Ainhoa Alberdi: "Publikorik gabe ez dago antzerkirik"

  • Pandoraren kutxa eskutan balu, ez bat ez bi: ireki egingo luke. Korrika hasiko litzateke ihes egin duten sentimendu guztien atzetik, eta banan-banan irentsiko lituzke, denak sabelean sartu eta bera ere Pandoraren kutxa bilakatu arte. Gero begira-begira jarriko litzaiguke, “ireki nazazue” erregutuz.
Ainhoa Alberdi
Ainhoa AlberdiKarlos Corbella
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zer egiten du emakume serio batek antzerkigintzan?


Dibertitu. Ni serioa naiz, baina niretzako antzerkiak gero eta gehiago du jolasetik.

Jolasa oso gauza serioa izan daiteke. Baina jendeak serio hartzen al du antzerkia?


Nik uste antzerkiak baduela konnotazio hori: ez omen da lanbide serioa. Ni saiatzen naiz gure jardunaren duintasuna erakusten eta aldarrikatzen, eta haserretu ere egiten naiz nire ekoizpena ez bada benaz hartzen. Garrantzitsua da jendeari norbere lanak duen balioa erakustea. Hain zuzen, horixe zen nire akatsetako bat: ez nuen sinesten une bakoitzean nire lanari zor zitzaion tratua exijitzeko eskubidea nuela, ez ekonomikoki dagokion errespetua ere. Gugatik maiz esan ohi dute: begira lanean zeinen ondo pasatzen duten!, eta askotan egia da, baina gustura egindako lana ere lana da, eta ez du gogoz kontra egindakoak baino gutxiago balio.

Antzerkia, zertarako? Zein helbururekin?


Pozten naiz galdera hori egin izanaz. Gaur egun, badirudi antzerkia denbora-pasa soil bilakatu dela, dibertimendu huts. Jakina antzerkiaren helburua entretenimendua izan daitekeela, neurri batean beti dela hala, baina beste hainbat funtzio ere baditu. Nire helburua zein den? Ba, antzerkia ikustera etorri den pertsona horrengan, edo antzerkiak kalean harrapatu duen pertsona horrengan zerbait aldatzea, axolagabe ez uztea. Eragitea, azken finean. Helburu indibidual horretaz gain helburu soziala ere izan dezake antzerkiak, baina mekanismoa berbera da: pertsonei barrua mugitzea.

Gorputz adierazpena da gehien lantzen duzuna. Zer da zuretzat gorputza?


Nire zatirik garrantzitsuenetariko bat, eta nire lanerako oinarrizko erreminta. Aurkikuntza izugarria izan da nire gorputzarekin topo egitea. Erabat sinetsita neukan gorputzez gogorra eta zurruna nintzela. Tentsio handia neukala. Baina zenbat eta gehiago ezagutu, gorputzak gero eta aukera gehiago ematen ditu, eta mugak, askotan, urtu egiten dira ezagutu ahala: 39 urte ditut eta 16 neuzkanean baino malguagoa naiz. Gorputza plazer iturririk handiena da, zentzu guztietan. Eta nire bizitza hortik bideratu dut, bioenergetika ere horixe da: arnasa eta gorputza.

Eta hitza?


Beldur handiagoa diot, eta ez naiz erraz isiltzen den horietakoa, ez pentsa! Lehen, testuak buruz ikasteari nion beldurra, baina Bakartxo bakarrizketa egin nuenean gainditu nuen hori. Ez nuen uste 30 orri buruz ikasteko gai nintzenik, baina oker nengoen. Gerora, hitza sortzeak izutu izan nau, idazteak. Nerabezaroan asko idazten nuen, triste nengoenean, batez ere. Husteko idazten nuen, baina ipuin erara, niri gertatuak pertsonaia baten larruan jarriz. Eta orain ere, beste aukerarik ez dudanean, idatzi egiten dut eta, normalean, gustura gelditzen naiz emaitzarekin. Eta galdetzen diot nire buruari: zergatik halako zalantza idazten dudanak daukan balioaz? Egiten ditudan sorkuntza lanetan gorputza eta musika nik lantzen ditut, baina testuaren momentua iristen denean beste norbaitengana jotzen dut, ez daukat nire hitzean ziurtasunik. Ez naiz ausartzen.

Emakumearen hitzak ez du sekula pisu handiegia izan…


Ez nintzen sekula pentsatzen jarri, baina egia da hitza beti izan dela gizonarena, baita familietan ere. Badirudi haiek hitzerako eskubidea herentzian jaso dutela, baina guk ez. “Zu isilik, eta zure lekuan, eta gauzak ondo egin, eta ama ona izan…”, hori bai, hori jaso dugu, baina hitzerako eskubidea… Agian ez diot nire hitzari baliorik ematen, izan daiteke. Ohartzen naiz, adibidez, egoera askotan seguruago sentitu izan naizela nire bikotea aldamenean banuen, bere presentziak laguntzen bazidan. Bidaietan, esaterako. Babesa sentitzen nuen bikotea gurekin baldin bazetorren. Gerora, kontzienteki landu dut esparru hori, eta neu bakarrik joan izan naiz furgonetan seme-alabak hartuta, baina borroka egin behar izan dut nire buruaren kontra. Gero oso gustura sentitu izan naiz, indartsuago, baina lana egin behar izaten dut ziurtasun hori lortzeko. Ekintzetan egin dudan lan hori hitzarekin egin beharko dut agian.

Baina badu hitzak berezko mugarik?


Bai. Niretzako hitza adimenarekin lotuta dago, eta gizarte hau hain da intelektuala… Ez dugu alderdi emozionala batere lantzen. Horregatik, mesfidantza izan diot hitzari. Gainera, beti izan naiz errebelde samarra, eta esaten nuen: “Hitza? Hitzik ez da behar!”. Gauzak adierazteko modu asko daude, eta gorputzak beste bide batzuetatik adierazten dituela uste dut. Bide horiek lantzen saiatzen naiz, eta ez da erraza. Buruarekin asko funtzionatzen dugunontzat ez da erraza burua alde batera uztea, askatzea. Beti daukagu lepo gainekoa epaile modura. Hau bai eta hura ez. Nik askotan moztu egingo nuke, eskerrak antzerkiak burua galtzeko mugara eramaten nauen.

Nola uztartu dituzu antzerkia eta psikologia?


Antzerki tailerretan egiten dudana erabateko lotura da. Egia esan, duela bi urte arte egiten nuenak gehiago zeukan terapiatik antzerkitik baino. Bolada batean uste izan nuen antzerkian publikoak ez zuela inporta, antzerkia norberarentzat egin behar zela. Baina gaur egun juxtu kontrakoa sinesten dut: publikorik gabe ez dago antzerkirik. Energia nola bideratu da kontua: ez da berdina sorkuntzarako jartzen duzun energia zuretzat gordetzea edo kanpora joaten uztea. Energia hori kanpora doala sentitzen duzunean plazera askoz ere handiagoa da, jendeari iritsi egiten baitzaio, eta orduan da antzerkia benetakoa.
Eskoletan lanean hasi nintzenean, planteatzen nituen ariketa askok arnasketarekin, bioenergetikarekin eta emozioekin zeukaten zerikusia, ezin baitut antzerkia alderdi horiek landu gabe ulertu. Psikoterapian erabiltzen diren ariketa berdin-berdinak dira askotan, baina beste helburu batekin: batean, helburua norbere barrua bilatzea eta lantzea da, terapia egitea; bestean, berriz, hori guztia publikoari eskaintzea.

Psikologiak barrura begiratzen du, eta antzerkiak?


Antzerkiak barrutik kanpora begiratzen du. Barrura begiratu behar dugu, baina aurkitzen duguna jendeari erakusteko. Etenik gabeko biluztea da.

Inprobisazioetan subkontzientea ere biluzten duzue...


Hori da, inprobisazioetan ez da ezer pentsatu behar: barrukoa atera behar da. Ez dakigu nondik joko dugun eta jardunak nondik nora eramango gaituen. Ez dakigu non bukatuko dugun ere. Ez daukagu helbururik, eta horrek ematen du askatasuna. Nora zoazen ez badakizu eta berdin badizu, aske zara. Hala ere, ez dugu sekula burua erabat albora uzten. Konstanteki mugak jartzen dizkigu buruak, eta hori ez da beti txarra: mugak beharrezkoak dira gure alde erabiltzeko eta gure burua babesteko.

Gero eta oskol lodiagoa omen dugu. Zaila al da jendearen emozioetan eragitea?


Gizarteak ez du batere laguntzen oskolik ez izaten; alderantziz, kapa hori loditzera bultzatzen gaitu. Biguntasuna ez da baloratzen. Baina, era berean, emozioak sentitzeko eta alderdi hori lantzeko behar handia dagoela iruditzen zait. Argi dago kontua ez doala ondo: begira zer gaixotasun ari diren ugaltzen, gizartea norantz doan… Badago halako ezinegon bat beste gauza batzuk bilatzeko. Jendeak sentitzeko beharra du, eta hori ematen diozunean gustura jasotzen du.

Edozein sentimendu sentitzeko prest al dago publikoa?


Egia esan, ez. Umorezko obrekin erraz betetzen dira antzokiak, baina drama bat egitera bazoaz, akabo, “nahikoa sufritzen dugu bestela ere!”, esango dizu jendeak. Baina ez da sufritzea: sentitzea da. Sufritzeak ez garamatza inora, baina tristura, amorrua edo gorrotoa sentitzeak bai. Nik triste nagoenean eta negar egiten dudanean ez dut sufritzen. Alderantziz, askotan gozatu egiten dut.

Haurrekin errazagoa al da?


Haiek ere badute oskola. Txiki-txikitatik erakusten diegu sentimendu batzuk onak direla eta beste batzuk txarrak, eta hori hanka-sartze larria da: sentimendu guztiak dira gureak, eta ezin da halako bereizketarik egin. Eta hori aldatzen ez den bitartean ume oskoldunak sortuko ditugu. Eskoletan klaseak ematen ditudanean saiatzen naiz hori guztia transmititzen, ez bainago ados egungo heziketa sistemarekin. Nire seme-alabak eskolara ez eramatea ere planteatu nuen eta kontraesan handiak izan ditut: sistemarekin horren kritiko izanda nola hasiko nintzen, ba, bertan eskolak ematen?

Eta nola lasaitu duzu kontzientzia?


Nire aletxoa jartzen saiatzen naiz. Neska-mutilei normalean entzuten ez dituzten gauzak esaten saiatzen naiz. Adierazten diet sentimenduak guk senti ditzagun daudela hor, eta ezin dugula esan “gorrotoa txarra da eta ezabatu egingo dut”. Onartu egin behar ditugu, eta ikasi baliagarriak direla bai poza eta bai tristura, bai maitasuna eta bai gorrotoa. Besterik da gorroto horrekin edo amorru horrekin zer egiten dugun. Gorrotoa sentitzen dugun bakoitzean ezin dugu parekoa jo. Baina hori ez da sentimendu kontua, ekintza kontua baizik. Sentimenduak ahalik eta era positiboenean bideratu behar dira.

Zein gabezia ikusten dizkiozu hezkuntza sistemari?


Alde intelektuala baino ez dela lantzen: adimena eta ezagutza. Eta ezagutza ez da bizitzan moldatzeko niri gehien inporta zaidana. Alde emozionala ez da lantzen. Eta ezagutza hori transmititzeko moduan ere zalantzak ditut. Haur guztien gaitasunak eta interesak ez dira berberak une bakoitzean, eta eskola horrela planteatuta dago. Eskolak dio: “6 urterekin 100 arte kontatzen ikasi behar da”, eta haur batzuen burua eta gogoa ez daude horretarako prestatuta. Batek historia ikasiko luke gustura; beste batek, geologia… eta interes horiek guztiz zanpatuta gelditzen dira. Batere interesatzen ez zaizkien ezagutza pila batekin mozkortzen ditugu umeak.

Baina zure seme-alabak eskolara eramatea erabaki zenuen.


Bai. Hasieran gauza izugarria iruditzen zitzaidan hori, eta haurrek pena ematen zidaten. Baina, eskolaren bitartez ez bazen, nola emango nien haurrei behar zuten gizarteratzea, harreman horiek denak, aberastasun hori? Hala ere, haurrak motibatu beharrean desmotibatu egiten ditugula pentsatzen jarraitzen dut. Nekatu egiten ditugu. Baina seme-alabek badakite eskolara joan ezean zer dagoen: kexak, epaiketak… Beraz, orain eskolara joan beharko dute, eta handik ahalik eta airosoen irten, eta gero egingo du bakoitzak bere bidea.

Eta telebistari buruz galdetuko banizu?


Horrek ere sentimendu kontrajarriak sortzen dizkit. Kanpotik ikusten dudanean jendea entretenitzera edo, okerragoa dena, jendea otzan mantentzera bideratuta dagoela iruditzen zait. Zentzu horretan kritikoa naiz, eskolarekin bezala: artaldea bultzatzen baitu, homogeneizazioa, pasibotasuna. Baina lanari dagokionez, gauza guztiak probatzea gustatzen zait, baita telebista ere. Aktore gehienok desiratzen dugu telebista: askotan bai baitirudi telebistan ateratzen ez den aktorea ez dela aktore. Telebistak egiten zaitu nor. Baina barrutik ezagutu dudanean oso gustura aritu izan naiz. Telebistak beste erritmo bat du, oso azkarra da, baina nire energia ere oso azkarra da, eta nahiko ondo moldatzen naiz estres horretara.
Nortasun agiria
Ainhoa Alberdi Zarautzen (Gipuzkoa) jaio zen 1969an. Bere aktore-fitxan 1’58 m. jartzen du, eta ile kolorea: beltza. Psikologian lizentziatua da, eta psikoterapeuta teknika bioenergetiko eta gestaltikoetan. Bi seme-alabaren ama da. Antzerkiari lotuta egin du bizitza osoa, eta hainbat talde eta proiektutan hartu du parte. Zuzendari lanetan ere aritu da Gernikaren heriotza, Txikago kluba (kale antzerkia), Marmarrak (bakarrizketa)… eta beste hainbat obratan. Zarauzko Alproja taldeko kide da 1995. urtetik, baita KALERKI (Nazioarteko Kale Antzerki Topaketak) jaialdiaren antolatzaile ere. Antzerki ikastaroak eta espresio tailerrak ematen dizkie haur, gazte zein helduei.
Presentzia
“Presentziak bihurtzen du aktorea sinesgarri. ‘Ni hemen nago’ esateak. Nork bere buruaren presentzia sentitzeak: presentzia botere gisa, indar bezala. ‘Ni hemen nago eta hau naiz’. Niaren kontzientzia hori behar-beharrezkoa da eszenara ateratzeko. Edozertarako”
Kale antzerkia
“Kale antzerkian pertsonaia bezala edo talde bezala transmititzen ari zaren energia txoko guztietan sartzen da. Inork deitu gabe, baina hor zaude, eta bat-batean harremana sortzen duzu kalean dabilen norbaitekin. Begietara begiratzen diozu eta pertsona horri barruan zerbait aldatzen zaio”.
Sedukzioa antzeztuz
“Tristura, biolentzia, haserrea, gorrotoa… errazak egiten zaizkit antzezteko. Zailagoak dira niretzat barrea, alaitasuna, sedukzioa… Norbere izaeraren eta tabuen baitan dago hori”.

Azkenak
Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Eguneraketa berriak daude