«Ametsetan ikusi egiten dut»

  • Makila poltsan sartu eta katedraleko azkeneko ilarako bankuan eseri da. Kolpe baten hotsa entzun da. “Gizon bat erori egin da”, esan diogu. “Bai, ikusi dut”, esan digu.
Ania Miner
Ania MinerKarlos Corbella
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Artzain Onaren katedralean gaude. Nola deskribatuko zenuke gauden lekua?


Gurutze latindarreko oina duen eliza handi-handi batean gaude, hormak elkarrengandik oso urrun daude, eta sabaia oso goian…


Zerk esaten dizu ez gaudela eliza txiki batean?


Sentitu egiten dut, aireak esaten dit non dauden gauzak. Nik badakit noiz nagoen horma baten aurrean eta noiz zutabe baten aurrean. Airearen erresistentziak esaten dit. Horma baten aurrean banago, aireak esaten dit non dagoen pareta, erresistentzia egiten baitit. Leku libre batean, aldiz, airea libre mugitzen da. Ez haizea: airea. Eta soinuak non errebotatzen duen ere sentitzen dut: soinuari eta aireari esker dakit sabaia zer distantziara dagoen. Leku txiki batean banago, sabaia gertu baldin badaukat, ez dago airea mugitzeko lekurik. Airea bildu egiten da, eta horrek esaten dit aireak ez daukala mugitzeko lekurik. Sabai baxua duten eraikinetan soinuak askoz beherago errebotatzen du.


Ulertu ahal izateko, sentsazio hori askoz ere eskala handiagoan imajinatu behar dugu begietatik ikusten dugunok.


Bai, imajinatu itsasoaren aurrean zaudela. Dena sentitzen duzu, zure perspektiba oso handia da bai eskuinera, bai ezkerrera, bai aurrera eta ia atzeraino. Ia 360 gradu ditu zure perspektibak. Ba, nik perspektiba hori hemen, etxe batean edo kalean aurkitu dezaket. Esaterako, imajinatu: ni oihan batean nago. Gela horrek baditu zutabeak: zuhaitzak; badu sabaia: hostoak; eta adarrak ere baditu sabairantz, besoak balira bezala. Eta lurra hemengoa baino altuxeago dago, belarrarengatik. Gauza horiengatik guztiengatik nik badakit oihan horretan zenbat zuhaitz dauden: badakit gela hori itxia den, irekiagoa ala erabat irekia.


Donostian bizi zara. Oso hiri polita izatearen ospea du. Polita al da zuretzat?


Bai, oso. Haizeen Orrazia nire etxetik oso gertu dago, baita Miramar Jauregia ere. Asko gustatzen zait hor paseoan ibiltzea.


Itsuentzat zer moduz dago prestatuta?


Oztopo asko ditu. Adibidez, autobusetan badaude ahozko GPSak, baina beti itzalita egoten dira. Edo pentsa: kutxazain automatikoetan nola atera dezaket nik dirua? Pantailak buruz ikasi… edo akabo!


Oztopoak ez dira fisikoak bakarrik izango.


Ez, lagunak egitea, adibidez, asko kostatzen zait, eta ez da jendearen errua. Gizartean integratzeko aukerarik ez badut, nola egingo ditut lagunak? Lanik ez badut, besteak doazen lekuetara joateko aukerarik ez badut… Non egin harremanak? Gizartean integratzeko aukera izan dudan bakoitzean lagunak egin ditut. Kanpoan integratu naiz eta kanpoan ditut lagunak. Donostian Interneten, musikan eta literaturan hartzen dut babes.


Ken Follet-en Pillars of the Earth irakurri ostean piztu zitzaizun katedralekiko interesa.


Bai, arkitekturak, bestela, ez du aparteko interesik itsuentzat. Beno, ukitzeko aukera baldin baduzu, bai; bestela, ez. Imajinazioarekin jokatu behar duzu. Adibidez, niri bidaiatzea asko gustatzen zait eta jendeak maiz esaten dit: “Baina zuri zer axola dizu Donostian, New Yorken edo Londresen zauden? Ez duzu ezer ikusten!”. Baina ez da hala: hiri bakoitzak, herri bakoitzak bere nortasuna du, eta sentitu egiten dut. Dublinen, Temple Bar-en bazaude, kaleak estuagoak direla ikusiko duzu, musikari asko ikusiko dituzu, bizitza handia… Hemen ere, arratsaldeko 18:00etan Alde Zaharrera joanez gero jendea ikusten duzu… Jendearen izateko erak ere markatzen du leku baten nortasuna.


Asko erabiltzen duzu “ikusi” aditza. Zuretzat gauza bera al dira “ikusi” eta “imajinatu”?


Ez. “Ikusi” nire zentzumen guztiekin sumatzen eta sentitzen dudan guztia da, eta “imajinatu”, sumatzen dudan horrek ematen didan iruditik neure irudi propioa sortzea.


Ukituz gero arkitektura ikusi egin dezakezula esan duzu. Maketen bitartez ikusi al dituzu eraikin asko?


Bai, hori da. Baina Eiffel dorrera bazoaz ere lurra ukitu dezakezu, eskailerak, egitura… Maketek asko esan didate, baina eraikin batzuek ere informazio handia ematen dute. Beste eraikin askok, ordea, ez. Niri bost axola zait Madrilgo Picasso dorreak sabaian zulo bat izatea eta, han barrenean, hiria ikusteko begiratoki bat; bost axola polita ala zatarra den; arrosa, laranja ala berdea.

Zer dira koloreak zuretzat?


Ezer ez.


Inork “jertse hau gorri da, eta beste hau beltza” esaten badu, zuretzat ez dago inolako desberdintasunik?


Ez, ezer ez. Txikitan kolore gorria sumatzera iritsi nintzela uste dut. Izebak, ispilu gorri bat hartu eta eguzki printzak harantz proiektatzen zituen. Orduan, ispiluaren gorritasuna areagotu egiten zen intentsitatez, eta hor sumatzen nuen zerbait. Baina ordutik ez dut kolorerik sumatu. Eguzkiaren argia bai, agian. Udan, igerilekuan, argiak begien kontra ematen badit, zerbait sumatzen dut. Ez dakit zer den, baina ni ere ezin naiz eguzkiari begira jarri.


Behin baino gehiagotan galdetu izan digute: “Zuk nola amesten duzu, koloretan ala zuri-beltzean?”. Nola amesten duzu zuk?


Esna nagoenean errealitatea sumatzen dudan moduan amesten dut, berdin-berdin. Baina ametsetan ikusi egiten dut. Ez begiekin, nik ez baititut irudiak zuek bezala ikusten; baina nire irudi propioak sortzen ditut buruan. Esna nagoela buruan eraiki ditudan irudiak etortzen zaizkit ametsetan.


“Egixe da, neuk ikusi dodalako…”. Inozoak errealitatea geuk ikusten dugun hori dela pentsatzen dugunok!


Errealitatea hor dago, eta bakoitzak bere erara hautematen du, bere erara ikusten du. Norbere buruak, norbere nerbioek, errealitatea era batekoa edo bestekoa dela esango diote bakoitzari. Izaki bizidun guztiok ez dugu errealitatea berdin hautematen: txakurrek, saguzarrek, izurdeek… Ba, gizaki guztiok ere ez.


Hizkuntza da errealitatea hautemateko beste era bat. Hiruzpalau dakizkizu zuk, eta hizkuntzak mundua ikusteko betaurrekoak direla esan ohi da. Zenbat eta hitz gehiago jakin, gehiago ikusten dugu?


Bai, adibidez, eskimalek, inuitek 14 izen omen dauzkate elurra izendatzeko. Guretzat elurra, elurra da, baina beraiek elur-zopa, elur izoztua, elur erdi izoztua… bereizten dituzte. Izen horiek jakinez gero, guk ere bereiziko genituzke. Euskaldunok hitz mordoa dauzkagu tximeleta esateko, eta ez da gauza bera tximeleta bat, pinpilinpauxa bat edo mitxoleta bat. Txingorra eta kazkabarra ere ez dira gauza bera.


Eta literaturak ikusten laguntzen al dizu?


Liburu baten azala ireki orduko beste mundu batean sartzen naiz. Liburu horretako pertsonaia baten azalean sartzen naiz, eta pertsonaia horrek ikusten duen guztia ikusten dut. Begiak banitu bezala. Horrek mundua, nire mundu erreala, ikusten laguntzen dit, eta izugarrizko indarra ematen dit. Liburu batek emandako argiak eleberria amaitu eta hurrengo liburu baten azala ireki arte irauten dit. Pertsonaien begietatik, deskribapenetatik… ikusten dut. Nire eskuak nire begiak dira, eta hatz-mamietatik besoraino eta besotik burmuineraino iristen zaizkit irudiak.


Zein izan da liburu batean aurkitu duzun paisaiarik ederrena?


Bernardo Atxaga da euskal idazleen artean gustukoen dudana. Oso euskara polita du, sinonimo asko erabiltzen ditu, eta bere istorioak oso onak dira. Soinujolearen semea liburuan agertzen diren paisaiak, Amerikako etxaldea, Obaba herria, baserria… oso politak dira. Baina nazioarteko nire idazlerik gogokoena Tolkien da, dudarik gabe. Deskribatzen dituen paisaiak ikaragarriak dira, eta idatzi duen guztia lauzpabost aldiz irakurri dut, ingelesez. Idazle bakoitzaren obrak bere hizkuntzan irakurtzen saiatzen naiz: norbere hizkuntzak nortasuna du, eta idazlearen hizkuntzan irakurrita hitzak hobeto iristen dira bihotzera. Ken Follet-en Middle Earth mundua txundigarria da: izebak mapa bat ere egin zidan liburuko paisaiekin.


Izeba aipatu duzunez… Soinujolearen semea ere berak irakurri zizun, ezta?


Bai, izebak irakurtzen zuen bitartean nik zintan grabatu nuen, eta hamar aldiz irakurri dut. Orain grabatuta dago ONCEn, baina guk aurkeztu zen egunean bertan erosi genuen, eta aurreneko egunean hasi ginen irakurtzen. Gainera, nik presa handia izaten dut irakurtzeko, eta izebak asko grabatu behar izan zuen.


Braille sistema dago, batetik. Autiobooks-ak edo entzuteko liburuak, bestetik. Ez da gauza bera, ezta?


Ez. Zuek bezala, nik ere eskubidea izan behar nuke liburuak neuk irakurtzeko. Zuek, liburu bat entzuten jarriz gero lo hartzen duzue, edo galdu egiten zarete… Ba, ni berdin. Nire eskuak nire begiak dira: jendea ez da ohartzen. Badirudi pribilegioa dela braillez irakurri ahal izatea, baina eskubidea behar luke. Eta berdin zait itsuak gutxi bagara, berdin zait euskaraz irakurri nahi dugun itsuak are gutxiago bagara. Nik ere irakurri nahi ditut Arestiren liburu guztiak, Koldo Mitxelenarenak, Lizardirenak, Lauaxetaren bertsoak… Denak. Eskubidea izan behar nuke liburutegira joan eta nahi ditudan liburuak nire esku izateko.


Zenbat liburu irakur daitezke euskaraz braille hizkuntzan?


Oso gutxi. Abenduan 75 liburu braillera itzultzeko akordioa sinatu zuten ONCEk eta Kultura sailak, baina hori ez da kontua. Kontua da eskubide berbera izan behar genukeela. Guk Durangoko Azoka egiten dugu abenduan. Primeran. Oso ondo. Baina ni? Nirekin nork pentsatzen du? Nik ezin ditut liburu berriak irakurri… Baina ezta orain dela berrogei urtekoak ere!


Eta musika garrantzitsua al da zuretzat?


Oso. Denetik entzuten dut: Ken Zazpi taldearen sentsibilitatea barruraino iristen zait; musika zelta ere oso gogoko dut, talde mitikoak entzuten ditut –U2, Rolling Stones…–, La Oreja de Van Gogh ere gustatzen zait… Musika instrumentuen bilduma ere egiten dut.


Errealaren jarraitzailea ere bazara. Partidetan, nola jabetzen zara zelaian gertatzen denaz?


Normalean irratia entzuten dut, baina zelaiko giroak ere esaten dit zer gertatzen ari den: talde bietako zaletuen erreakzioek, oihuek, kexek… Irratirik gabe ere moldatzen naiz; zaleek beren keinuekin eta portaerarekin gauza asko esaten dizkidate.

Memoriak garrantzi handia al du zuretzat?


Zuentzat adinakoa. Zuek, begiokin ikusten duzuenok, beste zentzumen guztiak erdi-lo dituzue. Ukimena, esaterako. Baina ez eskuetako ukimena bakarrik, azal osokoa baizik. Azal guztiak ukitzen du. Begiekin ikusten dituzuen irudiak, ukimenaren eta sentipenaren bidez iristen zaizkit niri. Zuen irudiak buruan transformatzen dira, eta nireak ere bai. Nik lo dut zentzumen bat; zuek erdi-lo besteak. Esna dauzkadan zentzumenekin hautematen dudan guztia berdin-berdin gordetzen dut memorian. Prozesua berbera da, nire ustez.


Eta zer esaten dizu pertsonen ahotsak?


Dena, pertsona horren izaera zein den. Baina ez ahotsak bakarrik: keinuak eta mugimenduak ere ikusten ditut, jendeak maiz kontrakoa uste duen arren.


Zein da zuretzat imajinatzeko edo ulertzeko kontzepturik zailena?


Koloreak, pertsonen fisonomia… Baina ez zaizkit asko inporta. Inportako balitzaizkit ezingo nuke bizi. Esnatu, eta horma bat jotzen dut egunero. Horma hori eskalatu egin behar dut, edo tunel bat egin eta behetik pasa… Nire aurrean ez da aterik irekiko. Inork ez dit aterik egingo. Baina horma horren alde honetan geratzen banaiz ez dut beste aldean dagoen zelaia ikusiko, ez dut eguzki-lorerik ikusiko… Alde honetan hosto ihartuak eta desertua baino ez dago. Orduan, zer egingo dut, hemen gelditu? Ez. Beste aldera joan behar dut. Baina paretak hor jarraitzen du…


Zerk erraztuko luke ate hori zabaltzea?


Gizartearen pentsaera aldatzeak. Lanean, harremanetan, erakundeetan… Amerikarrek egin diote zirrikitu bat paretari. Zertxobait. Orientazio azokak dauzkate, karrera solidarioak, abokatu itsuen erakundea, idazle itsuena… Baina horietan parte hartzeko bertako biztanlea izan behar duzu. Nik hemen ez dut etorkizunik ikusten, eta ez itsua naizelako. Espainiako Estatuan itsuen gehiengo zabalak kupoiak saltzen egiten du lan oraindik! New York-eko gobernadore berria, David Paterson, itsua da, eta fiskala eta gobernadore ordea izan da orain arte. Eta inork ez du zalantzan jarri lan horretarako gai denik! Hori hemen pentsaezina da! Nola iritsi horretara kupoiak saltzera kondenatua bazaude?


Zuk zertan egin nahi duzu lan?


Behar balitz 24 orduz egingo nuke lan, baina ez kupoiak saltzen. Niri oso lan duina iruditzen zait, baina ez litzateke aukera bakarra izan behar, besterik ezean egiteko lana baizik. Francok sortu zuen kupoia, Francok sortu zuen ONCE, eta aurrerapen handiak egin dituzte aparailuetan, teknologian… baina ez dute aukerarik ematen, ez dute biderik zabaltzen. Niri euskararekin loturiko lanen bat egitea gustatuko litzaidake, berdin zait zer… Berdin zait, ez baitakit nora jo.

Galduta sentitzen zara?


Marinel irlandar zahar batek kontatu zidan, lehen, itsasoan sextantearekin ibiltzen ziren garaian, ekaitz handien ondoren galduta sentitzen zirela. Ez zekiten itsasoak nora eraman zituen, norantz jo behar zuten… Orduan, iparrizarra bilatu behar zuten. Hark markatuko zien norabidea. Baina erreferentzia puntu bat behar duzu, eta nik ez dut nire iparrizarra aurkitu.

http://www.argia.eus/bideoak
helbidean, elkarrizketaren bideoa.
Nortasun agiria
Ania Miner 1982ko urriaren 1ean jaio zen Donostian, eta bertan bizi da gaur egun ere. Jaiotzez itsua da, eta sei anai-arrebetan bosgarrena. Nafarroako Unibertsitatean aritu da zuzenbidea ikasten, eta UNEDen lizentziatuko da laster. Bidaia zalea da eta Turkian, Floridan, Greziako uharteetan, Londresen, Parisen, eta Irlandan izana da. Bizikletan eta zaldian ibiltzea, urpekaritza, eskiatzea, eta karabinarekin tiro egokitua egitea gustatzen zaizkio. Baina, batez ere, irakurlea da Ania, irakurle sutsua. Behin, birritan eta hamar aldiz irakurtzen ditu harrapatzen dituen liburuak. Ez da arkitektoa, baina zehaztasun osoz deskribatzen ditu katedralen tripak.
Arazoak
“Oso gogorra da, badakizu egunero arazo berarekin esnatuko zarela. Badakizu janzteko, kalera ateratzeko, erosketak egiteko, lanerako, ikasteko… arazo pila batekin topo egingo duzula egunero. Denok dauzkagu arazoak, baina nik zuen arazoak eta bat gehiago dauzkat”.
Galde shorta
  • Zerk bereizten ditu eguna eta gaua? Argiak.
  • Soinurik ederrena? Mendian egonda, itsasoaren ertzean haizeak esaten dizkidan hitzak.
  • Eta beldurgarriena? Otso baten ulua.
  • Oztopo bat? Udan neu bakarrik hondartzara joan eta gabarroira igerian iristea.
  • Irakurri nahi zenukeen liburu bat: Lauaxetaren edozein bertso-liburu.
  • Musika talde bat: Ken Zazpi.
  • Miresten duzun pertsona itsu bat: Hellen Keller, Ana Sullivanen ikaslea.
  • Keinu bat: benetako besarkada bat.
  • Ipuin bat: Hamelingo txirularia.
  • Zapore bat: Gozoa, kremazko hostopilak, adibidez.
Gobernuan
“Ezintasunen bat duen norbaitek egon behar luke gobernuan, administrazioan, erakundeetan… Berdin zait gorra, itsua edo elbarria den; baina ezintasunen bat duen norbait. Ezintasunik ez duenak ez du guk adinako sentsibilitaterik geure arazo eta beharrekiko. Eta ez da kritika, logikoa da. Baina horregatik da behar-beharrezkoa gure presentzia toki horietan”.

Azkenak
2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
Mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Eguneraketa berriak daude