Alabak ezin Amets izan eta semea ezin Izar deitu

  • Aratz, Alatz, Eli, Kutun, Zorion, Zuri, Gabon deitu nahi badiozu alabari, ahaztu. Berdin semeari Itoitz, Jata, Lur, Oritz, Sua, Ugo, Uritz jarri nahi izanez gero. Euskaltzaindiaren arabera, lehenengo zerrendakoak izen maskulinoak dira eta bigarren zerrendakoak, femeninoak. Eta Ipar Euskal Herrian legea malguagoa bada ere, Hegoaldean zorrotzak dira sexu bakoitzari dagozkion izenekin. Baita izenen grafia eta bestelako ezaugarriekin ere. Ezin seme-alabei edozein izen jarri.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Amerikako Estatu Batuetan, modarik bitxienentzat lekua dagoen herrialdean, bogan daude jaioberriari izena jartzeko aholkuak ematen dituzten “adituak”. Gurasoei 90 dolar (70 euro inguru) kobratzen diete gainera. Halako zerbitzuetara iritsi beharra gehitxo badirudi ere, nahikoa buruhauste eman ohi du seme-alabaren izena aukeratzeak. Eta behin argi dugunean, erregistro zibilera joan –herri txikien kasuan bake-epaitegira– eta trabak jarri ditzakete: izen guztiak ez dira onargarriak.

Frantziako Estatuan, badira 11 urte arauak leundu zituztela. Lehen, esaterako, ‘ñ’ hizkia ezin zen izenetan erabili, ez zelako frantziar karakterea. Orain, ordea, izena nahi den grafiarekin idatz daiteke –izen bera modu desberdinetan idatzia aurkituko dugu askotan Iparraldean– eta edozein izen aukera daiteke, lehenagotik existitzen dela frogatu beharrik gabe. Muga bakarra dago: “Moral publikoaren aurkakoa ez dadila izan”.

Espainiako Estatuan, aldiz, zorrotzagoa da legea, eta ondorioz, baita Hego Euskal Herrian ere. Espainiako Kode Zibilaren arabera, “ezin da izen elkartu bat edo bi izen bakun baino gehiago jarri, eta debekatuak daude objektiboki pertsona kaltetuko duten izenak. Halaber, debekatuak daude identifikazioari eta sexuari dagokionez nahasmena sor dezaketenak. Jaioberriari ezin zaio anai-arrebak duen izen bera jarri, beste hizkuntza batean baldin bada ere, anai-arreba hilda ez badago behintzat”.

Praktikara eramanda, nola eragiten du horrek guztiak? Euskarazko izenen kasuan, Euskaltzaindiaren izendegia kontsultatzen dute erregistro zibileko langileek –web gunean normalean, telefonoz deituta bestela–, eta beharrezkoa da zerrendan agertzea, Euskaltzaindiak onartutako ortografia errespetatzea eta izenari dagokion sexukoa izatea jaioberria. “Adibidez –kontatu digu Pilar Etxebeste Donostiako erregistro zibileko langileak–, guraso batzuek Naia jarri nahi zioten alabari lehengo egunean. ‘H’ gabe euskaraz ez dago onartua, baina bai atzerriko beste hizkuntza batean, eta beraz jarri daiteke, baina ez dela euskarazko izena jakinarazi nien”.

Hain zuzen, grafia izan ohi da arazo gehien ematen dituena. Baina normalean kexarik ez dela izaten dio Etxebestek, onartutakora egokitzen baitira gurasoak. “Behin, Leyre y grekoz jarri nahian etorri zitzaizkidan, eta nik ‘i’-rekin zela esan nien, baina ikusten denez Leyreko Monasterioa, Nafarroan, y grekoarekin idazten da, eta onartua dago”. Lehen, diminutiboek arazo asko ematen zituztela gaineratu du: “Esaterako, Seaska egutegian agertzen ziren diminutiboekin etorri ohi zen jende asko, baina Seaskak izentzat hartzen zuena diminutibotzat hartzen zuen Euskaltzaindiak”. Orain, ez dago buruhausterik, 2007ko martxoaren 16an araua aldatu baitzen: “Pertsonei izen propioaren aukeraketa librea bermatzeko, indargabetu egingo da izen propio bezala inskribatzeko diminutiboen edo substantibitatea lortu ez duten familia eta lagunarteko aldaeren debekua”, dio Kode Zibilak.

Izenaren sexuarekin, berriz, ez omen da arazo askorik izaten. “Ilargi izenarekin problemak egon ziren –gogoratu du–, neska izena dela baitio Euskaltzaindiak eta mutil bati jarri nahi izan zioten, baina azkenean magistratuak onartzea erabaki zuen”. Izan ere, magistratuak du azken hitza, eta beraz, askotan magistratuaren senaren araberakoa da epaia.

Fuckme, Porsche, Alua, Aker

Finean, Ilargi mutilari jartzeak zer kalte ekar dezake? Non dago muga? Mikel Gorrotxategi euskaltzainak, Patxi Salaberrirekin batera 2001eko euskal izendegiaren egileak, argi dauka: “Umea legez babestu behar da eta ez da edozer onartzen. Jendeak esan dezake: ‘Nor da legegile hori niri mugak jartzeko? Nik umearentzat onena nahi dut’. Baina errealitatea da lege malguagoa dagoen lekuetan, AEBetan esaterako, onartzen diren izenak ez direla onargarriak: adibidez, Fuckme (larrua jo iezadazu). Alemanian alabari Porsche izena jartzen saiatu ziren, Mercedes izeneko emakumeak daudela argudiatuz. Suedian, umeari bokalik gabeko 56 zeinu tipografiko jarraian jartzeagatik zigortu zituzten gurasoak. Euskal Herrian ere izan dugu kasurik: gizon erdaldun batek alabari Alua deitu nahi izan zion eta andre batek semeari Aker. Akerrek egungo gizartean kutsu negatiboa duela esan zitzaion eta erantzun zuen semeak pertsonalitate asko izango zuela eta ez zitzaiola axolako”. Ordots, Ozpin edota Zakar bezalako izenak ere debekatuak daude, iraingarritzat hartzen direlako. Baina arraroak iruditu dakizkigukeen beste hainbat izen zerrendatuta eta beraz onartuta ditu Euskaltzaindiak: Semena, Tota, Mazmela, Baltz, Heren, Gindul, Gometz, Kaio edota Puskene, besteak beste.

Izenen sexu bereizketa ere beharrezkoa iruditzen zaio euskaltzainari. Bere esanetan, euskal izendegia argitaratu aurretik izen batzuk neskak nahiz mutilak izendatzeko erabiltzen ziren, eta ondorioz nahasmen handia zegoen justizian, irakaskuntzan eta beste hainbat alorretan. “Jendeak pentsatzen du izen arrunten kasuan euskaraz sexu markarik ez dagoenez, sexu markarik gabeko pertsona izenak daudela –diosku–, eta hori euskarazko sistemaren kontrako ustea da. Euskarazko izenak, ezagutzen ditugun neurrian, beti izan dira neska edo mutil izenak, ez dago izen mistorik”. Adibidez, Koldo Mitxelenak zioen ‘-a’ amaiera hartu zela latinetik emakume izenak egiteko –euskaraz ohikoak ziren Inesa eta Isabela, Ines eta Isabel, kontsonantez bukatuak, euskaldun elebakarrentzat mutil itxura zutelako– eta kontsonantez amaitzen direnak oro har izen maskulinoak direla dio euskarazko sistemak.

Baina Euskaltzaindira gerturatzen diren guraso gehienen zalantza ez dago sexuarekin lotuta, izen berriekin baizik. Hainbatek, familiako kideren batek zuelako, libururen batean irakurri duelako edo nonbait entzun duelako, euskal izendegian agertzen ez den izena jartzea du asmo. Berez, izenaren existentzia frogatzea eskatzen den arren, izen berriak ere sor daitezke. Gorrotxategik argitu digunez, dokumentazioan izen berriak aurkitzen dituzte batzuetan; gainera, toponimoak eta adjektiboak, iraingarriak ez badira eta erabiltzeko modukoak badira, jar daitezke.

Legedia atzerrian

Europan, orokorrean, nahiko zorrotzak dira izenen inguruko araudiekin. Portugalen, ez da onartzen portugesez ez dagoen izenik ez eta diminutiborik ere. Italian debekatuta daude leku izenak –ezingo genioke alabari Leire edo Ainhoa deitu– eta Alemanian izenak zerrendaturik daude eta sexuaren arabera bereizita. Amerikan, ostera, askatasun handia dago eta Hego Amerikan adibidez edozer gauza entzutera ohituta daude: Usnabi (AEBetako itsas armada alegia), Superman, Hitler, Makgiber, Genghis Khan, Hiroshima, Apolo Tres edota Backstreet Boys izeneko haurrak aurki daitezke. Orain arte, behintzat. Izan ere, Venezuelan jaioberrientzako izen posibleen zerrenda 100era mugatu nahi duela iragarri berri du Hugo Chávezek. Zorionez, gurean zerrenda ez da hain mugatua, baina alabak ez du Amets izena eramango eta semea ezingo da Izar deitu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal izendegia
Haur euskaldun bati latinezko izena inposatu dion epaileak, Ilargi beharrean Jon jarri zion beste bati

Cristina Rodríguez Ruiz epaileak galarazi egin zien guraso batzuei beren seme jaioberriari Ilargi izena jartzea, argudiatuz neskentzako izena dela. Gurasoen iritziaren aurka, Jon izena jarri zion EiTBk informatu duenez.

 


2019-06-14 | Axier Lopez
Euskaltzaindiak genero markarik ez duten izen batzuk onartu ditu lehen aldiz

2011n ikuspegi binarioan (gizonak eta emakumeak) oinarritutako izendegia argitaratu zuen Euskaltzaindiak. Generorik ez duten euskarazko ehunka izenei izaera aldarazi eta ordutik familia askoren buruhauste eta oztopo bilakatu da sailkapen hori. Kritika andana jaso ostean,... [+]


Badira izen mistoak Euskaltzaindiaren zerrendetan

Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan baina IKAren Deklinabidea aplikazioa garatzen ari nintzela salbuespenak badirela konturatu nintzen. Badaude Euskaltzaindiaren gizonezkoen eta emakumezkoen ponte-izenen zerrendetan, bietan,... [+]


2018-01-15 | ARGIA
Euskaltzaindiak pertsona izenen genero bereizketarekin malguago izateko eskatuko dio Justizia Ministerioari

Euskaltzaindiak adierazi du aurki Ministerioarekin euskal izendegiarentzat “bestelako bideak asmatzeko” harremanak hasi nahi dituela.


2017-03-14 | Hiruka .eus
“Genero-markarik gabeko izenen aldeko apustua egiten dute askok”

Izenek egungo biko genero-sistema zelan erreproduzitzen duten azaltzeko, Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kideak akordura ekarri ditu Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta antropologo beasaindarraren berbak. Eskisabelek esaten duenez, "egunerokotasunean,... [+]


2016-08-01 | Axier Lopez
Euskaltzaindia: “Oso zaila da izenetan neska eta mutilen arteko bereizketa egitea, harrapatuta gaude”

Abuztuaren 1eko Teleberrian ARGIAren azken aldizkarian argitaratu dugun euskal izendegiari buruzko erreportajea eta analisia izan dituzte hizpide. Etxean semearen izenarekin bizi izan dugun kasuari buruzko albistean, Euskaltzaindiko kide batek aitortu du izendegia sortzeko... [+]


2016-07-27 | Axier Lopez
Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa

Zeinek ez du ezagutzen Lur izeneko neska eta mutila? Edo Hodei, Sahats, Lizar, Elorri, Aratz, Araitz, Izar, Amets, Iraultza, Amaiur, Iraitz, Izaro edo Aritza izenekoak ere. Ba al da izen bera emakumeek eta gizonek partekatzea arazotzat hartzen duen euskaldunik? Lur hitzak non du... [+]


Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe

Euskarazko pertsona izenen sorkuntzak abiadura handiagoa eraman du arautzeak baino. Horri esker ditugu Izaro, Amaiur eta Eneritz izeneko neskak eta mutilak. Euskaltzaindiak ordea euskal izendegia finkatu du, eta bere hitzetan esanda “erregistro zibilari aholkuak”... [+]


Zergatik ez Harkaitz izeneko neska?

“Izena eta izana ezbaian” gida praktikoa aurkeztu dute Bilgune Feministak eta Emaginek. Euskarazko izendegiaren binarismoaren inguruko gogoeta piztu nahi dute.


2009-11-26
Haur izendegiarekin bueltaka

Kontsulta jarri beharko dut martxa honetan. 2007ko urrian erreportajea idatzi nuen Hego Euskal Herrian jaioberriaren izenaren sexuarekin eta grafiarekin dauden arau zorrotzei buruz (malguagoak dira Iparraldean), eta oraindik zalantzaz beteriko iruzkinak jasotzen ditu... [+]


2001-09-17
"Euskal izendegia. Ponte izendegia. Diccionario de nombres de (...)


- "Euskal izendegia. Ponte izendegia. Diccionario de nombres de pila. Dictionaire des prenoms" liburua aurkeztu zuen ostiralean (14) Euskaltzaindiak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren babesarekin. Bertan, 2.264 izen jaso dituzte bakoitzaren azalpen eta guzti... [+]


Eguneraketa berriak daude