Juridikoki, legezko amarru berria ehundu da, berriz ere ad hoc aritzearen sentipena barreiatuz. Botin auzia deitu zen hura zela eta, duela hilabete pasatxo Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoaren arabera, fiskaltza eta akusazio partikularra auzi batetik erretiratuz gero, herri akusazioa bakarrik geratzean ez zegoen auziarekin aurrera jarraitzerik. Oraingoan, aldiz, Gorenaren epaiak dio delitu batzuetan ez dela kaltetu zuzenik edo kaltetua oso modu lausoan ikusten dela eta orduan herri akusazioarekin bakarrik ere jarrai daitekeela aurrera.
Euskal gizartean oso barreiatua dago mamian arazoa politikoa dela eta ez juridikoa, baina bihurgune juridikoetan ere horren baldar aritzeak are eta gehiago sendotzen du sinesmen zabal hori.
Espainiako eskuin juridikoak mokadu trinkoa eskuratu du oraingoan, baina funtsean, hegaluzea harrapatzeko bokarta besterik ez da. Ibarretxe lehendakaria amuan harrapatzeko berotze ariketen itxura hartzen du operazio guztiak. Ezin ukatu arrantzatutakoa ere jaki preziatua dela, baina Juan Jose Ibarretxe amutik zintzilik eta kargugabetua ikustearen ondoan... Bide batez, Ibarretxe zigortzea lortuko balitz, nekez libratuko lirateke Patxi Lopez eta Rodolfo Ares sozialistak eta ahalegin horrek merezi du zuzenbide estatua apur bat gehiago higatzea. Eta higatzearena Euskal Herriko ikuspuntutik hitz eginda diot, Espainian ezer gutxik kaltetu baitezake zuzenbide estatuaren irudia, batez ere euskal herritarren aurka egiten denean. Espainiarekiko ikuspegi hori korapilotsua dena sinpleegia bihurtzea izan liteke akaso, baina ikuspegi demokratikotik Euskal Herrian Espainiako aginteek aspalditik ari dira zuzenbide estatuaren zutoinak behin eta berriz urratzen, eta Espainian horren erreakzio gutxi sortzea zinez da kezkagarria euskal herritarren etorkizunerako.
Kontua da martxoko hauteskundeen ondoren, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria epailearen aurrean jar dezaketela edozein unetan, noiz eta lehendakariak bultzatutako galdeketa prozesua abian jarriko den garaian. Eusko Jaurlaritzaren bide-orrian, ekainean lehendakariak akordio zabalerako deia egingo dio Espainiako gobernu buruari, eta honek muzin eginez gero, urrian egoera politikoari buruzko galdeketa egingo litzaieke EAEko herritarrei. Ibarretxe lehendakariaren auzia ere prozedura laburrekoa denez, epaia ere azkar etor liteke eta, beraz, orain artekoa ikusita, ez litzateke arraroa izango galdeketaren eszenatokira Ibarretxe kargugabe batekin iristea. Duela hamar urte inork gutxik sinetsiko zuen halako egoera batera iritsi zitekeenik; are gutxiago duela hogei, Ajuria Eneko Itunaren lehen urratsak eman ziren garaian.
Egunkaria auziaren bi atalak, azkenean Auzitegi Nazionalean erabakiko dira. Hasieran kontrakoa uste bazen ere, dirudienez atal ekonomikoa epaituko da lehenago eta, prozedura laburrekoa denez, azkarrago joango ei da eta epaile bakarrak emango du epaia.
Ustezko delituak ekonomikoak direnez, bigarren atala Gipuzkoan epaitzea eskatu zuen auzipetuen defentsak. Baina Juan del Olmo epaileak ETAri lotutako lehen atalarekin lotu zuenez, Auzitegi Nazionalak bertan epaitzea erabaki du. Lehen atalean baino errazago lor ei daitezke zigorrak bigarrenean eta hemen zigorra lortzeak, lehenean ere zigorra izatea erraz dezake. Hori da alde ekonomikoa Auzitegi Nazionalean epaitzeari buruz egindako interpretazioetako bat.