Bangladeshtarren legio batek inbaditzen ditu gauero Arbil-go kaleak. Laranjaz jantzita doaz denak, eta Kurdistango hiriburuko erdigunea garbitzen dute euren erratzaz eta esku biluziez. Lan benetan nekeza da hau, bazar nagusiko postuak itxi ostean ugariak baitira lurrean utzitako plastikoak, janari-kondarrak nahiz bestelako hondakinak. Irango arropa merkea, Siriako olibak, Turkiako bananak… Atzerriko produktuak beti; Irakeko Kurdistanen porlana besterik ez da ekoizten. Tamalez, milaka tona behar dira herrialdea berreraikitzeko eta, noski, berreraikitakoa harresiz babesteko. Ezin ahaztu, autoz Bagdad hemendik hiru ordu eskasera dagoela, eta Mosul, 50 minutura baino ez.
Bangladesh-ko etorkinek euren etxeetara deitzean, Irak iparraldean daudela esango diete senideei, baina “lasai egoteko”, herrialdeko eskualde seguruena dela eta. Konferentziak hain garestiak ez balira, zera azalduko zieten etxekoei: Kurdistan ez dago mapetan, baina jada 16 urte egin ditu herrialde gisa, Bagdadeko kontrolpetik at, eta bonba autoetatik urruti. “Badaude, antza, Irakeko Kurdistan baino toki okerragoak bizitzeko” pentsatuko dute Arbildarrek laranjaz jantzitako garbitzaileei erreparatzean. Eta arrazoi dute.
Hausturak eta loturak
Kurduek diote bizilagun txarrak izan dituztela beti, hamaika traizio jasan dituztela historian zehar, mendiak baino ez diela babesa eskaini... Aldi berean, saminez onartzen dute turkiar, arabiar edo pertsiarren kontra borrokatu ez ezik, elkarren kontra ere borrokatu izan dutela. Iraken, kurduen arteko barne hausturak goia jo zuen 90eko hamarkadan: lau urtez luzatu zen KDP(Kurdistango Alderdi Demokratikoa) eta PUK(Kurdistango Abertzaleen Batasuna) alderdien arteko gatazka armatua. 98an bakea sinatu zenetik, talde bakoitza Irakeko Kurdistango zati baten jabe izan da. Massud Barzani liderraren KDP alderdia mendebaldean da nagusi, eta Jalal Talabaniren PUKa, berriz, hego-ekialdean. Nolanahi, 2005ean aurrerapauso handia egin zen, hauteskundeetara deitzean.
Kurdistango norantza ebazteaz gain, Irak osoarena ere erabaki zuten kurduek: Massud Barzani Irakeko Kurdistango presidente hautatu zuten, eta Jalal Talabani, Irakekoa.
– PUKak KDPak baino 150.000 bozka gehiago atera zituen Kurdistango eskualdean, baina hau off the record esaten dizut –aitortu du Yezidi Arazoetako ministroa den Mahmud Idok–. Irakeko kurduon arteko batasuna lehentasuna genuen eta, zorionez, akordio batera iritsi ginen. Irakeko egoera larria dela eta, datozen urteetan elkarrekin gobernatzea erabaki dugu. Kurdistango etorkizuna KDP edo PUK alderdiak baino garrantzitsuagoa dela iritzi dugu denok.
Mahmud Naz Cityn instalatu da berriki, Arbilgo kanpoaldean gobernukideentzat eraiki berri den auzoan. Parkinean, 4x4etako gidariek segurtasun guardiekin solasean orduak ematen dituzte, euren nagusien aginduen zain. Urbanizazioaren ordena nahiz txukuntasunak ez du, inolaz ere, Arbilgo erdigune zikin eta zaratatsuaren antzik. Hango bazar handiaren galeri labirintoan lan egiten du Hamid Bender 23 urteko gazteak. Lau urte eman ditu jada bere postuan, Irandik ekartzen dioten arropa saltzen.
– Ilusio handiz bozkatu nuen 2005ean, lehendabiziko aldia zen –gogoratu du Benderrek–, Barzani miresten nuen. Urte asko eman zituen mendietan peshmergekin (gerlari kurduak), Saddamen kontra borrokatzen. Denok miresten genuen–. Hau Arbildarren artean sentimendu zabaldua bazen ere, Barzaniren alderdiak “badaezpadako” neurri batzuk hartu zituen bozketa egunaren bezperan. Hauteskundeen aurreko bi egunetan argi indarra 24 orduz jarraian izan genuen. Bozkatu eta hurrengo egunean ohiko zazpi orduekin konformatu behar izan genuen. Atzo, ordea, 4 baino ez ziren izan –damu da Bender–. Gure itxaropenak argiarekin bat itzali dira bi urteotan. Funtsean, egoerak okerrera egin du, baina ez denontzat. Ikusi al dituzu 4x4 horiek guztiak? Bakoitzak 40.000 dolar balio ditu. Nondik ateratzen da diru hori?
Egia da. Ugari dira luxuzko autoak Kurdistango kaleetan. Baina ugariago zapatak garbitzen dituzten umeak, limosna eskatzen duten amonak, edota kale erdian edozein huskeri saltzen duten adin ertaineko gizonak: kobrezko kableak edota kremailerarik ez duen maleta, esaterako. Eta txiro nahiz aberats horien guztien artean, Barzani liderraren irudia, kakiz jantzita eta durbante gorria buruan: toki publiko eta pribatuetan; etxe, denda, taberna, bazar, autobus eta taxien barruetan. Baita kanpoaldean ere.
– Saddamen garaiko akats berdinak errepikatzen ari gara, nortasunaren gurtzatik hasita. Laster “Kurdistan” ez, “Barzanistan” deitu beharko diogu gure eskualdeari –kexu da Dawan B., unibertsitateko irakaslea Dahuk-en–. Massud Barzani Kurdistan eskualdeko presidentea da, baina erabaki “potoloak” lehen ministroak hartzen ditu; bere iloba den Nijirwan Barzanik. Bestalde, zerbitzu sekretuko burua Barzaniren semeetako bat da, Masrour; eta haren anaia, Indar Berezietakoa…
Dawanek salatutako nepotismoa nahikoa agerikoa ez eta Barzani nahiz Talabaniren senideek telekomunikazio, eraikuntza eta merkataritza esparruen monopolioa dute. Gauzak honela, hierarkiaren behealdean eseri da gobernuko bi familiokin kontakturik ez duen oro.
– Dirua kudeatzen duen elitea sortu da, “goreneko kasta” bat –dio Dawanek–, baina kulpa herritarrona da: ez dago erreakziorik, begiak ixtea nahiago dugu. Oraindik tribala den gizarte baten ohiko joerak dira hauek. Nola esan betiko liderrari oker dagoela? Bidezkoa al da horrelakorik? Jendeari gogorarazi behar zaio alderdiak herriaren alde lan egin behar duela, eta ez alderantziz.
Welcome to real Kurdistan
Eskualdeko hego-ekialdean dago Sulaimanija, Jalal Talabaniren feudo historikoa. Askok diote Irakeko Kurdistango hiririk aurrerakoiena dela; aldaketak, haize berriak, hemendik sartzen direla. Hiriburutik ordubete eskasera, PUKak kontrolatutako checkpoint-ak nazioarteko muga dirudi. Bertako peshmergek bandera kurdua sorbaldan josita badute ere, uniformeak eta intsigniak desberdinak dira. Euretako batek “Welcome to real Kurdistan” (ongi etorri benetako Kurdistanera) batez agurtu nau, baita PUKako telefono operadoreak ere, nire sakelakoaren bidez. Orain arteko deiak Barzaniren semearen konpainiak kudeatu ditu, zerbitzu sekretuko buru ere baden harenak. Egia esan, nekez topa liteke telefonoa “pintxatzeko” bera baino pertsona egokiagorik.
Sulaimanija hiriburuan atentzioa ematen dute kaleko zuhaitzek, ederki zaindutako parkeek, edota trafikoa bideratzen duten poliziek, besteak beste. Arbil edo Dahuken aldean, Suitzako hiria dirudi Sulaimanijak. Baina agian aldaketarik deigarriena bertako liderraren presentzia urria da. Apenas aurki daiteke Talabaniren irudirik hemengo kaleetan, eta ageri den gutxietan zibilez jantzita dago, gorbataz, eta durbanterik gabe. Ez dirudi Kurdistango hego-ekialdeari “Talabanistan” izengoitia egoki zaionik; itxuraz ez, behintzat. Baina Sulaimanija lur-espekulazioaren adibide gordinena da, etxebizitzaren prezioa mendebaldeko Europako mailakoa izateraino. Gaur udalaren lurra dena, bihar pribatua izan daiteke erraz. Dekretu xume bat baino ez da behar: igorlea, PUKekoa den Sulaimanijako Gobernua; onuraduna, PUKekoa den Nizar eraikuntza enpresa.
Honelako praktikek eta eraikuntza, edo, hobeto esanda, “berreraikuntza”ren boomak jasangaitz bilakatu dute eguneroko bizitza, hortik hiri-erdiguneko kanpin-dendak. Hamabi egun daramatzate Sarhad, Ziruan, Erivan, Zamal eta beste dozena bat hiritarrek kalean lo egiten, Sulaimanija Palace hotelaren eta gobernuko finantza-egoitzaren artean, hain justu.
– Alderdikide ez garenok jai dugu Kurdistanen; ez lanik, ez dirurik, ez etxerik… –kexu da Sarhad. 25 urteko gazteak duela bi urte bukatu zituen ekonomia ikasketak Sulaimanijako Unibertsitatean, baina lan munduko ateak irmoki itxita dauzka. Bere gurasoak ez dira inoiz PUKeko kideak izan, ezta bera ere–. Kanpamentuan elkartu garenon artean kristauak, yezidiak, musulmanak, marxistak… Denetarik dago –jarraitu du–. Ez gara alderdi bat, berdintasuna eta demokrazia aldarrikatzen duen taldea baizik.
Manifestatzaileekin bat dator Assos Hardi. Awene egunkari independentearen erredaktore burua da, eta makina bat artikulu argitaratu du gobernuko ustelkeriaren gainean:
– Ustelkeria eta demokrazia eza begi-bistakoak dira, argi dugu hau denok. Dena den, funtsezko aldaketa bat gauzatu da azken urteotan –dio Hardik–. Kanpin dendetan dauden hiritar horiek hamabi egun eman dituzte jada, gobernuaren eraikin baten aurrean gainera. Duela gutxi arte pentsaezina zen horrelako ekintza bat burutzea, poliziak berehala atxilotuko zuen protestan ari zen edonor. Egun, ordea, inork ez die ezer esan, ez dute mehatxurik jaso; ezta niri ere idatzi ditudan salaketa-artikuluengatik. Trantsizio une batean gaude, baina demokraziaren lehen izpiak jaso ditugu jada. Denbora behar dugu, besterik ez.
http://www.argia.eus/kurdistan kanalean, Kurdistanera egindako bidaiaren egunerokoa eta argazki bilduma.