Konflikto batzuek berehalako arreta jasotzen dute. Beste batzuk, ordea, itzalpean gelditzen dira, itxurazko bakearen aitzakian. Azken hauei biolentzia berpiztean baino ez zaie erreparatzen, jada beranduegi denean. Zipre baino ezegonkorragoa eta Palestina baino askoz ere ezezagunagoa, Nagorno Karabakheko konfliktoak bizirik dirau Kaukasoko mendietan, Armenia eta Azerbaijan artean, Asia eta Europako mugek talka egiten duten lur zatian.
Jerevango kanpoaldeko enbaxada bitxi honetan ez dago mugimendu handirik. Egia esan, apenas dago lanik Nagorno Karabakhek munduan duen enbaxada bakarrean. Ulertzekoa, ez baitago munduan Nagorno Karabakh onartzen duen herrialderik.
– Jakinaren gainean zaude pasaportean estanpatuko dizudan zigiluarekin ezingo duzula Azerbaijanen sartu? –galdetu dit enbaxadoreak. Antza, Karabakherako baimena Azerbaijanerako debekua da– Jakinaren gainean zaude Aghdam, Fizuli edo gerra fronteko beste herriren bat bisitatzekotan atxilotua izango zarela? –galdetu dit berriro ere, galderen letaniak normaltasun kutsu bat emango diolakoan erakunde honi. Azken finean, Nagorno Karabakhek himno nazionala eta atzerri ministroa ditu eta noski, baita presidentea ere: Arkady Gukassian. Pasilloetan ez ezik, bere erretratua bulego honetako paretan ere ikus daiteke. Karabakheko bandera geometrikoa atzean duela ageri da, telefonoz eta paperez jositako mahai batean eserita. Harritua dirudi, herrialdeko presidentetza karguak ezustean harrapatu izan balu bezala. Eta hala izan zen.
Oztopo burokratikoak gainditzeaz gain, zazpi orduko bidaia beharrezkoa da Nagorno Karabakhera iristeko. Jerevango erdialde europarretik segituan iristen gara Armeniako hiriburuaren kanpoalde sobietarrera eta, handik, bidaian zehar gurutzatuko ditugun asfaltatu gabeko herrixka txiro eta etsigarrietara. Ordu erdi eskasean, badirudi Europatik Afrikarainoko txangoa egin dugula.
Robert Kaplan kazetari estatubatuarrak dioenez, Balkanetan nahiz Kaukason Afrikako garapen eredua imitatu da; alegia, hiriburuaren hazkundea herri txikien desertizazio eta azpigarapenaren kaltean gauzatu da. Armenia honen adibide garbia dugu, baita blokeo ekonomikoaren ondorio larriena ere. Karabakherako bidean zeharkatzen ari garen lur eremua bi aldeetatik irmoki itxita dago: ezkerraldean Azerbaijango muga, eta Turkiakoa eskuinean. Bizilagun kaukasiarrari ez zitzaion batere gustatu Nagorno Karabakheko armeniarrek bere lurraldeko %15a okupatzea. Ezta Ankarari ere, azeriarren jatorri bera aldarrikatzen baitute turkiarrek. Ondorioz, Armenia bi aldeetatik blokeatuta dago 1994az geroztik, Nagorno Karabakheko gerra bukatu zenetik. Egun, errepide huts hauetan, hiru ibilgailutik bi iraniar kamioi ugertsuak dira: petrolioz beterik iparrerantz doazenak, eta hutsik hegoalderantz gurekin batera datozenak.
Goris herria pasa bezain laster, errepidea nabarmen hobetu da. Bi erreiak marra zuri batek banatzen ditu eta bazter-babes batek, bidea eta ondoko amildegia: zalantzarik gabe, Kaukasoko errepiderik onena. Ez da harritzekoa, Lachin-go pasabidean baikaude orain, Nagorno Karabakh eta Armenia lotzen dituen bide bakarrean. Armeniar diasporak ordaindutako “zilbor-hestea” da hau, etsaiaren sabelean hazi den lurralde berriak oxigenoa izan dezan eraikia. Inguru menditsu hau zen sobietarren garaian Kurdistan Gorria deiturikoa. Agintea Moskutik zetorrenean, bertan inprimatzen ziren munduko kurduerazko liburu bakarrak eta, funtsean, hemen bizi ziren hobekien estaturik gabeko nazio handienaren kideak. Sobietar inperioaren babesean bizitzetik, Armenia eta Nagorno Karabakh banatzen dituen lur zatian hiltzera pasa ziren kurdu “gorria”k. Arriskutsuegia zen armeniarrentzat populazio musulmana zilbor hestetik hain hurbil izatea eta, azkenean, kurdu guztien patua jasan zuten bertakoek: garbiketa etnikoa.
Lachinen, ez dago kurduen sarraskiaren oroigarririk eta bai ordea Nagorno Karabakhera ongi-etorria ematen duen seinalea.
Abkhazia eta Osetian ez bezala (Kaukasoko beste errepublika matxinoak) apenas dago presentzia militarrik muga honetan. Azken finean, karabakhatarrak armeniarrak ere badira, eta senideen arteko pasabidea baino ez da hau.
Stepanakert da Karabakheko hiriburua. Bi ezaugarrik soilik bereizten dute beste edozein hiri sobietarretik: etxebizitza ugaritan tiroketen arrastoak daude oraindik; eta arropa aldetik aldera, bloketik blokera, eskegitzen da lehortzeko. Mediterraneoko kutsua ematea edo, besterik gabe, balek egindako zuloak ezkutatzea helburua ote den ezin jakin. Honetaz gain, hiru semaforo daude, eta karranka egiten duen herdoildutako noria bat, abandonatutako estadioaren ondoan. Kasko historikoa polita omen zen, baina azeriarren koheteek ezer gutxi utzi zuten zutik.
Aisialdi aukerak lanarenak bezain urriak direnez, pipak jatea da hemen zeregin nagusia. Nonahi eros daitezke, adineko emakume asko baitira pipa saltzaile hemen. Paperezko kono batean eskaintzen dituzte, birziklatutako sobietar liburu orrietan. Zorte pixka batekin, Leninen erretratua topa dezakezu hazien azpian.
– Inork ez zuen gerra hori nahi; ez azeriarrek, ezta guk ere –dio Gayane izeneko saltzaileak–. Elkarrekin bizi izan ginen urte askoz; areago, mende askoz. Izan ere, ni Gandja-n (Azerbaijan) jaioa naiz eta han bizi nintzen gerra hasi zen arte.
1991n gerra piztu zenean, Bakun (Azerbaijango hiriburua) bizi zen armeniar komunitate osoak, 200.000 lagunek baino gehiagok, alde egin behar izan zuen. Eta berdin gertatu zen Jerevango azeriarrekin. Mende ugariz elkarrekin bizi izandako bi komunitateen banaketa ekarri zuen Karabakheko gatazkak. Absurdoak goia jo zuen Karabakh hegoaldeko Tug herri txikian. Biztanleria erdia eta erdia zenez, marra bat marraztu zen herriko plazan: alde batera armeniarrak, eta azeriarrak bestera. Bikote misto asko zeuden arren ez zen salbuespenik egin, ezta euren seme-alabekin ere. Jolas garaian futbol taldeak egiten diren legez sakabanatu zituzten haurrak: zu hemen, zu han…
Zaila, oso zaila da gerraren hotsak ahaztea Stepanakerten. Kaleko arrasto edo jendearen istorioak nahikoa ez eta alfonbretako irudi ere bihurtu dira. Benetan bitxia da Kalashnikov fusil ezaguna, helikoptero bat edota RPG bazoka pertsiar zetazko korapiloez eginda ikustea, zehaztasun osoz gainera. Nire harridurari erreparatu eta berehala gerturatu da saltzailea, Armen. Ez dauka merkatari turkiar baten trebezia, baina maisua da zetazko irudiei ahotsa jartzen.
– Belaunean tiro bat jaso nuen, eta ezkerreko belarriko entzumena mina baten eztandak kendu zidan –hasi da, Stepanakerteko setioa motibo duen alfonbrari begira–. Behin hiru preso atxilotu genituen. Nire adin berekoak ziren, 17 urtekoak. Exekutatzeko esan ziguten. Nola bete honelako agindua? Gainera, nik lagun azeriarrak nituen…
Antzeko adinekoak izango dira, ziurrenik, kale nagusian dauden bi errekluta gazteak. Erakusleiho baten aurrean daude euren islari begira. Zoratzen daude, gaur jantzi baitute Karabakheko uniformea lehenbiziko aldiz. Armenek ez bezala, bi soldaduok ez dute gerra ezagutu oraindik. Ez dakite zer sentitzen den adin bereko norbait exekutatzean.
Edozein historia museok ikuspegi bakarreko erakusketa du ikusgai beti; eraiki duen herriarena. Karabakhekoa ez da salbuespena: antzinako Armeniaren mugak adierazten dituzten mapak, bigarren mundu gerrako armeniar heroien bustoak, edo tanke bat gidatu zuen lehendabiziko armeniar emakumearen erretratua dira, besteak beste, gune honetako elementuak.
Erakusketaren propaganda asmoa oso agerikoa den arren, doako bisita gidatua ere eskaintzen da, badaezpada. Hona iristen diren atzerritar urrientzat derrigorrezkoa delakoan dago arduraduna.
Astghik izeneko neska gazte bat ordubetez mintzo da ingelesez, nekagaitz, gela ilunetako elementu bakoitza seinalatuz. Zuri-beltzeko argazki baten aurrean bukatu da txangoa: bi fedayi (armeniar gerlari) Azerbaijango bandera zapaltzen agertzen dira Stepanakerteko hondakinen artean. Argazkiak Karabakh Askea du izenburu.
Frantziako armeniar talde bati harrera egin aurretik, Astghik-ek museoko zuzendariarengana eraman nau. Historiagilea da, eta asko omen daki. Gukassianen argazkia atzean, Karabakheko bandera ezkerrean eta kopa bat armeniar brandy eskuan, arduradun nagusiak luze hitz egin du Armenia eta Euskal Herriaren arteko lotura historikoez. Armenian ere Araxes izeneko ibaia dagoela ba al nekien galdetu dit; Aralar eta Ararat izenen antzekotasunari erreparatu ote diodan.
Bere bakarrizketa genetikari buruzko bi azalpen txikirekin bukatu du: euskaldunok Nagorno Karabakhen dugu sorterria; azeriarrak, ordea, “Asialdetik etorri ziren eta hara joan behar dute bueltan. Gure etsai genetikoak dira”.
Shushi hirian, izen bereko hotela omen da Nagorno Karabakheko onena. Bere web guneak dioenez, logelek “Ghazanchetsots katedralaren gaineko bista onenak” dituzte. Kareharriz berreraikia, Karabakheko eliza handiena jauregi distiratsu baten antzera ageri da egun, gerrak utzitako zabortegiaren erdian. Nolanahi, Shushiko bistarik garrantzitsuena Stepanakerten gainekoa izan da beti, are gehiago gerra garaian. Abantaila estrategikoaz jabeturik, azeriarrek Grad koheteak bertatik jaurti eta Stepanakert erraustu zuten. Sobietar “erreminta” bera erabiliko zen, ia simultaneoki, Grozni eta Sarajevo suntsitzeko. Grad hitzak, hain zuzen, “hiria” esan nahi du errusieraz.
Duela ehun urte, 40.000 biztanle, sei eliza eta hogei egunkari zeuden Shushin. Egun 2.000 lagun baino ez dira bizi hemen, gehienak Azerbaijandik kanporatutako armeniar errefuxiatuak.
Kaleko isiltasuna hiru umeren algarak hausten du soilik, alaitasuna darion hotsa. Meskitetarako errepidetik jaisten ari dira bizikleta berean. Auzo musulmanerantz gerturatzen diren heinean, handitzen doa, abiadurarekin batera, haurren zalaparta.
Historikoki Shushi garrantzi handikoa izan da azeriar eta armeniarrentzat. Lehenengoentzat hiriak Shusha zuen izena, Azerbaijango poeta eta musikarien sorterria. Armeniarrek, ordea, Kaukasoko kristau gune handienetakoa zela diote, baita euren elite politiko nahiz zientifikoaren sorlekua. Bi aldeen aldarrikapenak direla eta, Karabakheko Jerusalem deitu ohi zaio Shushiri gerraz geroztik. Tamalez, ez dago hemen Ekialde Hurbileko hiriburuaren erlijio aniztasunaren izpirik. Shushiko bi meskitak hutsik daude egun, azeriar populazioa erabat desagertu baita. Txintxor nahiz blindatuen arrastoek inguraturik daude, eta abereen gorpuak utzi dira tenpluen barruan. Mekarantz otoi egiteko edozein asmo bertan behera uzten du ustel-usain jasanezinak.
Egia esan, gordeketan jolasteko toki paregabea da Shushi umeentzat. Baina joko beraz abusatzeak asperdura dakar, are gehiago egun askoz, urtez, errepikatu bada. Aldapa gora doaz hirurak berriro ere, bizikleta eskuan, eta isilean oraingoan.
Stepanakerteko taxi-gidarien artean, bi aitzakia dira nagusi Aghdam-era ez joateko: miny (pertsonen kontrako minak) eta militsia (polizia). Lehergailurik balego, bertakoek ere debekatuta lukete bisita. Argi dago, Aghdam tabua da hemen. Zorionez, adineko gizon batek eskaini du bere burua. Segituan ekin diogu bideari. Errepidea behera doa, Karabakheko mendietatik Azerbaijango lautadarantz, eta Vadim-ek bere Ladaren motorra itzaltzen du maiz gasolina aurreztearren.
Stepanakertetik 25 kilometro eskasera dago Aghdam, gertuegi logika militarraren arabera. 1993an, armeniarrek azeriar hiria mapatik ezabatu zuten. “Bidezko defentsa ekintza”, koronelen hitzetan.
Egun, Karabakh eta Azerbaijanen arteko inoren lurretik gertu dago Aghdam, bi aldeetako soldaduek elkarren erasoa itxaroten duten tokian. Aldian behin tiro hotsak entzuten dira fronteko beste aldeko lubakietatik; “hemen gaude” gogorarazteko modu eraginkorra bezain bitxia. Hauxe da, zalantzarik gabe, Kaukasoko faila erraldoia: errepideak ez doaz inora, mapak ez datoz bat.
Nekez lotu daiteke Asia eta Europaren arteko puzzlea hemen.
Vadimek autoa ezkutatu du tabike bakarti baten atzean. Hor itxarongo nau.
– 20 minutu, probliem niet!
Abandonatutako musulman hilerria da eszenatoki surrealista honen sarrera. 50.000 biztanleko hiria zen hau, baina orain ez dago ez jenderik, ez autorik, ez soinurik… Etxeak, zineak, liburutegiak, eskolak, den-dena metodikoki txikituta dago. Hiria bonbardatu eta berehala, Stepanakert eta Shushiko biztanleak hona inguratu ziren leiho, ate, kainu eta euren etxea berreraikitzeko erabil zitekeen edozein gauzaren bila. Eta ez omen zen hori batzuen helburu bakarra. Burdinazko eskultura baten zatiak sakabanaturik daude lurretik: esku zuzidun bat hemendik, ezkerreko hanka, burua… Ezin neurtu, zenbat denbora behar izan zen irudia honela zerratzeko, ezta egilearen gorrotoa ere.
Teilaturik gabeko etxe batean, sobietar garaiko mosaiko baten arrastoak ikus daitezke oraindik. Koljos bateko langileen irudia da paisaia honetako kolore pintzelkada bakarra, gizatasunaren aztarna apala.
Paradoxa bada ere, pertsiar meskitaren bi minareteak dira Aghdamen hobekien kontserbatu diren arkitektura ereduak. Dena den, armeniarrek hiri hau “askatu” zutenetik ez da izan beren espiral eskailerak igo duen muezinik.
Stepanakerterako bueltako bidean, Vadimek argituko dit Aghdamera ez etortzeko taxi-gidarien benetako aitzakia: zhalko (lotsa) errepikatu du bitan, Karabakheko mendietan begirada itsatsia duela.
“Garaipen” hitza oinarri dute historia liburuek. Protagonistentzat, ordea, zama handiegia bihur daiteke askotan.
Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]
Harrituta begiratzen diogu Kaukasoko puzzle konplikatuan gertatzen ari den exodo berriari. Nagorno Karabakheko armeniar ia guztiek –120.000 lagun– ihes egin dute Azerbaijanen azken erasoaren ostean. Hustuketa etniko bat. Baina, duela bederatzi hilabete Armeniarekin... [+]
Azerbaijanek Kaukasoko herrialde armeniar txikiaren kontra erasoa jo eta astebetera sinatu du estatuko erakunde guztien desegitea Samvel Shahramanyan presidenteak. 2024ko urtarriletik aurrera Nagorno Karabakh ez da existituko beraz. Jadanik hango populazioaren erdiak ihes egin... [+]
Azerbaijanek erasoa jo eta hogeita lau orduren buruan hartu du Nagorno Karabakheko kontrola, hango agintariek "desegitea eta erabateko desarmatzea" onartu ondoren, bere esanetan. Armeniarrek herrialdetik ihes egiteko pasabide seguruak irekitzea eskatzen dute eta... [+]
"Terrorismoaren aurkako" operazio militar bat dela esan du Azerbajaingo Defentsa Ministerioak, eta Armeniako arartekoaren arabera jadanik hogeitabost lagun hil dituzte azerbaijandar armadaren bonbek. Nagorno Karabakheko armeniarrek gutxienez bederatzi hilabete... [+]
Armeniako Gobernuak bake akordiorako proposamenak egin dizkio Azerbaijangoari, Nagorno Karabakheko egoera hobetzea helburu. Proposamen horietan dago lurraldeko komunikazioa hobetzea, eta horixe bera eskatu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere Azerbaijani.
Hona hemen Shosh, Karabakh Garaia (armenieraz, Artsakh) eskualdeko herria, gaur egun armeniarren eta azerbaijandarren arteko muga berrian kokatuta. Bertako herritarrek etsaiaren mugimenduak begi-bistan dauzkate balkoietara ateraz gero. Duela urtebete hasi zen gerran... [+]
Astearte gauerdian ezarriko da indarrean Armenia, Azerbaijan eta eta Errusiak bezperan adostutako bake ituna. Honen arabera, gerra diren bi herrialdeetako armaden arteko banaketa lerroa une honetan fronteak markatzen duen horretan finkatuko da, segurtasun korridore bat ezarriko... [+]
Iraila amaieran berriz ere infernuko ateak ireki dira Karabakh Garaian. Azerbaijango eta Artsakh Errepublikako indar armatuen (Armeniaren laguntzarekin) arteko talka bi bandoetako hildako kopurua puzten ari da egunetik egunera. Gatazkaren iturburua ez da atzo goizekoa eta... [+]
Duela bi aste berpiztu da gatazka, Armenia Azerbaijanen artean. Gerlaren erdigunean Karabakh Garaia, eta honen kontrola hartzeko helburua; bonbardaketen erdian direlarik herritarrak.
Sobietar Batasunaren desagerpenak ekarritako lehen gatazka nazionaltzat hartzen dena, konponbiderik gabe jarraitzen du 20 urteren bueltan. Karabaj Garaiko -armenieraz Artsaj- gatazkaz ari gara; Gehiengo armeniarra duen eskualdeak, Azerbaijango Errepublikatik independentzia... [+]
Kaukasotik laugarren bidaia da honako hau eta milaka kilometro egin ditut hemengo errepideetatik honezkero. Karretera txarrena Georgian tokatu zitzaidan, Zugdiditik Svanetiko eskualdera igotzen den 100 kilometroko "tortura" hura. Onena, aldiz, honako hau duzue,... [+]