Mandelaren ametsa xenofobiatan ito da Hegoafrikan

  • Atzerritarren aurkako eraso gogorrak gertatu dira maiatzean Hegoafrikan, zehazki Johannesburgeko txabolategietan. Gobernukoek salatu dute apartheidaren garaian bezala aurrerapenaren kontrakoek “hirugarren indarra” erabili dutela. Baina Hegoafrikako gizartean egonezina sakonagoa da.
Kaleko salmenta debekatzen duen seinalea
Kaleko salmenta debekatzen duen seinalea
Gure mitoak gainbehera datoz. Apartheidaren ondoren egian eta bakean sendatzea, ortzadar-nazioa eta diktadura osteko demokrazia partidu-anitza... hori guztia datorkigu hondora”. Diagnostiko etsitua egin dute Pambazuka News aldizkari elektronikoaren zuzendari diren Mukoma Wa Ngugi eta Firoze Manji-k. Pambazuka Newsek honela definitzen du bere burua:
“Asteroko foruma Afrikako justizia sozialerako” eta prestigiozko analisiak biltzen ditu.

Mundu osoak ikusi ditu Johannesburgeko irudi lazgarriak. Maiatzaren 11n hasi eta ondorengo egunetan, hiriburu inguruko txabolategietan atzerritarrei eraso egin zieten, 50 pertsona hil –hauetako batzuk bizirik kixkalita–, beste asko zauritu eta bortxatu, etxola eta saltoki txiki asko suntsitu, 25.000tik gora ihes egitera behartu nora-hara. Mendebaldeko askori bitxi egin zaio hori Mandelaren erresuman gertatu izana, baina tele-ikusle gehienek irudiak artxibatuko zituzten beren buruetako “Afrikarren ohiko gauzak” atalean.

Aldiz, Hegoafrikako Errepublikan bertan zirrara handia eragin dute gertakizunok. Hango komunikabide handietatik iristen diren erreakzioek ondorio politikoak aipatzen dituzte, Thabo Mbeki lehendakariarentzako dimisio eskeak eta beste. Baina gizarte mugimenduen inguruko komunikabideek plazaratzen dituzten analisi, iritzi eta eztabaidek hegoafrikarren artean dagoen ezinegon oso sakonaren berri ematen dute.

Hegoafrikan lehenbizikoz hauteskunde libreak egin ziren urtean, 1994an, orduantxe gertatu zen Ruandako genozidioa: tutsi etniako milioi bat pertsona kalitu zituzten ordura arte bizilagun zituzten hutu etniakoek. Johannesburgeko gertakariek ez dute urrundik ere Ruandakoen tamainarik, baina egia da Nelson Mandela 1990ean presondegitik ateratzean inork ez zuela horrelakorik aurreikusiko, ez eta kalkulurik txarrenetan ere.

Pambazukako zuzendariek, hain zuzen, Mandelaren esanetara jo dute gertatzen ari dena esplikatzeko. Mandelak aspaldi, 1964an espetxeratu zutenean, honela deskribatu zuen apartheid erregimenak lotuta bizi zen Hegoafrika: “Zuriek daukate munduko bizi mailarik onena, eta bitartean beltzak txirotasunean bizi dira. Afrikarren %80k itxaropenik gabe bizirauten dute, batzuetan erreserba agortuetan, non lurzoruak higadura eta gehiegizko ustiaketagatik ez baitie bizitzeko adina ematen. Afrikarren herena jornalari, maizter edo apopilo daude zurien etxaldeetan, Erdi Arokoa bezalako morrontzan. Beste heren bat hirietan bizi dira, gizarte eta ekonomia alorrean zurien antzeko ohiturak garatu dituzte. Baina talde honetako afrikar gehienak ere txirotasunean bizi dira” Pambazukako idazleon arabera, beltzen arteko azken hauetako batzuk dira ANCk agintea hartu zuenetik urteotako garapen ekonomikoari etekina atera diotenak.

Horiek egon daitezke interesatuta xenofobia indartzen. Etorkinen eskulana beharrezkoa izan du Hegoafrikak urteotan. Apartheidaren garaian ere, zerbaiten jabe zirenak erosoago eta gainerako guztiak lehen bezain gaizki bizi diren gizarte batean, txiroen etsipena atzerritarren kontra bideratzea beti da agintearen irtenbide erraza. Europan ikusten ari denez.

Ngugi eta Manjiren iritzian, ANCko eliteko agintariak itsu daude, txabolategietako dramak ez dituzte ezagutzen. Ziurrenik horietako batzuek Tanzania, Zimbabwe, Mozambike edo Angolan egon zirenean ere bertako txiroak ikusteko itsu egon zirelako. Eraso eta hilketa xenofoboen aurrean erreakzionatzen kosta egin zaio gobernuari. Aldiz, Hegoafrikan oso ugariak diren mugimendu sozialek egoera baretzen lan handia egin dute.

“Amakwerekwere” zikinok...

PASSOP (People Against Suffering Suppresion Oppression and Poverty), COSATU sindikatua eta beste mugimendu batzuen artean maiatzaren 17an bertan manifestaldia antolatu zuten Alexandria eta Diepsloot-en gertatutako erasoak salatu eta egoera baretzeko. “Atzerritarrak ikaratuta daude, nazien garaian juduak zeuden moduan. Bidegabekeria hau gelditu beharra dago”, adierazi zuten ozenki. Beste mugimendu indartsu batek, Social Movements Indaba delakoak, auzo askotan bilkurak antolatu ditu maiatzean, honelako argudioekin: “Ohartu beharra dago gertakizunon jatorria afrikar askoren mixerian datzala, eta borrokatu behar dugula errealitate hau sortu duen kapitalismo neoliberala aldatzeko”.

Beste mugimendu indartsu bat da Abahlali baseMjondolo; euskaraz “Txaboletako Biztanleak” esango genuke. Durban hirian sortua, apartheidaren ondorengo txiroen mugimendurik sendoena da, milaka militante dauzka 30 auzotan lanean. Bere webgunean diotenez, “ekintza bat izan daiteke ilegala, baina pertsona ezin da ilegala izan”.

Abahlali taldearen idatzietako prosa xume eta argia da. Printzipio gezurtaezinez betea. “Zu auzo batean bizi bazara zu auzo horretakoa zara, eta auzo horretakoak bizilagun eta kamarada dituzu”. Edo aurrerago: “Kondenatzen ditugu Johannesburgen atzerrian jaiotakoen kontra egindako eraso, jipoi, bortxaketa eta hilketak. Ezker-eskubi borrokatuko gara hau ez dadin gertatu KwaZulu-Natal probintzian”.

Mugimenduaren gunean erraz irakur daitezke aspalditik egindako salaketa eta oharrak: txiroen haserrea edozein aldetara lehertu daitekeela, kasu emateko, auzoak beteta daudela arratoiz, suteak daudela, komunik ez dagoela, jendea pilatzen dutela eremu berezietan, atzerritarrentzako eremuetan poliziak jokabide ustel, krudel eta arrazistak dauzkala...

“Ez beharrak eta ez zanpaketak ez dute justifikatzen pertsona batek bestea erasotzea. Behartsu batek bere emaztea jo badu, familia txiro batek bere bizilagunak eraso baditu, arrestatu eta epailearen aurrera eraman behar dira. Baina hau Alexandrian gertatu bada eta ez Sandtonen, da han sufritzen ari direlako eta beren etorkizunaz larri daudelako”.

Abahlalik kritikatzen du Hegoafrikako Gobernua Zimbabwen eta Zambian jokatzen ari delako amerikarrak eta ingelesak Kongon ari diren antzera, konpainia handien interesak defendatuz. Baina erakundeak auzoetan egiten du lan, eta bere agiriak auzotarren elkarbizitza bermatzeko ahaleginez daude idatzita: “Sufritzen ari diren zure bizilagunak ez itzazu zure etsai bihurtu”.

Lan zaila daukate erakundeok. Hegoafrikan azken urteotako hazkundearekin izugarri handitu da txiroen eta aberatsen arteko leizea. Horrelakoetan xenofobiak beti ematen du jokoa. Gure artean “txurrianoak”, “sudacas” edo “beurs” direnak, Hegoafrikan “amakwerekwere” dira. Abahlalikoek diote: “Serioski galdetu behar dugu ea zergatik dirua eta jende aberatsa libre ibili daitezkeen munduan barrena, eta aldiz edonon behartsuek burdinazko hesiak aurkitzen dituzten, polizia ustel eta bortitzak, lekualdatzeko eta berriro etxeratzeko ilarak”.
Informazio gehiago

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoafrika
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


2022-03-21 | ARGIA
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako

Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]


Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?

Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]


Desmond Tutu apartheidaren kontrako sinboloa hil da

Hegoafrikan segregazio arrazistaren kontra borrokatu zuen Desmond Tutu artzapezpikua 90 urterekin hil da Lurmuturreko Hirian. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1984an, apartheida ezabatzeko egindako lanagatik. Hegoafrikako Gobernuak astebeteko dolu ofiziala iragarri du eta mundu... [+]


2021-11-30 | ARGIA
Omicron aldaera identifikatu duen medikua: “Sintomak ezberdinak baina arinak dira”

Omicron aldaeraz Hego Afrikako agintariak ohartarazi zituen Angelique Coetzee medikuak dio sintomak "ezohikoak baina arinak" direla. Neke handia da deskribatu duen sintoma, eta gaixo horiek ez dute usaimenik ez dastamenik galdu.

 


PODCAST #68 | N|uu hizkuntza zahar eta paregabea ez du harekin eraman nahi Katrina Esauk

Hegoafrikan sustraituriko San komunitatekoa da Katrina Esau; okupazioak, kolonizazioak, Apartheid zein neokolonizazioa pairaturik, bidean anitz utzi behar izan duen komunitatekoa. Tartean, N|uu haien ama-hizkuntza.  88 urterekin N|uu mintzo duen azken hiztuna da eta... [+]


N|uu hizkuntza zahar eta paregabea ez du harekin eraman nahi Katrina Esauk

Hegoafrikan sustraituriko San komunitatekoa da Katrina Esau; okupazioak, kolonizazioak, Apartheid zein neokolonizazioa pairaturik, bidean anitz utzi behar izan duen komunitatekoa. Tartean, N|uu haien ama-hizkuntza.  88 urterekin N|uu mintzo duen azken hiztuna da eta... [+]


‘Mac’ Maharaj
"Askatasuna ez da zapalduarentzat bakarrik, zapaltzailearentzat ere bada"
“Hasieratik ikusi nuen Mac arazo txiki bat izango zela guretzat kartzelan. Gogorra zen, zaindariei erantzun egiten zien, azkarregia zen, beti punta atera behar, argumentatiboegia, ez zizun puntu batean ere etsiko nahiz eta eztabaida aspalditik irabazia izan. Bere onerako,... [+]

Noiz hasi ginen “pentsatzen”?

Hegoafrikako Ekialdeko Lurmuturrean hezurrez egindako gezi punta bat aurkitu zuten 60ko hamarkadan, baina oraintsu jakin da tresnaren datazioaren emaitza: piezak 60.000 urte dauzka.


2020-05-12 | ARGIA
OMEk ohartarazi du HIESarekin lotura duten heriotzak biderkatu egin daitezkela pandemiak iraun bitartean

Pandemiak eragin duen txerto eta oinarrizko medikamentuen eskasiagatik, Osasunaren Mundu Erakundeak esan du Afrikan milioi erdi bat pertsona hil daitezkela HIESarekin zerikusia duten gaitzekin, Democracy Now hedabideak jaso duenez.


Mediku brigada berria bidali du Kubak Hegoafrikara

216 osasun-langile kubatarrez osatutako brigada heldu da igandean Hegoafrikara, herrialdeak koronabirusarekin laguntzeko eskatu eta gero. Afrikara bidalitako laugarren brigada kubatarra da Hegoafrikakoa.


Hiru asterako itxiko dute Hegoafrika ere

Ezinbestekoak diren lanbideak izan ezik, gainontzeko guztiak uztiko ditu bertan behera Hegoafrikak. Militarrak eta poliziak izango dira itxialdia betetzen dela ziurtatzeko arduradunak.


Eguneraketa berriak daude