Dantza eta kantua ditu mundu. Baita euskara, Euskal Herria, politika eta gaineratekoa. Laurogeita urtetik gora da, baina haurraren bizitasuna du. Bizi onaren aztarna ageri da haren begietan.
Euskaltzale porrokatua zara, nahiz eta, ttipitan, ez zenuen euskara ematen…
Ez nekien batere. Ene aitak ere ez zekien. Hara, gero jakin dut, aitaren lehengusu batek erranik, bere aita-amak bazekitela. Eskuara omen zekiten, baina gaskoiz ari ziren beti, gaskoia zen nagusi hemen. Garai batean, gaskoiz mintzatzen zen Pasaian! Sartu zen pixka bat Donostian ere.
Musika, dantza, politika, euskara, koreografia… Arlo aunitzetan ari izan zara.
Txapel asko!
Esango nuke!
Irakasle ere banaiz! Oraindik baditut sei ikasle, eskuara ikasten ari dira nirekin. Maluruski, txapel asko. Behar zen espezializatu, sail bat hartu eta errotik ikasi. Ez musika, ez dantza… ez ditut sekula errotik ikasi. Biziki laketgarria da gauza anitzetan sartzea, baina ez da ongi. Musika eta harmonizazioa banekizki hobeki, zer diferentzia!
Saltsa aunitzetan ibilia...
Bai eta irratian ere. Asko lan egin dut. Irratian denetatik pixka bat jakitea on da, baina musikan ez.
Baduzu arrangura, ez zarela euskal lurrean sortua.
Ene aitak lan egiten baitzuen Indotxinan, han sortu zen ene arreba. Ez du fitsik erran nahi, badakit. Baina, aita handik etorri da, ezkondu berria, alabarekin; ni ez nintzen oraindik sortua. Orduan, aita sartu da Eskual Herrira eta hemen egon da pixka bat, Ameriketara baino lehen. Eta erran dit, kontzebitua izan nintzela Miarritzen. Eta sortzekoa Hendaian. Ene aitak bazituen anaia-arrebak Hendaian, baina jeloskorrak ziren, gure ama bazelako artista. Eta ama eta aitaren familia ez baitziren ongi konpontzen, ene gurasoak eskapatu ziren Hendaiatik. Bertzenaz, erran dut, Miarritzen kontzebitua eta Hendaian sortuko nintzen ni. Aldiz, Argeles-Gazosten sortua nauzu, herri ttipi bat, Biarnon! Halaz ere, bien partetik, amaren eta aitaren partetik, bietatik dut odola, eskualduna eta gaskoia.
Inportantea da odola?
Eskuara da inportanteena enetzat, eskuara. Eta eskuararekin doazen bertze anitz gauza ere. Baina odola… Giroa da inportantea.
1937an Eresoinka ikuskaria ikusi zenuen. Hark bai, inportantzia…
Bai! Inportantea izan da. Orduan ez nintzen batere abertzalea. Aitak jakin zuen Eresoinka bazela Parisen. 1937ko abendua zen. Eresoinka Saran hasi zen, eta Parisen izan zen gero. Ikusi nituen eta asko miretsi genituen. Dantza, batez ere, korala baino gehiago. Orduan ez nintzen musikan sobera trebe, maite nuen, ez besterik.
Eresoinkak jarri zintuen euskal munduari begira?
Ez zen aski hori. Aitak ez zekien eskuara, baina eman dezagun bazela eskualtzalea; ez abertzalea. Orduan hemen ez zen abertzalerik, baina aita beti ari zen “basque, basque…” Hitz batzuk bazekizkien eskuaraz, eta ematen zituen. Amak ere bazekien bere familian bazirela Ezkurra leinukoak, Nafarroako elizetan zaldi gainean sartzeko eskubidea zutenak. Bazen zerbait giroan. Bertzetik, hastapenetik izan nintzen internazionalista, zeren eta hiru hilabetetan Montevideora eramana izan bainaiz… Baina gauza bat inportantea izan da: aita eta ama dibortziatu dira eta, orduan, bakantzetan zer egin seme-alabekin? Arreba eta biak, Hendaiara, izebaren etxera, 1935etik 39rako udaldietan. Ni arras faxista nintzen, arras Francotarra. Aita, burgesa, eskuina zen. Ni, eskuina arras. Baina Hendaian hasi ziren errefuxiatuak etortzen, eta ikusiz, konparazione, Hondarribitik etortzen ziren errefuxiatuak arras eskualdunak zirela –Hendaiakoak baino gehiago–, ikasi nuen.
Hondarribitik Hendaiara igaro zirenetan, izen bat…
Bai, mutiko ttipi bat, Felix –Hondarribiko mutiko bat, beharbada bizi da oraino, ez dakit batere–, 1937-38an, eta ni erdaraz hari: “Zu espainola zara!”, berak: “Ez, euskalduna naiz, zu bezala”. Zazpi urterekin! Nik ez nion erran eskualduna nintzela. Berak sumatu-edo! Oihanburu izenaz bai, biziki harro nintzen. Orduan hasi da eskuararen ikasteko gogoa, eta gero abertzaletasuna.
Hori zure bidea…
Frantses abertzale handi bat bezala, hasi nintzen eskola militarrean, alemanen kontrako gerra hasi baitzen. Frantzia iparraldetik igorri zituzten jendeak, hegora, Baionara, Pauera eta bertze tokietara, gerra hasi zelakotz. Nahi nuen frantses soldadu izan. Baionako eskola militarrera igorri ninduten. Anitz ginen Parisetik eta Frantzia ekialdetik etorriak. Eskolan ginela, hiruk, “Gora Euskadi Askatuta!” ezarri genuen buruan ibiltzen genuen txapel ttipietan. 39an! Fite kanbiatu ginen. Urtebeteko preparazionea egina zutenek bazuten eskubidea nahi zutena izkiriatzeko beren txapeletan. Guk, berriok, ez genuen deretxo hori, baina hartu genuen. Hiru ginen, hirurak miarriztarrak, arras gaskoi den herria. Ikusten duzu nola gauza anitz pasatu diren denbora gutian? Eta kanbiatu naiz.
Noiz hasi zinen euskaraz ikasten?
Galdera interesgarria duzu hori. Hendaiako bakantza delakoetan, ttipitan… Ez hain ttipitan hala ere! 1936an banituen hamabost urte. 1937an pixka bat kanbiatzen ari nintzen. Orduan hasi da eskuara ikasteko gogoa. Xantza ukan dut: ene osaba-izebek bazekiten eskuaraz Hendaian, ene aitak baino gehiago. Bazuten neskame bat hondarribiarra, Koxepa, eta hari: “Nola erraten da halako eskuaraz?”. Horrela, bakantzetan.
Hori ez da aski izaten…
Ez da, ez, aski izaten. Liburu bat topatu dut, Eiheramendi apezak oso ongi egina. Gramática Vasca, lehen liburukia. Eskuararen hastapenak oso inportanteak dira. Hala ere, liburu bat ere ez da aski. Parisen gordeta nintzenean, behar nuen lehenik osasuna salbatu –erreuma artikulazioetan nuela erran zidaten medikuek–, eta eskuara ikasi. Azkenean, 44an, Paris utzi eta behar nuelarik eskuara ikasi, kokatu naiz, orduan bai, Larresoron, gero Ezpeletan, eta gero Alduden. Eta guti ikasi! Badakizu zertako? Liburuekin eta kantuekin ikasten dituzu gauza asko, baina gero, jendearen konprenitzeko… Miarritzera itzuli nintzen –alemanak han zirela–, Olaeta baletaz okupatzeko. “Filipe, ez duk eskuara hire bizi guzian ikasiko” erran nuen. Baina Oldarran bazen mutiko bat Zarauzkoa, Basterretxea, desterratua: bakarrik bizi zen eta ez zekien frantsesa. “Zatoz, Basterretxea, zatoz ene etxera, lo eginen duzu han”. Eta harekin, nekien guzia etorri zait. Eta gero Monzon. Harekin praktikatu nuen. Horrela ikasi nuen, denetatik eginik, liburuak, kantuak, Monzon… Oldarran, gero, aski fite, ukan genuen Likiniano. Haren eskuara, Arrasateko eskuara ezin konprenituzkoa zen!, baina eskuaraz ari ginen. Beste bat bazen beste aldekoa, Zapirain, donostiarra.
Euskaltzaletu eta abertzaletu zinen.
Bai, eta Miarritzen ziren Urreztietarrak, Sotatarrak, Vilallongatarrak, Barkos Landazabal… Monzon gero ezagutu nuen. Eta Mixel d’Arcangues! Honek aita zuen ez Francoren alde, baina Espainiako erregearen alde. Eta semea, Mixel, abertzaletu: txistua ikasi zuen, eskuara ere bai… Egun batez, Baionako kafe batean, Migel Saseta –Kandidoren anaia–, eta d’Arcangues, arras chic, badakizu, dotoreak, eskuaraz!
Chic eta dotore beztitu behar ote dugu geure buruak aintzat hartzeko, bestek aintzat har gaitzan?
Ni beti horrela izan naiz! Kar, kar, kar… Denetarik izan behar dugu ene ustez. Euskadin baditugu apezpikuak eta putak, denetatik. Egia da. Ikusten ditudalarik egungo gazteak, ile luze-eta… Monzon ere, ni bezala, beti dotore!
Ezagutu zenuen Monzon.
Biziki ongi. Eusko Ikaskuntzaren idazkariorde nintzen, idazkari nagusi Manu Sota izan zenean. Presidente, Joxe Migel Barandiaran. Hemen ginen. Eusko Ikaskuntzaren zazpigarren edo zortzigarren kongresua hemen gertatu zen. Manu Sota, Monzon eta hirurak beti elkarrekin ginen. Erdaraz, Manurengatik. Bazekien eskuaraz, baina ez mintzatzen. Ezin! Monzonekin bai, beti eskuaraz...
Parisen zinen Bigarren Mundu Gerra garaian. Garai latzak.
Bistan da. Erraten dizut: Parisera joan nintzen 41ean, lana atzemateko. Aski zaila izan zen. Eritu nintzen. Gero, Miarritzera itzuli nintzen. Osatu nintzen. Olaeta taldean sartu nintzen orduan. 1942an alemanak hasi ziren Atlantikoko murrua egiten. Deitu ninduten eta aurkeztu nintzen: “Bihar goizean etorri behar duk guretzat lan egitera!”. Ni ez nintzen politikan sartua. Hasia nintzen abertzaletzen. Frantsesak, ingelesak… bazter utziak nituen, ez zen nire afera. Baina alemanek hura erran zidatenean, gorde nintzen, ezkutatu. Pentsatu nuen Larresoron bizitzea, bestaldeko bi lagunekin, Larresoroko gain batean zegoen baserrian… Hura zorakeria zen, ordea, Euskal Herria ttipia baita, eta laster salatua izango nintzen! Orduan, Parisera joan nintzen, hobeki ezkutatzeko. Han, lehenik, gosez hiltzen ginen. Gero, ene adiskidea, neska, errusiar judua zen, aberatsa, baina judua. Izeba bat ukan zuten deportatua, kanpamenduan hila, baina haiek ez zuten txarrik ukan... Jendeak ahantzia du, baina hastapenean alemanak ez ziren sobera salbaiak, ez zuten erakusten salbaiak eta gaiztoak zirela… Errusiako gertaerak eta gero, gaizto gertatu dira. 1943-44 urte gogorrak izan ziren Parisen. Bi aldiz izan nintzen arrastatua, eta bi aldiz libratua. Segur da polizia horiek De Gaulleren alde zirela. Uf!
1944an Miarritzera itzuli zinen, Olaeta baleta abian zen, bertan parte hartu zenuen…
Ez dakit jendeek badakiten. Egun batez, Espainiak Baionan zuen kontsulak deitu zuen Segundo Olaeta, erranez ideia separatistak zabaltzen zituela baletaren bidez. Olaeta izutu zen eta handik laster Bilbora itzuli zen.
Orduan hartu zenuen zuk taldearen ardura. Izena ere kanbiatu zenion: Oldarra, Piarres Laffitek erranik.
Bai, hain xuxen. Laffitek anitz hitz proposatu zizkidan. Horietan, oldarra, bultzada bat gaitza, fisikoa edo morala…
1953an zatiketa etorri zen Oldarra taldean. Zenbaiten irudiko, sobera abertzaleak zineten, separatistak… Zioten behar zenutela kantatu eta dantza egin, bestelakoak ahantzirik…
Nik uste dut hori lehenago izan zela, 49an, edo 50ean… Aroztegi zen orduan gure presidentea. Gizon biziki ona, baina Miarritze eta turismoa, besterik ez zuen buruan. Hura, alde batetik, eta ni bestetik. Orduko auzapeza Guy Petit Francoren aldekoa zen. Uzten gintuzten, turismoaren laguntzeko, baina jadanik izan ziren kalapitak ikurrinarekin. Haiek ezetz, guk baietz.
Oldarra utzi eta Etorki sortu zenuen.
Batzuek erraten dute beti kanbiatzen ari naizela, baina Olaetarekin urte bat, eta Oldarrarekin zortzi egin nituen. Ez da minutu bat. Gero, Etorki sortu, eta hogeita hamar urte. Beraz, ez naiz hain fite kanbiatzen. Gainera, Oihanburu korua, eta Etorburu korua orain…
Lan egin duzu, bederen…
Baina ez naiz sobera pozik. Arestian erran dizudan bezala, behar nuen espezializatu, sail bat hartu eta gehiago ikasi hartan. Irratia, politika, emazteak, Etorki… Sobera gauza! Ongi da, interesgarria da, baina ez zara aberasten, eta zahartzean diru pixka bat ukatea on da, eta ez zara nagusitzen zure sailean. Hala ere, ene buruari barkamendua ematen diot. Damu dut ez espezialdua. Irratian segitu banu, norbait bilakatuko nintzen, segurik! Ni beti Etorkin pentsatuz, eta irratiak bizitzekoa ematen zidan. Ez naiz kontent.
Nahiago duzu, beraz, bide bakarra hartu bazenu…
Ezta hori ere! Ez bide bakar bat, baina menturaz hobe nintzen bide gutxiago harturik.
Marxista izan zinen, Bakunin zale gero.
Burges seme bat bezala, eskuindarra nintzen. Gero, gertatu da Euskadiko afera. Hasten zara pentsatuz Gernikan zer pasatu den. Alemanen etorrerarekin zer gertatu den, ene adiskidea, judua… Hasten zara konprenitzen mundua ez dela sobera ongi egina. Bestalde, hasi ginen Parisen, Etorkirekin, eta arrakasta handia. Alta, tropa ez zen perfektua. “Ez züzün perfekt!”, Zuberoan erraten duten maneran. Baina Nekane Lasarteren boz ederra, Polentzi Gezala… Arrakasta handia, dirurik ez. Zer da mundu hori? Orduan hasi naiz kapitalismoaren kontra errebelatzen. Hamar urtez egon naiz Alderdi Komunistan. Egun batez, gauza batzuk konprenitu ditut: Pragako historia eta! Italian nintzen orduan. Han irakurri nuen: “Errusiako tankeak Pragan sartu dira!”. Holako pitokeriarik ez zen egin behar! Orduan kanbiatzen hasi naiz, eta liburua idatzi dut, komunisten kontra: Bakuninen errebantxa liteke eskuaraz. Eta ez dut liburu hori ukatzen.
Komunismoari adio –baina “sekulako”–, adio –baina “ongi etorri”–, anarkismoari…
Komunismoa… kaka! Izaten ahal zen hobeki, baina ez da. Kapitalismoaren kontrako naiz. Kapitalismoak ez ditu munduko aferak antolatu. Gauza berri bat behar dugu, anarkismoa, autogestioa edo ez dakit nola deitzen ahal dugun, baina beste mundu bat pentsatu behar dugu, eta ez dugu aski pentsatzailerik! Oraingo jendeak ez du pentsatzen ahal, kapitalismoaren ordez zerbait berri egiten ahal dela. Ez dute pentsatzen…
Frantzian badira pentsalariak…
Badira, bai. Julliard eta. Jesuita da, arras gure aldekoa. Berak konprenitzen du, nik bezala, mundu hau katastrofea dela. Gero eta gehiago dira hola pentsatzen dutenak.
Eta, orduan, zer dute egiteko dantzak, kantuak.. gure munduan?
Galdera ona! Bozkarioa ekartzea. Kantuz ongi ari zelarik, Aita Donostiaren zerbait edo Guridi, edo Xabi Busto –Hondarribiko musikaria–… ez da erraz, baina ongi kantatzen badituzu, ematen diozu zeure buruari bozkarioa, poza, eta entzuten ari den jendeari ere! Zenbat aldiz, gure kontzertuaren amaieran, jendea etorri zait: “Milesker, milesker!”. Ikusten zen ukan zutela bi oren bozkarioz. Getariko elizan izanak gara duela guti, eta entzule artean, emazte batzuk negarrez. Hori eder da. Edergintzak, zuek artea erraten duzuen hori…
Kar, kar, kar…
Horretan Sabin Arana bezala naiz, pixka bat neologista. “Artea!”… Hori ere bada! Hor dira “bien artea”, “haitz arte”, “karrikarte”… Noiztenka egin behar da ahalegin ttipi bat. “Euskal artea”? Euskal edergintza! Atzeman ezazue hitz bat, baina egin ahalegin ttipi bat... Hara, edergintzak ekartzen du zerbait: ona eta ederra.
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]
Baztango herrietako festetan Mutil-dantza parekideak egitea “mugarri garrantzitsu bat gainditzea” dela adierazi du Plazara Dantzara taldeak. Hala ere, azpimarratu du dena ez dagoela “irabazita” eta oraindik “bide luzea” dutela egiteko.
Azaroaren 4ean euskalgintzak deitutako manifestazioa eginen da Bilbon, 17:00etatik aitzina, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Manifestazio jendetsua izatea espero da eta bukaeran, bestelako esku-hartzeekin batera, soka-dantzan aritzera... [+]