"Euskalduna izan nahi dugu Kuban"

  • Margarita Lotina Habanan bizi da. Kubatarra da, arbaso euskaldunekoa. Neba zena Kubak eman duen futbolaririk handienetakoa du, Juan Lotina. Margarita bera behar gorrian diren euskaldunei laguntzeko elkarteko lehendakariordea da. Kubako euskaldunez aritzeko bide egin digu, bere bizitza abiapuntu harturik.
Margarita Lotina
Margarita Lotina. Kubatarra, jatorri euskaldunekoa.Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Margarita Lotina, Habanan jaioa, euskalduna jatorriz.


Izatez, Maria Margarita Lotina Martin naiz. Aita, euskalduna, Lemoizen jaioa, Bizkaian. Hamabost urte zituela etorri zen hona, Kubara, baina beti, zera hori sartu zigun barruan, ama lurrarentzako nahitasuna. 1952an Espainiara joan nintzen eta ia bi urte egin nituen Bizkaian. Hamazazpi urte nituen ordurako. Hainbat denbora egin nuen Bilbon, izeko bat han bizi dut eta. Aitaita-amamak Lemoizen bizi ziren, eta gaur egun lehengusu-lehengusinak ditut Armintzan…

Zer oroitzapen duzu gaztetako egonaldi hartaz?


Akordatzen naiz izeko batekin –gure aitaren arreba nagusiarekin– Jata mendira joaten nintzela, pinaburuak batzera. Akordatzen naiz sagar lapurretan egiten nuela, sagarra asko gustatzen zitzaidan eta. Esaten zuten: “Bistan da Antonioren alaba dena!”. Nonbait, gure aitak, umetan, berdin egiten zuen, sagarrak harrapatu. Armintzan, Armitzekaldera joaten ginen.

Armitzekaldera?


Bai, han ondoko hondartzara. Hantxe bainatzen ginen. Lehengusu bat dut han, sasoi batean taberna zeukana. Erromeriak eta! Badut lehengusina bat Bilbon bizi dena; askotan joaten nintzen harekin Lemoiza. Gurdian igo eta perretxiko bila abantatzen ginen; oroitzapenak asko dira, benetan. Atera kontuak zenbat urte igaro diren harrezkero, baina zera esango dizut, ez nuke hil nahi, atzera hara joan gabe. Aitak Euskal Herriaz hitz egiten zigun, Lemoiz, Armintza, Bilbo… Baina hura ikusi, hura bizi eta gero… Niri ikaragarri gustatu zitzaidan, primeran baino hobeto pasatu nuen. Eta zenbat urte igaro diren, gero!

Bizi osoa.


Egia galanta! Asko gustatzen zitzaidan Artxandara joatea, eta Begoñako basilikara. Bazterrak ikustea gustatzen zitzaidan, eta irten egiten nintzen. Akordatzen naiz, behin, Bilboko Zazpi Kaleetan barrena ibili nintzen, bakarrik, eta galdu ere egin nintzen. Galdu, Zazpi Kaleetan! Bada, ez nuen etsi han ibiltzen ondo ikasi nuen arte. Arratsaldero, haraxe, ikasi arte! Areatzako antzokira joaten nintzen, han ikusi nituen Carmen Amaya, hantxe Fernando Fernan Gómezen konpainia… Sasoi hartan boladan zeuden artistak. Espainiako musika, dantza… odolean daramat.

Erromerietan ere ibili zinen. Han ez zen Espainiako musika ez dantzarik…


Euskal jota dantzatzen ikasi nuen. Erromerian dantza egina naiz ni.

Neska-laguntzea eta?


Kubatarraz maiteminduta zeuden asko.

“Kubatarra” zinen zu…


Bai, halaxe esaten zidaten, “la cubana” (kubatarra). Niri asko gustatzen zitzaidan dantza egitea. Garai hartarako, hemen mamboa hasita zegoen, eta nebak eta biok oso ondo dantzatzen genuen; mamboa, esan nahi dut. Behin, Bilbon, dantzalekura joan eta halako batean, mamboa jarri zuten. Han hasi ginen neba eta biok dantzan. Korrua ere egin ziguten! Eta dantzalekuko nagusiak kontratatu egin nahi izan gintuen. “Baina gu ez gara artista! Kubatarrak gara, ez da besterik!”. “A, horregatik ari zarete hain arin dantzan”.

Ia bi urte egin zenituen Euskal Herrian.


Oporretan bezala. Ez eskolarik, ez lanik. Idazkaritzan graduatu berria nintzen, hemen, Habanan, eta praktika ez galtzearren, Bilbon akademia batean izena eman eta mekanografia eta takigrafia landu nituen, ez herdoiltzeagatik. Gainerakoan, oporraldia izan zen.

Lemoiz, Armintza… euskararen lur dira.


Esan beharrik ez duzu. Amamak euskaraz berba egiten zidan, baina nik ez nion alerik ulertzen. “Itzuli!”, esaten nion. Akordatzen naiz “laztana, politxe, etorri hona…” esaten zizkidala. Aita, ama… esaten ikasi nuen. Gauza asko, urteen igaroan ahaztu zaizkidanak. Baina gogoan iltzatuta dauzkat horiek denak.

Zer dela eta egonaldi hura?


Gure aitak hogeita bost urte zeramatzan Kuban, atzera herrira itzultzeko aukerarik gabe. Berak, ordea, horixe nahi izan zuen beti: itzuli, gurasoak ikusi, arrebak, ilobak… Itsas Objektuen Ferreterian ari zen lanean, Portu etorbidean, aduana aurrean. La Marina zuen izena dendak. Bada, bazkide guztiak espainiarrak ziren…

Espainiarrak ala euskaldunak?


Espainiarrak, espainiarrak. Burgos partekoak, gehienak: Bercedo, Espinosa de los Monteros… Gure aitak “aurten banoak!” esaten zuen aldiro, beti bazen besteren bat asmo horixe zuena. Eta ezin joan. Orduko hartan bai, horratik! Bestalde, sasoi hartan etxean, Habanan genuen izeko bat, aitaren arreba bat, eta hura Espainiara itzultzekoa zela eta berarekin bidali ninduen aitak jakinaren gainean hurrengo urtean bera –gure aita, alegia–, joango zela gure ama eta anaia hartuta. Eta halaxe izan zen. Ni joan eta urtebetera Euskal Herrian bildu ginen denok. Ordurako nik urtea egina nuen Espainian.

Gurasoak Kubara emigratutakoak ziren.


Gure aitak kontatzen zuen Marokoko gerra garaian berak hamabost urte zituela, eta gazteak hartu eta soldadutzara eroaten zituztela. Handik, Marokoko gerrara. Asko ez zirela itzultzen. Bera seme bakarra zen etxean, eta hartu eta gerrara eroango zuten beldurrez, alde egin zuen. Esaten zuen hainbat jendek alde egin zuela gerra hartara ez joateagatik. Gure aitak lehengusua zuen hemen, Manzanillon –Granma eskualdea gaur egun–, eta beste bat Txilen. Nire aitaita-amamek aukera eman omen zioten: “Nora gura dok? Txilera ala Kubara?”. Eta berak Kuba aukeratu. Etxean bera izan zen emigratu zuen bakarra.

Zure amaren berriak?


Kanariar Uharteetan jaio zen. Kanaria Handiko Las Palmasen. Zortzi urte zituela heldu zen hona, baina ez dakit zer dela eta emigratu zuten haren gurasoek Kubara. Hona etorri eta urte bira edo, hil egin zitzaion ama, erditzean. Eta handik urtebetera, aita. Lau anaia ziren, bi Kanarietatik etorriak –tartean zen gure ama–, eta beste bi hemen jaioak. Bakar-bakarrik geratu ziren, goian zerua eta behean lurra. Amak kontatzen zuen hemengo agintariek lau senideak deportatzeko asmoa hartu zutela, hemen inor ez zeukatela eta, baina lau ume haiek ataka estu hartan ikusi eta Manzanilloko hiru familiak laurak jaso zituztela. Gure ama, adibidez, andre alargun batek jaso zuen, seme-alabarik ez zeukana.

Garai latzak!


Nonbait, nekazari herrietan, Manzanillon kasu, horrelako egoera baten aurrean badakite nola jokatu. Gure ama andre hark jaso zuen. Mutikorik txikiena, gure amama erditzean jaiotakoa, beste andre batek. Beste anai-arreba biak Vallejo sendiak jaso zituen. Ez dakit baduzun Vallejo komandantearen berri…

Ez…


Bada, Fidelek [Castro] izan zuen lehenengo medikua izan zen. Familia hark jaso zituen nire osaba-izeko izango ziren biak. Manzanillon bertan hazi zituzten. Ni neu ere hantxe jaio nintzen, Manzanillon, 1935ean, nahiz eta gure familia nik hamar urte nituela etorri zen Habanara, 1945ean.

Zerk ekarri zuen zure familia Habanara?


Hemen bazen ferreteria bat, La Marina izenekoa. Nagusiak, euskaldunak: Garai eta Zatika. Bada, biek, Manzanillora joan ziren batean, gure aita ikusi zuten, lanean. Oso langilea ei zen, diziplinatua, ordenatua oso… Deigarri gertatu zitzaien, nonbait, eta dendako nagusiari mutilaren izena galdetu. Honek, “gauzak nola diren, halabeharra behar du: euskalduna da!”. Besteek, orduan eta interes handiagoa gure aita Habanara eramateko. Joan nahi ote zuen galdetu zioten, eta etorri zen. Lehenengoan, bazterrak ikustera. Hilabete inguru egin genuen hemen.

Horrela heldu zineten lotinatarrak Habanara…


Ez hain erraz ere! Gure aita ez zen arriskuak hartu zale. Bai, arriskua hartu zuen Kubara etorri zenean, baina, bertan zegoela, ez zuen bere burua estualdian erraz jarriko. Habanan hilabete igaro, Manzanillora itzuli eta gure amak: “Eta? Zer egin behar dugu, joan ala bertan geratu?”. Aitak: “Ez dakit ba, pentsatu egin behar dut oraindik”. “Pentsatu? Ez duzu askorik pentsatu beharrik, dagoenekoz etxeko altzari denak saldu ditut eta! Habanara joan beste erremediorik ez dugu”. Horrela etorri ginen. Amak bai, hark bazuen gatza!

Amak ez ezik, zure neba zenak ere bai. Futbolari bikaina izan zen, Kubako selekzioan jokatutakoa, zuen deiturari distira handia emandakoa.


Bera eta biok ginen etxeko umeak. Ni bera baino hamaika hilabete zaharrago nintzen. Euskal Herrian izan ginen garaian berak hamazazpi urte zituen. Bada, ordurako futbolari sena zuen: Bilboko Athleticekin entrenatu zuen, San Mamesen. Gainza, Zarra, Iriondo eta horien garaia zen. Neba, berriz, eskuin hegaleko aurrelaria zen. Futbola, horixe zuen pasioa. Euskal Herrian izan ginen bitartean, ama eta biok Kanariar Uharteetara joan ginen lau hilabeterako, familia ikustera. Bada, gure aita-nebek ez zuten nahi izan, Espainiako Kopa jokatzen ari zirelako sasoi hartan eta deskuiduan finalera iritsi eta Athletic Madrilera edo Bartzelonara joan behar bazen, beraiek ere joateko. Haiek futbolaren pentsutan zeuden! Eta ez ziren Kanariar Uharteetara etorri. Akordatzen naiz Di Stefanoren debuteko partida ikustera ere joan zirela aitaitarekin.

Zuek nola ikusten zenuten haien afizioa?


Aita futbolaria izana zen gaztetatik, eta etxean horixe ikusiz hazi ginen. Nebari ere umetatik gustatu zitzaion. Habana Zaharrean bada plaza bat, Plaza Zaharra izenekoa, zorua zementuzkoa duena; bada, hantxe jokatzen zuen. Futbol zaletasun handia zegoen hemen garai hartan. Nire nebak Habana Zaharreko Club Españan jokatzen zuen. Eta Juventud Asturiana taldean ere jokatu zuen. Lehiaketak egiten zituzten eta gu, neskok, taldearen ama-ordeak ginen, lagunartea osatzen genuen, bihotz emateko…

Etxean ez zineten haserre izango: jokalari handia izan zen Juan Antonio Lotina.


Bai, jakina, oso harro geunden. Juanitok –hala esaten genion etxean–, hemengo selekzio nazionalean jokatu zuen. Gainera, bazen jokaldi bat, behin baino gehiagotan egin zuena eta aipu eta sona handia eman zizkiona: “gol olinpikoa” esaten ziotela uste dut. Kornerretik zuzenean gola sartzea. Berak beste inork ez ei zuen jokaldi hori egin hemen, Kuban. Horretan nabarmendu zen. Juanitok futbolaren inguruan egin zuen bizi guztia.

Baita jokatzeari utzitakoan ere.


Bai. Manuel Fajardo Heziketa Fisikoko institutuan futbol arloko katedra arduraduna izan zen, eta irakasle. Habana Hiriko futbol ordezkaria izan zen gu bizi garen barrutian, Urriak 10 izenekoan. Bada hemen eskola bat, Alfredo Aguayo, haurren arteko futbol txapelketak antolatzen zituena. Berak zioenez, txikitatik hasi beharra dago, oinarritik. Futbol taldeak osatu eta txapelketak antolatzen zituen, eta Munduko Txapelketa zenean, berak mundialitoa antolatzen zuen bertoko gazteen artean: Bartzelona taldea, Bilbo, Argentina… Taldeak osatu eta mundialitoa jokatu. Jakina, Kubako selekzioa inoiz ere ez da munduko azken fasera iristen…

Futbol zaletasun handirik ere ez diot jendeari igarri…


Hemen pilota [beisbola] da nagusi. Horixe zen gure nebaren borroka. Futbolari ez ziotela berak nahi beste opa esaten zuen, nazioarteko txapelketak behar zirela, baina hori, hemen… Pilota bai, pilota ondo dabil. Badakizu zergatik? Problema politikoa delako. Hemen AEBen kontra jokatu nahi da pilotan. Jokatu eta irabazi! Horixe gustatzen zaio jendeari, kirol nazionala da, txikitatik hasten dira umeak pilota eta eskularrua hartuta. Nola futbolean ez dioten irabazten! Irabazten dioten egunean, gora egingo du futbolak.

Zuri dagokizunez, zer gertatu zen ezkondu eta familia osatu zenuenean? Zertan izan zen zure euskal gogoa?


Ez zen ezer aldatu, ze ezkondu nintzenean ere gurasoekin batera bizitzen segitu nuen. Ez nintzen independizatu, nahi baduzu. Giroa ez zitzaidan aldatu. Bi seme izan nituen eta euskaldunak dira haiek ere, euskal kubatarrak. Are gehiago dira kubatar, euskaldun baino, hemen jaio ziren eta, baina badute gogo hori, ni ere horri eutsi diezaioten saiatu naiz eta.

Bistan da: Asociacion Vasco-Navarra de Beneficencia-n (Ongintzazko Euskal-Nafar Elkartean) kargudun zaitugu.


Bigarren lehendakariordea naiz. Hemen bertan ziren euskaldunei laguntzeko asmotan sortu zen, orain dela ehun urte baino gehiago. Behintzat, 1895ean abian zen elkartea. Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren euskal etxeen erregistroan elkarterik gazteena da. Gure elkarteko presidente andrea Bilbon egin den diasporaren mundu kongresuan egon zen uztailean. Maria Teresa Cornide. Euskaldunen heren iloba dela dio berak.

“Dio berak”? Zer esan nahi duzu?


Bada, zeuk asmatu! Balitekeela izatea, edo ez izatea!

Zertan da elkartea gaur egun?


Zuzendaritza eskasa izan du azkeneko urteetan eta hondoa jo du. Egoitza ere bazuen, baina galdu egin zuen. Duela urte batzuk berregituratzeari ekin zion eta horretan parte hartu genuen nire neba zenak eta biok. Burua jaso nahian ari gara. Panteoia ere badugu, Kolon hilerrian. Neu naiz arduraduna. Baina berriztatu beharra dago. Elkarteko bazkideak daude han lurperatuta.

Aurrerabiderik izango duzue?


Horretan gara. Iaz, adibidez, Legarreta jauna etorri zen, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako kidea, eta Habana Zaharrean egoitza bat nola inguratu ari gara. Izan ere, egoitza izanez gero, bazkideentzako ekintzak antolatu ezinik ez dugu izango: bideo emanaldiak eta beste. Eusko Jaurlaritzak ordenagailua ere eman zigun, baina egoitza behar dugu, elkartea behar bezala abiarazteko. Bitartean, asturiar etxean biltzen gara. Gela bat uzten digute bertan bilerak egiteko.

Euskaldun asko zarete Habanan?


Gaur egun ez gara hainbeste. Tira, ez dakit ziur, orain enpresaburuak ere badaudenez… Baina garai batekoak, hemen sortuak, ez gara asko, ez. Hala ere, batek baino gehiagok hots egin izan dit telefonoz, elkartean izena eman nahiko lukeela esanez. Interesa badago, ez dugu arbasoen lurrarekiko lotura galdu nahi... Euskaldun izan nahi dugu Kuban. Sentimendu bat da, galtzen ez dena. Nire kasuan, berrogeita hamar urte baino gehiago dira Euskal Herrian izan nintzenetik, eta ez nuke atzera itzuli gabe hil nahi. Begiak itxi eta Lemoizko kalea ikusten dut, aitaita-amamen etxea, eliza, hilerria… Baina oraingo egoera ez da ordukoa. Hala ere, ez dugu itxaropena galduko.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
“Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna”

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
“Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan”

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


2020-04-07 | dantzan.eus
Boiseko Jaialdi 2021era atzeratu dute

Bost urtetik behin Boisen (AEB) ospatzen den Jaialdi jaia urtebete atzeratu dute koronabirusa dela eta. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra zen ospatzekoa Euskal Herriko eta diasporako euskaldunak batzen dituen jai erraldoia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urteko... [+]


AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-19 | Erran .eus
Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.


2018-04-24 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
“Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri”

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]


Eguneraketa berriak daude