Gazako itolarria hesiaren barrutik kontatuta

  • Palestina osoan baldin bada tamalgarria biztanleek Israelen kontrol eta blokeoengatik jasaten duten egoera, Gazako herritarrena bereziki da larria. Analisi, irtenbide eta estrategien azpian, jendeak daude beren eguneroko bizimoduan. Bi blogarik eskaintzen dute lekukotasuna.
Palestinako mutikoak
Palestinako mutikoak erisketetanMohammed Omar
Heba Zayyan gazatarrak Contemplating from Gaza izeneko bloga idazten du. Hona nola aurkezten duen bere burua: “Besteen bizitzaren behatzaile izatea aukeratu dut. Etengabe ipintzen dut auzitan besteek egiatzat daukatena eta absurdoan edertasuna bilatzen dut. Inguru ilun honen erdian indarra nire bi alaben aurpegietako irribarreak ematen dit”. Ez dio askoz gehiago bere buruaz Zayyanek, baina izan behar du norbait: urtarrilaren 28an bere kronika berezia argitaratu diote Le Monde Diplomatiqueko erredakzioaren blogean (“Gaza, blokeoaren egunerokotasuna”), eta beste bat The Independent egunkarian (“Argindarraz galdetzen didate haurrek, eta ezin diet erantzun”).

Urtarrilaren 28an Zayyanek kontatu duena dator ondoko lerrootan. Hamas mugimendua hauteskundeetan Fatah-ri nagusitu zitzaionetik, Gazako milioi eta erdi biztanleen bizimodua presoenaren pareko da. Inor ezin da ez irten eta ez sartu. Beharrezko produktu asko desagertu egin dira saltokietatik. Eraikuntzarako behar diren burdina eta porlana falta direnez, etxegintza osoa geldirik dago. Botika asko ezin dira aurkitu, eta beste asko zorrotz arrazionatuta daude.

Langabezia eta txirotasuna markak hausteraino ugaritu dira. Herritarren egoera psikologikoa asko hondatu da hilabeteotan, espetxeratze, isolatze eta ezintasunezko sentimenduek jota.

Urtarrilaren hirugarren astean Hamaseko hogei militante gazte hil zituen armada israeldarrak El-Zaytun auzoan egindako erasoan. Erantzuteko, Hamasek kohete batzuk tira zituen Israelera, eta errepresalian honek Gazaren blokeoa erabaki: erregaiak, gas naturala eta janaria, hornidura oro eten zaio Gazari.

Hotz handia egin du egun horietan Gazan. Unibertsitatean ikasleek azterketak berogailurik gabe egin behar izan dituzte. Gainerako etxe eta eraikuntzetan ere bero gutxi izan da, gasa zeukatenek tentuz gastatu dutelako, blokeoak oraindik luze joko duela eta. Ospitaleetan asko okertu da egoera, arduradunek erabaki behar izan dute zeukaten energia pitina nola banatu haur jaioberrien guneetan, zaharren geletan... Autorik ez zebilen kasik karriketan.

Hilaren 23an milizianoek Gaza eta Egipto arteko hesia lehertu dute. Zorionez egiptoarrek utzi diete pasatzen eta jendeak arnasa hartu du. Uholde betean pasa dute muga, etxerako mila gauzaren bila askok, Egipton erosi eta gero Gazan saltzeko genero bila beste askok (gauetik goizera zigarretak asko merketu dira), batzuek baliatu dute Gazatik eskapo egiteko, lan bila edo ikastera.
“Nire buruari galdetu diot –idatzi du egun horretan Rafah hirian tokatu den Zayyanek– nola ikusten ote dituen kanpoko munduak jende hauek, beren ahaleginak kasik Gazan bezain gauza gutxi dagoen mugaz beste aldeko herrira iristeko, hain pozik eta gogotsu! Niretzako ez dago ikuskizun gazi-gozoagorik jendeo horiek osatzen dutena baino, ilara luzeetan, bide luzea eginda, batak ardia bizkarrean, besteak bidoia bete gasolina, zoriontsu garaipen txiki eta labur hau erdietsi dutelako”.

Gero egun batzuetako arnasaldia bukatu da, Egiptok berriro lortu du ataka ixtea, eta Gazaren blokeoaren inguruko solasak hasi dira luzatzen.

Herritarrak gosez zigortu

Mohammed Omer-ek Rafah Today bloga egiten du. Honen jatorrizko helbidea panan dago, baina ikus daiteke Virtual Activism gune unibertsitarioak utzi dion espazioan. Gazako bizimodua idatziz eta argazkitan eskaintzen du Omerrek.

Urtarrilaren 28an kronika berezia plazaratu dio Omerri Britainia Handiko The New Statesman astekariak: “Gaza blokeoaren beste aldetik ikusita”. Honela hasten da: “Gazako kaleetan lohi ilun ustela zabaldu da. Airea metano eta bakterioen gas usainez bete da. Iturriei gai organikoa darie, gizakien eta abereen hondakinez kutsatutako nahasketa pozoitsua. Okaztagarria da kiratsa”.

Nazkagarrikeria hori dator estoldetako ur zikinek sortu duten putzu berri batetik. Al-Zaytuneko ur zikinen tratamendu plantak egunean 20.000 litro gasoil behar ditu, baina Israelek eten egin du erregaien hornikuntza oro. Gazako Osasun ministroak aitortu du ingurumen mailako hondamendia ari dela gertatzen Gazan.

Omer mintzatu da Gazako ospitale handienean, Al Shifa Hospital, harrera eta larrialdien arduraduna den Mawia Hasaneen doktorearekin. “Hautua egin behar izan dugu ea nori eten argindarra, edo maternitatean dauden umeei, edo bihotzetik dauden gaixoei edo kirofanoetako zerbitzuei”. Hautu latzak, egunetik egunera latzagoak. Gazako ospitaleetan, botikak urri eta tresneriak indarrik gabe edukitzeaz gain, gaixoak hotzak daude.

Ogia ere eskas da Gazan. Argindarra falta da, irinik ez da iristen inondik, eta okinek ezin dute labatu palestinarrek eguneroko ogia duten pita. Zentral elektrikoa itzalita dagoenez, Gaza hiriko 600.000 biztanleak ilunpetan bizi dira. Eta beren etxeetako hozkailu eta gainerako armairuak hutsik daude. Etxekoandreek mirariak egin behar dituzte dauzkaten janari apurrekin familiak mantentzeko.

Blogeko beste sarrera batean Mohammed Omerrek Mustafa al Jamal-en biziezina kontatu du. Bere 76 urterekin atez ate eskean dabil. 53 urteko seme Yahya al-Jamalek kantzer aurreratua dauka. “Gero eta okerrago dago –esan du aita zaharrak–. Bi hilabetez egon gara botiken zain”. Oxigeno bonbonak laguntzen dio arnasean.

Yahyari bi aldiz utzi zioten Tel Aviveko Sourasky ospitalera joaten iaz. Bigarrenean 9.000 dolar balio duten 28 dosi eman zizkioten; diru hori gero israeldarrek deskontatzen dute Palestinako aginteari ordaindu behar dioten dirutik. Orain berriro joan beharko luke Tel Avivera, baina Israelgo agintariek pasabidea itxi diote, berekin daraman oxigeno bonbona “arriskugarria” delakoan. Eta blokeoarekin, botikak ez dira iristen.

Palestinako Osasun Ministerioaren kontuetan, botiken blokeoagatik 72 pertsona hil ziren urtarrilaren 24a arte. Haurrak, emakumeak eta zaharrak. Jamal artatu duten Gazako ospitalean erradioterapia hartutakoan gaixo batzuek zoruan egon behar dute, edo etxetik ekarritako koltxoietan. Israelgo Giza Eskubideen aldeko Medikuek salatu dute Gazatik Israelgo ospitalerako bidean gaixo bat baino gehiago geldiarazi, galdezkatu eta militarrek behar zuten informazioa ateratzen ez bazieten atzera etxera itzularazi dutela. Hori tortura da nazioarteko legedian.

Urtarrileko egun batean Mohammed Omer lagun kazetari batekin joan zen honen senide baten hiletara. Hileta bukatutakoan, batek proposatu zuen lekuan bertan geratzea, besteek aldiz joatea nahiago. Alde egin zuten eta handik minutu gutxira, autoa utzia zuten plaza bonbardatu zuten hegazkin israeldarrek. Ostera itzuli eta dena zegoen txikituta. Tartean, bi herritar hilik. Urte hasieratik Hamasen koheteekin bi israeldar zauritu dituzte. Urtarrilaren 28a arte Israelek 72 palestinar hil eta 293 zauritu ditu.

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 10
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Eguneraketa berriak daude