39o ko ipar-latitudean, marra desiratua

  • Andres Urdanetaren (1508-1568) figura ez da behar bezala onartu. Filipinetatik Amerikara itzultzeko bidea trazatu zuenean, Ordiziako nabigatzaileak munduko ekonomia eta geopolitika aldarazi zuen aurkikuntzarekin, portugaldarren zoritxarrerako. Horrela, Manilako Galeoiaren bidez eta haizearen laguntzaz, Espainiako inperioa espezie eta diruz aberastu zen.
    Baina nor akordatzen da Kolon ezezagun honetaz?
Urdaneta
Urdaneta
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
500 urte dira kosmografo gipuzkoarra jaio zela. Ordizian, bere sorterrian, urtea bete ekitaldi antolatu dute, hainbat hitzaldi, erakusketa eta kongresurekin. Iaz eman zioten hasiera “Urdaneta urteari”, izan ere, oraingoz ez dakigu zehazki noiz jaio zen, 1507an edo 1508an –beste batzuek, errorez, 1498an jaio zela badiote ere–. Inaugurazioa Filipinetako presidentea, Gloria Macapagalen eskutik egin zen, ikusmin handiz gainera, estatu-kolpea jasan berritan baitzen herrialde asiarra.

Historiako pertsonaia askorekin gertatu bezala, urteurrenen ingurumarian soilik akordatzen dira erakunde eta elkarteak euren seme-alabez. Ehun urtetik behin-edo. Duela mende pasatxo jaso zuten Ordizian Urdanetaren omenezko monumentu ikusgarria (ezkerrean), Isidoro Uribesalgok egina. Baina eskulturak geografoaren dohainak erakutsi beharrean, ebanjelizatzailearenak nabarmentzen ditu, Gipuzkoako Aldundiak horrela eskatu baitzion eskultoreari.

Aitzitik, Urdanetaren biografo Jose Ramon de Miguelek “gizon modernoa” izan zela dio, inolaz ere beste konkistatzaile edo misiolari klasikoak bezalakoa, baina tamalez, monumentuak irudikatutako azkeneko ikuspegi hori geratu da denen begi-ninietan; batzuek santu beltza deitzen diote oraindik, egin kontu. Horregatik, bosgarren mendeurrenaren antolaketa batzordeak ahalegin handia egin du Andres Urdanetaren alderdi zientifikoa aldarrikatzeko, Magallanes edo Kolon bezalako itsasgizonen mailara eramanez: “Urdaneta ezagunagoa da Filipinetan Euskal Herrian baino” esan zuen Ordiziako alkate ekitaldien aurkezpenean.

Gaztaro ezezaguna

Andres Urdanetaren gaztaroa Aro Modernoko jatorri nabarretan lurruntzen da. Ez dakigu zein etxetan jaio zen; ezezaguna zaigu non ikasi zuen; ezin jakin zein bizimodu egin zuen lehen urteetan. Gurasoak leinu jatorrekoak ziren. Aita, Juan Ochoa Urdaneta, Villafrancako (Ordizia) alkate izana, eta ama, Grazia Zeraingoa, burdingintzari lotutako familia batekoa, Legazpi konkistatzailearen ahaidea. Horrelako askaziarekin, nekez imajina dezakegu gure kosmografoa bizitza oparoan hazia ez besterik. Ordiziako Oianguren baserrian sortu zela dio herri jakintzak, herri guneko Urdaneta etxean historiagileek. Antza, familiak itsasertzera egin zuen gero, negozioaren ezkilak entzunik.

Gaztelako Erresumaren loraldia da, Austriarren inperioak ez du mugarik, ezta mundu berriak muturrik, eta euskaldunak bete-betean dabiltza itsas karrera horretan sartuta. Urdanetaren lehen berri zehatzarekin mutikoa gizontxo bihurturik zaigu, 1525ean. Hainbat iturrik diote lehenago Flandesen ibilia dela, tertzioan, baina ez da segurua. Urte horretan Jofré Loaysak agindutako espedizio batek Ekialdeko Indietara bidaiatzen du, bost urte lehenago Magallanesek aurkitutako hegoaldeko pasabidetik barrena. Espedizio horretan Elkano getariarra aurkituko dugu kapitain eta haren laguntzaile Urdaneta bera dabil.

Non ote daude Portugalen kendu zizkioten paperak?

Ordiziarraren lehen itsasaldi hori erabakigarritzat jotzen dute adituek. Bidaia arriskutsua izan zen. Elkano eta Loaysa hil egin ziren eta itsasontzi bakarra salbatu zen ekaitz, gose eta izurriteetatik. Enbatari iraun ziotenak bederatzi urtez egon ziren Moluka uharteetan harrapatuta –gaur egun Indonesia–; ekialdera montzoien gatibu eta mendebaldera portugaldarren esklabo. Denbora horretan guztian Urdanetak interes bizia erakutsi zuen geografia eta hizkuntzak ikasteko. Alegia, informazio baliotsua bildu zuela inguruko lurralde eta leku estrategikoei buruz –Japonen ere izan omen zen–. Gerora, Carlos I.a Enperadoreari idatzitako memorian honela dio gazte letradunak: “...estaban en Maluco portugueses y tenyan vna fortaleza con mucha artelleria e nabios y fustas y grande armada de moros, sus amygos cada bez que lo abian menester”. Borroka latzak izan zituzten portugaldarrekin, eta horietako batean Urdanetak, gorputzak su harturik, itsasora bota behar izan zuen bere burua. Zauriak betiko izan zituen azalean.

Funtsean, bi inperioen arteko lehia zegoen jokoan, nork Asiako merkataritza eskuratuko, Tordesillaseko tratatua eta Aita Santuaren dohaintza buldak tarteko. 1532an Gaztelak uharte haiek saldu zizkion Portugali eta Urdanetak etxera itzultzea negoziatu zuen. 1535ean iritsi zen Lisboara, argal, zarpail eta Gracia izeneko alaba batekin, baina ez zuten gupidarik izan berarekin, urte horietan guztietan idatzitako informazioa kendu baitzioten: “Al tienpo del desenbarcar me tomaron las guardas del Rrey de Portugal la rrelaçion y la carta que traya para Vuestra Magestad...” azaltzen dio euskaldunak Carlos I.ari. Dokumentu horiek ez dira inoiz agertu, jakingo; al dugu inoiz nondik atera zuen 30 urte beranduago Filipinetatik Amerikara itzultzeko giltza?

Agustindarra bai, baina zeruan izarrak

Ordiziako kultur etxean Urdanetari buruz antolatu duten erakusketa batean itsasgizonek erabiltzen zituzten nabigazio tresnak ikus daitezke. Erraz irudika dezakegu gure nabigatzailea, koadrantea eskuan eta itsas-karta aurrean, ozeano zabalean marra desiratua tindatzen. Lisboatik Gaztelara hanka egitean, Indiako Kontseiluan azalpenak eman behar izan zituen, baina idatzitako memorietan (www.andresurdaneta.org webgunean irakurgai) hutsune kronologikoak antzeman daitezke, ez bide zuen bere sekretua aireratu nahi.

Urte batzuk beranduago, Pedro Alvarado konkistatzaile badajoztarrarekin Nueva Españara joan zen espedizio berri bati ekiteko. Espedizio bat antolatzea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Dirua behar zen batez ere, esperientzia ere bai, eta administrazio inperialaren faborea, jakina; hori guztia ausardia pixka batekin. Azken finean, arrisku handiko enpresak ziren, etekin itzela izan zezaketen UTE modukoak. Esaterako, Elkanok munduari bira eman zionean, iltze-espeziez betetako ontziak 25.000 dukateko irabaziak ekarri zizkion koroari. Ez da harritzekoa anbizioa eta interesa piztea horrelako bidaiek: “Familia garrantzitsuetako kideak ados jartzen ziren merkatal konpainia boteretsuak sortzeko”, dio Jose Antonio Azpiazu historialariak.

Baina Alvarado Mexikon hil zen eta espedizio buru berriak, Villalobosek, lurrean utzi zuen Urdaneta, 1542an. Ez da esan beharrik bidaia porrot galanta izan zela; Villalobosek 30ºko ipar latitudea ukitu zuen, baina ez gehiago, ondoren montzoien bazka izan zen. Bitartean, Andres Urdanetak agustindarren mantua jantzi zuen Mexikon. Ez dakigu zerk eraman zuen erabaki hori hartzera, baina badakigu koloniako administrazio lanetan urte mordoa egin arren izarrei begira jarraitu zuela.

GPSrik gabe, enarak bezala

Sasoi horretan hainbat aldiz saiatu ziren espainiarrak Filipinetatik Amerikara itzultzen; beste hainbeste frakaso. Behin ozeanoa gurutzatuta “itzultzea” ezinezkoa zela zirudien, ez omen zen posible montzoien indarra gainditzea. Baina erreinaldia estreinaturik Felipe II.aren belarrietara Urdanetaren izena iritsi zen, nabigatzaile bikain eta estimatua zen ordurako ordiziarra. Horrela, 1558an bidaia berri bat preparatzeko agindu zion erregeak, ondoren itzulera egiteko: “Según mucha noticia que voz diz que teneis de las cosas de aquella tierra y entender como entendeis las cosas de la navegacion y ser un buen cosmografo, sería de grande efecto que vos fuésedes en los dichos navios...”.

Urdanetak bazekien Filipinak –Felipe II.aren irlak– portugaldarren eremuan zeudela, Tordesillaseko tratatuaren mugak ondo ezagutzen zituen-eta. Hala ere, espedizioa koordinatzeari heldu zion hainbat erabaki adoretsu hartuz. Bat: barkuak Pazifikoko Navidad portuan (Mexiko) eraikiko ziren, Magallanesko pasoa ebitatzearren. Bi: joaneko bidaia udaberrian egingo zen eta itzulera udaran, montzoien astindua ez jasateko. Marinelak, jakiak, ibilbideen trazatuak... Bost urteko plangintzaren ondoren espedizioa 1564ko azaroaren 21ean atera zen.

Ebidentea da lurralde baten konkistara abiatu zirela, zilegitasunik gabeko konkista: hainbat itsasontzi, ehunka soldadu, hornidurak... Miguel Lopez Legazpik zuen ardura militarra eta hark agindu zuen Filipinetako irlak arakatu eta gero Cebú izeneko lekuan behin betiko asentatzea. Urdanetak ez zuen denborarik galdu, San Pedro ontzia karenatu ondoren Amerikara itzultzeko bideari ekin zion. Bidaia horren burua Felipe Salcedo zen –Legazpiren biloba–, pilotuak Esteban Rodriguez eta Rodrigo Espinosa, baina benetako gida Urdaneta bera dugu.

Cebútik Luzonera eta hortik irla ñimiño batzuk itsaso zabalean, besterik ez. Ipar ekialdeko ibilbide ustez kamikazea hartu zuten eta Kuro-Shivo korrontearekin topatzean problemarik gabe iritsi ziren putzuaren bestaldera, Acapulcora. Guztira lau hilabete, zazpi egun eta 2.000 legoa, eskorbuto kasurik bat ere ez, ustekabeak zero. Urdanetaren itsas jakintza magistrala izan zen.

Iritzi aldaketa eta Inperioaren interesak

Tripulazioaren koarentena logiko baten ostean –inork mingaina dantzan jar ez zezan portugaldar edo holandarren aurrean– Urdaneta Gaztelara itzuli zen, Filipinen eta Moluken kokapenari buruz iritzia ematera. Sei urte lehenago pentsatzen zuenaren kontra, lurralde horiek enperadorearen lurraldeen barruan zeudela esan zuen orduko hartan: “...digo que las dichas islas (...) [estan] dentro de la demarcacion de vuestra magestad, con otras muchas islas y tierras...”. Kosmografo askoren iritzia jaso zuen Felipe II.ak, denak Gaztelaren alde egitera makurtuz, eta jakina, Urdanetak ez zion bere buruari harrika egin. Ondoren Mexikoko San Agustin komentura itzuli zen eta han hil zen 1568an.

Urdanetak aberastasunaren ateak ireki zizkion Gaztelari. Ez zen bidaia inprobisatua izan, ezta erokeria edo kasualitatea ere; bere idazkietan arrunt ongi demostratzen ditu koordenadak, latitudeak, ekinozioak... Ordiziarrak bazekien zer egiten zuen. Baina nondik atera zuen informazioa? Japoniarrengandik? Misterio bat da. Agian Parisko Liburutegi Nazionaleko bere bitakora-koaderno hondatu eta irakurtezinean egongo da erantzuna, edo Portugalgo paper galduetan. Dena den, Legazpik aitortu zuen bezala, betiko izango da itsasoen ezagutzari argia eman ziona: “E nos diese lumbre, si no fue la suya”.

Azkenak
Kaleko Afari Solidarioak taldeak botako du txupina Donostiako Aste Nagusi Piratan

'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra. 


Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak,... [+]


2024-07-18 | Gedar
Txosnen debekuaren aurka mobilizatuko dira Lizarran

Autobus-geltokiko parkingean txosnak jartzea debekatu du Lizarrako Udalak. San Benitora lekualdatu nahi ditu, baina Festagirok uko egin dio inposaketa horri. Emakumeentzat leku arriskutsua dela, udalak herriko eragileak jaietako dinamika sozialetik urrundu eta isolatu nahi... [+]


2024-07-18 | Euskal Irratiak
Iñaki Iurrebaso
“Euskararen egoera ikusita, gaitasunean bereziki ahul gaude”

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.


Usansolon herritarrak kexu dira erdigunea tren geltokirik gabe uzteko erabakiaren aurrean

L5 lineak Euskotrenen ibilbidea aldatuko du, eta geltoki batzuk eraitsiko dituzte, tartean Usansolokoa. Trenaren ibilbidea lurperatuko dute eta beste geltoki batzuk gehituko dituzte. 2022an, Eusko Jaurlaritzak linea horren jatorrizko proiektua aldatu zuen Usansoloko geltokia... [+]


Gasteizko txosnagunea arriskuan dagoela salatu dute, Aldundiak TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituelako

Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi falta direla, Gasteizko Txosna Batzordeak urgentziazko prentsaurrekoa eman du, salatzeko Arabako Foru Aldundiak txosnetan TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituela. "Parekatu egin nahi dituzte txosnak eta irabazi ekonomikoa helburu duen... [+]


Munillaren adierazpen homofoboek kritika erauntsia eragin dute berriro

Jose Ignacio Munilla gotzainak enegarren aldiz erakutsi du bere homofobia, homosexualitatea “sendatzeko” terapiak defendatuz. Valentzian irakasle bat harrapatu dute ikasleekin birmoldaketa homosexualeko terapiak egiten, eta Donostiako apezpiku ohia bere alde atera... [+]


2024-07-17 | Gorka Menendez
Zenbateraino izan behar dira txikiak nekazari txikiak?

Gaur egungo ezker mugimenduaren zati handi batek, intuitiboki bada ere, eskala txikiko nekazaritza aldarrikatzen du zalantza askorik izan gabe. Hala ere, txikitasunaren aldarrikapen horrek baditu bere kontraesanak: tamaina txikiko ustiategi batek, definizioz, ezingo du elikagai... [+]


Euskaldunak

Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak lehenengo elkarrizketa Euskadi Irratiari eman zion. Solasaldian asmoez jardun zuen, kontu orokorrak adierazi zituen, ezinbestean, gobernua martxan jarri berri zegoelako. Adeitsua izan zen tonua kazetari eta eledunaren... [+]


2024-07-17 | Iñaki Barcena
Ekofaxismoa al datorkigu?

Kapitalismoak sortutako krisi ekosoziala ondoez globala ari da eragiten planeta osoan. Baliabide material eta energetikoen "gailurrek", hazkunderako eta metaketarako mugak ezarriz, natura eta gizartearen arteko desorekak ekartzen dituzte. Estraktibismoaren gurpil... [+]


Defendatu behar duguna

Ikasle batek erran zidan, behin, testu bat aztertzen ari ginela: “Pertsonaia eri da: geldi-geldia pentsaketa ari da bere buruan”. Bistan dena, erranaldi horrekin, gaizki adierazi zuen gogoan zuen iruzkina, erran nahi baitzuen pertsonaiaren ezontsa nabari zela haren... [+]


2024-07-17 | David Bou
Agur esaten ikastea

Zerbaiti edo norbaiti agur esatea abandonuarekin, amaierarekin eta, azken batean, dolu-prozesuarekin lotutako ekintza izan ohi da. Seguru noizbait esango zenutela –edo norbaiti entzungo zeniotela– “ez zaizkit agurrak gustatzen” esaldi tipiko eta topikoa... [+]


Bego Ariznabarreta Orbea. Gerrarik ez
“Gure aurrekoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik”

Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]


2024-07-17 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hemengoa

Ordenagailua itxi, txankletak jantzi, eguzki-kremaz laztandu. Nora zoaz oporretan? Oporrak egitea nonbaitera joatea dela normalizatu dugu, deskantsuak distantzia behar duelako, diogu. Eta bidaia egitean, turista bilakatuko gara, izendapen aldaketak deserosotasun bat sortzen... [+]


Materialismo histerikoa
Txatarra

Usainak keinuren bat eskatzen zuen, baina berak egin ez zuenez (ezin zitekeenez beste usainik espero), besteok ere ez. “Ez, ez, ez daude denak. Bizirik dirautenen atalik ez dago, ez dut inor bizirik utzi, adibidez, ezpainik gabe (ikusi dituzue? Horiek perfektuak iruditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude