Larreineta eta Zugaztieta Bizkaiko herriakUnai Cuevas
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Orain dela mende erdi bertan lanean ari ziren meatzarien tresnen kolpeak ez dira entzuten. Euren bizitzak kontsumitzen zituzten lantegiak ez daude martxan jada. Udalerriko behe eta goiko aldeen artean borborrean zeuden geldiezinezko harremana eta mugimendua ez dira nabarmentzen. Hori bai, oraindik ere meatzaritzaren urrezko garaietako xarmak ez du Trianoko ingurune honetatik alde egin. Bertan jarraitzen du. Tematsu. Betiko.
Larreineta auzotik Zugaztietarako bidea hartu eta ezkerrean ikusten diren hormek iragana biltzen dute, iruditan. Meatzetako langileak, trena edo burdina garraiatzen zen gurditxoa antzeman daitezke. Orduan, aurrera so egin eta konturatzen gara non gauden. Edo hobe esanda, irudi horietako protagonistak non zebiltzan.
Egun, berdegune zabal batekin egiten dugu topo. Aurreko bi mendeetako meatze ustiakuntzek paisaian oraindik zeresana badute ere, lakuek eta gune lasaiek protagonismoa kendu diete. Parkotxa, Ustion edo Las Carmenes izeneko meazulo handiek garai haietako hainbat meatzen izena bereganatu dute. Iragana eta orainaldia bat eginik. Biak uztartzeko, Peñas Negraseko Ingurumen Interpretazio Zentrotik txangoak antolatzen dira. Paisaia berezi honen eta meatzaritzaren historia hobeto ezagutzeko aukera paregabea.
Trianoko mendietan burdin meatzaritzaren loraldia 1880. urtetik aurrera eman zen. Hasierako prozedura garatu gabeek ustiakuntzaren mekanizazioari eta mearen garraioari leku utzi zieten. Horrekin batera, kanpoko kapitala eta euskaldun sustatzaileak batu eta sekulako garapen ekonomikoaren eraginez Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren 1902an. Gainbehera ere etorri zen, eta beraren ondorioz burdin mea esportazioa 1963.urtean bukatu zen. Orain dela 25 urte itxi zituzten ingurune honetako azken meatzeak. Orconera enpresarenak ziren guztiak, eta 1986. urtera arte lanean aritu zen azken ustiakuntza gunea –garbigune bat– ere enpresa berarena izandakoa da. Halaber, 1993an esan behar izan zion agur bere zereginari meatzekin zerikusia zuen azkeneko ustiakuntzak: Bodovalleko meazulo erraldoiak, Gallartatik hurbil.
Gaur, burdin mea ateratzen zen lekuetan arrantza egiten da eta hamahiru hegazti eta zazpi ugaztun mota desberdin bizi dira –guztiak desagertzeko arriskuan dauden espezieen euskal katalogoan jaso dituzte–. Horiekin batera, zaldiak, ahuntzak edo behiak ikustea ez da batere harritzekoa izaten. Eremu honetan, naturak urte askoan galdutakoa berreskuratu du. Jende askok bainua hartzeko tokia ere badela uste du, baina aintzira hauek nahiko arriskutsuak dira igerian aritzeko.
Eraikin adierazgarriak
Larreinetatik ordu laurdeneko ibilalditxoa egin ostean, Zugaztietara helduko gara. Oinei astindu txikia eman nahi ez dionarentzat, autobusa da aukerarik egokiena: funikularretik atera orduko, aurrez aurre batekin egingo du topo.
Aldaketa ugari jasan arren, Zugaztietak meatzari herrixken egiturari eutsi dio. Etxeak ilara ezberdinetan banatzen dira, gehienek bi pisutako altuera dutela. Horien artean, kale txiki estuak, aldapa eta guzti duen plaza, eliza eta hainbat taberna. Herrixkarekin bat sortutako “etxe gorria” aipatzekoa da ere, La Magdalena plaza ondoan. Zurez eginiko eraikin horrek ehundik gora urteetan izan diren aldaketa guztiei aurre egin die meatzarien etxeen ikono bihurtuz. Bizkaian era horretako gutxi batzuk besterik ezin dira aurkitu, denak inguru honetan. Kantabria eta Asturiaseko herri gutxi batzuetan baino ezin daitezke aurkitu antzekoak. Aipatu beharra dago, bidenabar, Zugaztietako hirigunea multzo monumentala izendatua izan zela 2003. urtean.
Aski ezagunak dira Zugaztietako tabernak. Orain dela urte batzuk gehiago ziren orain baino, baina oraindik aurkitu daiteke hainbat, herria txikia izan arren. Jakirik preziatuena indabak dira, sakramentu ugariz hornitutako lapikoko paregabea. Koadrila ugari hurbiltzen dira, negu partean batez ere, bertako sukaldarien trebezia neurtzeko asmoz. Eta gehienak, denak ez badira, sabela bapo-bapo beteta ateratzen dira laster bueltatzeko esperantzarekin. Bertako espezialitatea dastatuz gero, errepikatzeko gogoa sortzen da.
Indabekin batera, aski ezaguna da bertako euskal pastela, hainbat azokatan saritutakoa. “Egurrezko ogia” deritzona eta momentuan egindako gazta freskoa probatu edota erosi gabe ere ezin daiteke herritik alde egin.
Ibilbideak
Txangozale eta mendizaleentzako eremu bihurtu den heinean, Zugaztieta eta Trianoko ingurune honetatik hainbat ibilbide dago. Aipagarrienak, Mendibil eta Bitarratxora eramaten gaituena, lakuen inguruetatik egiten dena eta Peñas Negraseko inguruetatik pasatzen dena. Guztiak dira erraz egitekoak, eta behar bezala adierazita daude; pare bat ordu baino gutxiago behar izaten da horretarako. Aukera ona hasi berri diren mendizaleentzat. Ibilbide guztien berri lor daiteke Peñas Negras-eko Ingurumenaren Interpretazio Zentroan, Zugaztietatik kilometro batera-edo, Muskizerantz doan baso-errepidearen ertzean.
Ibilbide horietako leku desberdinetatik Ezkerraldeko hainbat herri ikus daiteke. Barakaldo, Sestao eta Santurtzi begirada batez erraz menperatzen dira, aspaldiko hartu-emanak berriro ere pil-pilean egongo bailiran. Azken finean, industria-garapenaren berotasunean sortutakoak dira hiri horiek, eta asko sor diote meatzaritzari.
Era berean, Trianoko mendilerroa osatzen duten gailurretara igo daiteke. Esaterako, lakuetatik hurbil dauden Bitarratxora (519 metro) eta “Pirulí” izeneko antenaren antzekoa duen Mendibilera (562 metro). Lan handixeagoa eskatuko dute herrixkaren goiko aldetik ikusten diren Ganeranek (822), Pico Menor-ek (728) eta Pico Mayor-ek (747).