"Politikan errazegi zabaltzen dira estereotipoak. Zuhurtziaz jardun behar duzu eta unea iritsita helburuak lortzeko borrokatu. Auzapez izatea nire xedetan dago, bistan da”, erantzun digu.
Biarritzez bere ikuspegia eta nahikaria azaldu dizkigu: “Biarritz hiri oso garrantzitsua da. Euskal Herritik isolatua izan ordez, herrialdeari atxikia bizi behar duena. Turismoa da bere ekonomiaren lehen euskarria eta honen arrakasta Euskal Herriaren aberastasun kulturalean datza. Bere nortasuna gorde behar du, eta ez konparazione, Monako bilakatu. BAB (Baiona-Angelu-Biarritz) aglomerazioan garatzen ari da eta inguruko Herrien Elkargoekin bide egiten segitu behar du, baita Euskal Herriko Hegoaldearekin elkarlanean ere”.
Frantziako Konstituzioaren erreforma bozkatuko da gaur Kongresuan [uztailaren 21ean]. Zer igurikitzen duzu?
1958an onartu zen Konstituzioari eginen zaion erreforma inportanteena da. Aldaketa hauek Parlamentuaren eskubideak indartu nahi dituzte eta presidentzialismo zurruna malgutu. Presidentearen botere oreka bilatzen du, botere legegileari eskumen gehiago emateko. Ez dakit erreforma hau gauzatuko den [boz bakarraren aldearekin onartu zen arratsaldean], horrela ez balitz tamalgarria litzateke. Erreformak gure instituzioak bide are demokratikoago eta errespetatuago batetik eramango lituzke.
Nicolas Sarkozyk bultzatutako erreforma da. Asmoa bere programan sartu omen zuen, sozialisten eta zentristen lehentasuna zelako. Bitxia da.
Bai. Erreforma prozesu hau zentristek nahiz sozialistek ere desiratua da. Alta, François Bayrouk eta bere hurbilekoek aurka bozkatzera deitu dute politikakeria eginez. Honek ez du ukatzen Sarkozyren espiritu argia, ordea. Bayrouk politikakeria egiten du, proiektuak proposatzen dituen aldaketak bere programan baitziren.
Sozialistek erreforma ez doala behar bezain urrun argudiatu dute.
Sozialistek erreforma harago joatea nahi dute. Ondo da. Baina Sarkozyren proposamenak ez doaz beren proposamen bakar baten aurka. Konstituzioari malgutasun gehiago emateaz gain presidentziaren bosturteko agintaldia ezarri nahi du presidenteak. Jack Lang kultur ministro sozialista ohiak alde bozkatuko duela iragarri du. Senatari eta diputatu sozialista nahiz zentrista zenbaitek erreformaren aurka bozkatzean Konstituzioaren erreformaren eta instituzioen egonkortasunaren ordez Sarkozyren porrota bilatzen dute.
Demagun erreforma onartua dela. Hizkuntza gutxituak Frantziako ondare gisa hartuko ditu Konstituzioak. Alabaina, euskara ez da hizkuntza ofiziala izanen.
Arrazoi duzu, ondare izateak ez dio ofizialtasunik emanen. Eta ez da nahikoa. Baina irabazi dezagun posible dena, irabaz dezakegun borrokan leihatu behar dugu. Erreforma hau errefusatzen duten arerioen aurka ezin ditugu indarrak alferrik xahutu. Arerio horiek oso nabarmenak dira, Senatuan nahiz Frantses Akademian, adibidez. Oso urrutira joaten saiatzen bagara, hizkuntz gutxituen aurkariek berauek ezabatzen saiatuko dira. Ni posiblearen borroka egitearen aldekoa naiz.
Harago joatea zaila beraz.
Zaila da, zinez. Frantziako jendearen gehiengoak euskara, bretoiera edo katalana frantsesaren mailan jarriko dituela pentsatzea frantses gizartea ez ezagutzea da, benetan, barrenetik ez ezagutzea da. Barren horren sakonean zentralismoa eta jakobinismoa dago, frantses nazioaren beraren ideia. Ideia hori frantses gizartearen gehiengoak sostengatua da, aise gainera, eta berdin Frantziako Euskal Herrian, Bretainian, Katalunian edo Alsatzian.
Gobernua lantzen ari den erreforma ez dela nahikoa pentsatzen duzu halere.
Nondik begiratzen duzun. Europako hainbat herrialdetan egiten dutenarekin alderatzen baduzu bai. Baina gaur egun erreforma hau da gehienez lortu dezakeguna. Uneon harago joan nahi izateak gerra piztu lezake, arerioak bizkortuko lituzke eta lortutakoa galdu.
EEPko presidente karguan berretsia izan zara. Zein dira erakundearen xedeak?
EEPk bi ardatz nagusi ditu. Lehena: eragile frantses guztiekin batera politika publikoa gauzatu ahal izatea: Estatua, Erregioa, Departamendua eta Herriko Etxeak euskararen inguruan ari dira historian lehen aldikoz. Proiektu globala eta onuragarria da. Pentsa dezakegu ekimenak ez duela oraindik bitarteko nahikorik, baina bere politika koherentea da. Lehen aldia da politika linguistiko hau eramaten dela Frantzian. Frantziako Euskal Herrian abiatu den kontzeptu hau ez zen orain arte Frantzian existitzen. Bigarrena: euskara egituratzeko metodoa lantzen ari da, euskaraz garatua. Hau ere mugatua da bere baliabideetan, baina urtetik urtera irakaskuntzako planifikazioa sendotzen doa. Gaur egun eskola da euskara transmititzeko bitartekoa eta badakigu ez dela nahikoa berau bizirik atxikitzeko, ingurumariak euskalduna izan behar duela eskolan ikasten dena erabiltzeko. Hori da benetako lantegia eta erakundearen pario handiena. Euskara eskolako gaia besterik ez bada ez da aski izango euskara atxikitzeko, kontzienteak gara horretaz.
Euskal Herria 2020 ekimena hizpide. Kontratua kritikatua izan da 2010 delakoak baino baliabide gutxiago duelako.
Kontratu hau eta honen aurrekoa ezin ditugu maila berean kokatu. Aurrekoaren finantzamendua, besteak beste, ingurumen eta saneamendu sareei begira landu zen. Lan hauek bideratuak dira. Kontratuak gaiaz gai alderatzen baditugu, kontratu honen funtsa oso hurbil dago aurrekotik, baina gaiak eta euren kopurua ez dira berberak.
Alderdi abertzaleek ekimenak ez duela Euskal Herria egituratzen dio.
Baina abertzaleak gutxiengoa dira. Gaur gaurkoz Euskal Herrian ez dago gehiengorik abertzaleen nahiak betetzeko, ezta Euskal Herriaren aldeko berezko egitura izateko ere. Abertzaleen aldarrikapenak legitimoak dira, baina onartu behar dute gutxiengoak ezin duela gehiengoaren nahia ordezkatu. Abertzaleek berezko proiektua nahi dutela, ongi, baina Frantziako Euskal Herriko bizilagun gehiengoak ez du Euskal Herriarentzat berezkotasunik nahi. Departamenduaren eskaera, adibidez, eztabaidagarria da, noski, baina Errepublikaren zuzenbideak eta hemengo biztanleen gehiengoak ez du ideiarekin bat egiten.
Egoera politikoa aldaezina da antza.
Abertzaleek diotenez euskal nortasuna ukatua dago, eta nik diot Errepublikako instituzioen markoan aitzinamendu izugarriak egin ditugula. Testuinguru politikoaren alde guztiak aztertu behar dira. Ezin dugu Euskal Herriko gizartea idealizatu, ezin dugu desiratzen dugun testuingurura eraman errealitateari bizkar emanda. Urrutiegi joan nahi izateak aurkakotasun indartsuak piztu ditzake eta gibelera eraman.
Herriko Etxeetan hautetsi eta auzapez independente berriak sartu dira. Horrek ekarriko al du aldaketarik indar politikoen korrelazioan, zure ustez?
Hautetsi berrien gehiengoak ofizialki ez du marka politikorik, baina konbikzio politikoak dituzte. Inor ez da Herriko Etxe batera iristen konbikzio politikorik gabe. Abertzaleen aitzinamendua hainbat kantonamendutan erreala da. Herrien Elkargoetan aldaketak interesgarriak ematen ari dira. Alta, Euskal Herriko udalerrietako proiektu nagusiak UDF-MoDem, PS edo UMPeko kideek kudeatzen dituzte, hautetsien gehienak eskuin, zentro edo sozialistak dira. Euskal Herriko hainbat auzapezek agintaldia ez politizatua agertu nahi dute, baina alderdiak dira demokraziaren berme, ez dago demokraziarik alderdi politikorik gabe. Alderdiak etengabe kritikatzea populismoa eta demagogia egitea da, diskurtso hori biziki arriskutsua da. Auzapezek kasu eman behar dute beren diskurtsoak alderdien aurka zuzentzean, demokrazia ahultzen dute, baita beren agintaldia ere.
Batera plataforma herrikoiaren aldarrikapenak nola baloratzen dituzu uneon?
Aldarrikapenak legitimoak dira. Bateraren ekimenak demokratikoki eramaten badira, ez naute aztoratzen. Aldian aldiko gobernuak aurka agertu dira, alta. Departamenduari buruz Kontseilu Nagusiak dioena ezaguna da. Abertzaleek borroka dezakete, baina ez dago departamendua sortzeko borondate politikorik. Unibertsitatearen eskaera historiaren kontrakarrean doa guztiz, Euskal Herriko Unibertsitate bat sortuko dela pentsatzea kontrako norabidean joatea da. Akitaniako Unibertsitate bakarra Bordelen izanen da laster. Euskararen ofizialtasunaz nire iritzia eman dizut jada. Laborantza Ganbara blokeatuta dago eta benetan sentitzen dut. Krispazioa uxatu eta elkarrizketa gehiago landu beharra ikusten dut laborarien ordezkariekin, ELBrekin bestek beste.
EEPko eta Eusko Jaurlaritzako Kultur sailaren arteko harremanak mesfidatiak omen ziren iraganean. Egun nolakoa da harremana?
Jaurlaritzaren aldetik hitzartu gabeko parte-hartzeak deskonfiantzak sorrarazi zituen hasieran. Hemengo erakunde batzuen proiektuentzat zenbait laguntza izan zen Frantziako Euskal Herriko hautetsi frantsesen onespenik gabe. Egun, Miren Azkarateren bitartez, hautetsik nahiz teknikarik txostenak elkarrekin garatzen ikasi dugu. Mugaz gaindiko benetako kolaborazioa garatzen ari gara. Euskararentzako Jaurlaritzaren laguntza beharrezkoa da, eta nik benetan eskertzen dut. Ez dira opariak, laguntza hauek elkarrizketa bidez akordatuak dira, elkarrekin harturiko erabakien ondorioz. Jaurlaritzaren eta EEPren arteko itunak sendotzea eta hobetzea merezi du .
Iparraldeko eta Hegoaldeko harremanak hobetzeko moldea ikusten duzu, beraz.
Nahiz hurbil gauden gure arteko ez-ezagutzak handiak dira, gure sistema eta administrazio politikoak oso ezberdinak dira. Alta, etorkizun bateratua landu behar dugu Europako Batasunaren eraikuntza bidean. Euskararen alorraz gain, ingurumena eta garraio politika bateratuak lantzera behartuta gaude. Baiona-Donostia arteko aglomerazioa eta ekosistemaren lanketa batua, kasurako. Osasun arloan bi aldeko instituzioen arteko harremana oso ahula da oraindik. Europako mugaz gaindiko beste hirigunetan askoz aurreratuagoak daude, Katalunian adibidez ospitaleak elkarrekin kudeatzen ari dira. Mugaz bi aldeetako euskaldunok askoz gehiago sakondu behar dugu elkarlana. Euskararen alorrean egin ditugun aurrerapenak beste alorretan ere garatu daizteke. Mesfidantzen garaia gainditu dugu, ikasitakoa ez da gutxi.