Oztopo guztien gainetik

  • Nafarroa baino txikiagoa den arren, bertakoek munduko herrialderik handienean jaio zirela diote. Transnistriarrek euren bandera, moneta eta pasaportea dute, baita inoiz entzuten ez den ahotsa ere.
Transnistria
TransnistriaKarlos Zurutuza
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
“Transnistriako matrikulak arazo handi bilakatu dira. 2008ko urtarrilaren 1etik ezin dugu Ukraina edo Moldaviara joan: ezin dugu Transnistriatik atera”, azaldu du Transnistriako Atzerri ministro-ordea den Sergei Simonenkok bere bulego ofizialean. “Baina ez dio axola, Errusia eta Europa lotzen dituen bide garrantzitsu baten erdian gaude; erraz moztu genezake!”.

Bigarren “mozketa” litzateke hau, lehenengoa duela 15 urte burutu baitzen, Dniester ibaiaren ezkerreko aldean hain zuzen. Gerra motz eta basati baten ostean, Transdniester edo Transnistria izeneko errepublika sortu zen, oraindik inork aitortzen ez duen herrialdeetako bat. Moldaviako lurraldea da ofizialki, baina “Dniester-en beste aldeak” jada 15 urtez funtzionatu du herrialde independente gisa.

Sobietar erraldoia erori ostean, dozenaka naziok aldarrikatu zuten euren independentzia, Estoniatik Tayikistaneraino. Moldavia izan zen horietako bat. Baina independentzia aldarrikatu ez ezik, Errumaniarekin batuko zirela iragarri zuten moldaviarrek. Azken finean, 1940ra arte Errumaniako eskualdea baino ez zen Moldavia, eta hizkuntza latindar bera dute bi herrialdeok. “Dniester ibaiaren ezkerraldean, errusiarrak eta ukrainarrak gara gehienak; zergatik batu beharko ginateke beraiekin?”, dio Simonenkok.

Hemengo himno nazionalaren hiru bertsio daude: errusieraz, ukraineraz eta moldavieraz (errumaniera). Melodia bera da beti, jakina, baina letrak ez dira elkarren itzulpen literala. “Gora ditzagun gure fabrikak” dio errusiar bertsioak. Ez da harritzekoa, Moldaviaren industria gehiena Dniesterraren alde honetan gelditu baitzen. Galerak ilunpetan utzi zuen herrialde latinoa. Antza, Transnistrian ekoizten zen elektrizitatearen %90a.

“Chisinau-k (Moldaviako hiriburuak) separatista deitu ohi digu, baina oker daude denak: guk ez genuen Sobiet Batasunetik banatu nahi –dio ministro-ordeak–. Egun ez gara komunistak, sobietar sinboloak gaurdaino mantendu ditugu gure iraganaz harro gaudelako, ez besterik”, argitu du, igitaia eta mailua dituen bere bisita-txartela luzatu ostean.

Lenin eta Sheriff

Iragan sobietarra gogora ekartzen duten sinboloak nonahi daude Tiraspolen, Transnistriako hiriburuan. Deigarriena, granito gorriz egindako Leninen eskultura. Gobernuaren egoitzaren aurrean dago eta, ziurrenik, Tiraspol gaineko bistarik onenak izango ditu bere idulkitik. Moldaviarantz begira dago errusiar iraultzaile nagusia, bere inperioaren azken arrasto ttipiaren zaindari.

Subarov kale nagusia ibaiarekin batera igaro da hegoalderantz. 15 bat minutu behar dira hiribide zabal hau oinez zeharkatzeko, Gagarin kalearekin topo egiten duen tokiraino. Txangoari ekitekotan, zaila da ez erreparatzea eskuinaldeko oroigarriei: gerrako martirien irudia duten hilobiak, zutoin batean paratutako tanke izar gorridun bat, betiereko sua… Trafiko apala dago beti, eta gure ezkerretik igaro diren trolebusek, edo bizikletaz doazen soldaduek, apenas hausten dute gune honen isiltasuna.

Pixka bat aurrerago Che Guevara eta Vladimir Putin elkarren ondoan ageri dira, afixa bitxi batean. Ez da kontraesana; are gehiago, berebiziko arrakasta jaso zuen bigarrenak joan den abenduan, errusiar parlamentuko hauteskundeetan. Transnistriarrek euren pasaporte propioa daukate, bai, baina herrialdetik atera ahal izateko Moskuk luzatutakoa erabiltzen dute askok. Eta bozkatzeko ere balio du, errusiar ororenak bezala. Beste batzuek, ordea, Ukraina aukeratu zuten bigarren aberri. Horien artean Janukovitx atera da garaile Kiev-eko hauteskundeetan.

Dom Sovietov (bertako parlamentua) aurreko kioskoan, Transnistriako seiluak eros daitezke. Pasaportearekin –eta orain matrikulekin– gertatu bezala, herrialde barruan baino ez dute balio. Ordainketan erabilitako Transnistriako errubloekin gauza bera gertatzen da.

Nolanahi, nahikoa da Tiraspolgo kale nagusitik paseatzea komunismoa estetika kontua baino ez dela frogatzeko: Gazprombank errusiar kontsortzioaren sukurtsalak, bitxi-dendak edota kanbio-bulegoak, besteak beste, eskualde bitxi honen pribatizazio politikaren adierazle gordinak dira. Guzti horien gainean, Sheriff enpresa da jaun eta jabe. Askok dio monopolio honen atzean Igor Smirnov Transnistriako presidentearen familia dagoela. Egia ala ez, Sheriffenak dira gasolindegi eta supermerkatu kateak, telefono konpainia, Tiraspol erdiguneko kasinoa, brandy destilategia, futbol-zelaia... Paradoxa badirudi ere, futbola da Dniesterreko bi ertzak lotzen dituen gauza bakarra. Sheriff Tiraspol taldeak Moldaviako liga 2000. urtetik menderatu du. Bestalde, Moldaviako selekzioak bertako estadioan jokatzen ditu nazioarteko partidak; Sheriff futbol-zelaia da FIFAren baldintzak betetzen dituen bakarra.

Stanislav Lazovski-k ez du futbola gustuko, baina gertutik ezagutzen du Smirnov presidentea. Arbaso poloniar eta alemaniarrak dituen 25 urteko abokatu hau gobernuko langilea ere bada. Dena den, bere lanbidea ez du oztopo desadostasuna adierazteko garaian: “Herrialde bateko presidenteak ez lituzke eskuak zikindu behar negozio ilunetan. Herriaren alde lan egin beharko luke, ez bere interesen alde”. Hemengo beste askok bezala, Odesa-ko unibertsitate ukrainarrean burutu berri ditu bere ikasketak. 100 kilometrora baino ez dago Potemkin Korazatua filma gogora dakarren hiria.

“Atzerriko kazetari gehienak egun baterako etortzen dira Transnistriara –dio Lazovskik–, Leninen eskultura eta gainontzeko sobietar ikurrei erretratua ateratzen diete, eta horra artikulua: “Sobietar Batasuna bizirik dago oraindik”, “Transnistria: Sobiet Batasuneko aire zabaleko museoa”… Ez gara komunistak, herrialde modernoa baizik; zertarako mantendu sinbolo horiek guztiak? Nik gaur bertan kenduko nituzke denak!”.

Ulertzekoa da gazte honen haserrea, ez baita hau bere herrialdeak gainditu behar duen klixe bakarra. Arma trafikoarena ere hor da; Moldaviak gogoz zabaldutako zurrumurrua, Europar Batasunaren kezka sortzeraino. Bruselak berehala bidali zituen mugazainak inork aitortzen ez duen muga honetara. Momentuz, behatzaileek alkohol eta oilaskoen kontrabandoa besterik ez dute sumatu.

Abkhaziak eta Hego Osetiak, besteak beste, antzeko akusazioak jasan ohi dituzte. Nazioartean ahots bakarra entzuten da beti, eta ez da aitortu gabeko herrialdeena izaten, inolaz ere. Dena den, “legezko” herrialdea izatearekin bakarrik ez da nahikoa. Dirudienez, “gobernu desegokia” eta “arma-trafikantea” sinonimo bilakatu dira berriki. Horren adibide dira Leonid Kuchmaren Ukraina (Iraultza Laranja burutu arte) edo ezagunagoa zaigun Saddam Husseinen Irak. Behin eta berriz entzun zen “suntsipen handiko armak” esamolde hura…

Transnistriako Gernikarantz

Transnistriako zati bada ere, Benderi hiria Dniesterren eskuineko ertzean dago. Tiraspoldik apenas dira bederatzi kilometro, baina trolebusak 40 minutu behar ditu bi hirien erdiguneak lotzeko. Benderikoa da Valentin Tarasov trolebus gidaria eta, jakina, honezkero makina bat aldiz zeharkatu du Dniester gaineko zubia. Bere burdinazko arkuak edo errusiar bake tropen checkpoint-a, esaterako, ohikoak zaizkio jada. Baina urtetako errutinak ezin izan ditu ezabatu zubi honetatik ikusitako irudi gogorrak: “14 urte nituen moldaviarrek Benderi eraso zutenean. Ez genuen etxetik joan nahi eta hiru egun eman genituen bonbardaketak jasaten. Egoera jasanezina bilakatu zen, eta ama eta biok Tiraspolera ihes egitea erabaki genuen. Zubitik gindoazela, txalupan zegoen gizon bati erreparatu nion; gorpuak ateratzen ari zen ibaitik, arrantzan ari balitz bezala. Antza, Karonte izengoitia jarri zioten orduan, bere txalupan hildakoak garraiatzeagatik. Egun ere hala deitzen diote askok”.

1992ko ekainean, Moldaviako armadak Benderin sartu zen “konstituzio ordena berrezartzearren”. Hiri erdia erraustuta geratu zen, eta zutik zirauten etxeak moldaviar boluntarioek arpilatuta. Horietako asko errumaniarrak ziren, senide latindarren kausarekin bat eginik. Beste batzuk, ordea, diru hutsagatik etorri ziren borrokatzera.

“Tiraspolera ospa egin genuen egun berean, frankotiratzaile bat ikusi nuen leiho hartan”, dio Tarasovek, tiroketak oraindik agerian dituen etxe-blokea seinalatuz. “Azkenean harrapatu zuten; emakumezkoa zen, letoniarra. ‘Ez akabatu’ erregutu omen zuen, ‘hiru seme-alaba dauzkat’...”.

Duela hiru bat urte, BBC telebista kate britainiarra dokumental bat egitera joan zen Transnistriara. Benderiko gertakizunak azaltzeko garaian, aurkezle ingelesak Moldaviak emandako bertsioa errepikatu zuen, hitzez hitz: “Benderi separatistek eraso zuten”. Tarasovek haserre erantzuten du: “Nolaz erasotuko genuen guk gure hiria, gure etxea? Milaka hildako izan ziren gurean, jende arrunta gehiena. Hein batean, gure Gernika da hau”.

Dniesterreko eskuineko eslaviar hauek gerraren pasarte tragikoenetakoa jasan zuten. Antza, Benderiko kokapen “bitxiak” ez dakar ezer onik. “Ukrainarra naiz jatorriz, baina ibaiaren eskuinaldean jaio nintzenez, Kievek pasaportea ukatu zidan. Gero Moskuk errusiar pasaportea eskaini zien Sobiet Batasuneko hiritar ohi guztiei, eta nik orduan lortu nuen nirea”, azaldu du trolebuseko gidariak.

“Iraultza Laranjak mendebalderantz bideratu du Ukraina, eta isolatuta gelditu gara orain. Duela gutxi zabaldu zen Bukarest errumaniar pasaporteak banatzen ari zela moldaviarren artean. Gurean ere jende askok moldaviar pasaportea eskatu du, etorkizunean Europar Batasunean lan egiteko baliagarria izango delakoan. Batzuek traidoreak deitzen diete horiei, galtzaileak, baina tira, nik ulertzen ditut. Errusia urruti dago eta bakarrik gaude. Ez dakigu zer gertatuko den”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transnistria
2008-08-08 | Karlos Zurutuza
Deja vu

Transnistriak Nafarroaren azaleraren erdia du, baina bere biztanle gehienak Baltikotik Pazifikora zabaltzen zen inperio erraldoi batean jaio ziren. Sobiet Batasuna erori zenetik 17 urte pasa diren arren, zaila egiten da horretaz gogoratzea Tiraspolen, Transnistriako... [+]


2008-08-08 | Karlos Zurutuza
Moldaviako juduak

Jakob Kravtxik duzue honako hau, Moldaviako hiriburuan gelditzen diren judu gutxienetako bat. Hamaika buelta eman ditugu Chisinautik auzo judutarren bila, eta beste hamaika sinagoga topatu arte, kale estu eta aldrebestuak baitira auzo zahar honetakoak. Tenpluaren atarian,... [+]


2005-01-02
Holokaustoaren errautsen azpian milioi bat ijito

Pello Zubiria zubiria@argia.eus II. Mundu Gerran milaka ijito hil zituzten naziek eta kolaboratzaileek Europa okupatuan. 60 urte pasa dira geroztik, eta oraindik aski aztertu gabeko genozidioetako bat da gure artean. Aldiz, ijitoena da Europak gaur ere dauzkan minorietatik... [+]

Eguneraketa berriak daude