Ideiak erosi nahi? Sartu barrura

  • Kate erraldoiek bereganatzen duten merkatuaren aldirietan bada bizitzarik; han ezarri direnak ez dira hondarretaz bizi. Bilboko saltoki handiek kutxatik pasatzen direnean baino ez diete balioa ematen liburuei, eurotan noski; baina literatura hortik harago doanez, harago ere ernatzen hasi dira bestelako liburu dendak.
Safo de Lesbos liburu denda
Ander Egiluz
“Irakurtzeak egiten du gizakia oso, diskurtsoak egiten du prestu eta idazteak egiten du zehatz”. Sir Francis Baconek idatzitakoa da, orain dela mende batzuk. Hiztegi doiarekin idatzitako egia unibertsala izanda ere, entzungor egiten diogu jakituria handiko hitz horiei. Ez bada gizaki erdia izan gura dugula, behintzat.
 
Asko idazten da argitaratzen diren nobela, saiakera, aldizkari, egunkari eta blogetaz; zelan tratatzen diren, zein liburuk “ez duten merezi” argitaratzea... Baina gutxi irakurtzen da. Eta gehienok gauza berak irakurtzen ditugu. Juan Rulfok sormen krisia sufritu zuenean emazteari esan omen zion: “Pedro Paramo atera zait berriz”. Gauza bera idazten zuen beti, antza. Guk “Pedro Páramo irakurri dinat berriz” esan beharko genuke. Eta Pedro Páramo balitz, gaitzerdi.
 
Zaila da, hala ere, literaturaren homogeneizatze honetatik aldentzea. Liburu denda kate erraldoiek gero eta oxigeno gutxiago uzten diete denda txikiei, eta hauetariko askok horiek markatutako norabidea jarraitzea erabaki dute, horien ispilu bihurtuz; ajeak barne, bestseller-itisa kasu.
 
Baina badaude bestelako liburu denda batzuk. Txikiak, alternatiboak, espezializatuak, independenteak… Hamar gehi bat adjektibo FNAC, Elkar Megadenda eta Casa del Libroren –hiru aipatzearren– ereduak saihesten dituzten beste horiek izendatzeko. Javi Nevadok, Bilboko Anti- liburu dendako ugazabak, ederto definitzen ditu liburu denda hauek, berea deskribatzen duenean: “Anti- alternatiboa da hemen saltzen ditugun liburu guztiak, banan-banan, geuk aukeratutakoak direlako, eta hori saltoki handietan ez da gertatzen. Geurea liburu denda espezializatua da gai zehatz bat jorratzen dugulako eta independenteak gara ez gaudelako inolako makro-proiekturen barnean. Eta txikia izatearena, ba tira, zaila da saltoki erraldoi batek kutsu alternatiboa mantentzea, ezta?”. Aspaldiko auzo-liburu denda txikien zarratzearekin batera, mota honetakoak ugaltzen hasi dira Bilbo inguruan, eta bazeudenak indartuta ikusten dute beren presentzia.
 
Desberdinak

Kultur topagune txikien modura funtzionatzen dute liburu denda hauek. Kulturak eta ideiek aske egiten dute hegan apalen artean; aske sartu eta aske atera kulturaren plaza hauetatik. Eta Bilboko alde zaharreko Gatazka Gunearen atea zabal-zabalik aurkitzeak defendatzen dituzten ideien metafora ematen du: “Gune publikoa gara, diskoak, liburuak, panfletoak, kamisetak... banatzen dituena”. Gari Zulueta da Gatazkako arduraduna, orain hamasei urte jaio eta hiru urte zendutako Likiniano liburu denda mitikoaren oinordekoa. Bilboko kontrakulturaren ikur argienetarikoa da gune hau, baina “liburu denda” etiketak lar mugatzen du beren jarduera: “Guk ez ditugu liburuak saltzen, ideiak baizik. Planteamendu ezkertiar anti-autoritarioaren kultura zabaldu gura dugu, euskarria edozein dela”, dio Zuluetak. Gune publikoaren izaera argi ikusten da inguruko zenbait kolektiboren materialak saltzen dituztenean. “Kolektiboei beste inon saldu ezin dutena hemen eskaintzeko aukera ematen diegu, lokala mantentzeko behar dugun apurra kobratuz bakarrik”.
 
Liburuak soilik ez, ideiak edo gai zehatz baten inguruan dagoen guztia saltzen duten liburu denda espezializatu dezente daude Bilbon; gero eta gehiago. Liburua elementu nagusia izanik, kulturaren aurpegi anitzak aldarrikatzen ditu Mari Varelak Safo de Lesbos liburu dendarekin. Gehiegitan “benetako” kulturaren aldirietan kokatzen den GLTB –gay, lesbiana, transexual eta bisexual– kultura behar duen tokian jarri gura du: “Faltan botatzen zen GLTB produktuak lortzeko lekuren bat Bilbon. Liburuak, filmak eta abar lortzeko asko mugitu behar zinen, eta gehienetan hemendik kanpo. Horregatik zabaldu genuen liburu denda. Zarata egin behar dugu, ezkutuan gaudelako”.
 
Liburu denda asko espezializatu izana argitaratzen den nobedade kantitateagatik dela uste du Zuluetak: “Oso iraupen laburrekoak dira liburu berri horietako asko. Horrela zaila da interesatzen zaizkizunak aurkitzen, eta horregatik sortzen dira liburu denda espezializatuak”. Iraupen labur eta luzeko liburuei buruz Javi Nevadok ere egin du hausnarketa: “Best-selleren aurrean long-sellerak aldarrikatzen ditugu. Ez dira hainbeste saltzen epe laburrera, baina ez dira hain arin iraungitzen ere. Liburu hauek aurkitzeko asko kuxkuxeatu behar dugu liburu dendok, baina horri esker eskaintzen ditugu hain liburu interesgarriak geureetan”.
Hala ere, espezializazioa ez da liburu denda txikien aukera bakarra, ezta alternatibo izateko bide ukaezina ere. Horren adibide da Deustuko Liburudenda. Betiko auzo-liburu dendaren profila dauka, baina ez da betikoa, orain bi urte zabaldutakoa baizik. Zapaldetan dituzten liburuei begiratuta ez da liburu denda “komertzialetatik” lar desberdintzen; dendariak bereziki aukeratutako zenbait izenburu aurkitzen baditugu ere, ez baitie lepoa ematen azken orduko boomei. Zertan da alternatibo, orduan? “Liburu denda zabaldu genuenean bazeuden FNAC eta Elkar, baina ez gindoazen ildo horretatik” argitu du Agueda Gagok, liburu dendako arduradunak. “Geuretzat liburu dendak gune bizia, aktiboa eta kulturala behar zuen; topagune bat. Ez liburuak garbantzuak balira bezala saltzeko tokia”. Eta ametsa ederto gauzatu dute: hitzaldiak, ipuin kontalariak, narrazio tailerrak, ipuin lehiaketak eta abar luze bat antolatu dituzte bi urte eskasetan.
 
“Jendeak mota honetako gauzen beharra dauka”, David Marotoren iritziz. Maroto, Teresa Freirerekin batera, LIB Litterae Mundi liburu dendaren jabea da. Kulturartekotasuna, migrazioa eta atzerriko hizkuntzetan espezializatutako Bilbo Zaharreko liburu denda honen ugazabak etorkizun ona aurreikusten du “saltoki handiek ez dituztelako irakurleak asebetetzen”.
 
Baieztapenok ikusita norbaitek pentsa lezake liburuak mordoka saltzen dituzten kateek ez dietela minik egiten liburu denda hauei, baina ez da horrela. Deustukoa moduko liburu denda orokorren diru sarrera garrantzitsua osatzen dute best-sellerek, baina saltoki erraldoiek merkatu kuota handia kentzen diete, eta ez beti bide garbietatik: “Askotan argitaletxeek eskaintza bereziekin laguntzen diete makro gunei, eta horren aurka guk ezer gutxi egin dezakegu…” azaldu du Gagok. Influentzia trafiko bidegabea letren munduan.
 
Apalategietan dituzten liburuak saltzeko zailtasuna baino lehenagoko arazoa da liburuak eskuratzea. Denda txikiak diren neurrian, ez dituzte ehunka ale eskatzen liburu bakoitzetik, bizpahiru baizik. Baina askotan ez da nahikoa. Banatzaileek gutxiengo eskaria eskatzen dute gehienetan, eta negoziaketak ez dira errazak. Hainbeste zailtasunen aurrean, batasunean datza etorkizunak, antza.
 
Cliblik, elkartasunaren indarra

Bilboko liburu denda independenteen kolektiboa da Cliblik. Elkartearen helburu nagusia literatur munduaren ekintzak sustatzea eta bultzatzea da, eta gremioak duen aniztasuna ezagutzera ematea. Bost liburu dendek osatzen dute Cliblik egun: LIB Litterae Mundi, Deustuko Liburudenda, Anti-, Safo de Lesbos eta Yorick. Ez dira asko, baina hazten ari dira. “Liburu denda gehiago barneratu gura ditugu” esplikatu du Javi Nevadok, “eta horretan gabiltza. Camara liburu denda, Algortako La Gusana, Joker… Saltoki interesgarri asko dago, baina oraindik ez dizkiegu guztiei proiektua aurkeztu”.
 
Horrelako bazkun bat antolatzeko denbora behar da, eta honek lehen urtea bete berri du. Iazko Bilboko Liburu Azokaren ondorioz bildu ziren liburu dendok, “azokaren ereduak ez zigulako bat ere laguntzen” diosku Marotok. “Azoka horrek liburugintzari ez dio ezer ematen” gehitu du Nevadok ernegazio puntu bat aurpegian nabari zaiola, “ez du irakurzaletasuna sustatzen! Nobedade komertzialen erakusleiho bihurtu da, bizpahiru idazle sonatu argazkian ateratzeko baino ez dituena gonbidatzen”. Ez daude batere pozik Cliblikekoak Azokarekin, ez. Arenalean kokatutako stand gehienek argitaletxe eta banatzaile handien izenak erakusten dituzte. Non daude liburu dendak? “Gu, adibidez, stand berean gaude” azaldu du Varelak Cliblik-eko kideez, Anti- eta Yorick salbu. “Gu ez gara itzuliko” aitortu du Anti-koak: “Azoka eredu berria beharrezkoa da; uneoro ekintzak antolatzen dituena, umeentzat erakargarria… Baina argitaletxe batzuen interesak daude atzetik eredu hau mantentzeko, lobbyen antzera. Ez dakit nik ba, gainbehera ez ote doan azoka hau…”.
 
Kritikak ez du zertan suntsitzailea izan behar, eraikitzailea izan daiteke, alternatibak sortzen dituena. Eta hori egin dute Cliblikekoek: Bilboko Azoka gustukoa izan ez, eta alternatiba sortu. Pasa den maiatzaren 20tik 25era arte Argitalpen Independenteei Buruzko Jardunaldiak antolatu zituzten, eta izandako arrakastak urtero ospatzeko gogoa eragin die “literatur mundua oso anitza delako”. Eztabaida barik ez da hausnarketarik. Jakin-mina dutenei esker garatu da kultura, ez konformistei esker; mugitzen direlako. Eta hemen mugimendua badago.

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 20a
Azoka
Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude