Caótica Anan ere emakumea da filmeko protagonista. Zure hitzetan, fabula feminista izango da. Zer esan nahi duzu horrekin?
Fabula da istorioa beste zerbaiten irudikapena delako, Anaren bidez memoriaren ideiarekin egin dut lan; berea ez den memoria bat, denek denari buruz dugun memoria. Anaren kaosean, pixkanaka beste emakume batzuen oroitzapenak eta irudiak tartekatzen joango dira. Bera leku lasai batetik dator, aitak oso babestua, bere koadro koloretsu eta baikorrekin ateak itxita izan ditu orain arte, eta ate horiek irekitzen hasiko dira. Hortik aurrera, zentzu oso desberdineko bi bide egiten ditut: batetik Anaren bidaia, ulertzen ez duenetik eta beldurra duen horretatik ihes egiteko eskubidea duen neska gaztea; eta bestetik denboran eginiko bidaia, non hainbat eszena agertzen diren (metaforak, ametsetan bezalako irudikapen sinbolikoak), emakumeak normalean gizonaren eskutik biolentzia jasan duen momentuena. Sintesi lan handiko bilduma da: ez da denen bistara gertatzen, eta gutxiago Anaren bistan, atzetik baizik.
Gidoiaren zortzi bertsio egin dituzu. Oso zorrotza al zara?
Bai, beti bertsio asko egiten ditut. Nora noan jakin gabe hasten naiz, eta hori gustatzen zait. Egoera batzuek, agertzen doazen neurrian, istorioaren norakoa eman diezadakete, baina gidoia idazterakoan, oraindik istorioa zabaldu dadin itxaroten ari banaiz, nahiago dut bukaeraren gakoak emango dizkidaten ideiak ez aukeratu. Gogoko dut oso ondo nora noan ez jakitea. Hasieran inkontzienteki egiten nuen eta orain kontzienteki planteatzen dut. Probatzen joaten naiz eta horrek deskubritzeke dagoen sekretu ezkutu bat deszifratu behar dudanaren sentsazioa sortzen dit oraindik.
Eta zer gustatzen zaizu gehiago, zuzendari ala gidoilari lana?
Gidoi lanean oso aske sentitzen naiz, nire buruaren menpe baino ez nago eta nire buruari ematen diodan denbora guztia dut. Oso fase polita da: eskua sartzen duzu sartzen hain erraza ez den lekuetan, gauzak ateratzen zoaz, gainontzeko gauzen mailan jartzen dituzu, begiratzen dituzu eta galdetzen diozu zure buruari: “Honek zer esanahi dauka?” Eta pertsonaiak, giroak… irudikatzen joaten zara, imajinatzen eta imajinatzen… Lo egiten dudanean izugarri gustatzen zait horrekin guztiarekin pixka bat amets egitea: hau daukat, nola jarri, nola joango da… Fase txundigarria da, pelikula sortzen ari zarelako, asmatzen.
Liburu bat ere publikatu duzu, Mi primer día. Literaturak tentatzen al zaitu?
Konbentzituta nago gehiago idatziko ditudala. Agian hemendik hamar urtera-edo, baina oraintxe ez dut nahi. Anaren bidaiaren nire egunerokoa idatzi berri dut, pelikularen prozesu guztia. Idazterakoan izugarrizko plazera sentitzen dut, bizi dudanaz idaztea eta gauzak adierazi ahal izatea gozamena da. Hala ere, etorkizuneko liburu horren gaia fikziozkoa izango da ziurrenik.
Literatur zaletasun horretatik al dator zure pelikulen tonu poetikoa?
Bai, azken pelikulan adibidez, Anari gertatzen zaion guztia metafora moduan eraikia dago: beste bizitza batzuen metafora, horien bilduma… Bukaeran, gainera, Anak, istorio horien ordezkari denez, bere burua eskaini beharko du, sakrifizioaren ideia dago. Azkenean, garrantzitsuagoa da norberak etikoki kolektiboari (kasu honetan kolektibo femeninoari) zor diona, nork bere buruari zor diona baino. Dena dago gure subkontziente kolektiboari buruz hitz egiten duen zerbaiten zerbitzura, eta ez dizut esango nola iristen den horra eta zer den, baina mezu politiko bat ere badago atzean.
Eta non inspiratzen zara hori dena imajinatzeko? Ametsetan irudikatzen al duzu hain ametsetako mundua?
Hori guztia trebatu egiten da, eroso sentiarazten zaituen leku batetik tiratzen duzun heinean. Eta batez ere harritu egiten zara: baina hau nondik atera da? Errealitatearen behatzailea naiz, baina nire istorioak ez dira ateratzen behatzen dudanetik, errealitatetik. Noski, nik esaten dudana eta errealitatea dena lotuta dago, dena nigan dago, baina barrutik askoz gehiago gara, beste gauza bat. Errealitatea hemen dago, baina gure azaletik barrura jada ez da errealitatea, umoreen magma gara, bakoitzak bere filtro propioak ditu, bere subjektibitatea, eta hortik lan egitea gustuko dut. Ilunpean dagoen espazioa da eta bertara iristeko bidea garatu egin behar da.
Subkontzientea lantzeko grina psikiatra izan nahi zenuen garaitik datorkizu? Barruko arantza hori kentzeko modua al da?
Subkontzientea asko interesatu zait beti. Medikuntza ikasi nuen psikiatra izateko, hain lotsatia nintzenez ez bainuen uste zinema niretzako zenik. 15-16 urterekin Freud irakurri nuen eta subkontzientearen ideia, ametsen esanahiak interpretatu ahal izatea… aurkikuntza izan zen; nire ametsetan arreta jartzen hasi nintzen, gainera nik asko amesten baitut. Lo hartu aurretik asko amesten dut eta gero, esnatzerakoan, amets horien bilduma egin dezaket.
Filmetan arriskatzea gustatzen zaizu: zure istorio eta pertsonaiak orijinalak izan ohi dira. Oraingoan ere hala izango al da?
Bai. Gainera oso film librea da, lengoaia sinbolikoarekin, eta aldi berean emozionalki asko harrapatzen duena. Emanaldi pribatuetan pelikula ikusi duten pertsonei kosta egin zaie trantzetik ateratzea. Emozioek ideiak zimikatu ditzakete, baina oinarrian esperientzia emozionala da, gogorra.
Eta beste pelikula batzuetako elementuak errepikatu al dira? Hots, sexua, bikote harremanak, predestinatuak egongo bailiran pertsonaien bizitzak gurutzatu arazten dituzten ustekabeak…?
Maitasun istorio bat badago, baina ez da garrantzitsuena. Eta halabehar horiek ere badaude. Destinoaren ideia, kasu honetan, lehen aipatu dudan sakrifizio horretan irudikatzen da; Ana norbanako bezala gutxi inporta duela eta sakonagoa den zerbaitetan parte hartu behar duela konturatzen den unean.
Super 8aren magia
Zer kontserbatzen dute zure pelikulek aitari hartutako Super 8an grabatzen zuen Julio Medem nerabe haren lanetatik?
Super 8ak magia handia dauka. Hasi nintzenean, kamera jarri eta denbora eta espazio zati bat jasotzeko ahalmen horretan magia handia zegoela iruditzen zitzaidan. Garai hartan Freud irakurtzen hasi nintzen eta kamerak jasotako leku horretan nire subkontzienteko zerbait isuri ahal izango nuela iruditzen zitzaidan. Lilura handia sortzen zidan eta lilura hori mantentzen saiatzen naiz. Horregatik ez ditut filmak egiten aurrean dudan errealitatea erabiliz, nire aurrean beste leku batetik ateratako egoera jakinak jarriz baizik. Hala ere, leku hori nolakoa den ere ez dakit, ez didalako begiratzen uzten, baina ateratzen uzten dit.
Eta nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa Donostian? Nola eragin dizu?
Nire haurtzaroa Donostian eta Madrilen bizi izan dut [zupada luzea eman dio Cohiba purutxoari]. Komunikazio arazo arraroak nituen txikitan, oso lotsatia nintzen. Badakit topikoa dirudiela, baina ez ulertua sentitzen nintzen eta horrek gero adierazteko beharra ekarri zidan. Haurtzaroari eta nerabezaroari lotuta euskal giroarekin zerikusia duten oroitzapenak ditut, batzuk idealizatuak; naturak sortzen zidan lilura, esaterako. Hori
Behiak filmean ikusten da. Basoak adibidez: zerbait sakona, enigmatikoa adierazteko eginak. Eta euskal mitologiarekin lotutako guztia atsegin nuen, Julio Caro Baroja irakurtzea gustatzen zitzaidan. Nire alabei kontatzen dizkiet gauza horiek eta bi alaben pertsonaia kuttunena Itziar da, Donostiako baso batean bizi den pertsonaia. Gero heldu egiten zara, baina nahi baduzu ez duzu zertan hori guztia ahaztu behar.
Zure biografiaren arabera, garai hartan bizilagun batenganako desamodioak markatu zintuen, baita zure filmografian ere. Zein modutan?
Asko markatu ninduen, maitemindu nintzen lehenengo aldia izan zelako, eta ez nekien hain gogorra izan zitekeenik. Gainera berak ez ninduenez maite, sekretuan eraman behar nuen eta sufritu egin nuen, orduan hasi nintzen idazten. Nire eta nire anaiaren logelan Matterhorn mendiaren posterra genuen eta mendi hura igo behar nuela idazten hasi nintzen. Mendiak neskagatik sentitzen nuena ordezkatzen zuen eta horrela hasi nintzen idazten, mendi hari idazten. Eta noski markatu nauela. Sentimendu oso indartsu batetik eraikitzen duzu eta idealizatzen joaten zara. Idealizatzeko ahalmen horrekin gauza handi asko egin daitezke. Ziur naiz horrekin guztiarekin zerikusia duela nire adierazteko beharrak eta nire pelikuletan islatzen den amodioaren ikuspegiak. Denborak heldu arazi egiten gaitu, baina agian niri pixka bat gutxiago.
Eta zure atleta garaitik zer geratzen da? Atletismoa eginez Olinpiadetara joatekotan egon zinen.
Ez da ezer geratzen, agian ez naizela loditzen, baina denbora asko pasa da ordutik. Isolatzeko beste modu bat zen, horrela isolatzen nintzen: neska hura nire kontzientzian kokatzen nuen eta nirekin batera zihoan, lagun nuen… Dena beregatik egiten nuen.
Apaizengandik ihes egiteko modua ere izango zen…
Kolegioa beldurgarria zen, okerrena, katolizismoaren hipokresia paradigmatiko horretan. Hobe da horretaz ez aritzea, oso oroitzapen txarra daukat. Eta bai, hortik ihes egiteko balio zidan, kirol indibiduala izanik. Nire bizitzako denboraldi oso luze batean oso isolatua egon naiz eta gero irteten joan nintzen, zinemari esker. Adierazteko gai den pertsona, ulerkor egiten den pertsona bihurtzen lagundu zidan.
La Voz de Euskadi egunkarian zine kritikari hasi zinen, baina ez zenuen kritika gordinik egiten. Zine zuzendaria izango zinela aurreikusten zenuelako agian?
Kontua da ez zitzaizkidala kritika txarrak ateratzen; pelikula ez zitzaidanean gustatzen kritika gaizki ateratzen zitzaidan eta gustatzen zitzaidanean, horri buruz idazteak apasionatzen ninduen eta gehiago saiatzen nintzen. Kontrakoa gertatzen zaien kritikariak daude: sarkasmo gehiago dute kritika ezkorrak egiteko. Gainera, Super 8arekin film batzuk egina nintzen eta alde horretatik pelikulak egitearen lana ere baloratzen nuen.
Zure filmografiaren errepasoa egin dezagun. Lehenengo film luzea Behiak izan zenuen. Inongo produktorek ez zuen filma ekoitzi nahi, baina azkenean lortu zenuen eta pelikula horregatik Zuzendari Berriaren Goya eman zizuten. Hasteko ez dago gaizki.
Ni orduan Amasan [Gipuzkoa] bizi nintzen, isolaturik, bi urte zituen Peru semearekin. Ez zen izan pentsatu nuen lehenengo film luzea, aurretik bi gidoi idatziak nituelako, baina gidoi hura pelikula bihurtu nahi nuela ikusi nuen. Produkzio-etxe bat sortu nuen, kontu legalengatik, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza batekin produzitzen saiatu nintzen. Baietz esan zidaten, gidoia asko gustatu zitzaiela, baina azken garbiketa bat egin zuten, diru laguntzetatik bat kendu behar eta nirea kendu zuten. Orduan Madrilera joan nintzen fotokopiatutako dozena bat gidoirekin, produkzio-etxe askotan galdetu nuen eta azkenean, hasi berria zen produkzio-etxe batek (Sogecine, orduko Sogetel) baietz esan zidan. Errodajea gogorra izan zen eta gainera ez genuen nik nahi bezala euskaraz egin; gero, hori bai, kopia oso landua egin genuen euskaraz. Berlingo jaialdian izan ginen, Tokion ere sari bat eraman zuen filmak… Zirraragarria izan zen harrera ona zuela ikustea. Zalantza handiak nituen, askatasun handiarekin egin nuelako, nahi nuen bezala, baina orokorrean ulertzen zela ikusi nuen eta zirkuitu txikitan izan bazen ere, 35 herrialdetan saldu zen. Espainian, hala ere, gutxi ikusi zen, zine aretoetan ere denbora gutxi egon zelako. Publiko gutxi zen, baina hurbilen sentitzen duzun publikoa.
La ardilla roja izan zen zure bigarren filma. Zer sentitu zenuen Stanley Kubricken laudorioak jasotzean?
Hori beranduago jakin nuen eta ezin nuen ulertu. Stanley Kubrick izugarri gustatzen zait, nola ez, baina arraroa da berari nirea gustatzea, batez ere arraro egin zitzaidan hain justu
La ardilla roja gustatu izana. Stanley Kubrick gustatzen zait eta ez dut Kubricken inongo antzik; antzeko arrazoiren batengatik, bere zinemaren antzik izan ez arren zer edo zer ikusi zuen nire filmean gustatu zitzaiona. Asko pozten nau.
Spielbergek Hollywood eskaini zionekoa
Eta Kubrickek zure berri eman zion Steven Spielbergi. Imajinatzen duzu zure bizitza Spielbergi baietz esan eta Hollywoodera The mask of Zorro zuzentzera joan izan bazina?
Zaila da halako egoerara itzultzea. Bi aldeetako arrazoiak dituzu: batetik akziozko eta abenturazko horrelako filmak nik ez dakizkit egiten eta zinema egiteko oso estimulatua egon beharra dago, oso gogorra delako, eta enkarguzko pelikula horretan ezingo nuen gidoian ekarpenik egin. Bestetik, ordea, izugarri ordaintzen zidaten, eta esaten diozu zure buruari: “Beno, filma egingo dut eta gero itzuli eta nire estilokoak egingo ditut”. Baina konturatzen zara ez dela hala izango, benetan gustukoa dudan zinema egin nahi banuen hemen geratu behar nintzela. Zaila da ezetz esatea, baina erabaki nuenean, hain argi ikusi nuen, ez zitzaidala batere kostatu. Guztiz askatu nintzen eta neure burua ulertzeko ere balio izan zidan. Orduan
Los amantes del círculo polar hasi nuen; Hollywoodera joan banintz agian ez nukeen film hori egingo.
Hain zuzen, Tierra pelikularen ostean egindako Los amantes istorio pertsonala dela antzematen da. Zein puntutaraino sartzen zara zure filmeetan?
Guztiz inplikatzen naiz; lehen esan bezala pixkanaka joaten zara pelikularako gauza berriak ateratzen, hasieratik dena jakin gabe, erronka mantenduz… eta horrek guztiak arreta handiarekin mantentzen nau, oso nekatuta baina pasio izugarriarekin inplikatuta.
S.O.S.
Lucía y el sexo arrakastatsuaren ondoren, Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra dokumentala izan da estreinatu duzun azkena.
Urte hartako Goya Sariak baino egun batzuk lehenago El Mundo egunkarian publikatu zenuen eskutitz irekian (S.O.S.) zenioen Goya Sariena zure bizitzako “egunik bidegabe eta etsigarriena” izango zela. Lau urte pasa ostean, hala izan zen?
Bai. Okerrena. Ez dut uste bizitzan berriro halako egunik izango dudanik, ez eta merezi dudanik ere. Nire aurka manifestatu zen jende askok ez zuen filma ikusi ere egin. Kazetariek galdetzen zieten: “Baina ikusi al duzu?”, “ez, noski! Nola ikusiko dugu hori!”.
Contra el pelota vasco. La nuca contra la bala lemapean… Filma ez gustatzea ulertu dezaket, atentatuan hildako baten alarguna eta preso baten emaztea batera ateratzea gustuko ez izatea… Baina hortik esatera nire pelikularekin ari nintzela norbaiti tiroa botatzera animatzen… Hain da astakeria handia! Berriz Frankismoaren garaia bizitzea bezala zen.
Pentsatzen dut halako esperientzia gogor batek besterik ez bada zerbait ikasteko balioko duela.
Indartsu egin behar izan nintzen, gogortu, baina aldi berean hondoratu ere egin nintzen, asko sufritu nuen eta iraila hartatik hurrengo udara arte oso gaizki egon nintzen, urtebete. Garai horretan dokumentalaren hurrengo pausoa izango zenaren,
Aitor. Euskal Pilota larruaren kontra film luzearen bigarren bertsioa idatzi nuen, baina bukatzen ari nintzela kaxoian uztea erabaki nuen.
Beraz, aparkatua dago proiektua?
Bai, oso aparkatua, baina esperoan. Oraindik ez dut atera nahi, egoera egonkortzen denean egingo dut.
Eta gidoi horren zer edo zer aurreratu dezakezu?
Gorrotoari buruzko eta gorrotoaren kontrako pelikula da. Filmari gorrotoa dario, baina aldi berean gorrotoari zaplastakoa ematen dio. Hildakoak ere badaude eta Aitorrek barruan leku bat darama, ezinikusia gordetzen duen leku bat, non gorroto eza existitu daitekeen.
Eskuin muturreko medioek, dokumentalarekin hainbeste min egin zizutenek, nola uste duzu erantzungo diotela film berriari?
Horiek grinatu egingo dira beti. Eta
Caótica Anarako ere ziur nago ikusle kopuru bat galdu dudala, jende askorentzat oraindik “
el pelota vasco” izaten jarraitzen dudalako. Baina horrek ez nau kikiltzen, nire bidea egiten jarraituko dut.
Eskutitzean zine mundukoez ere mintzatu zinen, Irakeko gerrari ezetz esateagatik PPren eskutik jasotako kritikez. Zine mundukoen talde eta aldarrikapen kontzientzia horrek bizirik al dirau?
Bai, mantentzen da, baita pelikuletan ere. Eskuineko jende askorentzat, zine espainiarra
gorrien zinea da, etsaiarena, eta horregatik zine espainiarra ikusteari uko egiten diote. Lehen ez zen horrela. Harro egoteko arrazoia izan beharko luke eta alderantziz da, eskuina hain dago egoskor… Gainera min egiten dute, ez direlako gelditzen, mezu beldurgarri hori eman nahian daude etengabe eta jende askok egia bezala onartzen duenez, txarra da zinemarentzat.
Zure lanekin bukatzeko, Euskal Pilotaz geroztik ez duzu beste filmik zuzendu, baina bai ekoitzi, arazo mentalei buruzko bi dokumental: Uno por ciento, esquizofrenia eta ¿Qué tienes debajo del sombrero?, down sindromeari buruzkoa. Zure alabak down sindromea izateak eragina izango zuen.
Bai. Lola nire emazte ohi eta Aliciaren amak dokumentaleko pertsonaiaz hitz egin zidan eta txundituta geratu nintzen. Hala ere, dokumentalen mundua oso konplexua da.
¿Qué tienes debajo del sombrero?rekin agian ez dut dirurik galduko, baina bestearekin bai. Jaialdietan egon dira, aretoetan, kritika oso onak izan dituzte… baina oso merkatu zaila da. Gutxienez gastuak estaltzea espero nuen, ez da hala izango ordea,
Uno por ciento, esquizofreniarekin behintzat ez. Gogorra da eta gogoa kentzen du, baina beste alde batetik oso harro sentitzen naiz horiek ekoitzi izanaz.