Zure jaiotzaz galdetzeko esan didate Habanako lagunek. Badela hor jakingarri zerbait.
Zure lagun horiek nire lagunak ere badira… 1934ko azaroak 16 zituen. Bilbon gara, Zorrozan. Emakume bat, Josefa Zabalegi, erditzeko zorian. Orduan, bi guardia zibil sartzen dira etxera. Juan Astigarribiaren atzetik dabiltza. Gizona ez dago han. Josefari heldu eta estu hartzen dute, senarra non den esan dezan. Andreak, ez dakiela, ez duela aztarnarik, baina, jakingo balu ere, ez liekeela esango, badakiela kartzelara eramango dutela; kartzelara, edo auskalo nora! Ez zen Juanitoren bila heltzen ziren estreinako aldia. Izan ere, gure amak –Josefa Zabalegi hark, alegia–, mitin batean ezagutu zuen Juanito, Donostiako ur-kontagailu fabrika batean. Gure aitak hainbat mitin egin ohi zituen, Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari zenez, eta ordurako emaztea ohituta zeukan kartzelara bisitan joaten. Kontuan hartu, gainera, gizona politika gorabeheragatik zuloan zeukan emakumeak gorriak ikusi beharrean zegoela; gaur egun ere hala da, baina nik esango nuke askoz ere latzago zela orduan.
Josefa Zabalegi erditu, eta zu jaio zinen.
Bai, baina zaude, zaude! Bi guardia zibil haiek ez zuten gure amaren logelatik irten nahi. Ezetz! Esateko non zen Juan Astigarribia! Sendagileak ere, handik aldegiteko, faborez. Bada, ez ziren irten! Gelan geratu ziren, paretari begira, gure ama erditu bitartean. Horrela jaio nintzen: amaren amorrazio guztia sabelean bildurik, eta “benemeritaren” zaintzapean.
Juan Astigarribia zenuen aita, esan duzu. Euskadiko komunisten idazkaria…
Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzan Herrilanetako sailburua izan zena. Gure aita donostiarra zen. Mutil koxkorretan hil zitzaion ama eta, orduan, aita (Gregorio), hartu Juan eta Ferrolera (Galizia) joan zen lanera. Bazan ontziolan hasi zen. Han berriz ezkondu eta familia gehiago izan zuen. Gure aita itsasoan hasiko zen lanean hamasei urte bete zituenean. Lehenengo, txo hasi zen, eta gero gerrako itsas armadan egin zuen soldadutza. Itsasontzian, alde batetik bestera ibili zen eta kontua da 1925ean Irunen zela, Zapirain anaiekin batera, Marxen
Kapitala irakurtzen, eta Euskal Herria alderik alde korritzen, proselitismo lanetan. 1934an atzera Euskadira itzuli zen, baina ezkutuan, klandestino. Euskadiko Alderdi Komunistaren idazkari izendatu zuten. Gutxi ziren, baina onak, nonbait. Dolores Ibarruri, Jesus Larrañaga edota gure aita bera dira adibide.
1936an, Herrilan sailburu izendatu zuen Jose Antonio Agirrek…
Batasun nazionaleko gobernua zen. Francoren kontrako indar politiko guztiek parte hartu zuten han. Lehendakariak Bilboren defentsa antolatzeko agindua eman zion gure aitari, Aznar eta Leizaolarekin batera. Bilbo 1937ko ekainaren 19an erori zen, baina ordurako Euskal Herriko haur asko, milaka haur, erbestera bidean ziren. Arreba eta biok Moskura bidean jarri gintuzten, Bilbo erori baino sei egun lehenago, ekainaren 13an. Egoera larria zen. Santurtzitik irten eta Leningradora iritsi ginen, Le Havretik igaro ondoren. Taldearen arduradun Bizente Delgado genuen. Neska bat ere bazen, haur txikienak zaintzen zituena, ernea, iharra, adore handikoa. “La Pericacho” esaten zioten… Ni ez nindoan bakarrik. Nirekin zen arreba, Rosa, ni baino urtebete zaharragoa... Berak hiru urte eta erdi zituen! Hala ere, Rosa izan zen nire zaintzailea Moskuko Omniskoye haurtzaindegian. Haurrak ginen artean, baina irudipen horixe daukat, alegia, Rosak zaintzen ninduela, berak ematen zizkidala nik behar nituenak: jostailuak, janaria eta beste. Dena dela, han zen beti “La Pericacho”, benetan gu zaintzen gintuena. Asko kantatzen genuela ere gogoratzen naiz.
El roble y la ceiba liburuan irakurri dudanez, laster elkartu zineten familia osoa.
1939an, gurasoak Frantziara igaro zirenean. Eskatu egin gintuzten, haiekin nahi gintuztela. Parisen eta Marsellan bizi izan ginen. Hantxe izan nuen lehenengo bizikleta, eta argazki bat ere gorderik dut oraindik garai hartakoa, bizikletari helduta. Hantxe egin nituen lehenengo lagunak. Europako egoera okerrera ari zen, ordea, eta gurasoek Amerika honetara etortzea erabaki zuten. Frantzian bulego bat ireki zuten Espainiatik ihes egindako errefuxiatuak beste herrialde batzuetara bidaltzeko. Horrelaxe irten ginen handik, 1940an. Hor ere bada kontatzekorik. Marsellatik Dominikar Errepublikara bidean jarri ginen frantziar ontzi batean.
Commisaire Rammel zuen izena. Panama Hiria jo eta gurasoek bertan geratzea erabaki zuten. Itsasontziak gu Panaman utzi eta, itzulian zela, hondoratu egin zuten alemanek!
Hori duk eta!... Eta zer bizimodu Panaman?
Umeoi zegokigunez, eskolara. Ordurako zazpi urte zituen Rosak, eta nik berriz, bost. Oraindik gogoratzen naiz zer uniforme janzten genuen eskola publikorako, kaki koloreko prakak, alkandora zuria, gorbata beltza. Gainerakoan, jolas! Oso zaletu nintzen futbol eta beisbolera. Jokatu ere egin nuen bietan. Orain ez dut jokatzen, baina itsua naiz, bien zale amorratua. Kirol zale porrokatua naiz, izan ere. Panaman ginela, hirugarren umea izan zuten gure gurasoek: Enrike. Iritsi ginenean Arnulfo Arias zen presidente, hauteskundeak irabazi berria. Urte batzuk geroago Panamak izan duen lehen presidente emakumezkoaren senarra izan zen Arias hura. Bigarren Mundu Gerra garaian, Japon gerrara sartu zenean, japoniarrek herrialdean zuten merkataritza guztia haiei kendu eta panamarren esku jarri zuen.
Zertan zen Astigarribia Zabalegi familia garai hartan?
Arrebak Lehen Hezkuntza bukatu eta Merkataritza ikasi zuen aurrena eta Ekonomia ondoren, Panamako Unibertsitatean. Hantxe ezkondu zen, unibertsitateko irakasle batekin, eta hantxe bizi da oraindik. Ez diote gerrako haurra denik aitortzen, legeak eskatzen dituen betebehar zenbait betetzen ez dituelako. Hori ere bada! Enrikek Fisika eta Kimika ikasi zituen AEBetan, Berkeleyn, eta han bizi da. Niri dagokidanez, batxilergoa egin nuen lehenengo, eta gero berriz, Kimika eta Biologia arrebak ikasitako unibertsitate berean. Panama zementu fabrikan lan egin nuen zortzi urtez, harik eta aitak Kubara etortzeko asmoa agertu zidan arte. Denera, hogeita bi urte egin nituen Panaman.
Aitari jarraika heldu zinen, beraz, Kubara.
Ez nuen loturarik, ez nengoen ezkonduta, eta Kubara aitarekin! Panaman geratu ziren ama eta. Ni Panaman hazi nintzen, bertako nintzen, eta lagunak zeharo harritu zitzaizkidan bertako pasaportea egin behar izan nuenean herrialdetik irteteko. Espainiak ez zidan berehalakoan emango! Hemezortzi urte nituela, soldadutzara joateko deia jaso nuen, Espainiaren deia, eta jakina, ni ez nintzen azaldu… 1962ko martxoaren 23an heldu ginen Kubara, eta segituan hasi ginen lanean. Aita Filosofia irakasle hasi zen Habanako Unibertsitatean. Ni, Martires de Artemisa izeneko zementu lantegian, laborategi arduradun. Urrian, krisia, eta gu fabrikan itxita, gatazka konpondu zen arte. Handik bi urtera, lanera bulego nagusira joan nendin eskatu zidaten, Kalitate kontrola zuzentzeko; saileko buru. 1970ean labeetako teknologo lanean jarri ninduten eta huraxe egin nuen 1995ean erretretan sartu nintzen arte. Hogeita hamahiru urtez lan egin eta gero, 61 urte nituenean.
Elkarrizketa baino lehen, zuen aitaren gela erakutsi didazu. Ke-laino itogarriaz mintzatu zatzaizkit, haren liburuak erakutsi dizkidazu… Dolores Ibarruri, Luis Michelena, Jesus Galindez, Julio Caro Baroja eta besterenak…
1973an eman zidaten etxe hau, emaztearekin nintzela. Aita gurekin bizitzera ekarri nuen, Kubara joan eta gero zein bere etxean bizi izanak ginen-eta. Handik bost urtera sartu zen aita erretretan, 1978an, 77 urte zituela. 1980an, berriz, Franco osteko Euskal Gobernuak biziarteko pentsioa eman zion. Lehenengo Jaurlaritza hartako bizirik irauten zuten bi sailburuetako bat zen Juanito. Orduan, Donostiara joan eta Zorroagako zahar etxean bizi izan zen, ondo. 88 urte zituela hil zen. Ama, lau urte lehenago, Panaman. Bien hilobiak bisitatu ditut, jakina. Aitarena, Euskal Herrira egin nuen lan-bidaia bat baliatuz ikusi nuen, 1994an.
Euskal Herrian jaioa, Frantziako erbestean haurretan bizia, Panaman hazia, bizimodua eta familia Kuban egina…
Angolan ere izana…
Kubak Angolarekin duen harremana bitarte?
Bai. Hantxe igaro nuen 1983a. Beste zenbait kubatarrekin batera joan nintzen Angolara, Lobitoko zementu lantegian laborategi-buru lanean. Eta, sinetsi gero, huraxe izan da bizi honetan izan dudan esperientziarik gogorrena: gaizki baino okerrago eraman nuen familiatik aparte egotea. Orduantxe jabetu nintzen zer hutsune zekarren distantzia horrek, eta nolakoak ikusi behar izan zituzten gure gurasoek, elkarrengandik urrun egon behar izan zuten garaian. Gainerakoan, behin ere ez nuen ikusi angolarra baino jende apal eta errespetu handiagokorik. Benetan diotsut.
Euskal Herrian ere izana zara…
Eskutitza, oharra edo dena delako idazkia idazten ari nintzen heldu zarenean. Zuri emateko, Euskal Herriari diodan atxikimendua agertzeko asmotan.
Zer diozu bertan?
Ez dizut orain osorik irakurriko, ala?
Paragraforen batzuk, besterik ez bada ere. Patxadaz irakurriko dut etxean…
Horra, bada, pasarteren batzuk: “Behin ere ez dut ahaztuko Euskal Herriko agintariek gonbit eginik herri hartan izan naizen bi aldietan jaso dudan maitasuna. Lehenengo aldiz, 2006ko urrian, lehen Eusko Jaurlaritzaren 70. urteurrenaren ospakizunetan. Hiru euskal lurraldeak ezagutzeko zoriona izan nuen, haren naturaren ederraz gozatu nintzen, eta gizarte eta industria-garapenaz jabetu. Ospakizun egunean, Gernikan egin zen ekitaldian izan nintzen, eta oraingo lehendakari Ibarretxe ezagutu nuen, bai eta aurreko biak ere, Garaikoetxea eta Ardanza. Ekitaldi ederra izan zen, izugarria. (…) Urte bereko abenduan joan nintzen bigarren aldiz, Eusko Jaurlaritzak gonbidaturik. Donostian kale bati gure aitaren izena eman zioten, eta Nestor Basterretxeak monumentua egin zion. Eskultorearen lana ikusi eta gure aitak bizi honetako egite guztietan erakutsi zuen bertikaltasunaz jabetzeko moduan gara. Dena dela, ez nuen ekitaldi honetara joaterik izan, bihotzekoak eman zidalako: emozio larregi denbora gutxian!”.
Hori ere bai?
Bai, hori ere bai. “Basurtuko ospitalera eraman ninduten berehalaxe, zorionez. Are eta zorion handiagoa, Ibañez de Maeztu doktorea zen zaintzako kardiologoa. (…) Kataterismoa egin zidaten, eta ebakuntza. Esker oneko natzaie denei, bateko eta besteko sendagileei, ospitaleko zuzendariari, eta erizainei. Ezin hobeto zaindu ninduten. (…) Gaur egun, primeran nago osasunez”.
Carlos, esadazu: Kuba.
Kuba? Zer esango dizut, bada? Berrogeita bost urte baino gehiago egin ditut bertan. Familia osatu dut. Maitatu dut eta maitatu naute. Hemen izan ditudan liskar eta haserreak beste inon ere berdin-berdin izango nituen. Behin ere ez naiz atzerritar izan bertan. Pozik eta gogo onez saiatu naiz hemen egokitu zaizkidan lantegi guztietan. Gaur egun, 74 urteon zama ere bai bizkarrean eta familia zoriontsu izan dadin besterik ez daukat gogoan. Egunero saiatzen naiz bizitzaz gozatzen, horretan saiatuko naiz ahal dudan arte: eguzkia, hondartza, dominoa, kirolak, ilobak ikusteko bidaiak egin, diruaren kezkarik ez izatea, diren eta ez diren kirol guztiak ikusi telebistaz… Nik esango nuke ez naizela alferrik bizi izan.