"Dokumentalak ez du inoren irudia garbituko"

  • Errenteria, 1952. Hamabi urterekin aldatu zen Donostiara. Iruñea –kazetari izatea xede–, Belgika –erbestea–, El Puerto de Santa María eta Segovia... –Euskadi eta askatasuna xede– ezagutu zituen ondoren. La fuga de Segovia filmak zinemaren mundura eta –abenturara– bideratu zuen. Zinema ekoizle da. Veinte años y un día liburuan zinemagintzako bizipenak kontatu ditu modu bitxian. El año de todos los demonios da bere azken lana. 1976an desagertutako Eduardo Moreno Bergaretxeren –Pertur; ETAko kidea– kasua ikuspegi berri batetik aztertu du dokumentalean.
Angel Amigo
Angel Amigo, 'El año de todos los demonios' dokumentalaren egileaDani Blanco
ETAko buruzagi Eduardo Moreno Bergaretxeren, Perturren, desagerpena gaizki “barneratutako” kasua izan liteke. Halaxe begitandu zaigu Pertur ETA 71-76 liburuaren eta El año de todos los demonios dokumental berriaren egile Angel Amigorekin solastatu ondoren. Bere hitzetan, liburua garai hartan hainbat jenderengan interiorizatu zen egoeraren emaitza izan zen. ETAko kideek desagerrarazi zuketen ustea, alegia. Iaz, ordea, Perturren 30. urteurrenaren karietara Pertur kasuak norabide berria hartu zuen: “Pertur italiar neofaxistek desagerrarazi zuten tesia indartu du dokumentalak”, adierazi digu Angel Amigok.

Beraz, Pertur ETA 71-76 liburuaren tesia aldatu dela esan daiteke.


Tesia ez da aldatu, gertakarira hurbiltzeko modua baizik. Liburuan orduko ingurua jaso nuen eta barne klabean idatzi. Gure mundua geure inguru hurbilean bukatzen zen, hurbileko “etsaien” edo “aliatuen” ingurura iristen zen nolabait. Nire kasuan, Perturrekin gertatu zena aztertzean, inguruaren ondorioak eragin zuen. Bizi genuen egoeraren barneratze edo interiorizatze berezia izan zen.

Noiz hasi zen sortzen hipotesi berria?


Aldaketa edo jauzia iaz hasi zen. Pertur desagertu zeneko 30. urtearen zioz, ETAko 500 polimili ohik egin genion omenaldian. Mota, jite eta joera guztietako polimili ohiak bildu ginen. “Pertur ETA 71-76 liburua berrirakurri dut, ez dago gaizki” esan zidan batek. Biharamunean liburua berrirakurri nuen. La Gazeta del Norteko fotokopia bat irakurtzean aldartea aldatu zitzaidan. Orrian Angel Berazadiren hilketa zetorren. “Si los terroristas quieren guerra la tendrán” zioen Fragak. “16 deportados en la isla de Yeu”. “Huidos de la cárcel de Segovia son detenidos”. “Sin noticias de los policías desaparecidos en Hendaya” zioten beste titularrek.
“Arraioa, polizia buru bazara, nola heldu honi?” esan nuen nirekiko. Guk Pertur nola ikusten genuen gogoratu nuen une batez: Pertur –ñabardurarik gabe esanda– ETAko ona zen, borroka armatua uztea proposatzen zuena. Besteak gaiztoak ziren. ETAn (pm) zeuden joerak oso desberdinak ziren, bi ildo zeuden. Horiek horrela: “Nork egin ziezaiokeen mina?” pentsatu genuen. Poliziak aldiz nola ikusten zuen? La Gazetan irakurri berri dudanaz gogoetatu ondoren, talde parapolizialek egin zezaketena barneratu dut nolabait.

Beste ondorioren batera iritsi zinen...


Bai. Garai hartan kasuari buruzko pertzepzio ugari eta desberdinak zirela, eta dokumentalean agertu dudanez, ni neu pertzepzio joko perbertso baten biktima izan nintzen. Egoera horretan gauzak ez dira “diren bezala” “ematen duten bezala” baizik.

Pertur erakundeko kideek desagerrarazi zutela barneratu zenuen beraz.


Bai. Baina ez modu logikoaren ondorioz. Bere tesien aurka zeuden Bereziek desagerpena poztasun izugarriarekin jaso zuten, baita ospatu ere. Tabernetan beraiekin topo egitean “eta zu hurrengoa” zioten. Guk “beraiek izan direla esaten dute...” pentsatu genuen, baita Perturren desagertzea hurbileko arerio politikoengan horrela barneratu zela ere.

(...)
Areago, orduko ETA militarreko buruzagien jarrera oso garrantzizkoa izan zen hura horrela ulertzeko. ETAko (pm) VII. Biltzarreko kideei ere esan zieten, esplizituki. Dokumentalean Lourdes Auzmendiren lekukotasunean jasoa da parte hori. Argala eta Txomin VII. Biltzarrean zeuden, Lourdesi elkartasuna adierazi zioten, gertatua gaitzetsiz. Perturren desagerpenaren atzean Bereziak zeuden uste osoa aditzera eman zioten.

Zer irudi zuen Perturrek erakundean?


Batzuentzat traidorea zen eta besteentzat borroka armatua utzi behar zela planteatzen zuen kide ausarta. Estatuaren esferatik ez zen horrela ikusia, ordea. Dokumentalean orduko ETA politiko-militarraren egoera berreraiki dugu eta alde hori agertu. Urte hartako gertakarien zentzua modu askotara ulertu zitekeen orduan eta ulertu daiteke gaur egun.

Orain atera duzuen hipotesia ez dela berez atera diote hedabide batzuek. Italiar neofaxistek bahitu zutela orain agertzeak harridura sorrarazi du.


Noski. Normala da. Baliteke. Baina, esaterako, Pertur desagertu baino lehen “arrestatua” izan zen. Bereziek arrestatua. ETAren historian holakorik ez zen sekula izan. Arresto bat? Hori datu objektiboa zen eta da. Gogoratu behar dugu Pertur familiarekin kontaktuan zegoela eta bere “barne ezinegona eta kezka” helarazi zizkiola etengabe. Familiak hondoratua hauteman zuen bere eskutitzetan, Perturrek ez zuen poliziaren beldurra adierazi, Bereziekiko beldurra baizik: “Estos bestias han creado un estado policial” idatzi zuen. Ni ez naiz harritzen orduan pentsatu eta idatzi nuenaz, ez nire ingurukoak ez familia ere. Eta gaur egun, haietako bat baino gehiago harritu(ko) da, orain dokumentala ikusita batek baino gehiagok pentsatuko du: “Hara, ez ginen gu izan!”. Ez ahantzi edonola ere, ETAk (pm) polizia akusatu zuela desagerpenaz, erakundeko sektore batzuek ez zutela Bereziek desagerrarazi zioten. Familiak egin zuen akusazioa formalki.

Familiarekin egon al zara?


Gurasoekin izan naiz. Egoera berbizitzea oso gogorra da familiarentzat. Amak adore eman dit hala ere, politikoki gauzak argitzeko batez ere.

Dokumentalean poliziak edo eskuin muturrak desagerrarazi zuela irmo mantentzen duzu, beraz.


Bai. Oraingo tesia sendoa da, ordukoa baino sendoagoa behintzat. Noski, hilotza agertzen ez den bitartean ez dago ezer frogatzerik. Baina, ikerketaren ondorioz testuinguru honetan bildu ditugun datuak eta Italiako zantzuak sendoak dira. Zoritxarrez Italian ez dago ezer amaituta, kasua ez dago itxita. Azken froga ez egoteak ez du kentzen hala ere, bertsio hau sinesgarria ez denik. Dokumentalak oraingo ikuspegiaren lekukotasun funtsatua kontatzen du.

Ikuspegia funtsatzen duen zantzuren bat aurreratu dezakezu?


Italiar poliziek Pier Luigi Concutelli neofaxista Ingram metraileta –Marieta bezala ezagutua– batekin harrapatu zuten, epaile italiar bat akabatzeko erabili zutena. Sumarioan ageri denez arma fabrikatua den lantegira (AEBetara) joan ziren eta metraileta hura eta beste bi Madrilgo Informazio Brigada Zentralak erosiak ziren, Conesa komisarioak sinatuta dago. Neofaxista horiek garai hartan Ipar Euskal Herrian egin ziren hainbat atentatuen egiletasuna onartu zuten 1984an. 1976an izan zen ETAko kide baten bahiketa bere gain hartu zuten. Sumarioa aztertuta, zaila dirudi hamar urte ondoren hori guztia asmatzea.

Sumarioan “solte zeuden datu batzuk azaleratu dira, baina ez dugu gauza handirik espero justiziarengandik” esan duzu.


Bai. Kasuaz galdetuta “guk ez dakigu ezer, paperak galdu dira” erantzun digute. Ikerketa posiblearen aurrean eszeptizismoa erabatekoa da. Badago ikertzeko bide bat baina abokatuek zaila ikusten dute. Espainiako poliziak ez du inoiz kasua ikertu. Italiako justiziak kasua ikertzea eskatu dionean, poliziak ez du aintzat hartu. Kasua blokeatuta dago, gu kasura hurbildu besterik ez gara egin.

Dokumentalean parte hartu duzuenok nola eraman duzue lana?


Lana emozio-egoeran egina da. Dokumentalean alde politikoa eta emoziozkoa jasotzen dira. Alde emozionalak hurbileko pertsonak gainditu ditu: heriotza edota tortura imajinatzeak pertsonengan eragin du. Lan zaila da, zirraragarria, gogorra... Batzuek ez zuten garai hura berbizi nahi, jendeak ahaztu nahi du. Gainera uste bat hausten baduzu... Nik ere izugarri sentitu dut egoera berbizitzea, baina nire lana da.

Eugenio Etxebeste Antxonen lekukotasuna jaso duzu. Nola izan da harremana?


Hitzordu bat eskatu nion, bi hilabetera erantzun zidan. Kasuaren bere bertsioa azaldu du. Baten batek, agian, Antxon ezertaz errugabetzeko asmoa dudala pentsa dezake. Baina, nor naiz ni horretarako?

Ezagutzen zenuten elkar?


Ez.

Alde politikoari begira ondorioak atera daitezke dokumentaletik?


Baliteke. Agian, baten batek Perturren desagerpena zela kausa borroka armatua errefusatu zuen, Bereziak desagertzearen errudunak izan zirelakoan. Eta orain Berezien edota milien jardueraz beste ikuspegi izan dezake orain? Edo alderantziz. Izan ere, Perturren kasua bi aldeek erabilia izan da, geroago Yoyes-en hilketa erabili zen bezala. Pertur kasua erreferente bat izan zen, baina geroko jarduera armatuek, nire iritziz, ez dute justifikatzen edo baldintzatzen Perturren desagertzea modu batera edo bestera izatea. Hau da, Bereziak izan ez arren, sektore bat Perturren desagertzearekin gustura eta harro geratu zen.

Perturren desagerpenak politikoki beste zerbait galarazi al zuen?


Bai, eztabaida politikoa eragotzi zuen. Hau da, “gaiztoak eta onak” irudi baldarra eszenaratu zuen. Izan zitekeen eztabaida argigarria galdu zen, borroka armatuaren gaia erraietatik garatu zen. Ideologikoki, beharbada, norbaiti kezkak sorrarazi zizkion. Hau da, zer egin dugu? Ezker abertzalean Pertur ez da biktimen artean sartu, sektore zabal batek kasua barneratu zuen, baita beste astakeria asko ere. Hala ere, zaila da emozionala eta ideologikoa bereiztea.

Dokumentala egin duzuen artean eragin al du ustearen aldaketak? .


Ez. Niretzat eta nirekin aritu direnentzat ez du inolako garrantzirik Bereziek edo poliziak desagerrarazi izana. Pertur kasua modu batera edo bestera izan, Bereziek edota miliek harrezkero egin dutenak ez du euren basakeria garbitzen.

Dokumentalaren berri prentsan atera eta maniobrak aipatu dituzte batzuek, historiaren errebisioa egin nahi izatea.


Ez dakit zer maniobra motak ikusi dituzten... Perturren kasua argitu gabe dago eta inplikatuago gaudenok interes gehiago dugu berau argitzeko. Norbaitek pentsatzen badu inor errugabetze nahian aritu garela zeharo nahastuta dago. Ez nik edo beste inork ez dugu inoiz inor kondenatu gertatu zenaz. Baten batek dokumentala baliatu nahiko duela? Berdin zait. Dokumentalak ez du inoren irudia garbituko horregatik.
Perturren iazko omenaldian 500 polimili ohi bildu ginen. Jendearekin hitz egiteak motibatu ninduen politikoki eta profesionalki, nire lanbidea da. Ni naiz 500en artean zinegile bakarra. Hara azaldu ez banintz, “maniobra direlako horiek” ez ziren izango. Ez dago beste arrazoirik. Han egoteak eta zinegile izateak ekarri dute El año de todos los demonios dokumentala.

Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude