Guaraniera
Galdera honi ekin baino lehen, aurrekari historiko batzuk aurkeztu beharrean gaude, gaur egungo egoera ulertu ahal izateko. Kolonia garaian hizkuntza nagusia guaraniera izan zen, inmigrazio europarra eta batez ere espainiarra oso baxua izan baitzen. Mineral aberastasuna oso urria izanik, etorkin gutxi hurbildu ziren. Halaber, populazio mestizoaren hizkuntza bihurtu zen, ondoko herrietan gertatu ez zen bezala. Bestalde, mandatalgo jesuitek (1610-1767) guaraniera babestu omen zuten.
Independentzia lortu bezain laster, gaztelania indartu beharrean, Latinoamerikako nazio gehienetan jazo zen bezala, guaranierak bere nagusigoa mantendu zuen Paraguain, Gaspar Francia presidenteari esker. Francia doktorearen erregimenaren babesa eta isolamendua lagungarri suertatu ziren horretarako.
Hiruko Itunaren Guda (1865-1870) galdu ondoren Argentina, Brasil eta Uruguairen aurka, gauza asko aldatu ziren Paraguain, hizkuntza politika, besteak beste. Sarmiento politikari argentinarraren pentsamendu arrazistaren eraginez, guaraniera baztertua eta mespretxatua izan zen. Klase menperatzaileek “atzerapenaren erakusle” eta “zibilizazio ezaren isla”tzat jo zuten. XIX. mendearen bukaeran, Hezkuntza ministroak guaranierari buruz hauxe esan zuen: “Kultur aurrerapenaren etsai nagusia da guaraniera”. Eta independentziaren lehenengo mendeurrenean, ondorengoa ziurtatu zuten: “Baliorik gabeko hizkuntza zaharkitua da”. Eliteek guaraniera mespretxatzen zuten heinean, herri txiro eta mestizoaren aurkako arrazismoa erakusten zuten.
Pasa den mendeko lehenengo hamarkadan, 900 belaunaldi izeneko mugimenduan biltzen ziren gazte intelektualak liberalismoaren kontra agertu ziren, abertzaletasun paraguaitarra berpiztuz. Abertzaletasun horren ezaugarri bat guaranieraren defentsa izan zen. Partido Coloradok estrategia aldatu zuen eta abertzaletasun horri eutsi zion, Alderdi Liberaletik aldentzeko eta herri zati garrantzitsu baten babesa bereganatu nahian.
Geroztik, Partido Coloradok hizkuntza politika manipulatu zuen, guaranieraren aldeko jarrera erakutsiz, baina babes neurri seriorik hartu gabe. Stroessner jeneralaren diktadura (1954-1989) horren erakusle zehatza izan zen, alde batetik guaraniera goraipatzen baitzuen, eta beste alde batetik gaztelaniaren nagusigoa ziurtatzen baitzuen.
Klase menperatzaileek guaranierarenganako izan duten jarrera itxuratia oso esanguratsua izan da. Ondoko nazioetako eliteengana hurbiltzeko guaraniera arbuiatu eta gaztelania goraipatu egin dute. Baina aldi berean, nazio batasunaren ikurra dela dakitenez, bertako hizkuntzaren aldeko berbaldiaz baliatu ohi dira. Andrew Nickson ikerlariak klase borroka baretzeko tresna bezala erabili izan dutela baieztatzen du.
Elebitasunaren mitoa
Aipatutako ikerlariak Paraguai elebidunaren mitoak 60ko hamarkadara arte iraun zuela ziurtatu du. Bere aburuz, eliteek mitoa irmoki defendatu zuten, Latinoamerikako herri “aurreratu”en artean zeudela frogatu nahian. Hala ere, historiak eskaintzen dizkigun datuek bestelako errealitatea erakusten digute.
Historia osoan zehar, guaraniera nagusia izan da Paraguain. XX. mendeko hasierara arte, Paraguaiko herria ia eleanitza izan zen. 60ko hamarkadan eginiko lehen ikerketa zintzoak nazio elebidunaren mitoa bertan behera utzi zuen, populazioaren erdia baino gutxiagok gaztelaniaren gutxieneko ezagutza zuela egiaztatuz. “Paraguai ez da nazio elebiduna, guaraniera mintzoduna baizik. Gaztelania herri administrazioaren goi eremuetan, hezkuntzan eta merkataritzan besterik ez da erabiltzen, eta gainera halabeharrez. Eguneroko bizitza pribatuan elite txiki batek besterik ez du erabiltzen” (Rona, J.).
Aurreko mendearen bigarren zatian guaranieraren erabilera mantendu zen, oztopo nabariak jasan arren –klase menperatzaileen mespretxua, hezkuntza sistema publikoaren arbuioa, eta hiztunen beraien kikiltzea–. 80ko hamarkadatik aurrera hirietara gertaturiko migrazio prozesuak ez zuen gehiegi kolpatu guaranieraren erabilera. 2002ko erroldako datuak oso esanguratsuak dira, guaranieraren nagusigoa mantentzen dela frogatzen baitute. Erroldaren arabera, biztanleriaren %59,2k nahiago du guaraniera erabili eta %35,7k gaztelania hobesten du. Gainerako %5ak beste mintzaira batzuk erabiltzen ditu, portugesa, alemana eta korearra batez ere. Nekazaritza guneetan, guaranieraren nagusigoa are nabarmenagoa da, populazioaren %83k hobesten baitu. Eskualde horietan, gaztelania baino beste hizkuntza batzuk jende gehiagok erabiltzen ditu, %8,9 eta %8,4, hurrenez hurren.
Guaranieraren indarberritzea
Azken boladan guaranieraren indarberritze prozesua ematen ari da, lau arlotan batez ere: hezkuntza sisteman, komunikabideetan, sistema politikoan eta kulturan.
80ko hamarkadan hezkuntza publikoa guaranierari lekua egiten hasi zitzaion, baina 90eko hamarkadatik aurrera seriotasun handiagoz ireki zitzaizkion ateak. Gizartean eragin nabaria izaten ari da, guaraniera eskola kopuruak baxu samarra izaten segitzen duen arren, gaztelania eskolekin alderatuta.
Pasa den hamarkadaren erdialdera arte, guaranieraren presentzia komunikabideetan guztiz sinbolikoa zen, baina geroztik, Paraguaiko egunkari garrantzitsuenak lekua ematen hasi dira poliki-poliki. Dena den, agerpen nabarmenena eta eraginkortasun zuzenena irrati herrikoietan ari da islatzen. Komunikabide horietan gehiena guaranieraz egiten da.
Lehenengo mailako politikariek ez zuten guaraniera inoiz erabili Lino Oviedo presidenterako hautagaiak ekin zion arte, 90eko hamarkadan. Une horretatik aurrera, tresna sinboliko bihurtu da, eta goi mailako politikari gehienek beren kanpainetan guaraniera erabiltzen dute. Aditu batzuek baieztatu dute faktore horrek pisu handia duela botoak lortzeko.
Kulturan ere, orain dela gutxira arte erabilera arlo pribatura mugatzen zen, arlo publikoa gaztelaniaren menpe geldituz. Hala ere, azken urteotan guaranieraren agerpena musikan, liburuetan eta abarretan hedatu egin da. Gaur egun, gero eta denda eta enpresa gehiago ikusten dira guaranieraz idatzitako izenekin.
Finean, indarberritze prozesua kontuan izanik, elebitasunaren mitoa biluzik agertzen zaigu, Paraguaiko antzinako hizkuntzaren nagusigoa bermatuz.