Never mind Pollock

  • Jackson Pollock taularen gainean bermatzen zen, isopatik behera isurtzen zitzaion pintura iluna oihal zurian barreiatzeko. Haren obrak denboraren botereaz egina dirudi. Ez dakit martiztarrek eta erreboltaz sodomizaturiko irakurleek astirik dutenez lana bururaino eramateko. Erakunde armatuak bederen ez die gogoetarako tarterik uzten, tregua iragarri eta zenbait hilabete beranduago tipustapastean hausten duenean. Badakigu arazoak betikoan daudela, badakigu poesia idaztea ez dela hain zuzen borrokaren bihotz, badakigu asko eta sobera, malgu eta ezjakintzat baldin bagauzkate ere. Euria ari du Baionan eta ttanttak leihoetan zartatzen dira, behialako Jackson Pollocken tinta malkoak bezala.
Gaizka Iroz
Ahantzia dugu erabat gauzen bukatzeko denbora behar dugula, denbora premiazkoa halaber bakea lortzeko, denbora gehiago oraino naski bakerainoko urratsaren luzamenaz ohartzeko. Helburuak eta irabaztea goi-mailan jarriak dituen jendartean gara: dirua, boterea, ohorea. Ez dugu besterik nahi, erakunde armatuak barne. Politika negargarriak egituratzen dira lehia horren ardatz, zerbitzatzen dudan kide haserretuak uste duelarik estresatua delako garaileen herronketan dagoela, hau da, G8an arraila mozkorra ikusi den –salbu Frantziako telebistetan–, Sarkozy lehendakari berriak goretsiriko “goizik jeikitzen diren frantses (euskaldunen)” multzo zoriontsuan. Baina zertarako balio du azkorrian esnatzeak, Josik aipatzen dituen sonanbulo horien antzera, egunak dirauen hogeita lau orduetan pairatzeko? Sokratesek eska lezake zer on eta zer eder konplitu duten eguzki-argitan? Zergatik ez dute bizitza den mihise zurbila, Jackson Pollockek zegien moldean emeki hornitzen?

Bospasei hamarkada duela lanak bere zatia baino ez zuen betetzen. Gaurkoan bizitza osoa itotzen du. Lanak eta batzuentzat jada ulertezin bilakatua zaigun borrokak. Nehor ez da lanetik kanpo daukan denbora librean dituen debaldeko egintzetaz mintzo. Ez da zilegi. Garai batean lanak, kultura, kirola edo elkarte-hara-honatak baimentzen zituen, lanean ari ginen funtsean aktibitate horietan gero ausatzeko. Mende bitxia dugu: denbora librea daukagu denek, ez denek ordu berdinetan bistan da, eta ez dakigu zer egin libertate horrekin, batetik diskurtso ofizialak denbora librea desbalorizatzen duelako, alabaina alferkeria zitala da, eta bestetik hainbeste gizaki langabe izanez, denbora libreaz gozatzea indezentea bihurtua delako. Jackson Pollockek ez zukeen, moralki zirikatu Europa zati honetan ukaldi xeheka margorik onduko.

Gobernu nazional-liberalek dagiten eran denbora librearen ideiarekin, erakunde armatua borrokarako deiak inarros arazten dituelarik euskalduntasunarenarekin jostatzen da. Ematen du ez duela nehondik, euskalduntasun libreaz plazara gaitezen desiratzen, alderantziz, euskalduntasuna tatxa, bekatu, mututasun, gurutze, kalbario, kopeta-apal eta ahalke bedi, borrokak iraun dezan, borrokak, erakundeak berak alegia, sekula ez, atsegin, askatasun indibidual edo fribolitate soil. Atzo, Mauletik etxerakoan, Arruta zeharkatzean, eki-sartze zoragarria miretsi dut, profundo carmesi bezain gorri. Nahiago dut zeruaren gorritasuna, gure-gureak izan arren aitzaki desbideratuen alde omen eror litekeen odolarena baino. Pentsatu dut, erakunde armatuak eta uhin urdinetan hedaturiko ideologia nazional-liberalak ez zidatela Larrunen gibeleko eguzki itzaltze erraldoiaren harrotasuna ebatsiko eta oroitu naiz Jackson Pollock-ek ez zuela egundaino tinta gorririk erabili.
Never Mind.

Azkenak
Stop azpikontratazioa

Esku-hartze sozialeko sektore publikoaren alde.


Pablo Gonzalezen aurkako mendekua ikusten du haren abokatuak, Poloniako Gobernuaren jarreran

Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.


Garikoitz Aspiazu euskal presoa Martutenera lekualdatu dute Lannemezandik

Etxeratek jakinarazi duenez, ostegun honetan gauzatu dute lekualdatzea. Orain, bost euskal preso gelditzen dira Frantziako espetxeetan.


Bideko Autobidearen ordainketa 2027tik 2030era atzeratuko du Nafarroako Gobernuak

Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero modu gogorrean baldintzatzen dituzte Nafarroako Gobernuaren... [+]


Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


112 hitzetan emergentziak saihesteko prebentzio-aholkuak
Umeak uretan, belarriak tente


2024-08-23 | ARGIA
Burlatako sexu erasoa dela eta 18 urteko gazte bat atxilotu dute

Joan den astean izan ziren Burlatako jaiak eta aste honetan jakin da adingabeko neska gazte batek izandako sexu erasoa. Espainiako Poliziak, halaber, jakinarazi du erasoarekin lotutako 18 urteko gazte bat atxilotu zuela joan den igandean.


Eguneraketa berriak daude