Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Udalbiltza auzian ere fiskalak 10 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskaerak egin ditu, Udalbiltza ETAk sortu zuela argudiatuz. Hemeroteka eta euskal politikaren jarraipen xumeena egiten duenak ere, ordea, jakin badaki Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren ondoren sortu zela alderdi abertzale guztien bultzadaz, 1999an.
Egia da orduko su-etenaren apurketaren ondoren, Udalbiltza zatitu egin zela eta ezker abertzalearen adarrak Udalbiden bildu zenak –nagusiki EAJ eta EAko hautetsiak– baino protagonismo handiagoa eman ziola Udalbiltza izenari. Orduko ezker abertzalearen Udalbiltzak, gainera, begi bistako datu guztien aurrean publikoki ukatu egiten zuen Udalbiltzan zatiketarik zegoenik.
PPren agintaldian ETAren aurkako borroka aitzaki, ezker abertzalea bereziki, baina oro har abertzaletasun guztia kriminalizatu zenean, hasi zen apurkako aldaketa zitala: irudiaren ikuspegitik, gobernu totalitario baten agintaldiko neurriak zirenak zuzenbide estatuaren ohiko dinamikan integratzea lortu da. Ez du esan gura euskal herritarren gehiengoak onartzen dituenik, ikuspegi horren kontrako adierazle asko aipa baitaiteke, baina bai euskal politikaren zurrunbiloan laugarren edo bosgarren armailean geratu direla. Estatuak neurri totalitario asko bere ohikotasunean integratzeko duen ahalmena erakusten du; errepresio ikusmolde horren aurka dauden gizarte taldeek, aldiz, unean uneko erantzun bateratuak eman ditzakete, baina ez kontrako erantzun iraunkorrik. Su-eten garaian negoziazioak irtenbidea lagunduko zuelakoan eta konfrontazio egoeran bakoitzak bere mastari eusten diolako.
Egunkaria auzian Dignidad y Justiciak ordezkatzen duen akusazioak 12 eta 14 urte bitarteko espetxe eskaera egin du. Fiskalak aurten bertan auzia ixteko egin zuen eskaerarekin guztiz neurri kontrajarria, baina Auzitegi Nazionalak lasai bideratzen duena. Eskaera handia, fiskalaren eskari eza orekatzeko. Ondoren, epaiketaren hasierarekin bat, presio mediatikoa dator eta, azkenik, epaia. Beste auzi ospetsu askotan errepikatu den eskema da, eta badira salbuespenak, baina zigor sare horrek normalean beti harrapatzen du jendea bere baitan.
Euskal Herrian izan den erantzun zabal eta handienetakoa ekarri zuen Egunkaria-ren itxiera operazioak. Auzi erraldoi hauetako bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta guztietan ardatza eskubide zibilen zanpaketa bada ere, bakoitzak bere sinbologia biltzen du bere baitan. Nagusiki sinbologia horregatik –euskarazko egunkaria eta pertsonak– lortu zuen erantzun maila hura Egunkaria-ren itxierak. Estatuak sinbologia horren guztiaren epaiketa nola kudeatzen duen ikusiko dugu datozen hilabeteetan.
Gara-ren su-etenari buruzko argitalpenak ezaguna zen bertsioa txukundu eta ordenatu du, ENAMen ikusmoldea ezagutzeko beharrezko dokumentua osatuz. Jarreretan oso posible da esaten diren asko egiak izatea, bere garaian askotan ikusi genituen bake prozesu batekin bateraezinak diren keinu eta neurriak Espainiako Gobernuan. Baina ez du lortzen apurketari buruzko bertsio zehatza eskaintzea, behintzat edukien alorrari dagokionez.
Adibide bat: Loiolako elkarrizketen apurketaren kontaketa oso laburra da eta ez die erantzuten ez EAJtik ezta Espainiako Gobernutik –El Pais-en orrietatik– ez ofizialki eman diren arrazoiei. Hauen esanetan, lurraldetasunaren gainean behin-behineko akordioa erdietsi ondoren, Nafarroan egin beharreko erreferenduma dela eta, PSNk Hegoaldeko autonomia bakarraren aldeko jarrera defendatzeko konpromisoa hartzea nahi zuen Batasunak. Hor ahitu ei zen akordio aukera.
Gara-k azaltzen duenez, Euskal Herriaren erabaki ahalmena eta lurralde egituraketari buruzko bi borradore idaztea lortu zen, baina akordioa hobeto lotu asmoz, Batasuneko ordezkariek zehaztasun handiagoko dokumentua eskatu zutenean, EAJk eta PSOEk uko egin zioten. Nola baloratu egoera borradoreen edukia ezagutzeko aukera izan gabe eta Batasunak eskatzen zituen zehaztasunak zeintzuk ziren ezagutu gabe?