Batasuneko Pernando Barrena bozeramailea kautelazko neurripean bizi da, bi astetan behin epaitegira joaten da sinatzera. Epailearen baimenik gabe ezin du Estatutik atera.
Fidantzapeko askatasunean bizi zara. Espetxeratua izateko beldur...
Ni neu ez naiz beldur.
Egoera politikoak are okerrera eginez gero, Arnaldo Otegiren ondoren zu zeu eraman zaitzakete barrura.
(...) [Irriak].
Zer erakutsi edo adierazi dizu Arnaldo Otegiren atxiloketak?
Arnaldo Otegi negoziazio mahaitik espetxera eraman dutela. Negoziazioan parte hartu duen alderdi sozialistak mintzakide bat atxilotzean hartu duen jarrera erakutsi digu. Prozesu elkarrizketatu batean alde batek beste aldeko mintzakide bat kanpo uztea ontzat ematen badu, ez da posible prozesua gauzatzea.
Prozesua kinkan dagoela esan duzu zuk, beraz prozesua egon badago oraindik.
Bai. Izan ere, su-etena eta prozesua identifikatzea akats oso larria da, prozesua eta su-etena ez dira sinonimoak, ETAren su-etena eta bortxakeriarik eza sinonimoak ez diren bezalaxe.
Su-etena amaitu da, prozesua berriz?
Prozesua geldituta dago. Neronek, grafikoki, honela ikusten dut prozesua: prozesuan lautadak, haranak eta gailurrak daude. Orain grafikoak harana erakusten digu.
Gainerako alderdiek ez dute zure edo Batasuneko ikuspegi bera, antza.
Bai, gainerako alderdiek elkarrizketa politikoak izan direla ukatzen dute.
ETAk egin dezake bat Batasunak duen ikuspegiarekin?
Ez dakit ETAren jarrera dialektikoa zein den uneon. Nire pertzepzioa da azken urteotan ETA dela prozesua bideratzeko gehien jokatu duena. Gatazkari irtenbide elkarrizketatu politikoa bilatzeko nahi sendoa agertu du.
Ez gaude beraz, Lizarra-Garazi ondoko garaia errepikatzeko moduan.
Nire ustez, ez. Gaur gaurkoz behintzat, ez. Ez dago elementu objektiborik hori pentsatzeko.
Zein unean gaude orduan?
Une delikatuan gaude, baina ez dago elementurik prozesua bukatu dela pentsatzeko. Une zailean gaude eta une honetatik ateratzeko eta prozesua norabide onean jartzeko zer egin daitekeen aztertzeko unean gaude.
Zer irakaspen edota ondorio aterako zenuke bizi izandako esperientziaz?
Hasteko, irakaspen hau: negoziazio bati borondate onez ekin nahi badiozu, oso presente eduki behar da arerio politikoaren jarrera zein den, bere lekuan jartzen saiatu behar duzu, baita saiatu ulertzen ere zein diren bere abaguneak akordioetara iristeko edo gutxienez beste posizioetara mugitzeko. Ezker abertzaleak hori egin du eta nahiko ondo antzeman ditugu zein diren alderdi sozialistaren marjinak edo tarteak. Alderdi sozialistak hasieran, distentsio egoeran dena posible zela esan zuen. ETAren su-etena iritsi zenean hori ahaztu zuen ordea. Areago, PSOE su-etena behin betiko egoera balitz bezala aurrera egiten ahalegindu zen, konponbide demokratikoari bizkarra emanez.
Ondorioa, berriz, hauxe: uneon funtsezkoa da alderdi sozialistak betebehar batzuk ez dituela bete onar dezan. ETAk bide armatuari utziko dion bermea nahi du alderdi sozialistak eta nire pertzepzioa hauxe da: baldin eta akordio politikoak gauzatzeko aukerak ematen baldin badira ETAk borondatea duela urrats oso-oso erabakiorrak emateko.
Anoetako Proposamena zen horretara iristeko bidea. Bi karrilen eskema ez dela bete dirudi.
Erabat bete da.
Alde guztiek ez duzue eskema berdin interpretatu orduan.
Anoetako proposamena integrala da, prozesu oso baterako metodologia. Prozedurak elkarrizketak bi esparrutan garatzea proposatzen du.
Bi karrilak lotuta daude orduan.
Erlazioa dute behintzat.
Hor dago korapiloa eta gakoa.
Hasieran bi karrilak martxan jarri ziren. ETA eta Espainiako Gobernuaren artean elkarrizketak eman dira batetik, bestetik baina bide politikoa ez zen behar bezala martxan jarri.
Zer gertatu zen?
Behin distentsio egoera lortuta, Gobernuak prozesua egonkortu eta su-etena betiko izatea nahi zuen: ETA desegingo den bermea izatea eta ETAk borroka armatua behin betiko utziko duela ziurtatzea. Gobernuak aurretik hartu zuen konpromisoari uko egin zion. Bi karril horiek elkarrizketarako esparru ezberdinak dira baina ez dira estankoak. ETA eta Gobernuaren arteko karrilean gertatzen denak alderdien artean dagoen harremanen bilakabidean berealdiko garrantzia dauka.
Antza, aldeek beren erara interpretatzen dute metodologia hori.
Bereziki Espainiako Gobernuak interpretatzen du bere erara. Bere interesa “hau ez da inongo konpromiso eta akordio baten ondorioz sortzen den egoera berri bat” esatea da, guztiz teknikoa den prozesua garatu nahi du Gobernuak.
Jarrera hori sei urtez iraun bide zuten harremanetan eta elkarrizketetan antzemango zenuten nolabait?
Gu kontziente ginen hori izan zitekeela alderdi sozialistaren tentazioa. Urratsak emateko ETAren distentsioa behar zela zioen, distentsioa eman ondoren “dena da posible” zioen baita ere. Ni neu egon nintzen bilera haietan. ETAren su-etena emango balitz “Alderdien Legeak ez lukeela zentzurik izango” zioten, baita “alderdien mahaia abian jartzeko oztoporik ez zela izango ere. Espetxe politika aldatzeko aukera litzatekeela” esan ere. ETAk su-etena eman zuenean ez genuen uste handik zortzi hilabetera ilegalak izaten jarraituko genuenik.
Zergatik ez dituzte horiek bete?
Kanpoko presioak eta barne tentsioak izan dituztelako, berauen arteko iritzi kontrajarriak edo ziria sartu nahi izan digutelako.
EAJko EBBko buru Josu Jon Imazek Batasunak 180 graduko jarrera aldaketa izan zuela iazko udaldian esan zuen orriotan. Nafarroa izan da koska, antza.
Ez da egia. Egia da ezker abertzaleak bere printzipioen jarrerari eutsi diola, baita malgutasun handiz jokatzeko prestutasuna azaldu ere. Guretzat funtsezkoena erabakitzeko eskubide ahalmena bilatzea izan da eta berau gauzatzeko modua aktibatzea. Esaterako, erabakitzeko eskubidetik kanpo ezein euskaldun ez geratzea, Hegoaldeko euskaldun guztiez ari ginenez, Nafarroakoak barne izan daitezen saiatu gara. EAJk esatea ezker abertzalean aldaketa izan dela ez da serioa ez erreala.
EAJri elkarrizketak eten izanaren erantzukizuna egotzi diozue hartara.
Bai. Baina erantzule nagusia alderdi sozialista da, Espainiako Gobernua kudeatzen duen PSOE. Hala ere, alderdi sozialistak ez zuen jokatu duen bezala jokatzerik izango Josu Jon Imazen EAJren konplizitaterik gabe. Konparazio baterako Alderdien Legea PPk jarri zuen indarrean baina PSOEren konplizitaterik gabe ez zen indarrean sartuko. Hemen antzeko zerbait gertatu da.
Betikoan gaude, ezker abertzalea EAJri laguntza eske.
Agian gu inozoak gara, EAJ abertzalea zela pentsatzen genuen, autodeterminazioaren aldekoa...
Barkatu azkarrarena egitea eta nire iritzia ematea, nik ez.
Beren diskurtsoa edo batzuen diskurtsoa behintzat autodeterminazio zalea da. Hiru aldeen arteko akordioan EAJk planteamendu abertzalea sustatzea espero genuen, jarrera deterministetara joko zuela. Erakutsi dute ez dela horrela, areago, saiatu dira alderdi sozialista ahalik eta modu erosoenean egoten. Oraingoz behintzat, EAJ ez dela marko politiko berri batera joateko prest jabetu gara, euskaldunon etorkizun politikoa ziurta dezakeen esparru batera.
Esparrura iritsi ondoren zer beharko litzateke akordioa gauzatzeko.
Otsailean elkarrizketa politikoa zirt edo zart egiteko unea iritsi zen. Ezker abertzaleak marko demokratikorako eskaintza egin zuen: hiru esparru politikoetako ordezkarien arteko intersekzio politikoa eman dadin, Hegoaldeko lau herrialdeen autonomia gauzatzeko eskubidea aitortzea proposatu genuen.
Zein epetan?
Epeei begiratu gabe, erritmoak eta baldintzak negoziagarriak dira, eskubideaz aritu ginen. Gure harridurarako, eta gezurra badirudi ere, harritzeko gaitasuna daukagu, horri oposizio gogorrena ez zion alderdi sozialistak egin, EAJk baizik.
...?
Izan ere, lau herrialdeko autonomian EAJk botere politikoa, hegemonia eta babes eta sare sozio-ekonomikoa galtzeko beldur da.