«Loiolako dokumentua baliagarria da epe ertainera»

  • 1948, Gernika. Kulturaren ekonomia irakaslea da EHUn. Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Planaren koordinatzaileetakoa eta Kultura Saileko aholkularia da, azkeneko sei urteetan. Sektore batzuek Ibarretxe lehendakariaren aholkularitzat ere jo dute: “Hori ez da egia. Nire ideiak balekoak badira eta norbaitengan eragiten badute, primeran. Ez naiz inongo gobernuren ez talde politikoren aholku emaile, ordea” adierazi digu. Elkarbide ekimeneko eta Erabaki plataformako kidea da. Politikaren begirale eta analista gisara solastatu gara berarekin.

    ETAko kidea izan zen frankismoan. Jon Juaristi nahiz Txabi Etxebarrieta izan zituen kide. Jon Juaristiren joerakoen ibilbideaz hau esan digu: “Autodeterminazioaren eta ezkerraren alorrean aritu ostean, Zuzenbidezko Estatuaren defentsa egitetik Estatua soilik defendatzera iragan dira, zuzenbidea ahaztuz. Botere zentralari atxiki dira eta beren jatorrizko komunitatearen aurka paratu”. Txabi Etxebarrietaz hauxe aldiz: “Askok dioenaren aurka, Txabi bizi balitz ETA VI.aren tesiak bere egingo zituen, ez egungo ETArenak behintzat”. Ramon Zallo ETA VI.ean eta LKIn aritu zen. 1985ean utzi zuen militantzia politikoa.

    Ramon Zalloren iritziz, Espainiako Estatua izatezko nazio anitza da, baina ez ditu Zuzenbidezko Estatuaren izaera juridikoa eta politikoa bermatzen: “Estatuak errealitate politikoa bere eragile politikoetan oinarritu behar du. Alabaina, EAEko eragile politikoen gehiengoak euskal erkidego hau subjektu politikoa dela eta Estatuarekin itun berria –Espainiarekin alde bikoa– negoziatu nahi duela dio, baina Estatu honek ez du betebehar morala eta politikoa bere egin. Trantsizio kaskarraren ondorioz, hori da bere defizita. Gatazka egoera honek auzi politiko honen ebazpena behar du, erabakitzeko eskubidean funtsatua”.
Ramon Zallo
Ramon ZalloJose Ramon Gomez

Eusko Jaurlaritza itun berria bilatzen ari da Estatuarekin. Ez al da kontraesankorra 30 urtez sustatutako marko politiko- juridiko beretik markoa aldatzea?


Ez. Kontraesanak baino eragozpenak daude. Trantsizioan (1977-1980), orain markoa aldatu nahi duten eragile politiko guztiek markoaren aurrean jarrera bateratua hartu ez izana, oztopo nagusia izan da. Herri honetako sektore batek Autonomia Estatutuaren esperientzia garatu nahi izan zuen Estatuaren markoan, eta beste sektore batek –nire burua honetan sartzen dut– ez zuen ideia horren alde egin. Alabaina, 30 urteren ostean, bi sektoreek bat egiten dute puntu batean: Estatutuak ez du subiranotasunaren bidean aurrera egiteko balio. Demokrazia honek ez du bake arazoa konpontzeko balio, ezta Euskal Herrian izan den aldaketa ekonomikoa egokitzeko ere. Ajuria Eneko Itunaren porrotaren ostean lehenik eta Lizarra-Garaziko Akordioarekin gero, bigarren trantsizioa gauzatzeko nahia agertu zen.

Ba al dago bigarren trantsiziorik?

Nik amaitu ez zen trantsizioaren segidako trantsizioa deituko nuke. Akordioa zertzen ez den bitartean trantsizio hau susmo moduko zerbait da.

Nola ikusi duzu marko berria ekar lezakeen trantsizioa azken urteotan?


Oztopo nagusia trantsizioan ados jarri ez ziren bi sektoreen arteko harreman ahulak dira. Lizarra-Garaziko Akordioa krisian bukatu zen. Jaurlaritzaren Autonomia Estatutu Politiko berria Espainiako Gorteek geldiarazi zutenean euskal herritarrek ez zuten egoki erantzun. 30 urteko gatazkak nekea eta gorabehera sozialak eragin ditu. Egoerak zerra baten hortzen itxura du. Loiolako elkarrizketek zerra-hortzaren une gorena eta ona islatu dute. Saio hau normalizazio politikoaren azken aukera izan da, bigarren trantsizioaren gauzatzea ekar zezakeena. Eragile politikoak trantsizioa itxi eta akordioa lortzeko zorian egon ziren 2006ko irailean.


Loiolako elkarrizketak bideratzeko ezker abertzaleak autonomia kontzeptua bere egin zuen. Zer gertatu zen aurrerago ez joateko?


Nik ezagutu dudan Batasunaren testu zirriborroa, gatazka bideratzeko eta prozesu politiko interesgarriak eragiteko modukoa zen. Gero, ETAk presio moduko bat eragin omen zuen, hori ez dugu ziur sekula jakingo ordea. Antza denez, testuan hasieran esaten zena baino gehiago eskatu zen gero. Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren hara-kiria eskatu omen zuten. Bi instituzioak desagertzea eta berauen ahalmen legegilea organo bateratua izatera pasatzea, bakoitzaren %50ak ordezkatua.

Hori baieztatu al daiteke?


Nik espresio horiek agertzen zituen dokumentua irakurri dut. Eta hori subiranotasun ordezkatzailearen oinarria hankaz gora jartzea da, noski.

Zure ustez blokeo egoera gainditzeko biderik ba al dago?


Trantsizioari bide emateko eta beste marko bat gauzatzeko urratsak eman ditzazketenak bi Legebiltzarrak dira. Norabide horretan aurreratzeko aurreikusia zegoen eredua egokia zen: koordinaziorako organoa. Organo bateratu honek proposamen legegileak egiteko ahalmena zuen, ez erabakitzeko ahalmena. Demokrazia ordezkatzaileak Nafarroako Parlamentuan nahiz Eusko Legebiltzarrean oinarritzen segitzen zuen, alegia. Bigarren trantsizio moduko hau urratzen segitzeko nafarrek ez zuten besterik onartuko, noski. Alta, esperientzia berebizikoa zen une historiko politiko hau gainditzeko. Ezker abertzaleak ez zuen aukera hori ikusi, etorkizun-sen eskasa izan zuen eta horregatik gaude gauden egoeran.


Ezker abertzaleak EAJri aurpegiratu ohi dio, bere interes elektoralak oztopo direla negoziazio edo trantsizio prozesuan.


Kritika hori bidegabea da. Alderdiek tesitura politiko berrian kokatzeko egiten dituzten ahaleginek interes elektoral guztiak gainditzen dituzte. Lizarra-Garaziko Akordioak EAJri galera gehiago ekarri zion onura baino. Hauteskundeak lau urtean behin izaten dira eta prozesua oso urrutitik dator. Sakoneko arrazoia ez dira hauteskundeak edo Gobernua galtzeko beldurra. Noski, hauteskundeak galtzen badituzu honelako prozesua garatzen ari den bitartean, katastrofea izugarria izan daiteke prozesuaren bilakabidearentzat. Prozesuan jokoan dagoena alderdiek hauteskundeetan galtzen dutena baino askoz garrantzizkoagoa da. Bidezkoagoa da horrela ikustea nik uste.


Ezker abertzaleak legez kanpoko egoeraz baliatzea ere leporatzen dio EAJri.


Ezker abertzalearen egoera gehien erabili duena PSOE da. Aurreko hauteskundeetan EHAK aurkezten utzi zuen, Legebiltzarreko gehiengo abertzalea oztopatzeko eta alderdi honi giltzarri izateko aukera emanez. Orain berriz alderantziz da. Orduan Estatuaren nahiak eta ezker abertzalearenak egokitu ziren, orain aldiz, joko politikoa bestelakoa denez, ez zaio interesatzen. PSEri ez zaio EHAK giltzarria izatea interesatzen. Estatuak ezker abertzalearen egoera erabiltzen du bere onurarako eta honen aurka. Ezker abertzalearen legez kanpoko egoera bideratzea ez dago EAJren esku.

Nola ikusten duzu Espainiako Estatua euskal gatazkaren ebazteko orduan, beste herrien esperientziak aztertuta, Eskoziako prozesutik begiratua, kasu.


Kanadako Gorte Gorenaren erabakia egokia da gure kasuan. Honela dio: “Ez dakigu autodeterminazio eskubidea dagokigun, baina kolektibitate baten eskubidea errespetatu dadin eta Estatuak gurekin negozia dezan eskubidea dugu”. Eskozian ere prozesu bera ematen ari da. Ez dute autodeterminazio erreferenduma garatzeko eskubiderik, baina Britainia Handiko azkeneko lehen ministroek –Thatcher, Mayor edo Blairrek– honela esan dute: “Nor gara gu Eskoziako Parlamentuari, galdeketa egin nahi badute, ezetz esateko. Gu ez gara oztopo izango. Noski, guk ez dugu sezesioaren aldeko kanpaina egingo”. Herrialde hauetan sezesioaz ari dira eta agintariek horrela jokatzen dute. Gurean sezesioa ez da jokoan edo auzitan, gurean herritarrek federalismo asimetrikoa, konfederalismoa, kontsezionalismoa edo partenariadoa nahi duten ezagutzeko kontsulta egin nahi da. Erkidego historiko honek bere buruari galde diezaion baimen modukoa da kontsulta. Ea Estatuarekin negoziatu nahi duten galdetzen zaie herritarrei. Baina, tira, honezkero ez dugu erabakitzeko ahalmena dugun galdetu beharko, Estatu hau demokratikoa ote den baizik. Arazoa Estatuaren kalitate demokratiko eskasa da.


Berriz ere blokeo egoeran gaude.


Bai. PSOEk Loiolako aurreakordioak baztertu ditu. Edozein negoziazio politiko bake prozesuaren menpe jarri nahi du. Euskal herritarrek erabakitzeko duten eskubidea onartzea ETAri ordain moduko bat ematea dela irizten du, biolentziaren amaieraren trukeko eskubidea. PSOEk ez du Loiolako aurreakordioetara itzuli nahi, iraganeko akordioa erabili ezintzat jo du eta hori akats izugarria da. Dokumentua epe ertainerako baliagarria da, bitarteko ona da bake egoeran eragile politikoak negoziatzeko berriz eseri daitezen.

Eusko Legebiltzarreko datorren osoko bilkurak egoera politikoa desblokeatuko al du?


EHAK-k kontsultari baietz esaten badio bide interesgarria zabaldu daiteke. Auzitegi Nazionalak helegite bidez geldiarazi dezake, baina bost hilabetetan bidean aurrera egiteko aukerari eutsiko zaio. Jaurlaritzaren proposamenari baietz esatea, itxia den prozesua zabaltzeko modua da. EHAK-k ezetz esaten badio, lau urteko blokeo egoera luzatuko da gutxienez. Herri honek ezin du egoera hau gehiago jasan.


Patxi Lopez lehendakari ikusten duzu egoera horretan?


Zaila iruditzen zait, baina ez ezinezkoa. Dena den, ez dut Patxi Lopezen lidergo sendorik ikusten. PSOEri ez diot ikusten ez bake ez kultur ez ekonomia proiekturik Euskal Herriarentzat. PSOEk ez dauka herritarren gehiengoak eskatzen duen aldaketa gauzatzeko proiektu politikorik.


Hauteskundeek desblokeatu beharko dute egungo egoera.


Legealdiaren bukaerara bitartean alderdi bakoitzak herri hau eraikitzeko duen proiektua aurkeztuko du. Herritarren hainbat eskaerek tokiz kanpo ezarri dituzte alderdien proiektuak. Ongizateari buruzko proiektuak garrantzitsuak eta eztabaidatuak izango dira. Euskal Herria birpentsatzeko unea iritsi da. Eztabaidek arazoaren muinera joan beharko dute. Betebehar horretan alderdi guztiek indar berritu beharko dute.

Ezker abertzalearen aukerak barne.


Egoera egokiena ezker abertzaleak aurkezteko aukera izatea litzateke. Nik izugarrizko garrantzia ematen diet hauteskunde hauei, berauek seinalatuko dute erabakitzeko eskubidearen bidetik joango garen edo beste ziklo luze baten barruan sartuko ote garen, biolentzia egoera jasanezina tarteko. Ezker abertzalea inkognita da. Bere jende asko kendu dute erditik. Ez dakigu nola mamituko den bere jarrera eta zein norabidetan joango den. Ez da erraza antzematen Legebiltzarreko bozketan egingo dutena. Nik ez dut argi ikusten. Ez gaude Jaurlaritzaren Estatutu Berriaren proposamena bozkatu zeneko egoeran.
Euskal Kulturaren Planaz
Oso kontentu nago planarekin. Euskal Kulturaren Planean bi garai daude EAEn: aurrekoa eta ondorengoa. Nik honelako puntuak nabarmenduko nituzke:

Planaren bidez gobernantza moduko politika garatzen ari da. Hau da, kultur arloko sektoreek beraiek, plan eraginkorren bidez eta administrazioarekin eztabaidan sorrarazi dute plana. Bere egikaritza eta aurrekontuen gauzatzea akordio bidez garatu da, parte-hartze bateratuaren bidez. Hamahiru talde iraunkor lanean ari dira, bi-hilero bilduz eta plana osatuz. Esperientziak hainbat herri sektorek herriko politika kulturaleko erabakien parte hartzea ahalbidetu du, politika erradikala egitea ekarri du, alegia.

Sektore hauek oso atomizatuta zeuden eta taldeak osatu ahala mintzakideak bihurtu dira. Mintzakidetza ona da berez, eta antolatua bada are hobeagoa.

Plana gauzatu arte, EAEko kultur erakundeek ez zuten inoiz elkarrekin funtzionatu eta duela bi urte, Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, hiriburuetako udaletxeek (Donostiakoa uneon kanpo dago) eta EUDELek informazioak elkartrukatzen dituzte, bakoitzak burutuko dituen ekimen kulturalak elkarri ezagutaraziz.

Erakundeen kudeaketarako egitura politikoak berritu ditugu: Euskal Kulturaren Behatokia sortu da, Kulturaren Euskal Kontseilua, Ikus-entzunezkoen Klusterra, Etxepare Institutua, Arteen eta Industria Kulturalen Institutua abian da.

Azkenik, politika sektoriala landu ahala sektore guztietan gertatzen denaren berri ezagutu dugu. Egiturak finkatuta daude, ikaspenak egin ditugu eta orain, aurrerapauso kualitatiboa lortzeko jauzia emango da. I. Kultur Planean jaso dugun esperientziaren arabera abiatuko da II. Kultur Plana.

Sektoreren batek planaren garapenean euskararen berezko autonomia falta dela adierazi du. Zer diozu honi buruz?


Nik ez dut horrela bizi, ez dut euskara eranskin bezala ikusten kulturaren planean. Alderantziz. Euskara presente dago ekimen guztietan, zeharka bada ere. Gure logika hori izaki, euskara planen ardatzetan presente dago. Kultur sektoreen eta instituzioen bilerak euskaraz egiten dira. Euskal Kulturaren Behatokiaren kasuan, berbarako, euskaraz aritzen da, eta beste arlotan, euskaraz eta gaztelaniaz. Nagusiki euskaraz lan egiten da. Euskarak alor horietan guztietan eragiten du, jendea pozik dago euskara ez delako bere horretan geratu, euskara bitartekoa da baita ere artearen, diskogintzaren eta DVDen sektorean.

Kultura produktu izatera pasa da azken hamarkadan. Horrek ez al du kutsu gutxiesgarririk?


Ez dut uste. Mundua irauli da, baita zentzu horretan kulturarekiko ikuspegia eta jokamoldea ere. Kulturaren ekonomia oso garrantzizkoa da gaur egun. Batez ere kulturak baliabideak behar dituelako, bitartekoak eta pertsonak. Aldez aurretiko inbertsioak behar ditu eta gero bere erabiltzaileek onartua izatea, edo bestela esanda: kulturak merkatuan sarrera eta harrera izan behar du. Kulturaren alorrean inbertsioak egin behar dira ezinbestean, sektore ekonomiko garrantzizkoa bilakatu baita, are gehiago, ekonomiaren lehentasunezko sektorea da kultura. Gainera, uneon, sustrai zaharrak dituzten beste sektore batzuek baino laguntza gehiago behar du, metalurgia berak baino, esaterako.

Kulturarena etorkizuneko jarrera bereziz ekin behar diogu. Gure herria eta kultura jokoan baitaude, bereziki herri txikia garelako. Globalizazioaren aro honetan baliabide gehiago jarri behar ditugu, gauden egoera ahula konpentsatzeko.

Bi mehatxu gogor ditugu bereziki: Nazioen gaindiko ekoizpenarena (Internet eta hedabide erraldoien bidez heldu zaiguna) eta Estatu anfitrioiaren kulturak dituen estatus, pisu eta eraginaren mehatxua.

Beraz, gure komunitateak ahalegin ekonomiko handia egin behar du, eta aldi berean jendea kontzientziatzeko eta autoestimua indartzeko esfortzu berezia. Gure kultura duina dela azaldu behar dugu, bakarra munduan. Guk lantzen ez badugu beste inork ez du egingo. Herritarrak ohartarazi behar ditugu kultura bizkortzeko modu hau funtsezkoa dela gure kultura munduan zabaltzeko. Erakutsi behar dugu sortzaileak eta ekoizleak ditugula, baita eskaintzeko eta trukatzeko ahalmena ere.

Garai industrialaren ondorengo honetan, kultur produkzioa zabaltzeko industria garaian ikasi genuena erabili behar dugu, bestela gure kultura gainbeherako prozesu batean sartuko da. Nondik nora joan behar dugun argi eta garbi planifikatzeko unea heldu da. II. Euskal Kulturaren Plana zentzu honetan hasiko da lantzen aurki.

Azkenak
Txema Monterok EAJ birsortzea proposatu du, ‘Deia’-k zentsuratutako artikulu batean

Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.


Kapitalismoaren aurkako artikuluak debekatu ditu Bezosek ‘The Washington Post’-en

Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du. 


PKKri borroka armatua amaitzeko eskatu dio Öçalan buruzagi kurduak

Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du... [+]


EHZk aurtengo leloa eta lehen taldeak jakinarazi ditu

Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]


2025-02-27 | Hala Bedi
Inko (LAB):
“Gaixotasun profesionalek, errekonozimendu gutxien daukatenek, emakume aurpegia dute”

2024ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek aurtengo otsailean. Emaitza larriak bildu dituzte: geroz eta behargin gehiago hiltzen dira haien lanpostuetan.


Lur arraroak nahi ditu orain Trumpek, baina ba al dago halakorik Ukrainan?

AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean,... [+]


Israelek larunbatean aske utzi behar zituen 642 preso palestinarrak askatu ditu

Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.


Betharrametik Uztaritzera, ikastetxe katolikoetako indarkeriak argiratzeko lekukotasunak

Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]


Zupiriak ukatu egin du ertzainek “indarra modu desegokian” erabili zutenik Ágredoren aurka

31 urteko emakume kolonbiarra osasun zentrora eraman ordez ertzain etxera eramatean agenteek "akatsa" egin zutela aitortu du Segurtasun sailburuak, baina azpimarratu du ez zuela "jipoirik" jaso.


2025-02-27 | Gedar
Presoak gerrara bidaltzen jarraitzen du Ukrainako Gobernuak

Jarritako kondenak barkatzearen truke, armadara batu da preso andana. Azken urtean, errekrutatze-legeak gogortu ditu gobernuak.


Arma nuklearren industria finantzatzen jarraitzen dute banku espainiarrek

Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI. 


Bioaniztasunarentzako finantzamenduak kudeatzeko egitura bat espero dute Hego hemisferioko estatuek

Iazko urriko bileran lortu ez zuten akordioa erdiestea espero dute COP16ko parte-hartzaileek, eta ostegun honetan dute gailurraren azken eguna. 2030. urtea bitartean, bioaniztasunaren alde 200.000 milioi dolar bideratzeko engaiamendua hartu zuten 2022ko COP15 gailurrean, eta... [+]


Eskoletan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri dute Valentzian

570.000 familiak euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren zilegitasuna... [+]


Txapa Irratia bere 40. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil

Egitarau mardula prestatu dute Bergarako irrati libreko kideek: musika, literatura eta tailerrak. Besteren artean, martxoaren 29an Txapa Eguna egingo dute.


2025-02-26 | Euskal Irratiak
“Gazteon herria” sortzeko bost proposamen plazaratu ditu Xuti Gaztek

"Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da". Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak.


Eguneraketa berriak daude