Kontainerrik gabe, herria garbiago

  • Zaborraren arazoari aurre egiteko soluzio egokia da atez ate biltzea. Hondakin bakoitzari izen abizenak jarriz zaborra gutxitu egiten da eta birziklapena gehitu. Ez da ametsa, hiri eta herri askotan egiten da dagoeneko; Euskal Herrian Usurbil (Gipuzkoa) izango da aitzindaria. Erraustegi eta zabortegirik gabe bizitzeko lasterketa abian da.
Zaborrontzia
Zaborrontzia
Zaborra arazo bat da. Gure etxe ondoko kontainerrera gauero nazkaz jaurtitzen dugun poltsa hori arazo bat da, eta ez da derrepentean desegingo. Gerora eskuak garbituko ditugu aurpegia okertuz, beste espaloira joango gara bizkor kiratsari ihes egiteko eta kale izkina pasa orduko ahaztuko dugu pasatako trago txarra. Baina poltsak hor jarraituko du, ez dudarik izan.
Seguruena zabortegi batean amaituko du, baina ez du lurrak irentsiko, ezta haizeak eramango ere.

Europar Batasuneko biztanle bakoitzak 1’5 kilo zabor sortu zuen egunero 2005ean; euskaldunak batez besteko horren azpitik gaude, baina hala ere urte horretan ia milioi eta erdi tona hondakin bota ziren Euskal Herriko zabortegietara. Europako herrialde gehienek larri begiratzen diote zaborraren gaiari –2020 urtean gaur egun baino %25 zabor gehiago sortuko dela aurreikusten da– eta horren aurrean Europako Parlamentuak hainbat direktiba zorrotz onartu ditu hondakinen kudeaketa kontrolatzeko. Zalantzarik gabe, garrantzitsuena 1999ko araudia da (1999/31/EB), zaborra gutxitu, alternatibak bilatu eta zabortegien itxiera erregulatzeko neurriak finkatzen baitira bertan. Jakina da gaur egun Euskal Herriko zabortegi askok ez dutela gaitasunik Europatik eskatzen diren irizpide berrietara egokitzeko eta horregatik 2009ko uztaila baino lehenago itxi beharko dira. Errenterian dagoen San Markosen kasuan –Gipuzkoako hiri hondakin solidoen gehiengoa bertara bota da orain arte–, duela gutxi adostu dute erakundeek itxiera hori, ez baita zabor gehiago kabitzen eta inguruan arazo ugari eragiten du.

Zer egin sortutako zaborrarekin?

Gipuzkoako Aldundiak mankomunitateekin hitzartutako Hondakinen Planak (PIGRUG) birziklapenaz eta konpostajeaz hitz egiten duen arren, zaborra erraustea aurreikusten du azkeneko soluzio bezala. Baina errausteak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak ikusita gizarteko sektore zabal bat sistema horren kontra azaldu da. Ondorioz, erraustegiaren kokalekua dantzan ibili da, Donostiako Udalak –erraustegia udalerri honetan jaso behar zela erabaki zuten mankomunitateek– Zubietan eraikitzea erabaki duen arte.

Erraustegiaren kontrako eragileek garbi dute erraustegia ez dela alternatiba, arazoa atzeratzea baizik, Katalunian zaborra errausten hasi eta 15 urtera afera berragertu den bezalaxe. Udal hauteskundeen emaitzek San Markos Mankomunitateko rol politikoa aldarazi zutenean (EB eta EAE-ANVren esku) erakunde honek erraustearekin ez duela bat egiten jakinarazi zuen argi eta garbi, eta “alderantzizko sistema” bultzatuko dutela, hau da, zabor bilketa jatorrian egin eta birziklapenaren bidez erreusa (berrerabili ezin den materiala) maila txikienera murriztu. Hain zuzen, duela aste batzuk Herrialde Katalanetara bisita egin dute eta hainbat herritan martxan dagoen atez ateko zabor bilketa sistema bertatik bertara ikusi dute. Ricardo Ortega (EB) Mankomunitateko lehendakariak iragarri duenez, Gipuzkoan Usurbilen hasiko dira atez ateko bilketarekin eta ondoren Lasarte-Oria, Zubieta eta Errenteriara zabaldu nahi lukete.

Usurbil: Camorraren Napoles eta Milango kale garbien artean

Errepide nazionaletik Usurbilera joanez gero, segituan konturatuko da bat herri estandarra dela Oria ondokoa. Poligono eta merkataritza zentro handiz inguratua –Donostiatik 11 kilometrora dago–, baserri eta nortasun handiko auzoak dauzka oraindik, baina 5.700 usurbildarretatik gehienak herri kaxkoan bizi dira, aspaldi nahikoa hazita gainera. Bertako zaborrak San Markosen amaitzen du; 2006an, usurbildarrek 2.545.260 kilo hondakin sortu zituzten etxean.

Usurbil bizirik
dioen erraustegiaren kontrako mural handi batek argi erakusten du zaborraren arazoarekin herrian dagoen kontzientzia. Kontuan izan behar da Zubietako gainak bertan dituztela usurbildarrek eta erraustegiaren kalteak zuzenean jasango lituzketela. Zaborra gaika biltzeko kontainerrez josita daude kale eta parkeak, eta “zabor organikoa” idatzita daraman lurpeko edukiontziak ere badaude. Baina antzematen da zerbaitek huts egiten duela: eguerdiko hamabiak dira eta adorerik izanez gero kontainer barruan bistadizo bat ematea nahikoa da horretaz ohartzeko. Usurbil ez da camorrak zaborrez zikindutako Napoles, baina ezta kale garbi eta pasarela ederreko Milan ere.

Egia da gero eta gehiago biltzen dela gaika, ez bakarrik Usurbilen, baita inguruko herrietan ere –2007an bildutako ontzi, plastiko eta kartoi kopuruen datuak ez omen dira hain pozgarriak eta laster emango ditu jakitera San Markos Mankomunitateak–, baina gaika biltzea ez da birziklatzea. Adibidez, Urnietako ontzien sailkapen plantara 2006an iritsi ziren 3 milioi kilo ontzitik milioi bat zabortegira itzuli zen herritarrek hondakina gaizki banandu zutelako. Soluzioa atez ateko bilketa izan daiteke. Katalunian demostratu da etxez etxe bildu eta zaborrari izen abizenak jarrita gaien sailkapena hobetu eta birziklapen tasa izugarri igotzen dela. Argentona (11.600 biztanle) edo Canet de Mar-en (14.000), bizilagun bakoitzak plastikozko poltsa garden batzuetan ateratzen ditu hondakinak etxeko atarira. Gai bakoitza asteko egun zehatzetan ateratzen da eta poltsak identifikazio zenbaki bat dauka. Horrela, banaketa gaizki eginez gero, poltsatxoari pegatina bat jarri eta bertan uzten dute zabor-biltzaileek. Isunak ere jarri ditzakete bizilagunak akatsa errepikatzen badu, baina ez da ohikoa izaten. Metodoa hutsik gabekoa suertatu da eta birziklatzera ala zabortegira eramaten diren kopuruek kasik buelta eman dute denbora oso laburrean: Canet de Marren lehenago %10 birziklatzen bazen, gaur egun 70era irits daiteke ehuneko hori. Kataluniako Porta a porta elkartean baturik, hamarnaka dira sistema hori modu batean edo bestean ezarri duten udalerriak.

Hilabete eta erdian lau aldiz zabor gutxiago

“Papera bi aldiz gehiago biltzen da, ontziak hiru edo lau, eta beira ere gehiago da jasotzen dena”, horrelaxe zuzen hitz egiten du Imanol Azpirozek (EAE-ANV). San Markoseko Mankomunitateko lehendakariordeak atez ateko bilketa Usurbilen nola ezarri nahi duten azaldu digu –herri horretako zinegotzi ere bada– eta hasieratik herritarren parte-hartzea bultzatuko dutela segurtatu du. Horretarako herriko eragileekin bildu eta talde bat osatuko dute bizilagunen inplikazioa bilatzeko. Azpirozen esanetan, sistema lekuan lekuko baldintzetara egokitu beharko da: “Etxe guztiek ez dute leku berdina eta portal bakoitzarekin erabakiko dira hartu beharreko neurriak”. Behin bilketa berria adostuta herri osoan jarriko dute martxan eta hilabete eta erdian emaitza paregabeak ikusteko esperantzaz dira.

Sortzen dugun zaborraren %35 inguru organikoa da, baina hondakin horrek inolako tratamendurik pasa gabe zabortegian amaitzen du. Hain zuzen, atez ateko bilketaren abantaila nagusiena da organiko hori konpostatzeko aprobetxatuko dela. Usurbilen oraindik ez dute erabaki gai organikoa bakarrik edo gainerako guztiak ere bilduko ote dituzten etxez etxe, baina organikoa soilik bilduta ere aurrerapauso itzela izango litzateke, erreusaren kontainerrera doan zaborra izugarri gutxituko baita.

Dena den, Gipuzkoan badaude zabor organikoa biltzeko bestelako proiektuak, Foru Aldundiak sustaturiko “bosgarren kontenedorea” deiturikoa, kasu. Giltzaz itxitako kontainer marroi bat jarriko dute zenbait herritan (Aretxabaleta, Zarautz, Azkoitia, Azpeitia...), proiektuan parte hartuko duten familiei giltza emango zaie ikastaro bat egin ondoren eta hauek zabor organikoa bota ahal izango dute bertara. Gero, material hori Lapatx-eko (Azpeitia) zabortegi ondoan eraikitzen ari diren konpost plantara eramango dute. Aldunditik azaldu dutenez, aurten hasi nahi dute proiektuarekin, baina soilik parte hartzeko prest dauden bizilagunekin. Azkeneko helburua sistema herritar guztien artean zabaltzea litzateke. Jakina, horrek badu arazorik, zaborrak anonimo izaten jarraitzen duela, eta zailagoa dela konpostaren kalitatea bermatzea.

Atez ate, auzoan... eta hirian

Herri txiki edo auzoetarako formulatzat jo izan dute zenbaitek atez ateko bilketa selektiboa, gainerakoan, hiri handietan, zaila izango litzatekeelakoan modu masiboan aplikatzea. Baina adibideak hor daude: Aarhus (Dinamarka, 250.000 biztanle), Niort (Frantzia, 64.000), Monza (Italia, 123.000)... Esperientzia horiek frogatzen dute posible dela atez ate biltzea demografia tasa altua izanik ere, eta ez hori bakarrik, zenbait lekutan konposta bizilagunen komunitateak egiten du kolektiboki –ikus goiko koadroa–.

Beraz, Azpirozen ustez Usurbil bezalako herri txiki batean ez luke arazorik egon behar egitasmoak aurrera ateratzeko: “Inzidentziak beti izango dira” dio zinegotziak Katalunian izan dituzten hainbat arazoez galdetuta. Esaterako, “larrialdi guneak” –sailkatutako zaborra nahi den egunean botatzeko lekuak– zikin zeuden eta hori kontrolatzeko toki egoki batean jartzea proposatzen du: “Udaletxetik gertu, denon begibistan”. Hain zuzen, bilketaren kontrola ziurtatzeko, kudeaketa zuzena Udalak egingo lukeela argitu digu Azpirozek. Etxeetan biltzen den materia organikoa konpostgune batera eramango da. Oraingoz ezezaguna da non jarriko duten, baina badirudi Aldundiaren eta San Markos Mankomunitatearen babesa badutela horretarako.

Gauzak horrela, hainbat herri Usurbilen zer egingo esperoan daude. Hernanin, esaterako, aurrekontua onartu dute, baina Izaskun Txintxurreta Ingurumen zinegotziaren esanetan oraindik ez dute definitu nola hasiko diren, ondoko herriari begira baitaude. Duela gutxi prentsan azaldutakoaren arabera, Usurbilen eta Lasarten aurten hastekoak dira, baina Azpirozen ustez sei hilabete edo urtebeteko epea beharko da lehenik, informazioa herritarren artean partekatzeko.

Politikak zikindutako auzia

Astiro-astiro sortzen ari dira zaborra kudeatzeko egitasmoak, hondakinen partzuergoak, S.A enpresak eta dokumentu berrituak. Bistan da erakunde publikoek nolabaiteko lehentasuna eman nahi diotela zaborren arazoari; azken finean, erraustegira ahalik eta zabor gutxien eramango dela hitz eman dute agintari politikoek eta horretarako prebentzioa, birziklapena eta konposta bultzatuko dutela. Baina ezin da ukatu joko politikoa dagoela horren atzean, erraustegia eraikitzen hasteko lehenengo neurriak hartuta baitaude. Erraustegiak zabor kopuru jakina behar omen du errentagarri izateko, nola bateratu hain helburu kontrajarriak?

Kataluniako erakunde lokalak finantzazio arazoak mugiarazi ditu zabor bilketa alternatiboak sortzera, eta horretaz arduratu direnek alderdikeri politikoak baztertu behar direla adierazi dute. Ez dirudi Gipuzkoan horrela izaten ari denik, nork bere proiektua abiarazi nahi baitu eskumena duen lekuan.

Postura bakoitzaren sokatira horretan, hainbat galdera eta zalantza argitu gabe daude oraindik: nola aplikatuko da Europar Batasuneko “zikintzen duenak ordaintzen du” printzipioa? Zein erakunderen artean banatuko da zaborra kudeatzeko eskumena? Eta garrantzitsuena: sistema alternatiboek funtzionatzen dutela egiaztatzen bada, erraustegia eraikitzeko asmoa bertan behera geratuko al da?
Konpost kolektiboa, alternatibaren erdibidea Araban
Etorkizunean konposta industrialki produzitu nahi da planta handitan. Konpostatzearen azken helburua zaborra ongarri bihurtzea da eta horretarako konpostak kalitate onekoa izan behar du, nitrogeno/karbono erlazio egokiak eduki, alegia. Gaur egun Euskal Herriko ehunka lagun ari dira etxeetako lorategietan konposta egiten, baina askotan konpost hori ez da behar bezain ona, esku falta edo ezjakintasunagatik.

Erdibideko aukera bat badago ordea, konposta auzolanean egitea, teknikarien laguntzaz. Arabako Burgelu herrian horretan ari dira. Duela bi urte hasi ziren proiektuarekin; hondakin organikoez gain sega eta kimaketatako kondarrak konpostatzen dituzte. “Jendeak ez zekien zer egin sobra horiekin, erretzea zailagoa baita gaur egun, orain toki degradatuetan zabaltzen dugu ongarri bezala” dio Nati Lopez de Munain alkateak. Koska kontzientziazioa eta interesa izan direla uste du berak. Burgelu Espainiako Estatuan konpost kolektiboa egiten duten udalerrien sarean dago eta joan den astean jardunaldi batzuk egin zituzten Madrilen bide horretan segitzeko.

Dena den, Burgelu bezalako herri txikietan bakarrik ez, etxebizitza askotako blokeetan ere egin daiteke konposta, komunitate osoak parte hartuz. Rennes-en (Bretainia), adibidez, 25 konpostatzaile handi jarri dituzte blokeetako lorategietan eta 300 familia inguruk bertan sortuko dute ongarria.

ASTEKARIA
2008ko martxoaren 09a
Azoka
Azkenak
Martintxo Etxauri: “Sare toxikoen aurrean Mastodon dugu alternatiba”

Mastodon, gizarte sarea eta mikroblogintza zerbitzua da. Eugen Rochko alemaniarrak sortu zuen 2016. urtean. Software librean oinarritzen da. Azkenaldian, norbanako eta erakunde frankok bertan saretzea erabaki dute. Elkarren artean komunikatzen diren egitura independeteez... [+]


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


2025-01-29 | Sustatu
Deepseek AA txinatar harrigarria (eta bikaina euskaraz)

Albiste bihurtu da Deepseek adimen artifizialeko sistema txinatarra azken egunetan. Zabaldu denez, eredua askoz merkeagoa da garapenean eta kontsumoan, baina Claude edo ChatGPT iritsi diren mailara jauzi bat egin du. Gainera, lizentzia libre eta doakoaz banatu dute... [+]


Guardianek labea itzaltzea agindu du, teknikariak bertan izan gabe

Asteazken goizean goizetik Guardianeko dozenaka langile elkarretaratu dira Laudioko lantegiaren aurrean, eta inguruko enpresatako beharginak ere batu zaizkie elkartasunez. Guardianek asteazkenean labea itzaliko duela adierazi du eta hori oztopatzeko asmoz bildu dira. Enpresa... [+]


2025-01-29 | Julene Flamarique
Euskal Herriko II. Ekotopaketak aurkeztu ditu Jauzi Ekosozialak

"Ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko" helburuarekin antolatu dituzte. Arrasaten burutuko dira, martxoaren 28an eta 29an.


2025-01-28 | Julene Flamarique
Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketa
Erradikalizatzen ari den matxismoari aurre egiteko fokua gizonengan jartzea proposatu dute

Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla eta “kaleko bortxatzaile mamuaren ideiatik” aldendu beharra dagoela nabarmendu du Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak. Ikerketak gazteengan jarri du arreta,... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


DeepSeek
Txinari inbidia: gerra komertzialak adimen artifiziala du izena

ChatGPT ez da dagoeneko "hainbesterako". Lehiakide biziago, eskuragarriago eta merkeago bat jarri zaio parean AEBetako eta mundu mailako liderrari: enpresa txinatar baten eskutik ikusi du argia DeepSeekek. Dantzan jarri da mundua, eta ez espresuki onerako. Mikrotxipen... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
Greba mugagabea hasiko dute Guardianeko langileek

Laudioko lantegiko zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi dio enpresa batzordeari behin betiko itxiko duela enpresa. Urtarrilaren 29an abiatuko dute ixteko prozesua. Egun berean egingo dute elkarretaratzea langileek eta ostegunean hasiko dute greba.


2025-01-28 | Julene Flamarique
Turismoaren erregulazioa Baztanen: ostatuak kontrolatzeko plana onartu dute

Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.


2025-01-28 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra baretzea ez da albiste ona batzuentzat

Duela hamar egun, urtarrilaren 18an, sinatu zen Txinako Kunming hirian Myanmarren agintean den Junta Militarraren eta Myanmarreko Nazio Aliantza Demokratikoaren Armada (MNDAA ingelesezko siglaz) matxinatuaren arteko su-etena. Ez da 2021eko estatu-kolpearen ondotik sututako gerra... [+]


2025-01-28 | Julene Flamarique
Autoeskolaz kanpo gidatzen ikasteko aukera planteatzen ari da Espainiako Gobernua, autoeskolak aurka

Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.


Lanbide Heziketako praktikak arazo-iturri izaten ari dira

Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]


Eguneraketa berriak daude