Independentziaren lehen urratsa: etxeko artoa ereitea

  • Jon Harluxet eta Xano Sallaberryk bezala, gero eta gehiago dira arto bihia selekzionatuz norbere etxaldeko hazia ereiten duten laborariak, hazi-etxeei erosi gabe. Programa esperimental batean ari dira, Frantzian debekatua baitago halakorik egitea.
Jatorrizko artaburu pintoak
Jatorrizko artaburu pintoakUrko Apaolaza
Buzunaritzeko belardiek berdeago dirudite zaparradaren ostean. Xano Sallaberry dugu gidari, laborari baxenafartarra, Ainhizekoa. Artasoroak biluzik daude, udaren zain, eta Jaitia etxaldeko behiak patxadaz doaz bazka bila. Etxeko nagusiak egin digu ongi etorria: “Eztabaida ikusten ari nintzen” dio Jon Harluxetek, ordenagailu portatila mahaiko paperen artean lurperatuz. Pariseko Asanblea Nazionalean transgenikoen lege proposamena eztabaidatu eta onartu dute berriki; zinez, gainerako laboreak transgenikoen ondoan bizi litezkeen ala ez dago zalantzan.

Harluxet Biharko Lurraren Elkarteko (BLE) partaide da eta Bio D’Aquitaine federazioko lehendakaria. Gertutik jarraitu du transgenikoen inguruan sortutako eztabaida. Izan ere, laborariek autonomia eta burujabetza handiagoa izan dezaten egiten dute lan.

Etxeko artoa: “Maite nuen ideia”

Biharko Lurraren Elkartea 93an sortu zuten eta emeki-emeki sendotu egin da; egun 200 laborariri eskaintzen dio laguntza. Ekosistema bakoitzari agrosistema bat zor zaiola diote. Badira sei-zazpi urte Jaitiako nagusia etxeko artoa ereiten hasi zela etxaldean: “Norbere haziaren jabe izatea maite nuen, laborantzan hori atzematen ez badugu galdu dugu ofizioa”. Amikuzeko baserritar batek Seguratik (Gipuzkoa) artoa eraman zuen bere soroko eritasunari aurre egiteko: “Ekarri zuen dozena bat buru, batetik bestera biderkatu eta ez zen problemarik izan mamutxa horrekin” azaldu digu laborariak.

Hegoaldeko arto hori ontsa zen, baina ez emankorra, eta Harluxetek etxalde ttipia izanik arto ugari emango zion soroa behar zuen behiak bazkatzeko. Dordoinako (Akitania) Hazien Etxean jatorrizko arto haziak –hibridatu gabeak, jakina– biltzen hasi ziren eta laborarien arteko ahoz ahoko zabalkundeari esker 150 lekutako haziak dituzte egun. Hazien Etxean lurralde bakoitzeko karakterizazioaren arabera trukatzen dituzte haziak, bioaniztasunaren onerako. 2005eko idorte handian, esaterako, artasoro batzuk arras kiskalirik geratu ziren, aldiz, beste soroen berdetasunak zirrara sortzen zuen.

Jon Harluxetek munduko hamabi lekutako haziak erabiltzen ditu bere etxalderako. Sallaberryk emaitzak ikusi zituenean ez zuen sinisten: “Pentsatzen nuen lehengo artoa ttipia zela, baina Jonen etxean buru eder horiek ikusi nituelarik harritu nintzen”. Jatorrizko artoarekin kontsanginitate arazoak zeuden eta horregatik izaten ziren txikiagoak, baina odol berritzeari esker ikusi da ez dela zertan horrela izan beharrik. Hala ere, hazi trukaketa programa esperimental bati esker egiten ari dira, administrazioarekin hitzarturik, zeren eta gaur egun, izugarria dirudien arren, haziak trukatzea ez da legala.

Laborantza “kanpoko errezetak” erabilita egin nahi izan da. Errezeta horiek dira arto hibridoak, duela 60 urte AEBetatik mundu osora hedatu zen espezieen gurutzaketa –heterosia, argot zientifikoan–. Gaur egun Ipar Euskal Herriko laborarien %99ak multinazionalei erosten die hazia, laborategian sortutako arto “klonak” hazten dituzte soroetan, era mekanizatuan uzta oparoa segurtatzeko. Baina hona desabantaila: ondoko generazioak ez dituela aurrekoaren ezaugarri joriak mantentzen. “Horregatik ezin duzu zure artoa erein eta urte guzian erosi behar” dio Ainhizekoak.

Iraultza berdearen beste ondorioak

Xano Sallaberryk aurreko egoera du gogoan eta arrunt garbi hitz egin du sutondoan eserita: “Laborantzaren egoera txarra zen biziki hona arte, jendea tristeki bizi zen, ateratzeko manera behar zen. Arto amerikanoarekin behi gehiago hazten zen, sos gehiago...”. Iraultza berdeak onura ugari ekarriko zituela sinestarazi zieten laborariei. Baina produktibitatearena ez omen da guztiz egia. Adibidez, ogia (garia Hegoaldean) oraingoz ezin izan da hibridatu eta selekzio naturala eginez errendimendu handiagoa izan du artoak baino.

Perkaiztegi hernaniarrak ekarri omen zuen Ameriketatik artoa lehen aldiz. Laster zabaldu zen Europa osoan eta industri iraultzan ezinbestekoa izan zen langileak elikatzeko. XXI. mendean mundu osoan milioika lagun arto uztaren zain dira bizirauteko. AEBetan produzitzen da artoaren %45a; Frantzia bosgarren esportatzaile handiena da. Herrialde horretan, lur azaleraren hiru milioi hektarea baino gehiago artorako erabiltzen dira eta Iparraldean landutako lurren ia erdia okupatzen dute artasoroek.

Kontua da munduan bospasei enpresa handi daudela hazien salmenta monopolizatzen dutenak eta ez merke saldu gainera. Gaur da eguna baserritarrek artoa nahi badute hazia erosi behar dutena, menpekotasun osoa dute hazi egileenganako, eta Harluxeten mintzaira erabiliz eurak “ttantto” bat besterik ez dira sistema zabal batean. Horrela, konfiantza eta gaitasuna galtzen da, lurrarekin lotura oro. Behin, laborari baten semeak galdetu zion artoaren hazia zein ote zen: “Zuk galdetzea normala da, kazetaria zara, baina laborari semeak?”.

Transgenikoak, bigarren pausoa

Hibridazioaren eta transgeniaren logika berdina da. Harluxetek ironiaz definitzen du egoera: “Hazi saltzaileendako naturak badu injustizia handi bat, hazia urte batetik bestera berriz ereiten ahal dela”. Eta ustezko pirateo hori ezeztatzea izan da, baxenabartarraren esanetan, enpresa horien helburua. Jadanik hasiak dira terminator teknologia zabaltzeko asmoekin –labore antzuak sortzeko asmakizuna–, oraindik debekaturik dagoen arren. GAOek (Genetikoki Aldaturiko Organismoek, hots, transgenikoek) pozoia daramate bere baitan, baina aldi berean pozoi horri aurre egiteko gai da landarea. Aldiz, ondoko soroak akaba ditzake. Gainera, haziak patentea du. AEBetan adibidez, soro batean patentaturiko genea aurkitzen bada laboraria gaztigatua izan daiteke. Baina nola esan erleari landarerik ez ukitzeko?

Bioteknologoek transgenikoetan dute itxaropena munduko bihiaren krisiari aurre egiteko: bigarren iraultza berdea pronostikatu dute. Bitartean, ekologisten protestak eta herritarren errezeloa handitzen ari dira. Marie-Monique kazetariaren Le monde selon Monsanto (Mundua Monsantoren arabera) pelikulak –izen bereko liburuan oinarritua– iritzi publikoa astindu du; dokumentalak Monsanto hazi-etxe estatubatuarrak patenteen atzean ezkutatzen dituen interesak bistaratzen ditu eta enpresa horiek munduko hazien jabe egiten ari direla nabarmen ageri da filman. Biomorrontzaren arora hurbiltzen ari ote garen, hori da askok bere buruari egiten dioten galdera.
Frantziako transgenikoen legeak laborantza biologikoaren heriotza ekar lezake
Apirilaren 9an Frantziako Asanblea Nazionalak transgenikoen inguruko lege proposamenari ateak ireki zizkion. Bozka gutxirengatik onartu zen egitasmoa, besteak beste UMPko zenbait kidek bere alderdiaren irizpideei kasurik egin gabe kontrako jarrera azaldu zutelako.

Lege berriak, funtsean, “bateragarri” ikusten du laborantza transgenikoa eta biologikoa. Hori bai, polinizaziorik ez gertatzeko distantzia minimoa behar dela dio araudiak. Laborantza biologikoa lantzen dutenek transgenikoen ondoan bizitzea ezinezkoa dela diote, azkenean, polinizazioa eragotzi ezin den naturaren fenomenoa delako. Transgenikoek ondoko soroak kutsatzean, uzta kaxkarra eta pozoitua besterik ez da espero haiengandik, duela gutxi Bio D’Aquitainek Biarnon frogatu bezala.

MON 810 barietatea debekatua
Urtebete inguru da Lur Berri kooperatibak MON 810 arto transgenikoaren hazia laborariei salduko ziela jakinarazi zuela. Erabaki horrek protesta itzelak sortu zituen laborantza sindikatuen eskutik; 500 hektarea baino gehiago soro transgenikoa izan zen iaz Iparraldean. Ondoren, talde ekologisten presioari esker, Frantziako Gobernuak arto mota hori ereitea debekatu zuen, eragiten zituen ondorioak behar bezala ikertu artean. Asanblea Nazionalean onartu den lege proposamenak ez du, oraingoz, debekua bertan behera utzi.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-08-12 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Kamamila txarrik ez da

Gaurko artikuluari ekitera noalarik Chamaemelum nobile loretxoari larranbiloa, larramilua, amasabel-belarra edo bitxeleta deitzen diozuenak ere nire gogoan zaudete; zuetako batek idatzi baitit duela ez egun asko Instagrametik “gaur Goizueta aldean kamabillua bildu dut eta... [+]


Gregorio Ugartemendia. Pagadien egile
“Jendeak arbola aldatu eta segituan nahi du etekina, eta hori ez dago”

Tolosatik abiatu eta Bedaion gora egin, Menditxiki aldera. Batean Bedaio, bestean Zarate, Gipuzkoako eta Nafarroako muga-mugan gara. Hantxe dira helburu ditugun lursailak, Itxitua eta Erlo, garai batean lahar, pagadi gaur egun: Gregorio Ugartemendia Zubillagaren basoa duzu.


2024-07-22 | Garazi Zabaleta
Erroak landaretegia
Fruta-arbola, fruitu ttipi eta landare mintegi ekologikoa

Mahaño Lanathoua 2017an hasi zen aitaren lurretan arbolak landatzen, oihan baratzea lantzeko ideiarekin. “Hasieran asmoa ez zen horretatik ekonomia bat sortzea, gure buruaskitasunerako bidean pausoak ematea baizik”, gogoratu du laborariak. Baina, landaketekin... [+]


Euskal Herriko tigreak

Duela gutxiko kontua da. Iberiar katamotza (Lynx pardinus), mundu mailako felino espezie mehatxatuenetarikoa, “galtzeko arriskuan” egotetik “kaltebera” kategoriara igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Espeziea kontserbatzeko egindako... [+]


2024-07-22 | Jakoba Errekondo
Zientoka izen

Zuhaitzen eta arbolen sarobean nabil azken urte hauetan. Larrean, abaroan eta biaoan hor nabil atera ezinik. Zuhaitzei eta arbolei aparteko begirunea diedala jabetua izango zara, tarteka behinik ARGIAren Bizi Baratzea txoko honetan ibiltzen bazara. Eta azkenaldi honetan,... [+]


2024-07-15 | Jakoba Errekondo
Porruak eta santuak

Porrusalda hemen da.


2024-07-15 | Garazi Zabaleta
Langileak ordezkatzeko zerbitzua
Laborariek ere oporretarako eskubidea izan dezaten

Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz askotan entzuten da lanbide "oso lotua" dela, jai egunik edo oporrik ez dela existitzen. Ipar Euskal Herriko Onetik eta Etxaldia gasnategiek, Berria eta Aldudeko Esne Kooperatibekin elkarlanean, laborariei bakantzak bermatzeko egitasmoa... [+]


“Azken dantza hau” bisiguarena izan ez dadin

Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak kanpotik ekarriak ziren bitartean. Egun, kostaldeko... [+]


2024-07-08 | Jakoba Errekondo
Erein aurreko hazien bedeinkazioak

Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar ditugun haziak bedeinkatzen dira. Erein beharreko hazi guztiak eramatea komeni al da?,... [+]


2024-07-08 | Garazi Zabaleta
Nafarroako hazien liburutegia
“Kultura, liburuetan ez ezik, esperientzia pertsonal eta komunitarioetan ere badago”

2022an Nafarroako Liburutegien Sareak martxan jarritako proiektu berezia da hazien liburutegia. Clara Flamarique Goñi da Nafarroako Gobernuaren liburutegi zerbitzuko proiektuen arduraduna, eta honela gogoratu ditu hastapenak: “Zaragozako liburutegian martxan zuten... [+]


Bustitzen ez den arranoa

Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete betean. Arraina harrapatu ostean burua uretatik atera du arranoak, baina arrainak hondorantz egiten... [+]


Traktoreen protestak hasi zirela bost hilabete
Zerekin egiten dugu amets? Elikagaien merkatu globalizatuan bira egiteaz harago

Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]


Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko

Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute parte. Iruñean ere, itzal eta landare gehiago izango... [+]


2024-07-01 | Jakoba Errekondo
Tomate anderea eta presa kontuak

A zer lanak ematen dizkigun! Txoratzen gaitu tomateak (Solanum lycopersicum). Artaxoakoa dela, edo Tuterako Itsusia, edo Aretxabaletakoa, edo Erandiokoa, pikoluzea, gerezia dela, madari tomatea dela, Igeldo, mendigorria, transgenikoa dela, Eusko Labela dela, idi-bihotza, korta... [+]


Eguneraketa berriak daude