«Gure liburuak guztion gustukoak balira kaka lirateke, ez literatura»

  • “Izenik gabea” esan nahi du mandarin hizkuntzan, baita “bost izen” ere. Txinako Herri Errepublikan disidenteek erabiltzen dute, baina Bolognako (Italia) idazle talde baten izena ere bada: Wu Ming, literatura gainditzen duen proiektu interesgarria.
Wu Ming
Wu Ming
“Q” hizkia eraldatu egin da liburu baten izenburua denez geroztik. Arrakasta itzela izan zuen eleberriak, eta mundu osoan ezagun egin zuen haren egile kolektiboa: Luther Blissett izena erabiliz kultur merkatua astindu egin zuten Bolognako bost idazlek 1990eko hamarkadan, baita izen bera erabili zuten ehunka sortzaileek ere. Proiektu hura amaitu eta berri bat hasi zuten bost literatoek: Wu Ming. Eleberriak, prentsarako artikuluak, film baterako gidoia... Denetarik idatzi dute. Azken emaitza Manituana eleberria da.

Diotenez, zuen ahaide Luther Blissett 1994an jaio zen zapatistekin, eta Seattle hirian hil 1999an. Zuzena al da esatea bost urteko bizitza izan zuela? Ez al da, bada, oraindik bizi?


Jakina. Luther Blissett izena oraindik erabiltzen da mundu osoan. 1999an amaitu zena Luther Blissett Project izan zen, hots, “talde eragilea”. Talde hura sare sozialaz arduratzen zen, Luther Blisset izena erabiltzen zuen komunitate osoaren baitan. Nolabait esateko, mugimendu blissettiarraren Sinn Fein izan zen.


Izen bat, hizki bat: Q, mundu mailako fenomenoa. Ekaitzaren ostean, nolako ajea?


Ekaitzaren ostean, ostera dator ekaitza. Borroka, mugimendu, protesta inspiratzaile da oraindik orain Q eleberria. Duela gutxi, Erroman, Benedikto XVI aita santuak ezin izan zion ikasturteari hasiera eman Italiako unibertsitaterik garrantzitsuenean, ikasleen protestak zirela-eta. Piketeen artean, kartel batean irakur zitekeen: “OMNIA SUNT COMMUNIA”. [Q nobelako anabaptistek erabiltzen dute latinezko esaldi hori].

Nolanahi ere, 1999ko abenduaren amaieran, Seppuku izeneko erritual japoniarra eginez, ofizialki bukatu zen proiektua. Nolako itxuraldatzea izan zuen Blissett jaunak, goiz batez Wu Mingen azalean esnatzeko?


Itxuraldatzerik ez, Wu Ming jada bazen, artean hala izena ez bazuen ere. Q idatzi zuen pertsona taldea da Wu Ming. Beraz 1995etik existitzen zen. Izena aldatu du, besterik ez.

Nondik datoz Wu Ming izenaren ondoko zenbakiak? Zergatik jarri zenbakiak izenik ez duenari?


Guk badugu izen bat. Ez gara anonimoak, anonimoak ez diren bezala Negu Gorriak edo The Beatles edo The Spice Girls. Banda baten izena da Wu Ming, banda bat gara gu. Wu Ming izenak txineraz esanahi bikoitza duenez (“izenik gabea” eta “bost izen”), izenak berak agerian uzten du kontraesana, eta guk kontraesanekin egiten dugu lan, hain zuzen ere. Wu Ming taldeko partaide bakoitzak badu izen artistiko bat, bandaren izenari zenbaki bat gehituz sortua. Zenbakien ordena gure benetako abizenen ordena alfabetikoaren araberakoa da. Izen horiek erabiltzen ditugu ulertarazteko gure lan indibidualak ere proiektu kolektibo baten parte direla, elkarlanaren ondorio direla.

1870. urtean, Isidore Ducasse Lautréamontgo “kondeak” zera idatzi zuen: “Plagioa beharrezkoa da. Progesoak eskatzen du”. Egun, zer uste du Wu Mingek horri buruz?


Plagiotik harago joan beharra dagoela, jada-idatziaren eta jada-kontatuaren biruztartze sinpletik harago. Remix-aren, mash-up-aren, cut-up-aren, pastiche-aren kultura zirraragarria da, baina museoetan gatibu gelditzeko arriskua du. Harago joateko ahalegina egin behar dugu. Pentsatzeke denarekin lan egitera itzuli, kontatzeke dagoenarekin.


Zuen liburuak erostean Einaudi eta Mondadori bezalako argitaletxe erraldoien izenak daramatzagu etxera. Non da ironia?


Nonahi, baina ez da gure araberakoa. Kapitalismoan bizi denaren bizitza, inteligentzia kritikoki darabilen edonoren bizitza, objektiboki da ironikoa. Guk ez dugu ironia gainditzea bilatzen. Luther Blisset Project-en oinarrietako bat zen industria kulturalaren baitatik lan egitea, pop kultura eta merkatuaren baitatik, eta guk tradizio horrekin jarraitu dugu. Planteamendu marxista eta gramsciarra da.


54 nobelan, liburuko pertsonaia bihurtu zenuten Cary Grant. “Estiloa” galdera guztien erantzuna zela uste zuen Charles Bukowskik, eta segur aski, baita Cary Grantek ere. Uste berekoak al zarete zuek?


Bukowskiren estiloa gustuko izango zuen ziurrenik Cary Grantek. Estiloak hainbat eta hainbat dira, eta denak ez dira galdera guztien erantzunak. Estilo eleganteena ere errepikakorra denean, puztu egiten da nazkagarri bihurtzeraino. Begira nola baliatu duten situazionistek Marx gaztearen estratagema estilistikoa, “genitiboaren aurkako”-tzat hartuz. Estiloa Marxengan erreboltari begira zegoen, esaldi sinple bakoitzarekin egia ofiziala suntsitzea zuen helburu: “Alemaniako gauzen egoerari oldartzen zaion kritika ez da buruaren pasioa, baizik pasioaren burua”. Edota: “Luterok agintearekiko fedea hautsi zuen, hain zuzen, fedearen agintea berrezarri zuelako”. Situazionistek gehiegi erabili dute trikimailutxo hori, ia beti era mekanikoan, kontzeptu nahasiak erabiliz: “Ez dugu parte hartu nahi munduaren amaieraren espektakuluan, bai ordea espektakuluaren munduaren amaieran”. Era horretan, estilo hura erantzun oker bilakatu zen.


Esan liteke estiloa ez dela aldatzen, baizik aldakorra dela beti. Atzera begira, nola ikusten dituzue aldaketak zuen estiloan?


Lanean jardun ahala ikasi dugu ezinbestez, eta bidean, estiloari eta hizkuntzari dagozkion kontu eta arazo berriak etorri zaizkigula. Erritmo arazoak, prosodiazkoak, doinuzkoak, figura erretorikoak sakontzeari buruzkoak. Lengoaiak txunditzen eta intrigatzen gaitu. Steve Martin komiko estatubatuarrak zioen bezala: “Language is the most important... uh... ehm...”.

Wu Mingen lanekiko kritikak oso kontraesankorrak izan dira, Europan eta AEBetan. Zelako inpresioa gelditu zaizue, esperientziaren ostean?


Akaso hau esatea hutsalkeria da, baina garrantzitsuena da gure liburuek eztabaida piztea. Guztien gustukoak balira, liburuok kaka lirateke, ez literatura.

Esaten eta egiten duzuen moduan, sorkuntza lan oro da kolektiboa. Badirudi zuen lanek kolektibitate bikoitza bilatzen dutela, zuen pertsonaiengan kolektibotasuna begiratzen duzuela, norbanakotasuna bainoago.


Pertsona isolaturik existitu al daiteke, komunitatetik at? Noski, biologikoki existitzen jarrai lezake, koma egoera sakonean direnak ere existitzen dira biologikoki, eta kasu arraro zenbaitetan ermitauek bizitza espiritual betea daroate, isolamenduan bizi arren. Baina horien kasuan ere, kolektibotasunaren bultzaden aurrean egindako erreakzioa da isolamendua. Gizakiok genetikoki programaturik gaude gainontzeko gizakiekiko enpatia sentitzeko. Pertsona torturatu baten garrasiak entzuten ditugularik, torturatuak sentitzen gara geu ere. Burmuinean ditugun “ispilu-neurona” deiturikoen lana da hori. Duela urte gutxi aurkitu zituzten, eta iraultza handia eragiten ari dira emozioen eta erlazio pertsonalen azterketa zientifikoan.


Manituana zuen azken eleberriarekin, “tailerra” deiturikoa zabaldu duzue Wu Mingen webgunean. Horri esker, irakurleek ideia konkretu samarra egin dezakete, zuen lan egiteko moduaz. Irakurleek emandako iritzietatik, zerk harritu zaituzte?


Manituana.com helbideko foroan parte hartu duten irakurleek erakutsi dute oso irakurketa sakona egin diotela gure eleberriari. Batzuek aurkitu dituzte lur azpiko korronteak, atzeman dute pertsonaia nagusien genealogia mitologikoa, zedarritu dituzte testuaren “indar eremuak”, gaien arteko erakarpen magnetikoak, pertsonaien artekoak, testuinguruak. Zur eta lur gelditu gara. Zehazki, zenbait irakurlek azpimarratu dutelako liburuaren alde “gainaturala”, zeharkatzen duen “printzipio femeninoa”, Ama Jainkosaz hitz egin dute Molly eta Esther bezalako pertsonaiez ari direlarik... Oso, oso intrigantea.

Oraindik ez da Manituana liburuaren itzulpenik argitaratu. Noizko “inperioetako hizkuntzetako” (ingelesa, frantsesa, gaztelania) itzulpenak?


Frantsesezko itzulpena 2008ko amaieran aterako da. Gaztelaniazkoa, agian, 2009 hasieran, eta ingelesezkoa, dena ondo badoa, 2009an.

Manituana-n honako esaldia irakur dezakegu: “Ez zegoen lekurik iraganarentzat, Amerikan”. Esaldiak zentzu handiagoa hartzen du aditza orainaldian jarriz gero. Azken eleberriarekin hasi berri duzuen trilogian Amerikako Iraultzaz ariko zarete. Zerbaitek esan zizuen “orain Amerika”?


Bai, noski. AEBetako armada Bagdad bonbardatzen hasi zen gauean bertan (Bushen eta neo-con belatzen “Shock & Awe” operazioarekin batera) hasi ginen proiektatzen Manituana eta trilogia osatuko duten beste bi nobelak. Gerra hasi aurreko asteetan, NBEko Segurtasun Kontseiluan tirabirak izan ziren: alde batetik Irak eraso nahi zuten AEBak; bestetik, eraso horren kontrako herrialdeak, Frantzia buru. “Europako frontea” hautsi egin zuten Aznarrek, Blairrek eta Berlusconi irrigarriak. Gerraren kontrako manifestazio jendetsuak egiten ari ziren bitartean, analista batzuek esan zuten: “Atlantikoa zabaltzen ari da”. Esan nahi zuten Europako populazioaren sentsibilitatea eta AEBetakoa elkarrengandik urruntzen ari zirela. Europak eta AEBek mesfidantzaz eta erresuminez begiratzen zioten elkarri. Orduan gu, beste hainbat bezala, Europaren eta AEBen arteko harremanari buruz pentsatzen hasi ginen: non ote zen harremanaren jatorria? Erantzuna begibistakoa zen: AEBak nazio gisa sortzeko momentuan. Hortaz, ikerketa abiatu genuen.

“Beldurra da merkataritzaren arima”, dio Manituanako pertsonaia batek. Horrenbestez arteak, merkantzia gisa, zer egin dezake beldurraren aurka?


Pertsonak elkarrengana hurbildu. Desarmaturik, posible bada. Eta hortzak garbiak dituztelarik.
Subertsioaren alkimistak? Ez gehiago
“2000-2002 urteen bitartean akats ugari egin genituen: uste genuen borrokarako mitoa intentzionalki sor genezakeela, eta ideia horrek agit-prop-eko esaldietara mugatu zuen gure diskurtsoa. Mitoaren sortze prozesuan (mitopoiesian) “teknifikazioa” gure esku zegoela uste genuen, izan ere, gure inguruan bazen komunitate bat, mitoa berraragitu behar zuena, harrizko bilakatu aurretik. Baina mugimendu hark kontrakoa egin zuen: gure esaldiak hartu eta hutsal bihurtzeraino errepikatu ditu, fosilizatzeraino, langue du bois (egurrezko mihi) berri bat eginez. Denborarekin konturatu gara inozokeriaz jokatu genuela, eta bazterrean utzi dugu komunikazio subertsiboaren alkimista rola”.

Azkenak
Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek

Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


Igor Peñalver (ELA Volkswagen): “Jarritako garraiatzaileekin osasun arazoak sor daitezke”

ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]


2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko “orduak edo egunak” beharko dira

Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.

Sare elektrikoa erabat erori da... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


2025-04-28 | Gedar
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete

PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.


Kontserbadoreei aldea iraulita, liberalak faborito dira Kanadako parlamenturako hauteskundeetan

Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo... [+]


Eguneraketa berriak daude