Hugo Chavez Venezuelako presidentea
Bigarrenez gobernuburu izendatzeko zazpi milioi venezuelarrek euren konfiantza eman zioten, 2006ko abenduan. Handik urtebetera, ordea, Chávezek hiru milioi boz galdu ditu eta oposizioak ehun mila inguru botorengatik irabazi du (%1,75). Ciudad Bolivarreko Unibertsitate Bolivariarreko irakasle Pedro Fajardok azaldu duenez, proiektu iraultzaileak bidean galdutako hiru milioi herritar horiek, aldeko botoa emateko beldurrez, abstentziora jotzea hobetsi dute. Izan ere, oposizioak zabaldutako beldurrak bi mezu nagusi hedatu zituen: diktadura eta kubanizazioa. Lehenengoaz, Chávez etengabe presidentziarako hautagaia izateko bidea zabaltzeari boterean betikotzeko estrategia iritzi zioten. Europako herrialderik gehienetan, baina, presidenteak eta bestelako politikariak etengabe hautagai aurkez daitezke. Gainera, Chávezek bultzatutako 1999ko Konstituzioak edozein kargu publiko (presidentea barne) agintaldiaren erdia bete eta gero boteretik kentzeko erreferenduma ahalbideratzen du. Bestetik, erreformak jabetza pribatuaren eskubidea bertan behera utziko lukeela zabaldu zuen Chávezen kontrako oposizioak.
Hala ere, Chávezek ohiko sozialismotik aldendu eta Hego Amerikan oinarritutako kulturatik abiatutako iraultza egin nahi duela dio Fajardok. Hortaz, XXI. mendeko sozialismoa Simon Bolivarren idatzietan, herri indigenen baloreetan eta humanismoan oinarritzen da. Hugo Chávezek bere proiektu hori gauzatzeko bost urrats zehaztu ditu: ahalbidetzen duen legea, Konstituzioaren erreforma –erreferendumak onartu ez duena–, balore sozialistetan oinarritutako hezkuntza, Administrazioaren antolamendu berria eta herri boterea. Erreforma osoa gauzatzeko biderik ez egon arren, Venezuelak badu 1999ko Konstituzioa aldatzeko hainbat bidezidor. Lehenengo eta behin, presidenteak salbuespen egoeretan arau ditzakeen dekretuen bitartez, zenbait gairen inguruko erreforma aurrera eramango duela aurreratu du Chávezek –esaterako, lanbide liberaletako beharginentzako onura sozialak banatuko dituen fondoa–. Halaber, Chávez 2012ko hautagaia izateko lege ekimena martxan jar daiteke.
Hego Amerika batua
“Bolivar ehun urtetik behin esnatzen da, herria esnatzen denean”, idatzi zuen Pablo Nerudak. Simon Bolivarren Hego Amerika batuaren ametsa ziklikoki bueltatzen da. Bolivarren ostean, Che Guevararen amets iraultzailea etorri zen. Orain Chávezek Kolonbia Handiaren ilusioa berpiztu nahi izan du, munduari Hego Amerikatik begiratzeko eskubidea, hain zuzen. Bide horretan, AEBetatik aldendu eta ekonomia autozentratua bultzatzeko pausoak eman ditu: hala nola ALBA –ALCA merkataritza libreko hitzarmenaren alternatiba– eta Bancosur –Nazioarteko Moneta Funtsaren eragin-esparrutik ateratzeko itxaropenarekin–. Beste hemisferioan, ostera, Chávezek gainerako herri horiek “menderatu” nahi ote dituen beldur dira.
Horretarako, Chávezen beraren aurkako irainak nagusitu dira eta ez bere politikaren kontrakoak. Bere gaitasun intelektuala sarritan zalantzan jarri da, ikuspegi kolonialistak ematen duen nagusitasunetik. Hortaz, balizko zuhurtasuna baino, egindakoengatik erantzutea saritu dute venezuelarrek. Izan ere, 1992an Carlos Andrés Pérezen diktaduraren aurka altxatu eta kale egin ondoren, Chávezek ardura osoa bere gain hartzea txalotu zuten hautesleek, hura lehenengoz presidentegai aurkeztean. Herriak ere babes osoa eman zion 2002an bere kontrako estatu kolpearen ondoren. Orain, argi azaldu du azken erreferendum hau galdu egin duela.
Venezuelaren 2008ko erronkak
Hugo Chávezen politikak hiru ardatz nagusi ditu: hezkuntza, osasuna eta etxebizitza. Aurrekontuko diru kopuru altuena hezkuntza garatzera zuzendu du. 0 eta 6 urte bitarteko ume guztientzako haur-eskola zerbitzua martxan jarri du, Lehen Hezkuntzako Eskola Bolivariarrak sortu ditu –ikasleek bertan gosaria, bazkaria eta askaria doan dituzte– eta Unibertsitate Bolivariarrak ugaldu ditu.
Bigarrenez, osasun zerbitzu unibertsala bermatu nahi izan du Hugo Chávezek. Hortaz, lehen arretako medikuek herritar guztiak onartzen dituzte, baita gizarte segurantzarik ordaintzen ez dutenak ere. Urtetan, Venezuelako osasun zerbitzuak onartzen ez zituzten milioika herritarrek oinarrizko mediku-arreta doan izan dute. Hala ere, sarritan ospitaleek ez dute behar beste azpiegitura edukitzen eta hainbat herritarrek eskasia horixe kritikatzen dute.
Etxebizitzak, azkenik, herri lurzoruaren erreforma ekarri du. Jabetza titulurik ez zuten txabolen jabeek orain euren etxearen eskubide erreala lortu dute. Landa lurzoruaren erreforma astiroago doa eta lurjabe handidunen interesen kontrako borroka horrek dagoeneko hainbat hildako eragin du.
Aurrera eraman duen politikagatik, Chávezek bi boto-emaile talde ditu. Alde batetik, Venezuelako txiroak: euren etxeen jabetza eman dien presidentetzat dute. Gainera, medikuntza zerbitzua doan jarri die eta hezkuntza eskubidea ere bermatu die. Bestetik, Chávezek indigenak ere bere alde ditu. Venezuelako historian lehenengoz euren eskualdeak babestu, hizkuntza eskubideak onartu eta hezkuntza elebiduna martxan jarri du.
Baina badira oraindik Chávez eta bere aurkako oposizioaren tentsio politikotik kanpo bizi nahi dutenak. Ez dute Chávez begi onez ikusten, ez eta oposizioa ere, oposizioan Venezuelako lehendakari ohiak daudelako, Rafael Caldera esaterako. Oro har, ustelkeriaren uste zabalak herritarrek konfiantza galtzea eragin du.
Urte Berri eguneko egunkari venezuelarrek 2008ko herritarren kezkak azaldu zituzten. Segurtasunak arreta osoa bereganatu zuen, delinkuentziak gora egin duen sentimendua zabaldu baita. Egun horretan bertan eraldaketa ekonomikorako txanpon berria lehenengoz kalean izan arren, herritarrek ez zuten kezkatzat hartu. Emakumeen eskubide-berdintasuna ere ez zuten aipatu, kalean gizon barik dabilen emakumerik topatzea zaila den arren. Kezka horien soluzioak noren esku utzi nahi dituzten hemendik lau urtera bozkatu beharko dute herritarrek.