Kantabria eta Bizkaiko 4.000 lagunen amesgaiztoa

  • Euskal Herriaren mendebaldean dago Kantabria. Euskal Herriaren adartxoa dela ere pentsa liteke, milaka bizkaitarrek hantxe baitute bizilekua, urte osorako batzuek, sasoi jakinetarako zenbaitzuk. Baina horietako askoren etxeak, beste ehunka lagunenak bezala, noiz eraitsiko zain daude. Begientzako bista ederra dagoen inguruetan eraiki ziren, eta begi-bistatik kendu behar dituzte orain, legez kanpo eginak direlako.
Legez kanpoko auzunea Pielagosen (Kantabria)
Legez kanpoko auzunea Pielagosen (Kantabria)Arca
Nork ez luke nahi, horretarako nahikoa diru edukiz gero noski, asteburu eta oporretan egoteko etxetxo bat, itsasoaren urdina eta mendiaren orlegia modu ederrean uztartzen dituen inguruan? Eta, behin eskatzen hasita, zergatik ez bertan bizi urte osoan? Hamaika euskal herritarrek –bizkaitarrak ia denak– Kantabria aukeratu dute amets hori gauzatzeko. Han sortu dute beren paradisu txikia, baina askori infernu bihurtu zaie. Euren etxeak legeari bizkar emanez eraiki zirela-eta, haiek eraisteko agindu du epaileren batek.

Kontua ez da berria. Lehenengo eraisketa-epaia 1994an eman zen, azkenekoa aurten. Guztira hogeitik gora, hamasei auzuneri eragiten dietenak. Hamahiru urteotan ez da eraikin bakar bat ere bota ordea. Iazko urrian, El País espainiar egunkariak esan zuen hilabete garrenean hasiko zirela lehenbiziko eraisketa-lanak, baina iragarpena ez zen bete. Urtebete geroago, zutik diraute urbanizazio guztiek.

Epairik zaharrena, 1994ko hura, La Arena hondartzako auzuneari dagokio, Arnuero udalerrian. “Eraisketa ere iragarrita zegoen, baina egin behar zuen enpresak presio asko jasan zuen eta, azkenik, atzera egin zuen”, diosku José Angel Herrerak, Arca talde ekologistako kideak. Beste enpresa batzuek ere ondo ulertu zuten mezua, antza denez: “Orain dela gutxi lehiaketa publiko deialdia egin zen Argoños herrian eraisketa egiteko, baina inork ez du bere burua aurkeztu”.

Arca elkarteak zerikusi handia dauka auzi honetan: beraiek jarri dituzte legez kanpoko auzuneen aurkako salaketa gehienak. “Baina ez gara etxeak eraisteko sortutako talde bat”, defendatu du bere burua Herrerak, noizbait horixe leporatu dieten seinale. Egia esan, Kantabrian eman den eraisketa-epai kopuruak ez dauka parerik Espainiako estatu osoan. Erkidego gehienetan usaindu ere ez dituzte egiten, legez kanpoko eraikinak guztietan dauden arren. Espainiako Auzitegi Goreneko Ingurumen fiskalak berak aitortu zuen, aurtengo ekainean, fiskal eta epaile gehienak ez daudela ohituta eraisketa eskatzen, lehenengoak, eta ematen, bigarrenak.

Mota horretako epaiak erruz emateko arrazoirik ez da falta ordea, Herreraren ustez: “Urte askoan, legetik at jardutea izan da araua. 80 eta 90eko hamarkadetan oso ohikoa izan da, lurzoruak sailkatzeko orduan, plano bat hartu eta arkatzez gainean marraztea, beste ezertan erreparatu gabe”. Arca aspaldi jabetu zen epaitegietara jotzea bide egokia izan zitekeela beren borrokan aurrera egiteko, helburua, beti ere, lurzorua erabiltzeko irizpideak errotik aldatzea izanik. “Gure asmoa ez da legea betearaztea, ez da etxe jakin bat bota araztea, horretarako badaude beste erakunde batzuk. Eraiki dituzten auzune asko legediarekin bat datoz, eta horien aurka ere bagaude, desagerrarazi nahi dugun eredu baten arabera eginda daudelako”. Herreraren esanetan, urteotan egindako lana emankorra izan da. Eraikitakoa eraistea baino –inoiz eraisten bada–, udalerri askok beren hirigintza-planak bertan behera utzi izana da, Arcakoen ustez, lortu duten garaipenik handiena.

Batetik ekologistak, bestetik epaitegiak; hirugarrenik, kondenatutako erakunde publikoak. Hanka bakarra falta da mahaia osatzeko, eta ez da munta gutxikoa: eraitsi beharreko etxeetan bizi den jendea. Gehienak, denak ez esatearren, euren interesak defendatzeko propio sortutako Asociación de Maltratados por la Administración (administrazioak kaltetutakoen elkartea) AMAn daude.

AMAk Espainiako Estatu osoa dauka lan-eremu, baina elkartea Kantabrian sortua izaki, hangoak dira bazkide gehienak. Edo, dagoeneko aditzera eman denez, bertan etxea erosi duten euskal herritarrak. Hasieran AMAko kideen %70 inguru bizkaitarrak ziren, orain parekatu egin dira portzentajeak.

Gutxi gorabehera 1.000 familiari eragin diete kantabriar auzitegiek emandako eraisketa-epaiek. 4.000 lagun. Milioi bat estatu osoan, AMAk dioenez. Alegia, legez kanpo utzitako 200.000 etxebizitza, arrazoi batengatik edo bestearengatik. Kantabrian, esaterako, dozena erdi lege-urratze desberdin izan dira auzuneak bota ditzaten agintzeko zioa. Bi nabarmentzen dira hala ere: lurzoru ez-hiritarrean eraiki izana eta paisaiaren babesari dagozkion arauak aintzat hartu ez izana. Batzuetan, lege edo arau bat baino gehiago urratu da aldi berean.

Hori guztia, alabaina, beranduegi jakin dute etxe erosleek, AMAko presidente Antonio Vilelak salatu duenez: “Ustez arau guztiak betetzen dituen etxea erosten duzu eta, egun batez, egunkarian irakurtzen duzu bizi zaren auzunea eraisteko agindu duela epaile batek. Eta zuk ezin izan duzu parte hartu prozeduran, ez duzu zeurea defendatzeko inolako aukerarik eduki”.

Kalte-ordain eskasak

AMA kexu da epaiek etxeak eraistera behartzen dutela administrazioa, tokian tokiko udaletxea gehienetan, baina ez dela neurririk ezartzen jabeei egindako kaltea ordaintzeko. Udaletxeak, berriz, hasieran lasai egoteko esaten die azalpen eske doazkienei, epaiak ez daukala aurrera egiterik. Gero, kontrakoa gertatzen denean, alegia, epaia irmo bihurtzen denean –orain arte beti hala izan da–, “ahaztu” egiten zaizkie etxe-ugazabak, eta antzera jokatzen dute gainerako erakunde publikoek, Vilelak salatu duenez.
Honenbestez, AMAk hainbat gauza eskatzen du. Batetik, ez dadila berriz gertatu eurei gertatu zaiena. “Demanda-erregistro halako bat egin beharko litzateke, edonork begiratu ahal izateko erosi nahi duen etxearen kontra prozedurarik dagoen”. Bestetik, jakina, euren arazoa konpon dadin nahi dute. Kalte-ordainak dirutan jasotzeari dagokionez, ez dute gauza handirik lortu orain arte: “Dagoeneko lau epaik behartu dute Kantabriako Gobernua guri ordaintzera, kalte moralak direla-eta”, dio Vilelak, “12.000 euro etxea ohiko bizileku dutenei, 9.000 bigarren etxebizitza bada. Eta injustizia gorena da kalte-ordain horiek hiritar guztion patrikatik atera direla, ez erantzuleenetatik”. Bitartean, esan gabe doa, hipoteka txintxo-txintxo ordaintzen segitu behar dute jabeek.
Kantabriako Gobernua kezkatuta dago gai honekin, eta bestelako irtenbiderik ere proposatu du. Hain zuzen, lurzoru-ustiapenaz mintzo dira agintariak. Hots, eraitsi beharreko etxea daukanari beste etxe bat ematea baldintza berdinetan, baina legeak baimendutako lekuan. Hala, joan den otsailean Gobernuak lurzorua “gordetzeko” eskatu zien kondenatutako udaletxeei, kaltetuek bertan etxeak egin ahal izateko. Momentuz, baina, ez da mugimendu handirik egon.

Legez kanpokoa berriro legeztatu?

AMAk soluzio potoloagoa mahaigaineratu du: euren etxeak legezkotzat jo ditzatela berriz, eta ez dadila eraikin gehiagorik altxa legez kanpo. “Gure ustez hala egiteko aukera dago kasuen %99an”, adierazi digu Antonio Vilelak. “Epai gehienak lurzoru hiritarrean eraikitako etxebizitzei dagozkie; eraitsi arren, berriz eraikitzeko aukera dago leku horietan. Hortaz, eraistea ez beste irtenbide batzuk bila daitezkeela uste dugu”.

Datu hotzek zera diote: eraitsi beharreko hamasei auzuneetatik, sei lurzoru ez-hiritarrean eginda daude. Kopuru esanguratsua, beraz. Hala ez balitz ere, AMAren proposamenak onartezina izaten jarraituko luke askoren aburuz. Ekologistak esaterako, etxebizitzek zutik irautearen aurka daude guztiz, baina ez dira bakarrak. Andaluzian, Espainiako hegoaldean, eskutik doaz hirigintza eta ustelkeria maiz. Horregatik ez da harritzekoa Kadizeko Ingurumen fiskalak honako adierazpenak jaurti izana aurtengo irailean: “Legez kanpoko eraikinak eraisten ez badira mundu guztiak pentsatuko du eraikitako edozer legeztatu ahal izango dela, behin eraikiz gero. Horrek ondorio kaltegarri bi dauzka: bateko, legez kanpoko etxebizitzen jabeek presio taldeak sortzen dituztela, hirigintza planak euren nahietara makurtze aldera. Besteko, deialdia zabaltzen da legez kanpoko eraikin gehiago egiteko”. Ia Arca talde ekologistak esandako gauza bera, AMAren legeztatze proposamenaz.

Azkenak
Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


2025-04-30 | Estitxu Eizagirre
Zer dezake udal batek makroberriztagarrien aurrean?

Bizitza ez-berriztagarriak filma ikusentzun zuten atzo 70 inguru lagunek Villabonan. Francisco Vaquero egilea bertan izan zen eta emanaldiaren ostean hitza hartu zuten herritarrek, kargu publiko batek eta egileak berak. Hainbat gai eta ikuspegi anitzak agertu ziren, baina... [+]


2025-04-30 | Sonia González
Zaurgarritasunaren tranpa

Zenbait urtetatik hona sarri entzuten dugun kontzeptua da zaurgarritasuna. Gaur gaurkoz, diskurtso politikoetan pertsona zaurgarriez aritzea ohikoa da. Seguru nago nik ere inoiz erabili dudala berba hori Bizilan.eus webgunean, eskubide laboralak eta prestazio sozialak azaltzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude