Galeseko poliziak drogak legeztatzea eskatu du

  • Oraingoan polizia batek proposatu du drogen kontrako estrategia azpikoz gain aldatzea, Britainia Handiko Galesen. Lehendik aditu askok eskatua dute debekuaren bidea baztertu eta droga guztiak lege barruan sartzea, eta hori derrigor egin beharko dela gero eta gehiagok dakusate.
Richard Brunstrom Ipar Galeseko 'constablea'
Richard Brunstrom polizia ez dago erretretan eta datu honek balio handiagoa ematen dio esan duenari: droga guztiak legeztatu daitezela. Britainia Handiko gobernua drogen inguruan prestatzen ari den ondorengo 10 urteetarako plana egiterakoan, beste aditu askori bezala eskatu diote iritzia Galesko iparraldean poliziburua den Brunstromi, eta honek 30 orritan gordin adierazitakoak herritarrei jakinarazi dizkie The Independent egunkariak. The Independent ez da txorakeriatan ibiltzen droga kontuekin, eta hala, berrikitan kanabisarekin dagoen permisibitatea moztea eskatu zuen, duela aste batzuetako Net Hurbilen agertu genuenez.

Oso aipamen gutxi egin zaizkio Richard Brunstromek esanei gure artean. Aldiz, bai proposamenak eta bai gizonak merezi lukete Euskal Herrian ezagutzea.

Brunstrom ez da oharkabean pasatuko den polizia. Interneteko bilatzaile batean haren izena jarriz gero, dokumentazio sarria aurki daiteke. Britainia Handi osoan da ezaguna, hasteko, bere agintepeko herrietan autoen eta batez ere motorren abiadura kontrolatzeko darabilen politika gogorra: erradarrak, kamerak, isun galantak, publizitate kanpaina probokatzaileak.

Galesen, bestalde, ezaguna dute bertako kulturarekiko gizon honek daukan atxikimendua. Berrikitan, Galesko parlamentuan hizkuntza normalizazioaz eztabaida batean hartu zuen parte. Bere mintzaldia galeseraz hasi ondoren, poliziburuak aitortu zuen Ingalaterratik Galesera lanera etorritakoan bertako hizkuntza ikastearekin jabetu zela hau herrialde bat zela, ez Ingalaterrako eskualde bat, eta aldi berean agintariei eskatu zien zorrotzago egiteko lana hizkuntzaren eskubideak zaintzeko. YouTuben ikus daiteke galesez hitz egiten bilkura batean. Arazo sozialetaz pentsatzen duena blok batean erakusten du Brunstromek.

Baina ez da polizia otzana. Bere konderrian ere poliziak hasi dira erabiltzen “Taser” izeneko pistolak, metro batzuetatik eta harien bitartez agenteek harrapatu nahi dutenari segundo batzuetako elektroshocka eragiten diotenak. “Taser” hau giza eskubideen aldeko erakunde batzuek salatua dute, eta kaleko manifestazioetan harrapatutako militante bat baino gehiagok nozitu du urteotan.

Honetan ere, ordea, Brunstrom poliziburua originala da: publikoki erakutsi du nola funtzionatzen duen “Taser” elektrikoak, eta kameraren aurrean onartu du bere larruan probatzea. YouTubeko bideo batean ikus daiteke Ipar Galesko constablea (komandantea) bi poliziak alde banatatik helduta daukatela astindu elektrikoa jaso eta oihuka lurrera erortzen. Hori bai, bideoaren bukaeran herritarrari constableak esango dio pistola elektriko hau mingarria dela, eta hobe duela poliziek samurki eskatu diotena bete eta obeditzea.

Javier Balza sailburuari jokoa emango lioke Richard Brunstromek, noizbait Eusko Jaurlaritzak ertzainetxeak bisitatzera ekar baleza.

Etikan oinarritu, ez dogman

Richard Brunstromek idatzitako txostenean dio narkotikoak legez kanpo uzteak porrot egin duela. Gobernuari eskatzen dio drogaren kontrako borroka bukatutzat eman eta droga guztiak legeztatu ditzala, kokaina eta heroina barne.

Ondorio horietaraino faktore askok eraman dute Brunstrom. Hasteko, polizia beste edonor baino hobeki ohartzen da sekula baino droga gehiago eta merkeago aurki daitekeela. Erabiltzaileak asko ugaritu dira eta drogagatiko delituak ere bai. Gainera, narkotrafikoa omen da petrolioaren ondoren munduko jarduerarik dirutsuena.

“Drogen inguruko politikak –idatzi du Brunstromek– pragmatikoa izan behar du eta ez moralistikoa, etikak gidatua eta ez dogmak; horregatik baztertu behar dugu oraingo debeku eskema, ez delako ez eraginkorra eta ez morala. Ebidentzian oinarritutako sistema bateratua izan behar da abiapuntu, tabakoa eta alkohola sartu eskeman, eta helburu ipini gizartearentzako kalteak minimizatzea”.

Britainia Handian drogen kontrako borroka 1971ko lege batek gidatzen du. Haren arabera, drogak A, B eta C motatan sailkatzen dira. Brunstromek txostenean argudiatzen du abiapuntuan bertan dagoela akatsa, ABC arrisku taula hori erreala ez delako.
Eskozian medikuek egindako ikerketak erakutsi du 2004.ean tabakoagatik 13.000 pertsona hil zirela, alkoholagatik 2.052 eta aldiz droga ilegalengatik 356. Droga edukitzeagatiko zigorrak ez doaz estatistika horien arabera, noski.

Ilegalizazioaren porrota beste aditu askok ere salatua dute, eta Brunstromek aipatu ditu batzuk informean: Londresko Parlamentuko Zientzia eta Teknologia batzordea, Olinpiadetarako ministroa, presondegien ikuskatzaile nagusi izandako Lord Ramsbotham, Auzitegi Goreneko epaile erretiratu bat, eta abar.

Ingalaterra eta Galesi A motako droga arriskutsuak kostatzen zaizkie urtean 17.000 milioi libera esterlina –horietatik %90 delituen ondorioz– eta hori gainera alde batera utzirik gizartean dauzkaten bestelako kalteak. Prohibizionismoak justizi sistema krisian murgildu du. Eta gainera, nazioarteko harremanetan ere eragina dauka, droga ekoizten duten herrialdeak desestabilizatu eta haietan giza eskubideak urratzea sustatzen duelako.

Zer lortuko litzateke droga guztiak legezko bihurtuz gero? “Drogengatiko kriminalitatea arras gutxituko litzateke –idatzi du Brunstromek– eta horrela pertsegizioan xahutzen diren diruak erabili ahal izango lirateke kalteak gutxitu eta erabilgarritasuna demostratu duten bergizarteratze tratamenduak sustatzen”.

Ideiok berdin defendatzen ditu espetxeetako ikuskatzaile nagusi izan zen Lord Ramsbotham-ek. Honek deklaratu dio The Independent egunkariari: “Gaurko sistemak alde guztietatik frakasatu du. Begiratu iezaiozu Amerikako Estatu Batuetan alkoholari egin zitzaion debekuari, eta huts egin zuen berdin. Ipar Galeseko poliziburuak esan duena seriotan hartu behar da. Gizartean hainbesteko desgraziak eragiten dituzten trafikanteak geldiarazi behar ditugu”.

Ramsbothamek aitortu du presondegietan ondo zekitela bertara zekartzaten hamarretik zortzi droga erostearekin zerikusia duten delituengatik zekartzatela. Ipar Galeseko poliziaren buruzagitzan dagoen John Anderson ere Brunstromekin dago, debekuaren aldeko politikoen erreakzioak ikusita: “Politikoek erreflexuz erreakzionatu dute, ez dute errealitatea hartu nahi beren gain. Gai honek ez baitu botorik ematen”.

Plaid Cymru alderdiko Leanne Wood parlamentariak defendatu du Brunstrom poliziburua: “Ikusita daukagu nola berziklatzen duen jendea sistema honek. Espetxera eraman, espetxetik atera, drogetan sartu berriz, legea urratu, berriro kartzelara... Hau aldatu beharra dago”.

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Eguneraketa berriak daude