Zor gaiztoko burbuila lehertu zen abuztuan

  • “Ostegun beltza” izendatu dute komunikabideetan joan den abuztuaren 9a. Egun horretan munduko burtsetara iritsi baitzen AEBetako hipoteka ustelen inguruan sortutako eztanda. Orain eztabaidatzen da krisia noraino helduko den, noiz arte... eta agorrileko ekaitza den ala kalamitatea.

    Abuztuaren 9an herritar gehienak oporretan zeuden, asko eta asko etxetik urruti gainera, eta gutxik aditu zuten egun hartan munduko burtsetan gogor jo zuen trumoia. Abuztuan ekonomi albisteei erreparatu ez dienak, apenas jakingo duen finantzen alorrean zerbait gertatua dela. Baina bakantzetatik etorrita egunerokotasunean oraindik doi-doi “lur hartzen” ari den herritarrak ondoko asteetan udako ekaitzaren ondorioez albiste ugari izango du.
Matson-ek Saint Louis Post Dispatch egunkarian argitaratutako
Matson-ek Saint Louis Post Dispatch egunkarian argitaratutako "cartoon" honetan Hipoteken Merkatua irudikatzen du oso baldar eraikitako etxeak. "Subprime kredituak" eta "Ordain ezinak" dago idatzita zartaduretan. Exekutibo itxurako gizonetako batek diotso besteari: "Pitzadura batzuk zimenduetan, baina gainerakoan egitura sendo dago". Duela urtebete sartu ziren krisian AEBetan kreditu hipotekadunak, eta pixkanaka kalteak finantzetako beste alor askotara iritsi dira, berme gutxiko kreditu horiek, gero burtsetan espekulazio operazio ugariren oinarri zirelako. Orain arte zipriztinak heldu zaizkie zenbait banku eta inbertsio funtsi, AEBetatik urrun mundu osoan. Aditu batzuek uste dute banku zentralek beren ortodoxia liberala utzi eta merkatuan eskua sartzen ari direnerako, banku handi batzuk ere harrapatuta daudelako edo kalteak diruditen baino sakonagoak direlako izan behar duela.Matson
Zer lehertu da, bada, gu hondartzan ginen aste horietan? Laburbiltzen hasita, esan daiteke urtebetez luzatu zirela euri zaparrada iragartzen zuten tanta lodiak: AEBetan hemen baino errazago ematen dituzte etxea erosteko kreditu hipotekadunak, eta azken urteotan etxegintzako burbuilaren beroaldian beren bizitegia erositako herritar askok orain ezin zituzten hileroko kuotak ordaindu. Horiek zerbait okertzen ari zela abisatzen zuten. Hala ere, Europako herritarroi esaten zitzaigun hipoteken merkatua AEBkoetatik oso ezberdina zela eta horregatik hemen etxegintzaren hazkundea mantsotzen ari zen arren, Europan ezin zela horrelakorik gertatu.

Abuztuaren 9koak alderantzizkoa erakutsi zuen. Burtsek behera egin, izen –eta etekin– handiko banku batzuek funtzionatzeko diru arazoekin topo egin, inbertsio funts batzuk krisian sartu eta mundu osoko banku zentralek bankuei diru erraza ematen hasi behar izan dutenean, orduan, abuztuaren 9aren ondorengo egunetan, ikusi dute aditu guztiek oraingoa udako erauntsi laburra baino zerbait gaiztoagoa zela.

Hona gertatuaren tamaina adierazten duen tanta bat. AEBetako Fed banku zentraleko 12 burukideetako batek, William Poolek, abuztuaren 15ean komunikabideei esan zien burtsetan halako trumoi batzuk zeudela baina Fedeko agintariek ez zutela eskurik sartu behar, hori hondamendia zatekeelako (“calamity”, esan zuen ingelesez). Bi egunen buruan, 48 ordu baino ez, Fedeko beste kide guztiekin batera Poolek erabaki zuen banku zentrala sisteman dirua sartzen hastea, diru asko eta azkar gainera. Zer dela-eta eten hilabete luzeetan defendatutako estrategia?

Hipoteken krisia zena –AEBetako banku eta bestelako prestatzaile asko hondoratuz– abuztuaren hasieran burtsetan diru falta bihurtua zen, likidotasun krisi, mundu osoko banku gehiago eta burtsa guztiak harrapatuz. Eta lehenbizikoz aipatzen hasi zen ea ez ote zen zorrak pagatu ezin askoz globalago baten hasiera.

Publikatu diren analisien artean, deigarrietako bat Open Democracy gunean Ann Pettifor-ek idatzitako hau: “Debtonation: how globalisation dies”. (Debtonation: nola hil den globalizazioa). Leherketa esan nahi duen “detonation” eta zorra den “debt” hitzekin egiten du jokoa.

Pettifor andereak, munduan izen bat egina duen ekonomialaria bera, 2003an gune berean honakoa idatzia zuen: “The coming first world debt crisis” (Badatorren lehenbiziko zor krisi mundu mailakoa). Titulu bera daraman liburua ere plazaratu zuen 2006an. Ageri denez, Pettifor krisi honen zain zegoen. Orain ikusteke dagoena da ea berak uste bezain katastrofikoa gertatuko den –globalizazioaren arauak aldarazterainokoa– ala... Kasandra moderno baten antzo bere profezia noiz beteko zain segi beharko duen.

Diruari bizi propioa eman zaionean

Pettiforren ustez, “debtonation day” horrek erakutsi du zein oinarri ahulen gainean dagoen eraikita globalizazioa deitu dena. Finantzen alorra araurik gabe uztearen poderioz gobernuak ahalmenik gabe geratu dira kapital eta salerosketa merkatu zabaldu berrian. Araurik gabetutako finantzek lortu dute langileen prezioa jaistea, langileak eta ekosistemak neurri guztien gainetik zurrupatzea, eta horrela finantz tresna berriak kontrolatzen dituzten erakunde, familia eta pertsona aberatsak are gehiago aberastu dituzte.

“Araurik gabeko finantza honek murgildu du mundua zorretan eta orain hondoratu du mundu mailako merkatu krisian”, dio Pettiforrek. Baina horra bitxikeria: Estatuari ahalmen oro kendu arteko onik izan ez duen finantzak berak korrika Estatuarengana jo du krisia gainditzeko laguntza eske. Beti bezala, herritarrak pagatzaile izatekotan.

“Finantz merkatuen ‘debtonation’ hori dela medio, munduari datorkio depresio luze, mingarri eta fronterarik gabekoa”. Ekonomialari honen iritzian, erakunde oso garrantzizkoak daude arriskuan, tartean korporazio erraldoien arteko salerosketa operazio handiak finantzatu dituzten bankuak. Zorra eskutik eskura erabili baitute, gero eta handiago, “pasa hurrengoari” jolasean ari bailiran.

Baina izango da enpresa horiek baino zigortuagorik. “Herritar arruntak, ordaintzeko daukaten ahalmena baino askoz handiagoko zorrak egitera bultzatu dituzten herritarrak: beren pentsioak, etxeak, lanak, bizimoduak eta etorkizunerako itxaropenak galduko baitituzte. Herritarrok indartu dute ekonomia azken hogei urteotan, baina gero horiek, eta ez finantzen munduko ‘herriaren ongileek’ (banku zentraletako buruek, finantz ministroek eta agintariek), herritarrek eraman beharko dute krisiaren zama”.

Ekonomialariek diruaren eta zorraren ikuspegi erratua daukate, Pettiforren aburuz. “Dirua ‘neutrala’ balitz bezala egiten dituzte analisiak, eta kredituen garrantziaz ez dira jabetzen. (...) Horrek esplikatzen du ekonomialari ortodoxoen itsutasuna”. Horregatik, ekonomialariak bezala agintariak gauzak bideratzeko egon daitekeen denbora galtzen ari dira.

Komunikabide gehienetan oraingo ekaitza aurreko urteetako azken burbuilekin eta krisiekin alderatzen dute adituek. Ann Pettiforrek, aldiz, konparaketak 1929ko Depresio Handiarekin egin behar direla uste du. Urte hartan, urriaren 29an, korporazioen akzioek hondoa jo zuten eta 30.000 milioi dolar baino gehiago desagertu ziren AEBetako ekonomiatik. Orduan ere izan ziren “horrelako ekaitzak beti gertatu dira” esan zutenak.

Krisi gogorra, faxismoen igoera eta mundu gerra bat pasa ziren ondoko urteetan. Eta handik ateratzeko gakoa Pettiforren ustez John Maynard Keynes ekonomialariak eman omen zuen: finantzen sektoreari burua makurrarazi behar zaiola eta umildu behar duela ekonomia globalaren morroi lanetara, nagusi izateari uko eginez. Aldi berean, estatuak kontrolatu behar dituela kapitalen joan-etorriak eta kredituaren sorrera; hain zuzen ere, kontrol hori esku pribatuetara pasea zen-eta 1920ko hamarkadan.
Lezio haiek azkar ahaztu ziren, ordea, eta gaur munduak bizi du finantz merkatuen desregulaziorik basatiena. Hala zen, abuztuaren 9an ultraliberalek aitatxo Estatuaren eskuhartzea eskatu zuten arte.

Aipatu duguna bezain analisi katastrofikoak Ann Pettifor eta beste lau katuk sinatu izan dituzte abuztu honetan. Gainerakoek uste dute aste gutxitan baretuko direla gauzak. Baina denek aitortzen dute astindu gehiago izango dela laster. Abuztukoa, AEBetan urtebete lehenago hasi baitzen.

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude