Aukerarik pertsonalena

  • Amaren besoetan da haur jaioberria. Bederatzi hilabeteren ostean amaren erraiak utzi eta mundura heldu da. Erditzean jasandako min eta urduritasunak ahaztuak ditu jada amak, zorion uneak dira. Batzuek bide medikalizatua hautatu dute, epiduralarekin edo gabe, etxean erditu dira beste batzuk. Era asko daudelako.
Elurtza Etxebeste
Elurtza Etxebeste bere seme-alabekinMaddi Soroa
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
...
Etxean erditu ziren gure arbasoak, etxean jaio gure gurasoak. Belaunaldi berriek, ordea, garapenaren izenean, ospitaleak hautatu dituzte haurrak mundura ekartzeko. Urrun geratu dira etxea eta goxotasuna, eta ‘haurrak egiteko fabrika’ bilakatu dira erietxeak. Hala ere, geroz eta gehiago dira erditzearen inguruan erabakitze eskubideari eusteko gogoa duten emakumeak. 19 urteko semearen eta 14 urteko alabaren ama da Cristina Aznar ginekologo eta psikoterapeuta. Etxean erditzeko erabakia hartu zuen bietan. “Nire erritmoa eraman nahi nuelako hartu nuen erabaki hori. Nire intimitatea nahi nuen, nire erritmoa eta maite nuen jendearekin egotea. Eta ospitaleak garai hartan ez zidan horretarako aukerarik eskaintzen. Teknologia gehiegi zegoen eta etxean, nire espazioan, seguruago eta lasaiago sentitzen nintzen”.

Cristina Aznar, babestuta

Lehen erditzea gogorra izan zen, 17 ordu iraun baitzuen. Bi emaginen laguntza izan zuen eta baita bere bikotekidearen eta hainbat lagunen babesa ere. “Nire jendea ondoan sentitzeko beharra nuen. Guztiek babestu ninduten, nirekin arnasten zuten, nirekin mugitu, dantzatu... Gorputzak eskatzen zizkidan jarrera guztiak hartu nituen. Dena den, une gogorrak ere bizi izan nituen, ahuldadea eta adore falta sentitu nituen hainbat momentutan. Baina gogorraz gain, ederra izan zen benetan eta munduari nire ateak ireki nizkion”, dakar gogora. Alabaren erditzea oso ezberdina izan zen. Azkarragoa eta bakartiagoa. “Nik neuk bakarrago erditzeko asmoa nuen. Erdiminetan hasi eta doi-doi izan nuen nire bikotekideari eta emaginei deitzeko denbora. Larri ailegatu ziren eta bi orduren buruan nire besoetan nuen alabatxoa”.

Erditzea munduari irekitzea da Aznarrentzat, “eta irekitze prozesu orok dakar berarekin mina”. Bereaz gain, beste emakume ugariren esperientzien berri ere badu Aznarrek, egun horretan ez bada ari ere hainbat urtez etxean erditu nahi ziren emakumeei laguntza ematen baitzien. Izatez aragoiarra den baina Hondarribian (Gipuzkoa) bizi den ginekologo honen arabera, haurra izateko unean minari eta ezagutzen ez denari izaten diote beldurrik handiena emakumeek, “gai izango al diren pentsatzeari”.
Erditzeari medikuntzaren kutsua kendu behar zaiola uste du Aznarrek, baina zein litzateke erditze gela perfektua? Europa iparraldeko herrialdeetan ‘erditze etxeak’ edo amaetxe txikiak daude, adibidez. Ginekologoaren arabera, argi eta kanpoko soinu gutxi duen gela da egokiena. Bertan erditzearen prozesu fisiologikoa erraztuko luketen ariketak egin ahal izateko baloi handi bat, bainuontzi bat eta koltxoi bat edukitzea nahikoa lirateke.

Hain zuzen, etxean erditzearen eta osasun publikoak eta erietxe gehienek eskaintzen duten ohiko erditzearen erdibidean, Donostiako Pilarreko Ama ospitaleak erditze pertsonalizatua eskaintzen du. Ohe bakarreko gela bat ezarri dute, lasaia eta ahalik eta kanpoko estimulu gutxien dituena (argia, soinua...). Ohea zutitu eta modu bertikalean erditzeko aukera dago, eta gainera baloi erraldoi bat, sofa moduko bat eta komuna ere baditu, besteren artean. Emakumea etxean bezala sentitzea da helburua, eta prozesu osoa bertan garatzea, hau da, emakumea gela berean egoten da hasieratik amaierara. Baina badaezpada ere, alboan dituzte erditzeko gela medikalizatua eta kirofanoa.

Sentimenduak kontuan

Irune Alzola ginekologoak dioenez, “emakume batentzat erditze ideala dena beste batentzat oso erasokorra izan daiteke”. Pilarreko Ama ospitaleko unitate berriko arduraduna da Alzola eta emakumeen sentimenduetan du abiapuntua martxan pare bat urte daramatzan ekimen horrek: “Epiduralarekin erditzen ziren emakume asko, nahiz eta guretzat erditze perfektua izan, ez ziren erabat asebeteta sentitzen, esperientzia arrotza gertatzen baitzitzaien. Ikertzen hasi eta eskaintza zabaltzea erabaki genuen, emakume bakoitzak nahi duen erditzea izan dezan”. Horrelaxe sortu zen erditze pertsonalizaturako unitatea.

1940ko hamarkadan, emakume bat erditzera zihoanean azken igurtzia ematen zitzaion, prozesuan emakume asko hil egiten baitziren. “Zentzu horretan irabazi egin dugu eta asko aurreratu, baina agian gehiegi lotu dugu medikuntzarekin. Ospitale batera zoazenean dena agintzen dizute: ‘jantzi arropa hau, zatoz hona, orain hau jarriko dizugu, bestea egingo dizugu...’, eta gure ideia da erditzeak etxekoaren itxura edukitzea”, dio Alzolak.

Bere aburuz, ordea, erditzea naturalago bihurtzea ez da soilik ospitaleen betebeharra. “Emakumeak proposatzen duena errespetatzen saiatzen gara. Gure ustez erditzearen unea ez da pertsona batek gaiari buruz duen ideia aldatzeko momentua, haurdunaldi osoa baizik. Haurdunaldian zehar modu arduratsuan prestatu behar du erditzeko unea eta gainera, hautatu duen horretan sinetsi egin behar du”. Aznar haratago doa: “Emakumeak kontzientziatu behar dira, gaur egun emakumeak eurak direlako oso erditze medikalizatua eskatzen dutenak. Aurretiazko kontzientziazio lan bat egin behar da. Haurra izateko momentua ez da eremu horretan lan egiteko unea. Eskoletatik hasi behar da prozesua. Gure gorputzaren memoria historikoa berreskuratu behar dugu, emakumearen sena berreskuratu. Baina, noski, horretarako belaunaldiak beharko dira”. Gizartean erditzea ulertzen den moduak ere badu errurik, Aznarren hitzetan: “Batzuetan amek euren alabei erditzea zerbait beldurgarria dela transmititzen diete. Oso gutxi dira erditzea zein zoragarria den edo gogortasunaz gain zenbat gozatu zuten esaten dutenak”.
Oraingoz, Euskal Herrian erditze pertsonalizatuaren aukera eskaintzen duen erietxe bakarra da Donostiako Pilarreko Ama. “Badira hautu hori egin duten hainbat ospitale publiko, baina ez Euskal Herrian. Esaterako Bartzelonako Ospitale Klinikoak badu erditze pertsonalizatuko unitatea eta Kataluniako beste hainbat ospitaletan ere bidean dira. Europan hori da joera, guk ez dugu ezer asmatu”, dio Alzolak. Dena den, gutxiengoak aukeratzen du momentuz erditze pertsonalizatua.

Esther Cruz, bere espazioaren bila

Murtzian jaio baina Zumaian (Gipuzkoa) bizi den Esther Cruz da Donostiako Pilarreko Ama ospitaleko erditze pertsonalizatua hautatu dutenetariko bat. Iazko uztailaren 1ean jaio zen Haizea, bere bigarren haurra. Cruzek 24 urte zituela, 2001eko uztailaren 5ean heldu zen mundura Eneko, lehena. Bi erditzeek ez dute, ordea, bata bestearekin zerikusirik izan. Lehena erditze medikalizatua izan zen Donostiako Pilarreko Ama erietxean, bigarrenean aldiz, ospitale bereko unitate berria probatzeko aukera izan zuen. “Enekorena oso despertsonalizatua izan zen. Gela jendez bete zen, nire senarraren gurasoak, osaba-izebak, senarra bera... Surrealista izan zen. Egoerak eskuetatik alde egin zidan. Ez nuen nire erditzearen gaineko kontrolik izan eta horrek min handia egin zidan”. Azkenean, epidurala jartzeko erabakia hartu zuen, “egoera hartatik ihes egiteko besterik ez bazen ere”, gogoratu du Cruzek.

Lehen esperientzia hain despertsonalizatua izateagatik erabaki zuen Haizearen erditzea beste modu batera egitea eta ez da, inolaz ere, damutzen. Erditze naturala izan zen Haizea jaio zenekoa, epiduralik gabe. “Luze jo zuen eta ez zen erraza izan. Gaueko hamabiak aldera joan nintzen erietxera, erditu aurreko uzkurdurak bost minuturo nituela eta arratsaldeko 17:15ean jaio zen Haizea”. Tarte horretan krisiren bat edo beste ere izan zuen Cruzek. “15:00ak aldera-edo ikusi nuen ez nintzela gai, ezin nituen ez mina eta ez nekea jasan. Eta orduan bai pentsatu nuela, ‘eta orain zer? Pasatako guztia pasata orain etsi egin behar al dut?’ Indarrak itzuli zitzaizkidan, ordea, eta guztia amaitu zen”, gogoratzen du. Cruzek erditzeko aukeraturiko jarrera erdibidekoa izan zen. “Hasieran zutik erditzeko ideia nuen buruan, askoz ere erosoagoa iruditzen zitzaidalako, baina unea heldu zenean egia esan gorputzak huts egin zidan oso luzea izaten ari zelako, eta neke fisikoak gain hartu zidan. Azkenean tarteko jarreran erditu nintzen, ez nengoen etzanda, hori oso antinaturala baita, baina ezta zutik ere”.

Bere esanetan “etxean naturalki erditzea bezala izan zen, baina mediku bat uneoro bertan izanda eta erietxe batean egoteak ematen duen ziurtasunarekin. Eta batez ere espazio baten jabe zarela”.

Elurtza Etxebeste, epiduralik gabe hobeto

Osasun publikoaren aldeko apustua egin zuen, aldiz, Elurtza Etxebeste 32 urteko oiartzuarrak (Gipuzkoa). Donostia Ospitalean jaio ziren bere seme-alabak; Gexan 2002ko martxoaren 5ean eta Magali 2006ko otsailaren 20an; lehena epiduralarekin, bigarrena gabe. Etxebesteren arabera Gexan jaio zenean lehen haurra izatearen esperientzia faltak eraman zuen epidurala hartzera, eta argi du nola zen jakin izan balu ez zukeela hautu hura egingo. “Erditzea oso ongi joan zen, gaueko 23:30ak aldera ospitalera joan eta goizeko 4:30ean jaio zen Gexan. Baina epidurala jartzera etorri zitzaidana sentsibilitate handirik gabeko pertsona iruditu zitzaidan eta uste dut haren jarreragatik ere erabaki nuela Magali jaiotzerakoan epiduralik gabe erditzea”. Magaliren jaiotza, aldiz, gogorragoa izan zen. Bezperatik hasi zen erditu aurreko uzkurdurak pairatzen. Gau osoa etxean minez igaro eta goizeko 11:00ak aldera hartu zuten erietxerako bidea. “Eguerdi eta arratsalde osoa pasilloan ibili nintzen, gora eta behera. Baina arratsaldea aurrera zihoan heinean, konturatu nintzen neka-neka egina nintzela. 18:00ak aldera uste nuen ez nintzela hura jasateko gai izango. Hamar minuturo nituen uzkurdurak, gero bost minuturo, gero bi eta berriro ere hamar minutura luzatzen zen tartea. Ez zuten erritmo logiko bat eta gai izango ote nintzen, zalantzak sortzen hasi zitzaizkidan”. Baina erizainak begiratu eta erditzear zela ikusi zuen. Ordubeteren buruan jaio zen Magali, 19:10ean.

Errekuperazioa, erditzearen araberakoa

Erditze medikalizatua eta pertsonalizatua bizi ondoren, bien arteko ezberdintasunak argi ikusten ditu Esther Cruzek. “Mina ematen du, ados, baina uneoro kontziente zara, badakizu nola eta noiz bultzatu behar duzun. Ez dizute esaten, askoz ere pertsonalagoa da. Eta errekuperazioa ere askoz azkarragoa da. Ni Haizea jaio eta bi ordura oso nekatuta nengoen, maratoia egin izan banu bezala, baina ezin hobeki nengoen, epiduralarekin ez bezala”. Enekoren erditzearen ondoren, hain zuzen ere, errekuperazioa astunagoa egin zitzaion. “Ingurukoek aurretik askotan errepikatu zidatenez segituan orkatilak mugitzen hasi nintzen, hankak mugitzen”, baina ahalegin hori eginda ere, buruko eta bizkarreko min asko izan zituen Cruzek.

Epiduralaren ondorioetatik nekezago errekuperatu zen Etxebeste. “Gexan jaio eta gelara igo nindutenean ezin nituen hankak mugitu eta lauzpabost ordu igarota ere hanka bat ez nuen ondo sentitzen, txingurrituta bezala nuen. Ezin nuen altxa, erori egiten nintzen. Erizainak esaten zidan normala zela, baina nire burua ez kontrolatzearen sentsazio hura ez zitzaidan batere gustatu”. Ez daki zergatik kosta zitzaion horrenbeste egoera gainditzea: “Agian nire gorputzak denbora gehiago behar zuen, edo behar nuena baino anestesia gehiago jarri zidaten, edo pixa beranduegi egin nuen, edo puntu txarrean ezarri zidaten epidurala. Ez dakit”. Arrazoia edozein izanda ere, gaur egun oraindik zerbait arraroa sentitzen duela dio oiartzuarrak: “Eguraldi aldaketekin-eta hanka hori nekatuago sentitzen dut. Beharbada nire irudipena da, baina naturistarengana joan nintzenean nik ezer esan aurretik haurra epiduralarekin izan al nuen galdetu zidan”.

Errekuperazioa ez da epidurala erabiltzearen edo ez hartzearen arteko ezberdintasun bakarra. “Nire buruarengan inongo kontrolik ez nuen sentitzen”, dio Cruzek. “Esku-ohetik erditze gelako ohera pasa ninduten unea niretzat beldurgarria izan zen. Indarra egiten saiatzen nintzen, baina ezin nuen eta zaku bat bainitzan aldatu ninduten ohez. Gainera, bultzatzen duzun modua ere beste bat da. Ezer sentitzen ez duzunez ikaragarrizko indarra eginez bultzatzen duzu eta ziurrenik behar duzuna baino indar eta denbora gehiago xahutzen dituzu”.

Etxebesteren esanetan, gogorra da, “baina hala ere niri Magaliren jaiotza askoz politagoa izan zenaren sentsazioa geratu zait, gehiago gozatu nuen haurraren jaiotzarekin. Gorputzak jipoia hartzen du momentuan, baina errekuperazioa askoz errazagoa da. Gelara igo eta hankak momentuan mugitu ahal izatea, hori niretzako izugarrizko askatasuna izan zen”.
Galdera argia da. Eta hirugarren haur bat baletor? Esther Cruz eta Elurtza Etxebestek segundu bat baino gutxiago behar dute galderari erantzuteko, ez dute inongo zalantzarik, bakoitzak bere bigarren esperientzia errepikatu ko luke: Cruzek erditze pertsonalizatua epiduralik gabe; Etxebestek, osasun publikoa epiduralik gabe.

Eginiko hautua edozein dela ere, Cruzek argi dauka norberak eduki behar duela bere erditzearen gaineko kontrola. “Bere erditzea da, bere haurra, bere haurdunaldia, eta ez dezala inolaz ere onartu inork esatea zer egin behar duen eta nola egin behar duen. Eta batez ere borroka dezala errespeta dezaten, erditzea asko deshumanizatu baita. Haurdunaldia ez da gaixotasun bat, eta zuk ez daukazu zertan jasan 20.000 erditzetan lagundu duelako zure erditzeaz erabaki nahi duen erizain edo emaginik. Ez, oso pertsonala da eta naturala. Horregatik emakumeok erditzearen gaineko kontrola eta erabakitze eskubidea berreskuratu beharra daukagu”.

Azkenak
2024-11-26 | Leire Ibar
Kutsadura akustikoa egotzita isuna jarri diote Barakaldoko Oxinorte enpresari

Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur, elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dute salaketa.  Irakasleetako bat sexu proposamenengatik eta sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik salatu dute. Bestea, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik.


2024-11-26 | Iñigo Satrustegi
Lorategiak eta lorezainak zaintzeaz

RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.

----------------------------------------------

Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


Guraso bileran hizkuntzak nola kudeatu ez badakizu, gida honek lagunduko dizu

Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


Eguneraketa berriak daude