Sona handiko hitzaldia egin zuen John F. Kennedyk 1961eko maiatzaren 25ean. Hamarkada amaitu aurretik AEBek gizakia ilargian jarriko zutela iragarri zuen presidenteak: “man on the moon”. Kennedyk gehitu zuen bitarteko guztiak erabiliko zituztela helburu hura lortzeko. Sobietar Batasunari “space race” delakoa irabazi behar zioten, kosta ahala kosta. Presidente ilehoria handik bi urtera hil zuten, baina AEBetako administrazioak espazioa konkistatzen hasteko helburuari eutsi zion, harik eta hamarkada amaitzeko bost hilabete eskas falta zirelarik, munduari Apollo 11 espedizioaren irudiak erakutsi zizkion arte. Telebistan azaldu ziren astronautak, baina ordurako espazioaren esplorazioa ez zen gauza guztiz berria ikus-entzuleentzat. Izan ere, urte bete lehenago AEBetako zine aretoak bete egin ziren 2001: A Space Odyssey filma ikusteko.
Gerra Hotzari buruzko film parodikoa (Dr Strangelove) amaitu eta bi astera, Stanley Kubrickek argi zuen zein izango zen hurrengo filmerako gaia: espazioaren esplorazioa. Columbia estudioetako adiskide batek Arthur C. Clarke idazlearekin harremanetan jartzeko aholkatu zion, eta handik gutxira New Yorkeko Chelsea hotelean bildu ziren biak, elkarlana hasi asmoz. Clarkek idatzitako hainbat narrazio begiratu zituzten, eta The Sentinel delakoan kokatu zuten istorioaren ernamuina. Kubrickek uste zuen lehenik nobela idatzi behar zutela, eta horren gainean taxutu filmerako gidoia. Hainbat astez aritu ziren lanean, eta azkenerako, nobela eta gidoia ia aldi berean idatzi zituzten. Proiektuaren oinarrian ados egon arren, Clarkek eta Kubrickek ezberdin fokatu zituzten lan biak, egile bakoitzak bere arrastoa utzi nahi izan zuen, eta proiektuak elkarrengandik urruntzen hasi ziren, zehazten joan ahala.
Apirilaren 2an estreinatu zuten 2001: A space odyssey, Washintongo Uptown antzokian. Lehen emanaldia egin ondoren, 160 minutuko bertsioari 19 kendu zizkion Kubrickek, eta hala pantailaratu zuten, apirilaren 6tik aurrera. Kaleko giroa ez zen batere barea: bi egun lehenago hil zuten Martin Luther King Jr.; AEBetako kanpusetan Vietnamgo gerraren kontrako mobilizazioak ugaritu egin ziren Tet-eko erasoaldiez geroztik; hazkunde demografikoa nabaria zen aurreko krisi ekonomikoaren ondoren, eta ikusmira berrien gose ziren Baby boom-aren belaunaldiko gazteak. 2001 filmari buruz prentsan azaldu ziren lehen iruzkinak ez ziren gozoak izan. Gehienek esan zuten lan nahasia eta aspergarria zela. Andrew Sarris kritikariak, esate baterako, honakoa bota zuen: “interesik ez duen film okerra da, eta argi erakusten du Stanley Kubrick ez dela gai istorio bat era koherentean kontatzeko”. Pauline Kaelek, bere aldetik, zera iritzi zion: “artez mozorroturiko zaborra da”; “irudimenik ez du, batere”.
Bazirudien, kontuak kontu, filmak bazuela zerbait. Ez zela kasualitate hutsa zinema-aretoak jendez betetzea, ia hiru orduko film geldo batek halako erakarpen indarra izatea. Kritika batzuetan “maisulana” bezalako hitzak azaltzen hasi ziren, aretoek beteta jarraitzen zuten, eta hasierako ezustea irentsita, bigarren iruzkina egin behar izan zuten kritikari batek baino gehiagok. Nolanahi den ere, Kubrickek eta Clarkek argi adierazi zuten kritikariek esandakoak ez zuela axola. Playboy aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean, Kubrickek nabarmendu zuen kritika negatiboak eman zituzten gehienak New Yorkekoak zirela. Bere hirikideak, alegia.
Espazioko psikodelia
“2001 filma lehen aldian ulertzen baduzu, orduan huts egin dugu”. Arthur C. Clarkeren hitzak dira, prentsarako eginiko aurkezpen batean esanak. Lehenengo publizitate kanpainan, “abenturazko eta esploraziozko drama epiko” gisa aurkeztu zuten filma. Baina gazteak izan ziren filma gehien jarraitu zutenak, behin eta berriro itzultzen ziren aretoetara, psikotropikoen konpainian sarri. Bigarren publizitate kanpainarako, hortaz, leloa aldatu egin zuten: The ultimate trip (“bidairik handiena”). Izan ere, ikus-entzuleei eskaintzen zien esperientzia ez zen makala: 70 mm-ko Cinerama formatua, kolore bizian eta pantaila makotuan, musika klasikoa eta espazio infinituki zabala. Pertzepzioaren geruza berriak deskubritu zituzten milaka ikus-entzulek, kasik esperientzia erlijiosoa izan zen askorentzat. Esperientzia berri hura subjektiboa zen guztiz, norberak ematen zion zentzua irudi eta soinu segida hari. 1969ko elkarrizketa batean, honako adierazpenak egin zituen Kubrickek: “2001 bezalako filmetan ikusle bakoitzak bere esperientzia eta pertzepzioa gehitzen dizkio istorioaren bilakaerari, eta zilegi da nolabaiteko anbiguotasuna, hain zuzen ere ikus-esperientzia betean barneratzea ahalbidetzen diolako ikusleari”.
2001: A space odyssey-ren eraginaz hitz egitea ez da erraza, hain espazio zabala izaki. Izan ere, mito bat sortzea zen Kubricken helburua, eta neurri handi batean lortu du. HAL super-ordenagailua, filmeko protagonistetako bat, makina bihurtutako Frankenstein “munstroa” izan liteke, Prometeoren mitoaren interpretazio berri bat, agian. 2001 estreinatu eta urtebetera, AEBetako astronautak azaldu ziren telebistan, “space race” delakoaren helmugara iristen: ilargira, hain zuzen. Handik urte batzuetara hasi ziren lehen teoria konspiratiboak gorpuzten. Horien arabera, Apollo 11 espazio-ontzia ez zen sekula ilargira iritsi: ondo hornitutako muntaia izan omen zen dena. Gainera, batzuek diote Stanley Kubrick bera izan zela irudi ospetsu haiek filmatu zituena. Izan ere, Kubrickek kontaktu garrantzitsuak zituen NASAn: 2001 filmerako erabili zituen iturri haiek, eta urte batzuk geroago, NASAren filtro berezi batzuekin filmatu zuen Barry Lindon lana.
Espazioko odisearen ondoren
Hasiera batean kontrakoa esan bazuen ere, Arthur C. Clarkek 2001: A space odyssey nobelaren jarraipena argitaratu zuen 1982. urtean: 2010: Odyssey Two. Nobelaren bertsio zinematografikoa Peter Hyamsek egin zuen: 2010: The Year We Make Contact. Narrazio lineala, egitura ohikoa eta interpretazio zabaletarako zirrikiturik gabea, antza gutxi zuen Kubricken filmarekin. Hirugarren odisea bat ere idatzi zuen Clarkek: 2061: Odyssey Three. Hirugarren ale horretan, gai espiritualak desagertu ziren, eta zientzia fikzioaren ohiko elementuek hartu zuten haien lekua. Nobelaren amaierak laugarren ale baterako atea zabalik uzten zuenez, 1997an eman zuen argitara espazioko odisearen azken atala: 3001: The Final Odyssey.
Duela 40 urte abiatu zen odiseak ez du itzulerarik. Zientzia fikziozko zinemagintzan eta oro har ikus-entzuleen iruditerian arrasto sakona utzi du. Egun zine munduan dabilen jende askok adierazi du 2001-ek erakarri zituela zinemagintzara. Bestalde, Bill Gates magnateak berak adierazi zuen Kubricken filmak balio izan ziola ordenagailuen boterean irmoago sinesteko. Tira, odisearen interpretazio guztiak zabal-zabalik daude oraindik ere.