Kazetaritza berria pistolaz idatzi zuen Rodolfo Walsh-ek

  • Duela 50 urte inprimatu zen Operación Masacre. Egileak hitzaurrean argitu zuen gertakizun beldurgarriak zabal ezagutarazi nahi zituela, irakurleak ikaratu eta berriro gerta ez zitezen. Ez zuen hori lortu, 20 urte geroago egilea bera masakratu zuten. Baina kazetaritza berria asmatu zuen.
Rodolfo Walsh
Rodolfo Walsh kazetari eta ekintzaile politiko-militarraRodolfo Walsh

La Plata-ko kafetegi batean, Argentinan, xake-jokoan ari dira. 1956ko abenduko azken gauetakoa da. “Capablanca”ko jokalarietako bat, 29 urteko gaztea, kazetari eta idazlea da. Rodolfo Walsh hemen bertan zegoen hilabete batzuk lehenago, ekainaren 9ko gauerdian, hurbil samar tiroketa entzun zutenean. Soldadu eta poliziak nonahitik, tiro gehiago, eta komertzio bateko pertsianaren kontra gizon hura hilzorian garrasika: “No me dejen solo, hijos de puta”. Sei hilabete geroago, gau honetan, idazle kazetariak entzungo du bizia aldatuko dion esaldia: “Afusilatuetako bat bizirik dago”.

Juan Carlos Livragak, hori baita balek aurpegia desitxuratu dioten gizonaren izena, istorio sinestezina kontatuko dio, eta hala ere Walshek sinetsi. Gero, hari mutur hari tiraka, beste afusilatu bat aurkituko du bizirik, eta ondoren hirugarrena eta gero... Azkenean zazpi. Abiatu da ikerketa-erreportajea-nobela.

Aurretik hiru polizi nobela plazaratuak dauzkan Walsh kazetariak aldizkari txiki batean argitaratuko ditu aurkikuntzak, eta 1957an Operación Masacre liburuan bilduta eskainiko. XX. mendeko literatura eta kazetaritza irakasten dituztenek aipatu ohi dute Truman Capotek Odol HotzeanIn cold blood – liburuarekin bi generoak korapilatu eta idazkera iraultzailea erditu zuela: fikzio periodistikoa, ez fikziozko eleberria, kazetaritza berria, lekukotasunezko nobela... Baina askok uste dute bederatzi urte lehenago Rodolfo Walshek urratu zuela bide berri hori Operación masacrerekin, 1957an.

Urte haietan Pedro Eugenio Aramburu jeneralak agintzen zuen Argentinan, Juan Domingo Peron lehendakaria eskuinaren eta eliza katolikoaren laguntzarekin boteretik kenduta. 1956an junta militar horren kontrako kolpeak antolatu zituzten matxinoek hainbat lekutan, eta aipatu ekaineko gau hartan Walsh eta berekin xakean ari zirenak asaldatu zituen iskanbila jazartuen kontrako operazioetakoa izan zen. Hemezortzi hildako aipatu zituen irratiak biharamunean. Horietako bost hesitu, preso hartu eta inguruko zelai batean afusilatuta azaldu ziren. Baina, ageri denez, nahasmenduaren erdian beste zazpik bizirik ateratzea lortu zuten.

Urtebetez, istorio honek bete zuen osorik Walshen bizitza. Berak hala idatzi zuen liburuaren hitzaurrean: “Orain, ia urtebetez, ez dut beste ezertan pentsatuko, etxea eta lana utziko ditut, Francisco Freyre deituko naiz, nortasun agiri faltsua edukiko dut, lagun batek etxea utziko dit Tigre-n, bi hilabetez Merlo-ko arrantxoan izoztuta biziko naiz, pistola eramango dut soinean eta une oroz dramako irudiak etorriko zaizkit obsesiboki: Livraga odoletan blai heriotzari ihesi kalexka amaiezin hartatik, eta berarekin zelaian bala artean tiroka salbatu zen beste hura, eta hauek jakin gabe salbatu ziren besteak, eta salbatu ez zirenak”.

Operación Masacrek herritarren begien aurrean larrutu zuen hilketa hura goxatzeko agintariek antolatutako bertsio ofiziala. Walshek liburua gero behin eta berriro ukitu zuen, edizio berrietarako, azkeneko aldiz 1972an. Hamar liburu gehiago publikatuko zituen, famatuena ¿Quién mató a Rosendo? Aldi berean politika eta borroka armatua egin zituen, Montoneros taldearen barruan. 1977an bera hil zuten arte.

Liburuak eta hiriko gerrilla

Bizi izan balitz, aurten 80 urte beteko zituen Walshek, bere liburu aitzindariak 50 borobilak egin dituen moduan. Baina Argentinako diktaduraren agindupeko poliziek hain zuzen duela 30 urte hil zuten, 1977ko martxoaren 25ean. Norbait akordatuko zen Argentinan.

Rio Negro probintzian sortua, Buenos Airesera oso gaztetan joan zen, ikasteko asmoz. Filosofia egiten hasi ere bai, baina ikasketak utzi eta lanik xumeenetan ariko da, leiho garbitzen, eta beste. Hamazazpi urterekin zuzenketa lanak egiten zituen argitaletxe batean, eta 1951n hasi zen kazetetan gauzak plazaratzen. Hil arte ez zitzaion aseko kazetaritzarako irrika.

Operación Masacre eraman zuen Walsh politikan erroraino inplikatzera. 1959an Kubara joan zen, Fidel Castrorekin eta agintari berriekin lan egitera, eta beste kazetari idazle batzuekin –tartean García Márquez– Prensa Latina agentzia sortu zuen. Argentinara 1968an itzulita, orduan klandestinoa zen CGTren kazetetan egin zuen lan. Urte haietan berak idatzia da honakoa: “Intelektualen alorra definizioz kontzientzia da. Bere garaian eta bere herrian gertatzen dena ulertzen ez duen intelektuala, bi zangodun kontraesana da. Eta gertatzen dena ulerturik ekiten ez duenak, berriz, negarraren antologian edukiko du lekua, baina ez bere herriaren historia bizian”.

1970eko hamarkadan Argentinan indar handia zeukan Montoneros talde politiko-militarrak. Gaurko gazte bati Montoneros hitz bitan esplikatu behar izanez gero, holako zerbait beharko luke: kontraesanez betetako mitoa den Juan Domingo Peronen ideiak eta Kubako eta bestetako esperientzia marxistak uztartu nahi zituen mugimendu anitza, 1970eko hamarkadako diktadurak odoletan ito zuena.

Lehendik ere borroka armatuarekin harremanik izandako Walsh urte horietan Montoneroetan sartu zen. Maila handiko ofiziale izatera iritsi zen. Videla jeneralaren diktadurapean, erakundeko buruzagiek klandestinitatera pasatzea erabaki zutenean, beste ofiziale batzuekin Montoneros taldeari bestelako ibilbidea eman nahi ziotenetakoa zen. 1976an Agencia Clandestina de Noticias sortu zuen.

1976an bertan Walshen alaba Victoria poliziarekin izandako tiroketan hil zen. Hurrengo urtean, 1977ko martxoaren 24an, Jorge Videla eta bere militarrek estatu kolpearen urteurrena ospatu behar zuten egunean, Carta abierta a la Junta Militar Argentina idatzi eta zabaldu zuen. Analisi zorrotza eginez, militarrek giza eskubideen aurka urtebetean egindako krimenak kontatzeaz gain, horien sustraian zegoen estrategia neoliberala deskribatzen zuen.

Biharamunean, beste montonero batzuen zita zaindu behar zuen Rodolfo Walshek. Pistola txiki bat zeraman soinean. Poliziek inguratu zuten. Walsh hasi zen tiroka. Zauritu zuten eta Escuela Mecánica de la Armada beldurgarrira eraman zuten. Haren gorpuzkinik ez da azaldu.

Rodolfo Walsh izena aipatuta, Kuban oraindik oroitzen dira. Gabriel García Márquezek kontatua duenez, Prensa Latina agentzian gainerako agentzien teletipoetan maiseatzen omen zuten, eta hala aurkitu zuten ulertu ezinezko mezu luze enkriptatu bat. Walsh kriptografiaren oso zalea zenez, gauak pasa omen zituen ahaleginean hura deszifratu arte: Kubako gobernuak hartatik jakin zuten nola ari ziren gringoak Guatemalan tropak entrenatzen Playa Gironen lehorreratzeko.Bahia de Cochinosen Kennedy kazetariak izorratu zuen.

Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude