Pindar bat aski Maliburen xarma guztia errausteko

  • Urriko sugarrek utzitako hausterrak hoztu direnean, kontabilitatea egiteko garaia da Kalifornian. Baina ez da segurua hondamendi honen irakaspenik ikasiko dutenik. Malibu, San Diego... arrisku oharrak entzun eta lehengo bidetik jarraitzen duen gizadiaren metafora dirudite.
Kaliforniako sutea
Kaliforniako sutea. Iruditan suhiltzailea.
Malibu eta San Diego inguruetan urrian milaka hektarea kixkali dituzten suteak direla medio ikasi dute askok chaparral hitza. Jennifer Aniston eta beste mila zinema izarren jauregiak arriskuan zeudela zioten erreportaje ikusgarrien bidez jakin dugu Santa Anako basamortutik iritsitako haize beroak eta inguru horietako paisaia osatzen duen chaparral delakoa zirela hondamendiaren kulpanteak.

Chaparral euskaraz “txaradi” da, Morris hiztegiak dioenez. Harluxetek txaradia “basobera” eta “txaraka”ren sinonimotzat jotzen du: “Basobera, zuhaitz motzez edo zuhaixkaz osatutako baso zarratua”. Wikipediak dio hitza ingelesak gaztelaniatik –chaparro, olo mota bat– hartu zuela, eta honek euskarazko “txapar”-etik. Mediterraneoan maquis deitzen zaion zuhaixka, sastraka eta sasiz osatutako chaparral hau da Kaliforniako berezko landaredia. Eta txaradia urrian papera bezala sutu da, 1.500 etxe kiskaliz eta sekulako galerak eraginez.

Kaliforniako garren beroan, ekologiaz, giza eskubideez eta oro har politika aferez okupatzen den World War 4 Report blogak ekarri du gogora aspalditik zegoela iragarrita honelako sute bat gertatu behar zuela. Ez halako profezia milenaristagatik, baizik eta Kaliforniako txaradiek betidanik eta sarritan jasan dituztelako suteak.

Abisu ematen aritu direnetako bat Mike Davis da, Columbiako unibertsitateko irakasle, soziologo eta kazetari ezaguna. Lehen ere aipatu izan dira Net Hurbilen Davisen ikerlanak, munduan txabolategiak hedatzeaz, eta beste. Davis San Diegon bizi da, eta bertako suetan ikertuz 1998an plazaratu zuen Ecology of Fear liburua, euskaraz Beldurraren ekologia edo Arriskuaren ekologia eman dezakeguna. Kapituluetako baten izenburua “Malibu sutuko balitz” da.

Hego Kaliforniak mediterraneo motako eguraldia dauka, eta bertan bi-hiru urtez behin suertatzen diren sute txikiagoez gain hamarkada oroz erreketa beldurgarriak gertatzen omen dira. Garrak itzalitakoan, behin eta berriro, ekologiaz, mendiaren zainketaz eta arretarik gabe edozein lekutan eraikitzen diren etxeetaz pizten dira eztabaida beroak... baina laster, eraikuntza enpresa handien bulldozerrek beren bidean segitzen dute, mendia urratu eta etxe gehiago eraikitzen.

Beti omen da berdin. 1889an San Diego eta inguruetan 800.000 akre kiskali ziren (akrea hektarea baten 0,4 da). 1930eko hamarkadan ere izan ziren sute galantak, eta haiek amatatutakoan eztabaidatu ei zen ea Malibu, gaur glamourraren bihotza den eta orduan baso eta sastraka besterik ez zena, urbanizatu behar zen ala bere hartan utzi. Zer erabaki zuten esan beharrik ez dago, han diren milaka etxeek erakusten dute.

Geroago, sute handiei izenak ematen hasi zitzaizkien, hain baitira ugariak, eta azken urteotako handiena 2003ko Cedar izan zen, 273.000 akre errauts bihurtu zituena. Urri honetakoek denetara 500.000 akre inguru suntsitu dituzte. Hogeita hiru sute nagusien artean Witchek 200.000 akre erraustu ditu, Harrisek ia 100.000, eta Ranch ek 60.000.
Sua nahi, Schwarzenegger?

Malibun eta oro har “Suteen kostaldea” deitu dion Kaliforniako itsas hegian gertatu behar zuena zuzen asko asmatu zuen Mike Davisek joan den astean The perfect fire, “Sute perfektua” plazaratu zuen. Ingelesez Tom Dispatch gune aurrerazale famatuan dagoen lan hori gazteleraz ere aurki daiteke Sin Permiso gunekoek itzulita.

Mike Davisek kontatzen du urri-azaroa direla Kaliforniako suteen aroa. Duela hamar urte urriaren 26 eta azaroaren 7a artean mila etxebizitza baino gehiago errauts bihurtu ziren Pasadena, Malibu eta Laguna Beach-en. Beti urte sasoi honetan.
“Eguraldiak, ekologiak eta urbanizazio burugabeak –idatzi du Davisek– elkar hartu dute historiako su-ekaitzik perfektuenetako bat eragiteko. Hilabeteak dira adituak horretaz ohartuta zeudela”. Hasteko, azken urteotan aspaldiko lehorterik handiena jasan dutelako inguruotan.

Lehorte erraldoi hori ikerlari batzuek interpretatu dute beroketa globalaren ondoriotzat. Landaredian ere ekarri ditu kalte nabarmenak: Kaliforniako hegoaldeko pinudien %90 kakalardo batek jota dauzka eta dagoeneko ihartu ez diren zuhaitzak hilzorian daude.

Lurraren beroketaren ikonotzat izotz kozkor baten gainean itsasoan galduriko hartz zuria ipini dute komunikabide nagusiek, baina beste latitude askotan ere igarri dira beroketaren arrastoak. Inguruko sintomak interpretatzen jakin behar. Davisek berak joan den otsailean AEBetako hegomendebaldeko idorte kolosalaz honela idatzi zuen: “Beren barneko izerdia sortzeko adina hezetasunik lortu ezinda, milioika pinu suntsitu ditu azala jaten dien kakalardoak. Baso eta txaradi bizirik gabeko horiek elikatu dituzte Los Angeles, San Diego, Las Vegas eta Denverreko hiriguneek nozitu dituzten garrezko ekaitzak”. Aurreko haiek txiki utzi dituzte orain urrikook.

Bitartean, etxeak eraiki eta eraiki segitu dute Kalifornia beroko zelai eta mendietan. Azken hamabost urtetan etxegintzako booma nonbait ikusi bada, hori Kalifornian izan da. Milaka etxe berri horietako askok ez dute beste ihesbiderik bide estu eta bihurri bat baino... txaradietatik barrena. Horregatik, Davisek eta beste aditu batzuek barre egiten dute komunikabide nagusiak supiztaileen atzetik dabiltzala entzundakoan: “Ikertzaile askok gaur egun hemen ia anekdotikotzat jotzen dute piztailea zer edo nor izan den (...) Sutea aztertzen dute pilatutako erregai masak derrigor ekarri beharreko zerbait bailitzan”.

Davisek aztertuta dauka antzina nola erabiltzen zuten sua parajeotako indiarrek, urtero garbiketako su txikiak eraginez hondamendiak saihesteko. Baina holakorik pentsatzea ere ezinezkoa da gaur egun Kalifornian, non mugarik gabeko urbanizazioak jendeen bizilekuak kokatu dituen edonon eta leku denetan.

Milaka etxejabe eta familiok beren jabegoak zaintzea eskatzen diote orain administrazioari. Eta honetan ere sugarrek ironiaz jokatzen dutela dirudi. “Orain –dio Mike Davisek– garretan ikusi dut San Diegoko auzo erresidentzialik aberatsena, Scripps Ranch, eta akordatu naiz duela aste gutxi han bertan bildu zirela Kaliforniako gobernadore Schwarzenegger finantzatu zutenak. Bilkura horretan ahots haserretu eta zekenez mintzatu ziren kontrolik gabeko administrazio gastuen kontra, gutxitzeko eskatuz. Orain suhiltzaile gehiago eskatzen dituzte eta administrazioaren eskuhartze sendoa”.

Mike Davisen kontakizuna irakaspen batez borobildu nahiko lukeenak esango luke kontsumo gizarte post-industriala bere ondorioek kiskali nahi dutela. Schwarzeneggerrek ez dauka erraz kontuak borobiltzen: nola zaindu hobeto zainketarako zerga gutxiago ordaindu nahi duten herritarrak?


http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-02-06 | Gedar
Autobusak antolatu dituzte ostiralean Gasteizera joateko, Maccabiren aurkako manifestaziora

Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


1.000tik gora sinadura, Donostiako Kristobaldegi komentua Txomiñeneko auzoarentzat izan dadin

Auzoak behar asko dituela nabarmendu dute eta Kristobaldegik beharrei erantzun ahal diela: auzo baratzeak, biltegia, kultur etxea, zaharren egoitza, eta abar.


Alternatibei zirrikitua irekitzeagatik

Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Iñaki Murua
Bide luzea pauso ttikitan!

Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]


Gutxiengoa

Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Demokraziaren muga geopolitikoak

Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]


Eguneraketa berriak daude