Zerumugak zer ekarriko?

  • Errepide ertzean paratu, besoa luzatu atzamar lodia ondo erakutsiz, eta itxaron. Mundu osoan egiten da autostopa, bidaiatzeko modu merkeenetakoa, inoiz etsigarria suerta daitekeen arren. Suerte kontua ere bada, eta ondorengo orrialdeetako protagonistei ez zaie falta izan. Edu Monterok eta Lorena Zabalak Amerikan izandako esperientzien berri eman digute. Iparraldean ibili zen bata, Hegoaldean bestea. Beste ikuspegi bat ere jaso dugu Ander Izagirreren eskutik: errepide ertzetako bidaiaria bere autoan hartzen duenarena, non eta Marokon. Europarrok zaletasuna dugu autostopa, han beharra da.
Kanadar errepide bakartia
Edu Montero
AUTOAK GELDITZEN DIREN LURRALDEA (Edu Monteroren kronika)

 
Abenturazaletasunak mundu osotik ibiltzera eraman nau. Dozenaka herrialdetan ibili naiz, era askotako garraiobideak erabiliz, baina behin baino ez dut autostop egin. Nire lehenengo bidaia luzea zen, 23 urte neuzkan, eta gerora nire bizimodua zuzendu duen barruko harra orduan hazi zitzaidan. Kanada alderik alde zeharkatuz ikasi nuen hurrengo urteetan hainbeste aldiz praktikara eraman dudan filosofia: Goes around, comes around. Itzulpena, ondoko lerroetan.
 
Motxila bete arropa eta lau hilabete libre besterik ez nituen Torontora heldu nintzenean. Mundua ikusteko eta ingelesa praktikatzeko grinak mugiarazi ninduen, eta ez nekien nora joko nuen hurrena, are gutxiago nola. Piraguismoa egiteko asmo lauso bat banuen, baino askoz gehiago ez. Azkenik, aterpetxe batean izan nuen drive away auto-alokairuaren berri. Urruneko hiri batera hegazkinez joan den norbaitek agentzia batean uzten du autoa, eta norberak aukera du auto hori erabiltzeko, ugazabak adierazitako lekuan eta epean uzteko konpromisoa hartuz gero. Halaxe abiatu ginen bertan ezagututako lagun australiarra eta biok, Kanadako mendebalde basatirantz.
 
Calgaryraino bidea zazpi egunetan egin genuen. Bidaiaren zatirik aspergarriena izan zen, paisaiak ez zeukalako zerikusirik postaletako Kanada horrekin: 2.000 kilometro inguruko basamortua, errepide zuzen amaigabeak eta oso jende gutxi. Azkenik, Calgaryn utzi genuen autoa, eta hor hasi zen benetako abentura.
 
Paul, oraindik lagun handia dudan australiarrak, Edmontoneraino autostop egitea proposatu zidan, eta ni ez nengoen ezeri ezetz esateko tenorean. Natura bilatzen nuen, eta Edmontonek zirudien helmugarik aproposena horretarako, Mendi Harritsuen ataria baita.
 
Calgaryren kanpoko aldean jarri ginen beraz, errotulu batekin. Ez genuen presarik, mendia gozatu nahi genuen, han-hemen gelditu, bizi. Ohiko bidetik joan beharrean, mendikateko herriak ezagutzea erabaki genuen; ez geneukan inor inon zain.
Kanada primerako lurraldea da autostoperako, hango kultura desberdina da. Jende gaztea, zoragarria, betiere zerbait eskaintzen zidaten sentsazioak bizi ninduen. Behin, diru apur bat eskaini nion gidari bati ordainetan, eta haren erantzunak betiko aztarna utzi zidan: ordaindu nahi banion, hurrengo batean autostop egiten ari zena hartu behar nuen nire autoan. Goes around, comes around. Une hartatik aurrera, hango biztanleak filosofia hori praktikara eramaten saiatzen direneko sentipenak ez ninduen behin ere abandonatu.
 
Mendi Harritsuen magia

600 kilometro daude Calgary eta Edmontonen artean, eta lau egunetan bete genituen. Aterpetxeetan egiten genuen lo; egur mozteko edo ate bat pintatzeko eskaintzen genuen geure burua, eta horren trukean lortu ohea. Auto-gidariek eramaten gintuzten, kamioilariek, itxura denez, debekatuta dutelako autostopean dabiltzanak hartzea. Eta nire ingeles jarioa gero eta oparoagoa zen, ordu luzeetako elkarrizketekin trebatua.
 
Edmontonen banatu ginen. Paul Alaskara joan zen, ni kontrako noranzkoaren zaleago nintzen: Vancouverrera joan nahi nuen, baina aurretik hamar egun eman nituen Mendi Harritsuetan. Trekking egin nuen, piraguaz ibili nintzen Athabasca ibaian, Banff eta Jasper herri zoragarriak bisitatu nituen. Autostop eginez mugitu nintzen une oro, eta behin ere ez nintzen berandu heldu inora.
Vancouverrerainoko 1.000 kilometroak ia aldi bakarrean egin nituen, japoniar gidari batekin. Hiri ederra da Vancouver, itsasoa alde batean eta mendiak bestean dituela. Euskaldunen gustukoa. Haren aurrean dago Vancouver uhartea, eta bertan, munduko trekking ederrenetakoa omen dena. Baimena behar da egiteko, egunero jende kopuru zehatza baizik ezin da sartu. Astebetez gozatu nituen hango bakardadeak; goizetan, bale eta orken jauziek diosala egiten zidaten.
 
Zorrak kitatzen

Abentura amaitzear zen. Vancouverretik Puerto Ricora abitu nintzen abioiz, anaia han bizi zen-eta garai hartan. Abioiz itzuli nintzen Torontora halaber, eta oraindik autostop apur bat gehiago egin nuen Montrealeraino. Askok hartu ninduten beren autoetan, askok eskaini beren etxea, inork ezer eskatu ez. Geroztik neure egin dut goes around, comes around leloa, eta uste dut dagoeneko ordaindua edukiko dudala Kanadan hartu nuen zorra.
Gidari gutxi baina eskuzabalak (Lorena Zabalaren kronika)
Ikasketek Uruguaira eraman ninduten duela bost urte, eta hango egonaldiak Hego Amerikarekin maiteminarazi. Itzultzeko promesa eginez joan nintzen Euskal Herrira, eta berriki ametsa gauzatu ahal izan dut. Zortzi hilabeteko bidaia Uruguai, Argentina, Txile, Peru eta Bolivian zehar, planifikaziorik gabe, unean unekoaz arduratzen. Eta autostop asko eginez, nahiz eta beste modu batzuetan ere mugitu naizen. Edo hobe esanda, mugitu garen. Zati batzuetan bakarrik ibili naiz, baina gehienetan lagunduta. Eta argi utz dezadan: ez nuke sekula nik bakarrik egingo autostopik.
 
Buenos Airesetik Montevideora itsasontziz joan eta gero, Cabo Poloniora abiatu ginen autobusez. Ekialdean dago Cabo Polonio, Atlantikoaren kostaldean, eta Uruguaiko lekurik liluragarrienetakoa duzu. Itsas lehoiz betetako penintsula da, udan turistaz lepo eta gainerako sasoietan lau katuren bizileku. Herriak jatorri bitxia du: naufragoek eraiki zuten, lau ohol zatirekin, eta ez pentsa gehiegi aldatu denik. Gaur egun argindar eta urik gabe jarraitzen dute. Jorge Drexler kantariak bere azkenaurreko diskoa eskaini zion leku xarmangarri horri: Doce segundos de oscuridad. Hamabi segundoko iluntasuna, hori baita faroaren argiak buelta osoa egiteko behar duen denbora. Gauez ibiltzean, hiruzpalau urrats egin ditzakezu hamabi segundoro.
 
Cabo Poloniotik Treinta y tres hirira joan ginen, eta han hasi zen autostop festa. Uruguai ekialdetik mendebaldera zeharkatu genuen ia osorik, eta hori ez da eman dezakeen bezain erraza. Kontuan hartu hiru milioi biztanle dituela herrialde osoak, eta horietatik erdia hiriburuan bizi dela. Uruguai hutsik dago; jende gutxi eta are kotxe gutxiago. Baina borondate ona gainezka: ez genuen inoiz luzeegi itxaron behar izan norbaitek gu hartzeko, behin izan ezik. Bide batez, kamioilarientzat besarkada bat lerro hauetatik. Haiek izan genituen sostengu handiena, bai Uruguain bai autostopean zeharkatutako beste herrialdeetan.
 
Uruguai laua da, eta paisaia polita dauka, baina azkenerako aspergarria. Mendixka, zuhaitza, behia, zuhaitza, mendixka. Berderik ez da falta, hori bai. Lehenengo eguna, dena dela, leku menditsu batean amaitu genuen: Quebrada de los Cuervos Parke Nazionala. Egurgile batzuen kamioian joan ginen haraino, enbor erraldoien gainean eserita. Egia esan, askotan egokitu zitzaigun kamioien edo furgoneten atzeko aldean joatea, auskalo zein zamarekin espazioa partekatzen. Horrelakoa da autostopa Hego Amerikan.
 
Hurrengo etaparen amaiera Tacuarembo hiria izan zen, Uruguairen erdian gutxi gorabehera. Biharamunean, handik irten ondoren, bidaia osoko unerik txarrena bizi izan genuen. Berehala hartu gintuzten hiritik irteteko, baina gidariak inon ez batean utzi gintuen. Hiruzpalau orduz alferrik jarri genuen behatz lodia tente, han ez zebilen ia inor eta zebiltzanek ez zuten balazta zapaltzeko keinua ere egiten. Itxaronaldiak eta bero ikaragarriak borondatea xurgatu zidaten azkenerako, eta aurreko orrialdeko argazkian ikus daitekeen bezain lur jota geratu nintzen. Baina azkenean Marcelo agertu zen, puskatzear zirudien kamioi txiki batean. Laranjak zeramatzan atzean; haien zaporeari eta Marceloren elkarrizketa abegitsuari esker, itxaropena berreskuratuz joan ginen pixkanaka. Autostop egiteko ez da sekula itxaropena galdu behar. Autostopa konfiantza da. Jarrera. Orduan ikasi nuen ez dela amore eman behar gidariek ikusi ere egiten ez zaituztenean. Eta irribarrea beti ahoan, norberaren aurkezpen txartelik onena da hori. Emakumea izateak ere laguntzen du, egia esan behar bada.
 
Ande handiak

Azkenik Salto hirira iritsi ginen, Argentinako muga ondora. Han bukatu zen lehenbiziko autostop etapa, Argentina osoa beste bitarteko batzuekin zeharkatu genuen eta. Ibilian-ibilian, Susques-era, hau da, Txile aurreko azken herrira ailegatu ginen halako batean. Tira, herrixka esatea hobe.
 
Susquesen hiru kaleak –lurrezko zorua dute, noski– muga pasatu behar duten kamioi gidariz gainezka egoten dira. Taldetxo batek gu adoptatu gintuen. Kanpin-denda kamioi baten barruan paratu genuen, eta hantxe aurkitu gintuen loak. Biharamunean, Batucoren kamioi gorrian abiatu ginen mendietarantz. Paisaia ikaragarri ederra munduaren alde honetan, arnasa ere estutzeraino. Batucorekin, mendilerroaren atariko punatik Andeen bihotzeraino joan ginen, eta berriz jaitsi 1.000 metroko altueraraino.
 
Aduanatik hurbil gosaldu genuen kamioilariak zabaldu zigun arrain lata, itsasoa baino 4.000 metro gorago, inolaz ahaztuko ez dudan paisaiak inguratuta. Gero, ia hiru ordu eman genituen etengabe jaisten. “Altuera gaitza existitzen da”, esaten zigun Batucok, “baina garrantzitsuena zein altueratan zauden ez jakitea da, psikologia kontua da hein batean”. Arrazoi zuen. Behe-behean egon arte ez zigun esan zenbateko garaieran ibiliak ginen, eta horri esker –koka hosto apur batek lagunduta, hori bai– ez genuen aparteko arazorik izan kondorren erresuman.
 
Txileko San Pedro de Atacama hirian utzi gintuen Batucok, izen bereko basamortuaren ertzean, munduan den inguru idorrenetako batean. Handik Aricara, amaigabeko errepide zuzen-zuzenak eduki gintuen apopilo. Ilargia gogorarazten duen paisaia txundigarria ikus genezakeen lau haizeetara, baina landarerik ia batere ez. Txiletarrak uruguaitarrak bezain eskuzabal agertu ziren, eta gorabehera handirik gabe heldu ginen Aricara, Ozeano Bareko kostaldean.
 
Autostoparenak egitear ziren, baina artean astia izan genuen berriz mendilerrora igotzeko, kasu honetan Severino kolonbiar kamioilari gogoangarria gidari. Chungara lakuaren inguruan eman genituen hiru egun, 5.000 metro baino gehiagoko altueran, eta beharbada Batuco falta zitzaigulako, orduko hartan bai, oxigeno urritasunak bete-betean jo gintuen. Gorputzak berriz jaistera behartu arte, alabaina, parada izan genuen Andeetako goi lautada dastatzeko. Hitzik gabe uzten zaituzten paisaiez bete genituen begiak, hangoekiko solasaldiez arimak. Irakaspen garrantzitsua utzi dit bidaia honek: lautadako jendea herri bat da, estatuen mugen gainetik.
Autostopa beharra da Marokon (Ander Izagirreren kronika)
Bakartiak dira Atlas mendikateko bideak. Eguzkiak erretako bailara idorrean, errepidearen sigi-sagek gogoa txingurritzen dute, adimena kulunkatu, logura gozoa ekarri. Oso noizean behin, bizitza zantzu txiki batek pizten gaitu: artzain gazte bat lau edo bost ahuntzekin, adreilu gordinezko herrixka mortu bat, asto bat akazia bati lotuta.
 
Eta halako batean, norbaitek txistua jo izan balu bezala, bide bazterrak jendez bete dira: gazteak, helduak, neskak, mutilak, zaharrak, taldean, bakarka. Lur azpitik atera direla dirudi, baina antza denez nonbaiteko eskolatik datoz, lantegietatik, merkatuetatik. Gehienak oinez doaz, bailarako herri nagusitik euren herrixkara edo mendiaren atzeko aldean dagoen etxe urrunera. Asko bizikletaz doaz. Beste zenbait, asto gainean. Eta zorioneko bakan batzuk, motorrez. Oso kotxe gutxi ikusten da, eta ikusten direnek taxi lana egiten dute: sei edo zazpi lagun pilatu eta guztien artean ordainduko dute bidaia. Erraz ulertzekoa da: guk Marokoko soldaten eta prezioen arteko proportzioa izango bagenu, gasolina litroa sei eurotan ordaindu beharko genuke. Zeinek erosiko luke autoa? Horregatik, ordu jakin batzuetan jende mordoa dabil oinez errepidean. Ibilaldi luzeak egiten dituzte etxetik lanera edo merkatura edo eskolara joan eta etortzeko. Eta bolantean doan turistak agerpen harrigarriak izan ditzake desorduetan.
Gauez gidatzen ari gara, ia 2.000 metroko altuera duen mendiko errepide batean, termometroa zerotik jaisten hasita, eta bat-batean, bihurgune itxi baten irteeran, faroek gizon baten silueta argitu dute. Zaku astuna darama lepoan eta keinuak egiten dizkigu. Atea zabaldu diogu eta atzeko eserlekura sartu da, hotzez dardarka, hitz erdirik ere esan gabe. Sei kilometro pasa direnean keinuka hasi da berriz, bide bazter horretan jaitsi nahi duelako, mendi-lepo izoztuan. Eta jabetu gara gizonak bide hori guztia oinez egin behar zuela, eta seguruenik sarritan egiten duela, edo egunero, zakua lepoan hartuta eta arropa eskasa jantzita.
 
Harkaitz atzeko mutila

Hurrengo egunean bolantean goaz patxada osoz, lautada harritsu batean, kilometro askotan inolako giza arrastorik ikusi gabe. Eta halako batean 18 edo 19 urteko mutil bat atera da harkaitz handi baten atzetik eta korrika etorri zaigu errepideraino. Non bizi den edo nondik datorren galdetu diogu nola edo hala, lau hitz eta hamaika keinurekin, eta zerumugako puntu bat erakutsi digu. Frantsesez esaldi batzuk dakizki. Zein herrira joan nahi duen esan digu eta, beranduago, isilune urduri baten ondoren, Espainiaraino eramango ote genukeen galdetu digu lotsati. Mutil hori gaur goizean atera da etxetik, zerumugaren atzean dagoen auskalo zein lekutatik, gainean ezer ez daramala, agian sos batzuk, eta une horretan bertan emigratzeko prest dago, etxeko inori jakinarazi gabe, prest dago bihar bertan herrialde arrotz batean esnatzeko, ez hizkuntza eta ez inor ezagutu gabe. Ez gara gai zerumuga harritsu horren atzeko bizimodua nolakoa izan daitekeen irudikatzeko.
 
Egonezin horiek onartuta, Marokon jendea autoan jasotzea ideia bikaina da, ate asko zabaltzeko modu erraza. Ibilaldi luze horiek laburtzen laguntzen badiezu, pozarren eskertuko dizute. Agian lau lehengusuk euren etxera gonbidatuko zaituzte, eta tea eta pastak hartzen dituzuen bitartean Terminator 2 filma jarriko dizute dvd-an, maisulanaz goza dezazun. Agian agure irribarretsu bat igoko da kotxera, berberez hitz jario amaigabeak botatzen dituena, ulertzen ez diozula ulertu ezin duena, arabiarrez dakizkizun lau hitzak ere ezagutzen ez dituena, eta zure errepertorioko hitz berbere bakarra esaten diozunean –barakalaufik!, eskerrik asko!– hunkitu egingo dena. Eta beharbada, agur esateko orduan, eskua bihotzera eramango du eskerrak emateko, sorbaldatik heldu eta burua behin eta berriz musukatuko dizu, txilaba azpian eskua sartuko du eta laranja bat oparituko dizu.
Aholku batzuk bidaia hasi aurretik (Unai Brea)
Autostop egitea atzamar potoloa erakustearekin lotzen dugu, baina bidaia luzeak egiteko hobe izaten da beste taktika batzuk erabiltzea. Autobide bazterrean jartzea debekatuta dagoenez, gasolindegiak dira autostop egin duenaren “lantoki” onena. Hitz egin, galdetu, bilatu... Kamioilariak pagotxa dira, eskarmentu handia dutenen esanetan: bakardadeak jota daude eta eskertu egiten dute norbait aldamenean edukitzea. Gainera, normalean ibilbide luzeagoak egiten dituzte auto gidariek baino. Abiadura motelagoa izan arren, gehiago aurreratzen da horrela.
 
Itxura ona izatea nahitaezkoa da. Gidariarengan konfiantza eragin behar dugu, eta horretarako komeni da garbi eta txukun agertzea. Zerbait “eskaintzea” ere lagungarria izan daiteke. Hizkuntza desberdinak hitz egiten diren herrialdeak zeharkatuz gero, norberak dakizkienak errotulu batean idaztea amu ona da batzuetan; atzerrian dabilen gidariak bere hizkuntzaz jardun ahal izate hutsagatik onar dezake norbait eramatea aldamenean. Elkarrizketaren ekimena hartu zaituenari uztea gomendatu ohi da, baina ez dago arau finkorik, senak aginduko du kasu bakoitzean zer egin.
 
Euskal Herritik abiatzeko, jakizu Frantziako Estatuan gidariak sarriago gelditzen omen direla Espainiako Estatuan baino. Europan, zenbat eta ipar-ekialderago, errazago. Alemania tradizio handiko herrialdea da, baina denetan buru Baltikoko itsasertzekoak dira: Lituanian, Letonian eta Estonian ia kirola da autostopa. Lehiaketak eta guzti antolatzen dituzte, leku jakinera nor lehenago iritsiko.

Azkenak
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude