«Herri elkargo guztiek errauste sistema baztertu dute»

  • Lapurdiko Hiriburu, 1959. Hiriburu Maita taldearen izenean auzapeza. ABko kidea. Hiriburu kantonamenduko (SIVOM) eta Bil ta Garbi –herrien arteko– sindikatako presidentea. Orain sei urte, Herriko Etxearen ardura hartu zuenean, “abertzale batek Iparraldean kudeatu duen herririk handienaren auzapez gisa” elkarrizketatu genuen. Orduan, KPNG –kudeaketa, finantza, aholkularitza– enpresako lanak burutzen zituen eta gaur egun ere bai: “Lehengo enpresan segitzen dut, ez denbora osoz –ongi da ere ekonomia behatzea–, auzapez gisa bai, egunero ari naiz, igandea barne. Gaztea naiz oraino”.
Alain Iriart
Gaizka Iroz
Ipar Euskal Herriko herri hauteskundeak udaberrian burutuko dira. Hiriburu Maita taldearen agintaldia ia bururatua da. Alain Iriart auzapeza legealdia berritzeko prest azaldu zaigu. Mandatuari buruzko egitasmoen bilana edota balorazio orokorra eginez abiatu dugu solasaldia: “Gure asmo nagusietariko bat lantegiak eta merkataritza-guneak herri barnean atxikitzea zen, ez zitezen Baionara eramanak izan, konparazione. Horren karietara geure eremua eraikiarazi dugu. Bestalde, zahar etxea (hogei enpleguz), eskoletarako jantokia eta hogei haurrentzako haurtzaindegia (zazpi enpleguz) sorraraziko ditugu, elebidunak denak. Halaber, Serorategia –antzinako Herriko Etxea– erakusketa etxea bihurtu dugu” diosku baikor Iriart auzapezak.

Euskara sustatzea Hiriburu Maitaren egitasmo garrantzizkoa zen. Nola moldatu zarete arlo horretan?


Hasteko, herriko eta bideko seinaleak euskaraz ere ezarri genituen, baita udal gonbiteak euskaraz egin ere. Hainbat jende harritu zen hastapenean. Euskararen sustatzea ez da erraza hemen, baina gure xedeak burutu ditugu. Taldearen nahikaria zen, horretarako ere hautatuak baikinen. Hizkuntz politika finkatzeko jendearen atxikimendua xerkatu dugu, herritarren aldekotasuna eta oniritzia bildu. Jende gehiena urrun dago euskal kulturatik, hauetatik asko kanpotik jin berria da, ez dute euskal errealitatea ezagutzen. Kantonamenduan ez zen ikastolarik ez haurtzaindegirik ere. Alabaina, gure mandatuan ikastola berria abiatu da. Haur eta Lehen mailak sortu dira, haurtzaindegia ere bai. Elebidun nahi genituenok gure nahiak argudiatu eta eztabaidatu ditugu. Ikastolaz gain bi eskola publiko dira hemen, bat elebiduna, ehuneko 60k euskaraz ikasten du.

Agintaldiaren hastapenean BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) distrituarekin harremana nola landu aztergai izan zenuten. Nola joan da atal hau?


Duela zazpi urte –SIVOM delakoaren bitartez– harremanak lantzen hasi ginen ondoko herriekin. Hautu bat egin behar genuen: edo BAMekin harremana sakondu edo geure taldea sortu. 2004an gure elkargoa sortu genuen, eskuduntza berriak hartuz. Hala nola ekonomia gure gain hartzea. Xedea hamar-hogei urte barne elkargoa sendoa izatea da, BAMen ondoan esku-hutsik ez bizitzeko. BAMeko inguruko herriak txikiak gara, Baiona, Angelu eta Miarritzeren aldean gure beharrak eta ahalak tipiak dira: aurrekontu eta problematika ezberdinak ditugu. Beste kantonamenduetako herri elkargoekin ere –Hazparneko eta Bidaxuneko eskualdeko herriekin– ari gara harremanetan, problematika bertsuak ditugun eskualdeak gara.


LGV eta TGV (Abiadura Handiko Burdinbidea eta Trena) delakoaren egitasmoa nola bizi duzue Hiriburun. Victor Pachon eta Jean-René Etchegarayren ikuspuntu desberdinak bildu ditugu orriotan. Zuk nola ikusi duzu afera?


Arranguratu gara, bistan denez. Gaia gogoetatu dugu, eztabaidetan parte hartu dugu. Gure jarrera egungo trenbidea lantzearen eta hobetzearen aldekoa da. RFRren (Burdinbideen Egituraketarako Bulegoa) nahikaria bide berria egitea da, guk berriz, dagoena lehenago ontsa aztertzea nahi dugu. Ikerketak ikusi ondoren, gure ustez, bide berriak kalte handiak eraginen ditu inguru honetan. Aldi berean, guk nahiago dugu merkantzien garraioa trenbidetik pasaraztea autobidetik baino, alta bada, autobidea zabaldu nahi dute eta lan horiek Hiriburu ukituko dute bete-betean. Hiriburuko pasaian tunel bat egitea eskatu dugu guk. Ez da gure arrangura soilik, Mugerre eta Urketa herriek ere arazo bertsuak dituzte.

Bil ta Garbi herri arteko sindikataren presidentea zara, zaborren tratamenduaz arduratzen den elkargoa. Nola daramazu kargua?


Ez dut kargua hartzearen dolurik. Abertzaleok dosier edo txosten hauen ardura hartu behar dugu. Gizartearentzako ona dena guretzat ere ona baita. Gai horretan biziki aitzinatu gara, duela hiru urte ez genuen egiturarik ez aitzina egiteko ahalik. Gure ideiak plazaratu ditugu, manifestazioak egin eta hitzarmen bidea landu.


Nola garatu duzue egitasmoa?


Ekimena CLIS deritzanaren bidez (Tokian tokiko komisioak) garatua da, ingurumenaren informaziorako eta zainketarako ekimena da. Administrazioak laguntzen du talde horien antolaketan. Bil ta Garbi, hondakinak tratatzeko proiektua, ingurumenaz arduratzen diren taldeak eta administrazioaren arteko elkarlanaren ondorioz sortu zen. Bil ta Garbik Ipar Euskal Herri osoa –Donibane Lohizuneko kantonamendua salbu, Bizi Garbia sindikatua antolatua dute han, Txingudi eskualdea ere hartzen duena– eta Biarnoko Saliese, Navarrenkose eta Salbaterre herriak biltzen ditu.


Azaldu iezaguzu hondakinak tratatzeko Bil ta Garbik darabilen prozedura.


Lehen lana zura, beira, plastikoa, burdina edota gai organikoen bereizketa da. Gailu elektrikoen bereizketa egiten ere hasi gara. Hondakinen parte bat Senpereko bilgunera doa eta beste bat Bordelera, hondakinak lurperatzeko guneak dira. Senpereko Bizi Garbia guneaz gain Urruñan eta Hazparnen ere lurperatzeko tokiak daude. Alabaina, hondakinak gune horietara guztietara eraman aitzin –kostaldean soilik urtean 60.000 tona biltzen dira– Baionan muntatu berri den usina edo lantoki batera doaz. Lantoki honetan, zura, beira, plastikoa, burdina eta gai organikoak are gehiago bereizten dira konpostajea egiteko. Lantoki horretatik ahalik eta gai gutxien ateratzen da lurperatzeko. Prozedura honen ondorioz hondakinak erretzeko zegoen erraustegia (Baionako Bacheforès auzoan) itxi zen. Zuberoako Sarrikotapean antzeko beste lantoki bat abian da, ez Baionakoa bezain handia, baina gauza bera egiteko.

Prozedura hau Frantzian nagusitzen joan da. Nolakoa da?


Aurretratamendu mekano-biologikoa bezala ezagutua da. Hondakinak ez badira sakon tratatzen aitzinetik, jendeak beldur amini bat dio lurperatze prozedurari. Lantoki hauek prozedura hobetu dute urinak eta usainak desagerrarazteko. Inertea bilakatutako hondakina sartzen da soilik lurpean. Frantzian bide hau indartzen ari da. Egia da erraustegi asko ere berrituak izan direla, handitu dituzte, baina ez dira berriak sortzen. Eragozpen eta sektore asko kontra dute.

Gipuzkoan prozedura ez da trenkatu oraindik. Segitzen duzu gaia?


Hegoaldean hartu duten bidea ez dut ontsa ezagutzen, ez dut ulertzen alabaina Hegoaldean gertatzen dena. Guk hautu bat egin dugu, ados gaude denok. Herri elkargo guztiek errauste sistema baztertu dute. Bakar batzuk erretzearen alde ziren, gehiengoa ez. Sistema hau ondo aztertu beharko lukete Hegoaldean, teknika hauek menperatu daitezke, ari dira hobetzen. Hondakinen tratamendurako bitarteko egokiena da.

Herritarron parte-hartzea funtsezkoa da zeregin honetan guztietan.


Bai. Arazoa handia da, baina jendea kontzientziatzen ari da. Ohiturak emeki-emeki ari dira aldatzen, jendeak gero eta birziklatze lan gehiago egiten du. Gaia sartu da eskoletan, haurrekin landu behar da gaia, hurrengo belaunaldiaren kontzientzia areagotuko da.

9.000 tona paper utzikina biltzen da Iparraldean urtero. Stop Pub kanpaina burutu zenuten urte hasieran. Nola joan zen?


Jende askok segitu zuen kanpaina. Paperaren zabalpena tipituz doa. Ez da aise, bistan da. Arazoak dira prentsarekin eta paperaren sektorearekin. Baina gure egitasmoa errespetatu dute, mintzatu gara eta ulertu dugu elkar. Kanpainak oihartzuna ukan du. Hori da abiapuntua: gaien ekoizpena apaltzea eta gutxiago kontsumitzea, geroko prozeduran lurperatzeko gai gutxiago izateko. Jendea prest da, baina informazioa ondo eman behar da, eta horretarako nahikari politiko azkarra behar da. Guk politika hori landu dugu hiru urtez, baita manifestazioak egin ere. Interesa badago, jendea hunkitu dugu. Pentsa ezazu, herritarrek hobeto ezagutzen dute Bil ta Garbi sindikata kantonamenduetako herrien elkargoak baino. Gizartea akuilatzen segitu behar dugu egindako lana bertan behera gera ez dadin.

Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


2025-04-16 | Jon Alonso
Zozo zuriak

Jada bizpahiru aste izango dira irakurri nuenetik, Maialen Akizuren zutabe batean. Aner Peritzek telebistan esandakoak zekartzan: “Bertsolaritza da gizon zis heteroekin ez harremantzera eraman nauena, bertsolaritza delako disidente egin nauena, eta, era berean,... [+]


Eguneraketa berriak daude