Eusketxek 20 urte. Eusketxeren egoitza barrutik.Alvaro Hilario Lopez de San Roman
Eusketxek egun Mexiko kaleko 1.880 zenbakian dauka habia, Euskaltzaleak taldeak eta Ekin argitaletxeak lagunduta. 2004. urtearen amaieran jaso zuten Laurak Bateko zuzendaritzatik beheko solairuan zituzten lokalak lagatzeko agindua: iragarria zen dibortzioa gauzatu zen. Argentinak sekula izan duen krisialdirik larriena testuinguru, Laurak Bat elkarteak ezarritako alokairua laukoizteko asmoa ezadostasun luzearen azken atala izan zen. Mariana Fernández Castelli Eusketxeko bazkide eta historialariaren aburuz, jaio zenetik erakundeak izan duen jarrera zabala ez zen Laurak Bateko zuzendaritzaren gogoko: “Eusketxe beti egon da honaino gerturatu diren euskaldun guztientzako zabalik; ideologia zehatz batekiko atxikimendua ez da sekula hona etortzeko baldintza izan. Batzuen ustetan, ezinezkoa zen hura; horrela segituz gero, euskal etxeen ohiko eredua arriskuan egongo baitzen. Aldaketaren beldur ei ziren”. Urteak pasa ahala, XIX. mendean “euskaldun guztien etxea” izateko aitzindarien gogoa ahaztu zen, antza.
Inertziaren poderioz edo, Laurak Batek ez zuen euskal-argentinarren behar berriei erantzuten jakin eta Eusketxe Euskal Herriarekiko jakin-mina asetzeko gura zutenen topagune bilakatu zen. Gatazka hura irudi batekin azaldu du Irene López de Bikuña elkarteko idazkariak: “Ez da bidezkoa Argentinako euskal liburutegirik handiena daukan elkarteak (Laurak Bat) atean bisitariei harrera egokia eman ahal dien idazkari euskalduna ez edukitzea eta atezain hutsa jartzea. Ez dut uste etorri berria dena gustura sentitzeko bide aproposa denik. Eusketxek, ordea, erabakita dauka horretarako euskaldun bat izan behar dugula; horrela izan da beti. Hau da, iritzi ezberdinak ez ezik, praktika ezberdinak ere eduki ditugu”.
Ikuspegi bakarretik harago
Gero eta jendetsuagoak ziren Eusketxeko ekitaldiek Euskal Herriko politikak eta kulturak eragiten zuten interesa nabarmendu zuten. Ekin, Euskaltzaleak eta Eusketxe erakundeen inguruan batu ziren Buenos Aireseko diasporaren sektorerik dinamikoenak. “Euskal gizataldeaz mintzatzerakoan, euskal etxeetan diasporaren zati txiki batek baino ez duela parte hartzen kontuan izan behar dugu. Ulertzekoa da: arbasoen herriari eusten dion kapsula batean sartzea ez da batere erakargarria; bada zerbait gehiago eskaintzeko beharra. Besteak beste, hedabide masiboena ez ziren ahotsak entzun nahi zituen jendeak”, dio López de Bikuñak. Laurak Batek ohikoari, ikuspuntu bakarreko diasporari heltzeko jarrera hartu zuen: ez zegoen haize berrientzako tokirik. “Eusketxe euskal etxe guztiekin harremanetan dagoen erakunde autonomoa dugu; sortzaileen artean badira, esaterako, Laurak Bateko bazkideak direnak. Zaila izan zen, beraz, alde egiteko agindua jasotzea”, aitortu du Mariana Fernández Castellik.
Arestian aipatu ditugun hiru kultur erakundeek egoitza berria zabaldu zuten duela urte bi. “Erakunde zaharrak bagara ere (Euskaltzaleak, 1944; Ekin argitaletxea, 1942), zerotik hasi gara: auzoak ez gaitu ezagutzen eta bada, oraindik ere, gure bila Belgrano etorbidera joaten denik. Dena egitear dago, baina eutsiko diogu erronkari”. Tartean egoitza aldaketa izan arren, aurrera jarraitu ahal izan dute. Ez dute politikaz berba egitea helburu, “baina bada horretaz egitea, bada ideologia ezberdinetakoek egungo egoeraz edota historiaz eztabaidatzea”, adierazi du Mariana Fernándezek, arrakastatsua den historia atelierra aurkeztuz. “Nork bere jatorriarekin zerikusia zuena ezagutzen bazuen ere, asko ziren hemengo euskaldunek argi ez zituzten kontzeptuak (nazioa, estatua, autodeterminazioa, geografia). Jendeak biziki eskertzen du, falta duena jasotzen duelako eta dakiena hobeto ulertzen duelako”.
Halaber, dantza da euskal etxeek betidanik jorratu izan duten esparrua. Ariketa fisikoak egin bitartean, Aitor Alava irakaslea kulturaz eta Euskal Herriko egunerokoaz mintzatzen zaie. Abesbatzak, zine-forumak, euskal literaturaren atelierrek eta arte galeriak osatzen dute Eusketxeko programazio kultural iraunkorra. Hala ere, badira beste hamaika ekimen, maiz Euskal Herritik heltzen diren bisitarien laguntzaz garatzen direnak; hala nola, txalaparta ikastaroak eta Udalbiltzaren bidez etortzen diren AEK-ko irakasleek antolatutako barnetegiak.
Euskara eskolak
López de Bikuñaren hitzetan, “diru falta dela-eta, bideoak eta liburuak katalogatzeke daude, baina eskaintza kultural interesgarria daukagula esan daiteke. Ezin ditugu ahaztu Ekin argitaletxearen eta Euskaltzaleak taldearen etengabeko jarduera”. Euskara galdu nahi ez zuten zenbaitek sortu zuten Euskaltzaleak. Hasieran, euskaraz egin zitekeen edozer egiten zuten (bertsoak, sukaldaritza eta abar) eta ondoren euskara eskolak iritsi ziren, 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz sendotuak. Laurogei bat dira egun dauden euskara ikasleak. Eusketxeko idazkaria izateaz gain, irakaslea da López de Bikuña: “Irakasle izatea konpromiso handiko lana da; Euskal Gizataldeen Federazioak (FEVA) eta HABEk diruz laguntzen dute irakasleon lana (5 euro orduko); diru gutxi da baina. Irakasle gutxi gara Buenos Airesen eta asteburuetan 200 kilometroko bidaiak egiteko gai garen arren, asko dira urrunegi geratzen zaizkigun euskal etxeak, Patagoniakoak kasu. Ez gara guztiz amateur, baina jasotzen dugunarekin ezin gara guztiz profesionalak izan ere. Hizkuntzaren transmisioa goiz egitea garrantzi handikoa da, baita irakasleok eskarmentua izatea ere. Irakasleon trebakuntza ezinbestekoa da; horixe dugu gabezi nagusia”.
Eusko Jaurlaritzak diru laguntza mota bi ditu: alde batetik, euskal etxeetako azpiegitura eta ekipamendu gastuak asetzera zuzenduak; gastu arruntak eta ekitaldi kulturalak ordaintzeko besteak. Aldiz, Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoen departamenduak ez dute deus ematen. Iaz Eusketxek 5.000 euro inguruko diru laguntza jaso zuen. Beste diru iturri garrantzitsua bazkideek ordaintzen duten kuota da: “Diru laguntzek mendekotasuna sortzen dute baina Argentinako krisialdi endemikoak direla medio, bazkideek ipini ahal duten kopurua txikia da, derrigorrez; zaila da autofinantzatzea. Iaz, Euskal Herrirako bidaia bi zozketatu genituen, diru nahikotxo atera genuelako. Burutsuak izan behar dugu. Hala ere, borondatezko lana funtsezkoa da egitasmoak garatzeko”, kontatu du Fernández Castellik.
Laurak Batetik irtenarazi zuen gatazka ezagututa, baten batek Eusketxe ezker abertzalearen euskal etxea dela pentsa lezakeen arren, ez da horrela. López de Bikuñak eman dizkigu argibideak: “Hemen, ideologia ezberdinen gainetik, lehentasuna batasunari ematen diogu; Eusketxe diasporari hainbat zerbitzu ematen dizkion erakunde autonomoa den heinean, ideia ezberdinak dituzten euskaldunen ahaleginak batzen ditu, baita Laurak Bateko bazkideak direnenak ere: horretan datza eman dugun aurrerapausoa. Ez gara ezker abertzalearen euskal etxea eta izateko asmorik ere ez dugu; horrela izatekotan, Laurak Batekoa bezain iluna litzateke gure etorkizuna”.