Matalazen martirioaren urratsetan

  • Bernat Goihenetxek, Matalaz goitizenez nabarmen gehiago ezagutua den Mitikileko apaiz zenak, 1661. urte amaieran pairatu zuen martirioaren urratsetan ibilaraziko gaitu txango honek. Zuberoako hiriburu Maule-Lextarre apur batean ezagutzeko aukerarik emango digu gaurkoa eta iragana uztartze honek.
Maule-Lextarre (Zuberoa)
Maule-Lextarre (Zuberoa)Allende Sokarros
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Pilota plaza, Udaletxea, Anduraingo jauregia eta Kurutze Zuria dauden Lextarreko plaza izango dugu abiapuntu. Lextarre bai, ez Maule. Izan ere, Zuberoako hiriburutzat oker eman ohi den Maule, Ühaitzandia errekaren beste ertzean kokatutako hiri zatia baita.

Lextarreko plaza hau, 1922. urtera arte, ez zen gainerat Mauleko udal jabetza, bai ordea Zuberoako Mendi Elkargoarena. Plazaren mutur batean, Anduraingo Jauregi alboko etxe zaharrean biltzen zen Lextarreko Gortea, Zuberoako antzinako egitura burujabeetatik bata. Alboan dauka, beraz, Maule-Lextarreko eraikin ikusgarrien eta dotoreenetatik bat: Andurain de Maytie jauregia. XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera bitartean eraiki zen etxe handi eta aberats hau, Olorueko (Biarno) gotzaina zen Arnaud de Maytiek eraikiarazia. Berpizkundeko arkitektura dauka eta haren berezitasunen artean dago oholez egindako hegatsa eta hura sustatzen duen zurteria.

Gurutzearen aurretik, intxaurrondoa

Eraikin dotore honen eta Mauleko udaletxearen artean kokatzen da XVI. mendean eraikitako Kürütxe Xuria. Historia ikertzaileek diotenez, kurutze honi eskegi zioten Matalazen burua, zuberotar borrokalarien aitzindari jarritakoa 1661eko azaroaren 8an, Frantziako esku-makilek hil eta gero. Historiak dioenez beti ere, zuberotarrek berehalaxe berreskuratu zuten Matalazen burua eta ustea bada gaineratiko beste gorpuzkinekin batera Berrauteko elizatxoaren aldarepean ehortzia izan zela.

Matalazen martirioaren kokagune izan aurretik, antza, Kürütxe Xuriaren leku hori bera Zuberoako burugaintasunaren lekuko izan zen. Hortxe landatua zen Lextarreko Gortearen justizia ebazgunea zen eltzaur edo intxaurrondoa. Hala, Jean de Jaurgain jaunak Gaskoniako lehoia sarrarazi arte, Lextarreko eltzaurra zen Zuberoako herri ikurra.

Kürütxe Xuriaren beste aldean da, beraz, gaur egun Mauleko Udaletxea den Montreal jauretxea. Honen historia luzea laburbiltzearren, erran dezagun Agaramontar Enrikek XII. mendean eraikiarazi ondoren, De Treville mosketarien buruzagiaren seme Arnaud Jean de Peyrek erosi zuela 1676an eta bere iloba Armand de Montreali oinordean utzi. Armand de Montreal hau Mauleko kapitain-jauregizain, hots Frantziako erregearen ordezkari nagusi, izan zen. Historia garaikideagoan, etxe handi hau Suprefetura izan zen 1789 eta 1927. urteen artean.

Burugaintasunetik menpekotasunera

Alabaina, ibilbide honetan ez dugu zuberotarrek “Peko Arrüa” (Beheko Kalea) deitu ohi dioten Victor Hugo karrika jarraian hartuko. Ordea, “Galerietako zübüa” bezala ezagutua den zubia igarota, zuzen joko dugu eta berehala ezker alderat, iturri baten izkinean abiatzen den karrika hertsi eta aldapatsuan gora. Rue du Fort (Gotorlekuaren karrika) izena ondo emana du, Mauleko gaztelu zaharrera igotzeko aukera emaiten baitu. Aldaparen amaieran topatuko dugun bide sardan eskumara jarraituz, laster iritsiko gara XII. mendean eraikitzen hasi ziren gaztelu zaharrera. Harresi sendoak, dorre bat, lubakiak, hiru arkuko zubi altxagarri ohia eta barruan kabazuloa baino ez bazaizkio geratzen gaur egun, “Guyanako gaztelu gotorrena” bezala emana zen XV. mendean.

Frantziako botere menperatzailearen lekukoa dela erraitea ez da guztiz egia. Hala da, frankoen errege ordezkari ziren kapitain-jauregizainen egoitza zela, baina aurretik, XI. eta XIV. mendeen bitartean, Zuberoako bizkondeen bizilekua izan zen, hauen babesle zelarik Nafarroako Erresuma. Historian zehar, suntsiketak eta suteak jasan ditu behin eta berriro. Aldiz ez da ahaztu behar –Frantziazale amorratu batzuek bezala– gure arbaso zaharren gaztelu bat zela leku horretan, aztarna argi batzuek frogatzen dutenez.

Frantziaren menperatze basatiaren ondorioa izan zen Matalaz Urdiñarben atxilotzea 1661eko urriaren 13an, Mauleko gaztelu zaharrera eramaitea eta han bertan epaitzea eta lepoa moztea, 1661eko azaroaren 8an.

Maule gaineko eliza, bi aldiz katedrala!

Gure herriaren menperatzearen gertaera historiko samin hauek gogoan ditugula, buelta emango dugu eta gorantz egitean, albotik igaro gatzaizkion De Bela jauretxeko kanpoko eskaileretan behera, Maule gaineko plazara jaitsiko gara. Gotorlekuak babesten zuen bastida hau XIII. mendean eratu zen, Ingalaterrako erregeak Akitaniaren jabe zirelarik. Erdi Arotik hasita, mendetan zehar, garrantzi handiko merkataritza gune izan den bastida honen berezitasun aipagarrienetatik bat da Andra Maria eliza. Izan ere, eraikin xume hau bi aldiz izan zen katedrala, lehenengo batean 1378 eta 1419. urteen bitartean, Eliza kristauaren zatiketa handian, eta bigarrenez erlijio gerren garaian, 1562 eta 1599 tartean. Lehen aldian, Zuberoako Eliza Erromako Aita Santuaren alde jarri zen eta bigarrenean, katolizismoaren alde. Alegia, bietan katolizismoaren alde.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matalaz
Johañe Pitrau
Laborari menditarrak esnarazi dituen lider zuberotarra

Esan Pitrau eta txapela erantziko dizu askok Zuberoan bezala Nafarroa Beherean edo Lapurdiko mendialdean. Johañe Pitrau Erbin, XX. mendeko euskaldun inportanteenetako bat dela esatea ez da esajerazioa: hiru mende lehenago Bernard Goihenetxe Matalaz deituak Zuberoako... [+]


2014-02-20 | Sustrai Colina
Manex Fuchs
"Jendearen mamuei heltzetik dator antzerkiaren iraupena"

“Xoxo beltz bat banuen kaiolan sartua...”.


2013-02-19 | Julen Leuza
Benitoren Zuberoa

Oier Araolazaren aholkuari jarraituz, sare sozialean sortu zen gai bati buruz idaztea erabaki dut. Gai mamitsua, baina gogoratu, hau ez da gauzak nola diren edo nola ez diren azaltzeko topagunea, honek gogoetak trukatzeko tokia nahi du izan.


2011-04-02
Ttittika Rekalt: “Egin dezagün iraultza, ezkerrak xurga dezala zakil eta arrautza!”

Eta pastorala hankaz gora jarri zuen kristaua.

Askatasuna behar duela sortzaileak…

Gaixotasun mental pixka bat ere bai, ego elegante bat eta, prefosta, sosa, bena hori hanitxetan ahazten zaie emaitea...


2005-05-24
“Matalaz” ikusgarriko kantuetan oinarritutako lana kaleratu du Algelique Fulinek
Angelique Fulin ikerlariak Matalaz ikusgarrian Tehenta taldeak kantatutako abestien bilakaerari buruzko lana kaleratu du. Matalaz. Euskal kantua atzo eta gaur liburuari gehitu dioten CDan kantu haien grabazioa ere entzun daiteke.

Eguneraketa berriak daude