri beti gustatu izan zait bidaiatzea. Julio Villar eta itsasoko liburuak irakurtzen nituen, eta aukera hori ikusten hasi nintzen, posible zela belaontzian bidaiatzea. Eta beti neukan buruan bueltaka.

A
: Amets bat zen hasieran, bere ametsa. Nik ez nuen sinesten! Pixkanaka hasi zen: belaontzia gidatzen ikasten hasi ginen, barku txiki bat erosi genuen lau lagunen artean... Baina Emiliok oso argi zeukan norantz zihoan!

E
: Hemengo kostan zeharkaldi batzuk egin genituen eta esan nien: erosiko al dugu ontzi handia?

A
: Hemen, normalean, belaontziak ordu batzuetarako baino ez dira irteten itsasora, edo asteburu baterako, asko jota. Baina bidaia luzeak egiteko erosotasun pixka bat beharrezkoa da. Eta ia 12 metroko barkua erosi genuen. Sos guztiak hortxe utzi genituen!

Silver Cloud. Zilar Lainoa.


E: Horixe. Eta zeharkaldi luzeagoak egiten hasi ginen: Galiziara, Frantziara…

A
: Eta erabakia hartzeko unea iritsi zen, hemen barku bat edukitzea oso garestia baita. Baina hori gertatu artean 10 urte joan ziren!

Eta aingura jasotzera zindoaztenean... haurdun gelditu zinen.


A: Hodei bidean zetorrela jakin genuenean ez ginen ausartu bidaiari ekiten, baina Getarian ez gelditzea erabaki genuen, atzera egingo genuen beldurrez.


Noiz irten zineten Getariatik?


A: 2002an abiatu ginen eta, lehorrez, Mallorkara joan ginen. Han bizi izan ginen bi urtez. Barkua eraman genuen, baina etxe batean bizi ginen. Hodeik bi urte zituela, zeharkaldia egin genuen Mallorkatik Kanarietara, eta beste urtebete egin genuen han. Azkenean, 2007ko urtarrilaren 8an irten ginen Las Palmasetik Brasilera. Atlantikoa zeharkatu genuen. Sei hilabete egin genituen Brasilen.


Erizaintzako nozio batzuk ere zeureganatu zenituen, ezta?


A: Bai. Ametsa oso polita zen, baina gerturatu ahala kezkak sortu zizkigun: bi umerekin joateko asmoa geneukan. Haurren hezkuntza eta osasuna ziren gure kezka nagusiak. Ni irakaslea naiz, eta horrek nolabaiteko segurtasuna ematen zidan. Baina osasunari zegokionez... Hasieran, lehen laguntzako ikastaroa egiteko asmoa geneukan, ni amatasun baimenarekin nengoen Mallorkan eta izena ematea bururatu zitzaidan. Ikaragarri gustatu zitzaidan, baina aitaren osasun arazoak medio, ez nuen bukatu. Dena den, oinarrizko nozioak ikasi nituen: zauriak ixten, sendatzen eta josten; injekzioak jartzen; hezur-haustura baten aurrean nola jokatu; ahoz ahokoa egiten... Eta botika-kutxa osatzen, halako bidaia batera zer eta nola eraman behar den.


Gehienez, zenbat denbora egin duzue lehorra zapaldu gabe?


E: Atlantikoa zeharkatzean: Kanarietatik Cabo Verdera zazpi egun izan ziren, eta Cavo Verdetik Brasilera, hamabost.

Zer jakin behar da Atlantikoa belaontzi batean zeharkatzeko?


E: Gutxieneko jakintza beharrezkoa da, baina garrantzitsuagoa da gogoa. Sekula ez duzu jakin beharreko guztia jakingo... Beraz, aurrera!

A
: Nik ez daukat titulaziorik. Nabigatuz ikasi dut, baina ez dut paper bakar bat ere. Egia da Emilio hor baldin badago berari uzten diodala ardura hori, baina uste dut barkua eramateko gai izango nintzatekeela. Bi gauza mota ikasi behar dira: alde batetik, belaontzia ez da motorrezko garraiobidea, eta haizea maneiatzen, nondik norakoak ulertzen... ikasi behar da. Bestetik, bidaia luzeak egiteko kartak interpretatzen ere ikasi behar da.


Eta haurrek nola hartu zuten erabakia?


A: Oso txikiak ziren, eta umeek gurasoekin egon nahi dute. Izar gehiago konturatzen zen, eta hasieran asko zorabiatzen zen ontzian. Zorabioa beldurra zen. Pasa zituen urduritasun uneak, baina orain galdetzen badiezu... barkua nahi dute!

E
: Izarrek esaten zidan: “Getariara itzultzen garenean barkua niri saldu. Baina merke, e!”.

Izar
: Hasieran beldur pixka bat ematen zidan, baina gero ohitu egin nintzen.


Haurrak azkar ohitzen al dira egoera berrietara?


A: Ez dute iragana ahazten. Guk lotura handiak dauzkagu gure jendearekin, etxekoekin... baina ikusten dute itzultzen garela. Oso etxekoiak gara, bai barkuan eta bai barkutik kanpo. Familiarteko bizitza egiten dugu, asko egoten gara elkarrekin.


Barkuan, zein da bakoitzaren egitekoa?


A: Kapitain jauna, Emilio. Behar-beharrezkoa da kapitainaren figura. Etxean lanak beste era batera partitu daitezke, baina ontzian beharrezkoa da kapitaina. Niri konfiantza ematen dit Emiliok, bera urduri ikusten badut... akabo!

Hegazkinean azafata urduri ikusten duzunean bezala...


A: Horixe. Bera ondo egonez gero edozein lekutara joango nintzateke. Emilio ontziaren xehetasun teknikoekin arduratzen da. Eta barkuko andrea ni naiz: nik egiten ditut otorduak, ni naiz ama, irakaslea, psikologoa, erizaina... Etxean bezala.

Bitakoraren koadernorik egiten al duzue?


A: Bai. Komeni da edukitzea, ainguratzeko puntu onak non dauden jakiteko, nabigaziorako gorabeherak... Ez dakizu inoiz hortik itzuli beharko duzun.

E: Neuk idazten dut, egunean egunekoa.

I
: Guk ez dugu idazten, baina ikusitako gauzen marrazkiak egiten ditugu: izurdeak, baleak ura botatzen, orkak, esparroiak, marrazoen hegalak, itsas dortokak, kapibarak...

Beti egoten al da norbait itzarrik?


A: Bai, ez daukagu radarrik eta 24 ordutan egon behar dugu adi.

E
: Gauetan txandak egiten ditugu, bi ordu eta erdi inguruko zaintzak.

Oso jende gutxik bidaiatzen du familian. Nolako esperientzia da hori?


A: Aberasgarria bezain zaila. Nire kasuan, ama eta irakasle izatea oso zaila da, bidaiaren alderdirik zailena. Baina denok ari gara ikasten, denok ikasten dugu egunero elkarrengana moldatzen. Laurok hazi gara bidaia honetan.


Haserretuz gero ezin duzue barkutik salto egin.


E: Beste txip batekin egoten gara ontzian, umeak ez dira lehorrean bezala egoten. Barkuan sartu orduko giroa aldatu egiten da, eta lauroi eragiten digu. Umeek badakite itsasoan daudela, eta magikoa da, beste era batera jokatzen dute.

A: Bai, umeekin zailagoa da lehorrean. Barkuan badakigu ez dagoela txorakerietarako lekurik, ez leku fisikorik eta ez inolakorik. Gehiago haserretzen gara lehorrean.

Nola moldatzen zarete haurren hezkuntzarekin?


A: Urrutiko Hezkuntzan daude matrikulatuta, horixe baita modu ofizial bakarra. Ikasgai instrumentalak egunero lantzen ditugu. Itsasoan gaudenean ezin izaten dugu eskolarik egin, baina lehorrean asteak zazpi egun izaten ditu, eta astelehenetik igandera izaten da eskola. Halere, metodoa ez da batere egokia, eta denbora asko galtzen da haurrak behartzen. Gainera, ministeriokoak oso zehatzak eta zorrotzak dira eta testuliburuak haiek agindu bezala landu ezean, ez du irakatsi beharreko guztia irakasteko astirik ematen. Bi hilabetetik behin egindako ariketak bidali behar izaten ditugu eta ikasturte amaieran azterketa egin behar izaten dute, atzerrian egonez gero, hango enbaxadan, eta hona itzuliz gero, Gobernu Zibilean.

E
: Izarrek 5 orduko azterketa egin zuen iaz, zortzi urterekin.


Ez dago euskaraz ikasteko modurik?


A: Ez. Guk haurrak Getariako eskolan matrikulatu nahi genituzke. Bertara joan ez arren, haien materialarekin eta haiekin batera lan egiteko. Zuzendaritza eta irakasleak ere ados daude, baina traba legal bat dago: haurrek ezinbestean joan behar dute eskolara. Ofizialki egin genuen eskaera Eusko Jaurlaritzan, baina legea aldatu beharko litzatekeela diote.

Eta zer aukera eman zizueten?


A: Ez matrikulatzea, ikastolarekin lan egitea, baina matrikulatu gabe. Baina guk hori legalizatzea nahi genuke. Jende askorentzako izango litzateke baliagarria. Enpresen deslokalizazioarekin jende pila batek joan behar du kanpora, eta jende gaztea izaten da, familia izan dezakeena. 5 edo 6 urterako daude kanpoan, baina gero itzuli egingo dira! Aukera hori izango balute, itzulera askoz errazagoa litzateke.


Eta irakasletzat ama izatea, erraza al da?


I: Borroka pixka bat egiten dugu, baina ondo moldatzen gara. Gainera, betiko ikasgaiez gain beste gauza batzuk ere ikasten ditugu: Brasilen kapoeira ikasi nuen, eta baita portugesez hitz egiten ere, eta oraindik ez zait ahaztu.


Zerk egiten du kili-kili handiagoa, abiatzeak ala iristeak?


Denak: Iristeak!! Dudarik gabe!!

I
: Beno, niri irtetea ere gustatzen zait, itsasoa asko gustatzen zait, eta baita arrantza egitea ere.

Orain hobeto ulertzen duzue “lurra begi bistan!!” oihua?


I: Bai, hori!!

E
: Brasilera iritsi baino lehenago uharte txiki bat dago eta hara iritsi ginenean, 15 egunean itsasoa bakarrik ikusi ostean, ura eta ura baino ez... lurrari musu eman genion aita santuak bezala!

I: Atlantikoa zeharkatu genuenean barkuan ura bakarrik edaten genuen, eta iritsi ginenean aitak eta amak bosna zerbeza eta guk bina Coca-Cola edan genituen! Urarekin aspertuta geunden.


Nola hornitzen duzue belaontzia? Zer eramaten duzue?


I: Gehienbat janaria.

E
: Eta ura, ura oso inportantea da. Zeharkaldi luzeetan ura da oinarrizkoena. Barkuak bi kamaina dauzka, bat aurrean eta bestea atzean, eta atzeko kamaina jostailuz kargatuta eramaten dugu.

Zer sentitzen da barkua amarratzean?


A: Poza. Polita da nabigatzea, baina oso desberdina. Ordu pila bat dauzkazu zeure buruarekin egoteko, eta erabili egiten dituzu, burua martxan egoten da. Gauetako txandetan ez daukagu argirik, ezin dugu irakurri: egon egin behar da. Norbera, itsasoa, haizea, barkua eta denak lo.

E
: Lehorrean askoz entretenimendu eta estimulu gehiago daude: irakurri egiten duzu, jendearekin hitz egin, telebista ikusi... Kanpotik askoz gauza gehiago hartzen dira, informazio asko hartzen da ingurutik, baina itsasoan ez. Itsasoan barrukoa ateratzen da, ez da kanpokoa sartzen.


Natura irakurtzen ikasi duzue?


A: Emilio lehendik itsasoan asko ibilitakoa da eta, agian, berarentzako ez da hain nabarmena izan, baina niretzako bai. Orain ekaitzak usaindu egiten ditut, euri usaina sumatzen dut, eta badakit badatorrela.

Garestia al da horrela bidaiatzea?


A: Bidaiatzea bera ez. Nautika da garestia, aparatuak, itsasontzia... Baina nabigatzen gaudenean ez dugu ezer gastatzen; etxea eta garraioa geurekin daramatzagu eta egon garen lekuetan arropa askorik ez da behar.


Eta ontzia portuan izateagatik ez al da garesti ordaintzen?


A: Lekuaren arabera. Orain barkua Venezuelan daukagu, eta segurtasun falta ikaragarria dago; han ezin da edozein lekutan aingura bota. Marinetan utzi behar da, baina hala ere, hemen baino askoz ere merkeagoa da. Brasilen ez, Brasilen badaude lekuak aingura bota eta ezer ordaindu gabe egon zaitezkeenak, gu sei hilabetean hala egon ginen. Zingira batean bertako arrantzaleekin, beraiek bezala, sosik pagatu gabe eta oso-oso ondo.

Piratarik okerrenak uniformedunak direla irakurri dizuet.


A: Dudarik gabe. Mugak oso itsusi ipini dira. Eta guk pribilejioak dauzkagu europarrak garelako, ez baita gauza bera pasaporte bat edo bestea erakustea. Itsaso zabalean zaudenean badirudi aske zarela eta ez dagoela legerik, baina badago. Oso kontrolatuta dago.


Lehengo bidaiariek lur eta aberastasun berrien bila bidaiatzen zuten. Zuek zeren bila zabiltzate?


A: Aberastasun bila gu ere, baina ez dugu dirutan neurtzen.

Noiz arte jarraituko duzue bila?


E: Epea dauka, beste pare bat urte edo. Izarrek Bigarren Hezkuntza eskolan egitea nahi dugu. Bere lagunak, bere koadrila, bere lekua, bere erreferentzia hau izan dadin: Getaria.

A
: Gure asmoa sekula ez da betiko bidaiatzen jarraitzea. Badakigu itzuli egingo garela, eta adin batetik aurrera, haurrei gehiago kostako zaie gela itxi batean sartzea beste 24 lagunekin batera. Gu kanpoan bizi gara, naturarekin harremanean... Dena den, bidaiak bere bideak jartzen ditu, eta auskalo.
Nortasun agiria
Amaiak, Emiliok, Izarrek eta Hodeik familia osatzen dute, eta duela urte eta erditik Silver Cloud belaontzian bidaiatzen ari dira. Atlantikoa zeharkatu dute, eta Brasilen, Natalen, frantziar Guyanan, Trinidaden, Tobagon eta Venezuelan izan dira. Amaia Agirre 42 urteko bakiotarra da, ingeles irakaslea, lanbidez. Emilio de la Hoz, berriz, getariarra da eta 48 urte ditu. Arrantzale, lorezain, parrillero eta yateetako patroi aritu izan da. Izarrek bederatzi urte ditu, eta Hodeik, bost. Silver Cloud-eko tripulazioak badu beste kide bat ere: Sua, ontziko itsas-zakurra.
Eguna belaontzian
Amaia: “Eguna argitzen denean jaikitzen gara eta lehenbiziko gauza umeei krema ematea eta txapela janztea izaten da, barkuan oso itzal gutxi baitago. Hori da errituala: jaiki, krema, txapela eta gosaldu. Eta gero... harrigarria da nola pasatzen den denbora: izurdeak etortzen direla, argazkiak ateratzen dituzula, aparejua botatzen duzula... Segituan iristen da bazkaria prestatzeko ordua, eta hori asko zaintzen dut, itsasoan oso erraza baita gutxi jatea eta pisua galtzea. Bazkaldu, umeei ipuinen bat irakurri, jolastu... Jostailu pila bat eramaten dute atzean. Igo, jaitsi, Suarekin jolastu... Arratsalde partean, afalordua hurbildu ahala, irratitik hitz egiten dugu. Irrati amateur batzuek ematen digute eguraldiaren iragarpenaren berri, haiek esaten digute nondik joatea komeni zaigun”.
AZKEN HITZA
Barealdiak
“Atlantikoan ekaitzak baino okerragoak dira barealdiak. Zero paralelora iritsi ahala tropiko arteko konbergentzia-gunea dago. Gune hori ez da finkoa, mugitu egiten da, eta bertan ez dago haize izpirik, batere ez. Gune horretan sartzea ekaitza baino okerragoa izan daiteke”.

Azkenak
2025-03-13 | ARGIA
EAJk eta PSE-EEk zerga erreforma adostu dute Ahal Dugurekin

PPrekin eta EH Bildurekin negoziazioetan porrot egin ondoren etorri da Ahal Dugurekin adostutako akordioa. Indar politiko honek aitortu duenez, maximalismoak atzean utzi eta errealitateari heldu diote, errenta baxueneko herritarren aldeko akordioa lortuta.


2025-03-13 | Uriola.eus
Correoseko langileen eskubideak eta zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko eskatu dute

“Posta publikoa eta kalitatezkoa. Eskubideen aldeko Hitzarmen eta Akordio baten alde” aldarrikapenarekin, LAB, ESK eta ELA sindikatuek lan-baldintzak eta posta-zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko mobilizazioa egin zuten atzo, hilak 12, Bilboko Eliptika Plazan.


Amasamendin eolikoak ezartzeko proiektu bat dagoela jakinarazi du Villabonako Udalak

Herriko EH Bilduko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako galdera parlamentario bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso informazioa hau. Bi haize sorgailu ezartzeko asmoa dago eta Cluster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen... [+]


Milaka ikaslek Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu dituzte, IAk deitutako greban

Hezkuntza bi arazo handik zeharkatzen dutela adierazi dute IAk: "ideia erreakzionarioen" gorakadak eta "ikasleen egoeraren okertzeak". Mobilizazioaren deialdia hedatzeko, goizean errepide mozketak egin dituzte Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Bilbon, Euskal... [+]


Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu

Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.


Beste epai euskarafobo bat: Bitarteko Idazkari izateko lan poltsa eskaeraren aurka

Gasteizko 1 zenbakiko Auzitegi Kontentzioso-Administratiboak emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Lan poltsan parte hartzeko euskara maila altuenaren baliokide diren 3. eta 4. eskakizunak indargabetu zituen Gasteizko Auzitegiak. 


2025-03-13 | Ahotsa.info
“Ez da soilik memoria ariketa bat, baizik eta NATOren kontrako borroka deialdia”

Hainbat eragilek deituta, NATOren aurkako elkarretaratzea egin da Iruñeko Udaletxearen aurrean. Izan ere, gaur, martxoak 12, 39 urte bete dira Hego Euskal Herriak, Espainiar Estatua NATOn sartzeko erreferendumari ezezkoa eman ziola. Askapenako kide batek adierazi du, gaurko... [+]


Bi minututan galdutako elkarrizketak

Azkar! Azkar! Adi egon, ez daukat astirik eta! Ohartarazi behar zaitut, denborak agian ez baitit uzt… Pipipipi-pipipipi! Pipipipi-pipipipi!

Goiz jaiki, eguneratuta egoteko irratia piztu, dutxa hartu, ilea lehortu, orraztu, bizarra kendu edota makillatu, kafea egiten den... [+]


Nola eragingo die AEBen eta Europaren arteko norgehiagokak Euskal Herriko produktuei?

Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen sektoreak nozituko du gehien norgehiagoka... [+]


2025-03-13 | Josu Iraeta
Herri aske izango bagara

Ez da berria, lehen ere ezagutu ditugu horrelako egoerak. Bere garaian hartutako erabakiaren emaitzak okertzen doazenean, zuzentzeko nahiko denbora balego bezala, eta ez da egia.

Hitz politak, itxaropentsuak, euskal gizartean pozik entzuten direnak, bai, baina badut beldurra,... [+]


Etxebizitza hutsak eta jabetza-eskubidea, eskuineko mantrak desmuntatuz

Azpeitiko Udalak etxebizitza hutsei ezarritako kanona abian jarri berritan –eta Euskadi osora zabal daitekeela jakinda–, etxebizitza horien jabeen eta eskuineko alderdien kexak irakurtzen eta entzuten hasiko gara. Jabetzarako Eskubidearen inguruko mantra horiek... [+]


Euskaldunontzat justizia aldarrikatu eta manifestaziora deitu dute Baionatik dozenaka eragilek

25 bat eragilek adierazi diete elkartasuna apirilaren 11n Baionako auzitegian epaituko dituzten Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideei. Egun batzuk lehenago, apirilaren 6an Baionan eginen den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.


Aztarnak

Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]


Juan Luis Agirre Lete kalean da 28 urteko espetxealdiaren ostean

Asteazken eguerdian berreskuratu du askatasuna astigartarrak, zigorra osorik beteta. Espainiako Auzitegi Nazionalak otsailean inputatu zuen ETAren zuzendaritzako ustezko beste lau kiderekin batera, Gregorio Ordoñezen hilketa leporatuta.


Azora putre funtsak familia bat kaleratuko du Donostian

Azora putre funts alokairua igo eta mantentze lanak alde batera utzi ditu, Isaac Lagos eta bere familia etxebizitza uztera behartuz. Kaleratzearen aldeko epai bat jaso berri du maizterrak.


Eguneraketa berriak daude