"Egun ez da mintzatzen borroka armatuaz duela 25 urte bezala"

  • Angelu (Lapurdi), 1967. Hazparnen bizi da. Kazetaria. Eginen hasi zen lanean, hogeita bi urterekin. Bederatzi urte aritu ondoren egunkaria itxi zuten. Langabezian egoteak Les années oubliées (Gatuzain argitaletxea) liburua gauzatzeko parada eman zion: 1968tik 1978ra bitarteko mugimendu abertzalearen historia jaso zuen. Berriki, liburu haren segida gisa, Une simple existence sentimentale (1978-1988) idatzi du. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea ulertzeko lan interesgarriak dira biak hala biak. Bigarren garaia abertzaletasunaren mugarritzat joa da. “Trilogia osatzeko denbora iragan beharko da alta” erran digu egileak.
Bixente Vrignon
Bixente Vrignon kazetaria. Berriki 'Une simple existence sentimentale' liburua idatzi du.Gaizka Iroz
Bixente Vrignon kazetaria Radio France Pays Basquen ari da lanean egun. Prentsan aritu ondoren, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleari buruzko historia –1968tik 1988ra bitarte– landu du bi liburutan: “Les années oubliées lehen liburuan (1968-1978) fite ohartu nintzen entziklopedia baten egiteko materiala nuela. Egin itxi zutelarik parada baliatu nuen aspaldiko xedea obratzeko. Materiala anitz bildu nuen eta Une simple existence sentimentale (1978-1988) heldu da orain” diosku egileak. “Euskaldunok ez dugu gure historia berria ezagutzen, ezta abertzaleek ere”, erran digu. Frantziako mugimendu politikoak nola antolatu diren badakigu, edo ezagutzeko liburuak idatzita daude gutxienez.

Bi liburu argitaratu ondoren, trilogia helburu duzula erran dezakegu?


Ez. Ez berehalako asmoa behintzat. Garai horien ondorengoa oso berria da niretzat. Nik aztertu ditudan garaiak ez nituen bizi eta hori, gisa batez, lagungarria da. Lehen eta bigarren garaien artean ezberdintasunak atzeman ditut. Bigarren liburu honetako elkarrizketak egitean zauriak ez direla hertsiak ohartu naiz. Horregatik lekukotasunak eskaini dizkidatenei eskerrak eman nahi dizkiet. Egoera pasiorik gabe aztertzea ez da aise, garai gogorra izan baitzen, oldartze izugarria izan zen. ETAko eta IK-ko jende hilak, sasitarrak. Historia latza. Zauriak bizirik daude oraindik ere. Hurrengo urteetako historia biltzeko urte asko pasa beharko dira. Abertzaleen Batasunaren (AB) zikloa da, baina hau itxi gabe dago.

Nondik nora bi liburuak burutzeko asmoa? Zein xedetan?


Hasteko, Iparraldeko mugimendu abertzalearen historia da, baina ez da mugimendu abertzalearen historia osoa edo tesia, liburuak ez dira deusen tesia. EAJ-PNVren garapena edota frantses eskuinarena ez da aipatua. Mugimendu abertzalearen antzinako garaia Enbata: abertzalegoaren historia Iparraldean liburuan ekarri zuen Xipri Arbelbidek. Nik landu dudana Hegoaldeko lanetan dago, baina betiere hango frankismoaren gertakizunekin batera: ETA, Espainiako Konstituzioa edo Gernikako Estatutua dela-eta, hemengo egoera aipatzen da, baina anekdota gisara.

Enbata astekaria funtsezkoa izan zaizu lana burutzeko.


Bai. Enbata gure historiaren erreferente nagusia da, baina kasu egin behar da, urte haietan astekari politiko bakarra baitzen, 1968tik gaur arte lekuko ia bakarra. Sud-Ouest, Ekaitza eta aldian aldiko beste agerkariak ere aztertu ditut.

Parisko 68ko maiatza funtsezkoa da gure historia ezagutzeko, ageri denez.


Noski. 1968an abiatu zen ezkerreko olde hura biziki garrantzitsua da. Okzitanian hemen baino garatuago zegoen, Bretainian ere menturaz, eta hemen nola garatu zen ulertu nahi nuen eta hemengo jendeari bere historia berria ezagutarazi.

1968ko mugimendua delakoak eragin al zuen euskal mugimenduan?


Bai. Izugarri. Eta ondorioz, ordura arte elkartu ez ziren bi mugimenduak batu ziren nolabait: kristau-demokrazia eta ezkerra. Kristau-demokraziaren kulturatik heldutako militanteak Enbata mugimenduaren inguruan biltzen hasi ziren, euskaldunek euskalduntasuna aldarrikatuz. Aintzina mugimenduak I. Mundu Gerra baino lehenago “Aberri txikia Aberri handian” aldarrikatu zuen moduan, Euskal Herria Frantzian, alegia. Bi mugimendu horiek 1968 aldean elkartzean lehertze sozial handia izan zen, mugimendu ttipi asko sortu ziren gizartean, gero eratzen joanen zirenak.


Enbatatik hartutako hitzak erabili dituzu liburua izendatzeko: Une simple existence sentimentale, hots, existentzia sentimental sinplea bezala. Garai mugarri bezala seinalatu duzu, alta.


Bai. Egungo mugimendu abertzalea 1970-72an egituratu zen: ETAren eta IKren –errefuxiatuen mundua eta Herri Taldeak– gainean oinarritu zen. Enbata mugimenduaren garaia eta egungo garaia lotzen ditu existentzia sentimentala delakoak. Izan ere, administrazio aldetik, ofizialki, Euskal Herria ez da existitzen, ez orduan ez egun.

ETA eta IK erakundeak aipatu dituzu. Nola baldintzatu du Iparraldeko mugimendu abertzalean ETA fenomenoak?


Nik ez nuen garai hura ezagutu, haurra nintzen. Hemen anaia tipiaren konplexua zela atzeman dut, anaia tipia bai Hegoaldeko mugimenduarekiko baita Frantziako Estatuan egituratzen ari ziren beste mugimenduen aldean. Iparraldeko mugimenduaren arazo nagusia Hegoaldearen erritmo politikoari segitzea zen, baina baita Estatuko erritmo politikoari ere. Finean bi anaia handi horiengandik emantzipatzen saiatu zen. Hegoaldekoekiko bereziki, familia loturak hautsi gabe hala ere. Jakina horrek, familia guztietan bezala, krisia sorrarazi zuen.

Hegoaldetik ulertu al da IKren eta ETAren arteko haustura, emantzipazioa nolabait esanda?


Nik ez dut IKz idatzi. IK-k inportantzia handia du alta, bere historia idazteko dago. Nik argitasun batzuk ekarri ditut, baina itzal asko dago bere historia azaltzean. Garai hartako mugimendu abertzalea ez da aise azaltzea. Solastatu ditudan errefuxiatuek –liburuan aitortzen dutenez– frankismo garaian ez zekiten deus Iparraldeaz ez Europaz. Iparraldea atzerria zen haientzat, eta gauza bera zen ere Hegoaldea Iparraldekoentzat. Iparraldeko %99arentzat hura País Vasco Español eta hau Pays Basque Français zen. Zazpiak Bat politikoki imajina ezina zen. Zaila zen emantzipazio hitza bera ulertzea ere.

Bi hamarkadetan aldaketa handia izan zen, ordea. ETAtik eta IKtik Patxa bezalako fenomenoa garatzera heldu zen.


Patxa mugimendua, txipia izanik ere, bihurgune inportantea zen, jende anitz pasa zen beretik. Patxak abertzale mugimendua hiritartu zuen. Enbatak barnealdeko mugimendua eta kostaldekoa bildu zituen, baina mugimenduak barnealdean zuen funtsezko indarra. Alegia, kostaldea eta barnealdea urrun zeuden elkarrengandik. Patxa laborantza mundutik urrun zen: intsumisioa, desmilitarizazioa, rock mugimendua eta okupazioa gaiak ekarri zituen mugimendu abertzalera.

Emantzipazio moduko bat nolabait..


Bai eta ez. Hastapenean bereziki, ez dira IKren alde ez ETAren alde, ez dira kontra joanen ere. Iparraldean abertzaletasuna modu natural batez bizi zuen lehen mugimendua izan zen, Hegoaldeko mugimendu gazteekin harremanak ukan zituen lehen gazte mugimendua.

Liburua, besteak beste, belaunaldien arteko tirabiren lekukoa da.


Belaunaldien arteko harremanak zinez gogorrak izan baitira. Lehenik Enbataren belaunaldia izan zen, gero Herri Taldeena, hamar urte beranduago Patxarena, orokorrean errana. Konplexutasun izugarriak izan ziren garai bakoitzean. Patxa sortu zelarik, badago halako sentimendua: “Gu IKz eta ETAz futitzen gara. Geure kezkak ez dira arras eurenak, guk baditugu beste arazoak: langabezia, etxebizitza...”. Eta hau guztia gatazkan ematen da, jin berriek kontraesanak azaleratzen dituzte.

Mugimendu abertzalearen beste ezaugarriak dira ere: kostaldea eta barnealdea.


Ekonomiak markatu ditu bereziki ezaugarri eta ezberdintasun hauek, baita kulturak ere. Euskara desagertuko zela erraten zelarik ez zen horren pertzeptiblea edo hautemangarria barnealdekoentzat, kostaldean berriz, bai. Nahiz abertzaleak ez izan, jendea euskaltasuna desagertuta nazio izaera galduko zela ohartu zen jada. 1990etik aitzina pertzepzio hori areago barneratu zen barnealdeko jendearengan.

Ezagutu ez zenuen garai hartako zerbaitek harritu al zaitu?


Bai. Adibidez, zein naturaltasunarekin aipatzen zuten borroka armatua. Gaur egun bai Iparraldean bai Hegoaldean ez da hitz egiten borroka armatuaz horrela. Borroka armatua aipatzean ez da berdin mintzatzen, ez dago halako naturaltasunik kritikatzeko nahiz defendatzeko. Kritikak zirelarik nehork ez zuen aipatzen hiltzaile hitza, edo terrorismoa. Funtsezko kritika zegoen.

Hegoaldean ezagutu edo baloratu al da Iparraldeko militante politikoen lana?


Beharbada ez. IK-ko (1973) eta ELBko (1983) agirietan ageri denez, testuak lantzen eta gogoetatzen lan sakona egin zen, programetan eta norabidean funtsezko pentsaera zegoen. Joera baten aldekoa edo aurkakoa izan zitekeen testua, baina ongi funtsatua.


Iparraldeko mugimendu abertzalea eta Frantziako alderdiekiko harremana ere azpimarragarria da. Asko aldatu da egoera zentzu horretan, antza.


Hegoaldean ere antzeko aldaketa eman da, frankismoaren garaiko PSOE gogoratzea besterik ez da. Euskal militanteek laguntzen zituzten sozialistak muga pasatzen klandestinoki, eta sozialistek abertzaleak laguntzen zituzten halaber. Baina egia da, ni neu ere harritu naiz zegoen hurbiltasunaz, bai sozialistekin bai ezker muturreko beste alderdiekin. Gauza pentsaezina da egun.

Frantziako Estatuak uste edo ematen duen baino kasu gehiago egiten dio mugimendu abertzaleari. Ados zaude?


Bai, eta ausartzen naiz erratera Korsika eta Ipar Euskal Herria laborategia bezala dituela, isiltasun osoan. Adibidez, mugimendu abertzalearen ekarpen nagusietariko bat hezkuntzan izan da –estatu jakobino honetan ez da beste adibiderik–. Bederatzi urtetik beheko haurrek irakaskuntza euskaraz egiten dute, ikasleen %40k. Legetik kanpoko ekimena da, legez ez dauka eskubiderik, baina ez da debekatua. Horrek Frantziako Estatuak Ipar Euskal Herrian duen molde bateko edo besteko interesa agertzen du. Beste datu bitxia: 60ko hamarkadan Ipar Euskal Herriko politikari esanguratsuena Jean Ibarnegarai zen, eskuin muturrekoa, politikari bakarra. Azken 40 urtetan atera den politikari kopurua oso handia da, Ipar Euskal Herria ez da fitsik Estatuko populazioaren barnean, alta, Jean-Pierre Destrade, Nicole Pery, Michèle Alliot-Marie eta Alain Lamassoure politikoak daude besteak beste, batzuk ministroak izaki gainera.

Mugimendu abertzaleak hemengo politikariengan, nolabait, eragin duela erran dezakegu.


Diskurtso politikoa baldintzatzea lortu du bederen. Egun nehork ez ditu kanpaina politikoak eginen abertzaleen aldarrikapenak aipatu gabe, kritikatzeko edo laudatzeko, baina euskara edo Laborantza Ganbara aipatzera behartuta daude. Ekimen politiko asko abertzaleei esker obratu dira.

Azkenak
Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


2025-02-10 | ARGIA
Traktoreak Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleetan, azken protesten urtemugan

Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


Altzairuari eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

AEB inportatzen dituen altzairu eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiola iragarri du Donald Trumpek. Ez du zehaztu noiz sartuko den neurria indarrean.


Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.


Carrefourren kontrako boikot egun nazionala antolatu du larunbaterako BDZk

Gizarte palestinarrarekin elkartasunean luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak "baterajotze nazionalera" deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan. 


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


Beltrán eta Sololuze oroitu dituzte Zaldibargo hondamendiaren bosgarren urteurrenean

Bi langileak oroitzeaz gain erantzukizunak eskatu dituzte, Zaldibar Argituk igandean Eitzagan eginiko ekitaldian. Justiziaren mantsotasuna salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean dagoelako.


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Eguneraketa berriak daude